e-gorblog
Alhóndiga Bilbao
Bilboko Alhondegiaren komiki-beka, Josep Domingo "Nadar"-entzat
Online dago lan irabazlea
Otsailean eman genizuen Bilboko Alhondegiak antolatutako komiki bekaren berri, zeinaren irabazleak Angoulêmeko La Maison des Auteurs entzutetsuan urtebeteko egonaldia irabaziko baitzuen. Sarian bertako sarbidea, alojamendua eta soldata sartzen dira.
Ba jada jakinarazi dute nor baliatuko duen beka hori: Josep Domingo del Calvario Nadarrek, Papel estrujado lanarekin, urtebetez Anguleman landu, osatu eta amaitu beharko duena. Egilearen beste lan batzuk ere ikusgai jarri dituzte antolatzaileek beraien webgunean.
Zorionak irabazleari, eta jarrai dezala Alhondegiak horrelakoak antolatzen!
Komiki ikastaroak Bilboko Alhondegiaren eskutik
12 ordu Komikiarekin eta AlhóndigaKomik IV. ikastaroa
Bilboko Alhondegiak bi komiki ikastaro antolatu ditu aurtengorako.
Lehenengoa, 12 ordu Komikiarekin izenekoa, egun bateko ikastaro laburra da. Maiatzaren 12an izango da, goizeko 9etatik gaueko 21etara, Medialab 2ko Mediatekan, eta 30 euro balio ditu. Clara-Tanit Arqué eta Martín Romero, AlhóndigaKomik bekaren lehen bi edizioetako irabazleak, izango dira irakasleak. Parte-hartzaile bakoitzak istorio labur bat osatuko du, zatika; ondoren, taldeko gainerakoekin bat eginda, amaierako fanzine bat osatuko da.
Bigarrena, AlhóndigaKomik IV. ikastaroa, urte ia guztian zehar luzatutako ikastaro erdipresentziala izango da. Ikastaroan proiektu bat lantzen joango dira, aurrez aurreko eskolekin eta online jarraipenarekin. Eskoletan ezagutza teorikoak eta gidoia nahiz marrazkiak sortzeko prozesu ororen lehen definizioak jorratuko dira, bai eta lanaren azken fasea ere. Aholkularitza eta lanaren segimendua online egingo da. Ikastaroa Antonio Altarriba kritikari eta gidoilariak koordinatua da eta Antoni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo eta Roberto Bergado autoreekin batera emango du. Kostua 120 eurokoa da (90 euro gazte eta Alhondegiko bazkideentzat). Hau izango da programa zehatza:
- Martxoak 1: Hasiera. Izena eman duten ikasleek ikastaroaren helburuak, laneko metodoa eta egutegia biltzen duen dokumentazioa jasoko dute. Lehen helburua ezartzea.
- Apirilak 1: Ikasleek materialaren lehen partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
- Apirilak 27 eta 28: Laneko bi egun, AlhóndigaBilbaon bertan. 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Medialab 2. Mediateka.
- Uztailak 1: Ikasleek materialaren bigarren partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
- Irailak 10: Ikasleek materialaren hirugarren partea entregatuko dute, eta dagokion zuzenketa pertsonalizatua egingo zaio.
- Irailak 28 eta 29: Laneko bi egun, AlhóndigaBilbaon bertan. 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Medialab 2. Mediateka.
- Urriak 30: Ikasleek egindako lanak entregatuko dituzte.
- Azaroak 10: Irakasleek Alhóndigakomik beka irabaz dezaketen lanak hautatuko dituzte.
Ikastaro biei buruzko informazio gehiago duzue Alhóndiga Komik 2011ren programan.
Komiki lehiaketa berriak
IV. AlhóndigaKomik Beka, Ganorabako lehiaketa eta Gipuzkoako 3. komiki hezigarrien eskola programa
2011ren hasiera honetan, hainbat komiki lehiaketa daude martxan.
Batetik, aurten laugarren aldiz (aurreko edizioen berri hemen), Bilboko Alhondegiak beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, martxoaren 1etik hasita eta apirilaren 1a baino lehenago. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.
Bestetik, abian da berriz ere, urtero bezala, Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2011 komiki-lehiaketa. Lehenengo saria 900 € dira, bigarrena 450 € eta hirugarrena 300 €. Horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera. Oinarri zehatzak, berriz ere, beraien webgunean.
Azkenik, hirugarren urtez, komiki hezigarrien eskola programa antolatu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuak Sauré argitaletxearen laguntzarekin. Bertan Ziberkomikiak izeneko lehiaketa dago, Gipuzkoan Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailan edo DBHko 1. zikloan ari diren ikasle guztiei zuzendua. Komikien bidez, kultura eta ondarearen inguruko balioak eta euskararen erabilera berezia lantzea bultzatu nahi ditu gazteen artean, teknologia erabiliz. Horretarako, sei gai aukeratu dituzte. Zumalakarregi Museoa eta XIX. mendeko Euskal Herria oro har izango dira gai nagusia, eta beste bostak Sauré-ren komiki-bilduma ezberdinei lotutako gaiak izango dira: Abentura olinpiko bat (atletismoa), Nayarit-eko altxorra (pilotariak), Izotz azpiko bidexka (alegiak), Pirata (egun bat ikasle baten bizitzan) eta Egiptoarrak (egiptoarren artea). Gai horietako bakoitzean komiki baten bunbuiloak bete beharko dituzte eta gaiarekin lotutako galdera batzuei erantzun. Lanak maiatzaren 4a baino lehen bidali beharko dira. Lehiaketaren oinarriak, hemen.
Marrazten badakizue, anima zaitezte!
Komiki ikuskizunak eta hitzaldiak
Uztaritzen, Gasteizen eta Bilbon
Hurrengo egun/aste/hilabeteetan komikien inguruko hainbat ikuskizun edota hitzaldi izango ditugu Euskal Herrian. Poztekoa, beraz ez galdu aukera!
Batetik, larunbat honetan, otsailak 19, eguerdiko 12tan, Gasteizko Ignacio Aldekoa Kultura Etxean eta Atiza kolektiboak antolatuta, komikien inguruko ikuskizun-aurkezpena izango da. Alvarortega eta Atak komiki bat egingo dute zuzenean eta Euskolabel bilduma eta Lea cómics kanpaina aurkeztuko dituzte.
Bestetik, Marko, Dani Fano eta Adur Larreak parte hartuko dute martxoaren 4an Uztaritzeko Latsa aretoan izango den soirée koktail-musiko-grafiko batean. Ez dut zehaztasun gehiagorik orduaren edo asmoen inguruan, ea beraiek erantzunetan-edo uzten duten...
Azkenik, Bilboko Alhondegiak urtero antolatzen duen Alhóndiga Komik programaren 2011ko egitarauean, hainbat hitzaldi antolatu dituzte. Apirilaren 27an solasaldia dago Miguel Ángel Martínekin eta 28an Santiago Garcíarekin, arratsaldeko 19:30ean Mediatekan. Eta ekainaren 4ean, 11:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00tara, Kulturen Atrioan, Autoeditatuak jardunaldia, beraien lanak autoeditatzen dituzten hainbat egile eta kolektiborekin.
Komikien inguruko ekitaldi gehiago Bilboko Alhondegian
"12 komiki-ordu" tailerra eta "El Secreto de AlhóndigaBilbao" liburuaren aurkezpena
Urriaren amaiera honetarako, eta astebete eskaseko tartean, komikien inguruko bi ekitaldi antolatu ditu Bilboko Alhondegiak, blog honetan sarritan aipatu dizuegun AlhóndigaKomik programa aberatsaren barruan.
Batetik, larunbat honetan, urriak 23, 12 komiki-ordu izeneko tailerra egingo da. Goizeko 9tan hasi eta gaueko 9ak bitartean, Clara-Tanit Arquék eta Martín Romerok, AlhóndigaKomik bekaren lehenengo bi lehiaketen irabazleek, komiki bat 12 ordutan nola marrazten den irakatsiko dute hasiberrientzako ikastaro moduko honetan. Parte hartzearen prezioa 30 eurokoa da.
Bestetik, hurrengo ostegunean, urriak 28, arratsaldeko 7tan, El Secreto de la Alhóndiga liburua aurkeztuko da. Liburuak Alfonso Font, Daniel Torres, Miguel Ángel Martín, Raquel Alzate, Laura Pérez-Vernetti-Blina, Santiago Valenzuela, Paco Roca eta David Rubín egileen binetak ditu, eta Alhondegiak komikien inguruan eskainiko dituen ekitaldien garrantziaren isla izan nahi du, originaltasuna eta xarma erakutsiz. Aurkezpenean komikiaren inguruko zuzeneko ekitaldia egongo da, Laura Pérez-Vernetti eta Javier de Isusi komikigileen eta Mikel Andueza saxofonistaren parte-hartzearekin.
Segi dezala Alhondegiak komikien inguruko programa oparoa antolatzen! Baina, ahal izanez gero, euskarazko gauza gehitxoagorekin...
Komikien munduko hainbat berri
Galtzakomik lehiaketa, Alhondegiaren Komik Online lehiaketaren irabazlea eta Euskal Irudigileen III. Topaketak
Post honetan, komikien munduen inguruko hainbat berri dakarzkizuegu denak batera, blog honetan ohitura bihurtzen ari den gisan.
Batetik, Galtzaundi Euskara Taldeak, Ibarrako Udalaren laguntzarekin, Galtzakomik lehiaketa antolatu du. Hiru kategoria daude, bakoitza bere sariekin: 12 urtetik beherakoak (komiki-bilduma, marrazketarako materiala eta argitalpena), 12tik 18 urtera artekoak (400 euro eta argitalpena lehenarentzat, 200 euro eta argitalpena bigarrenarentzat) eta adinez nagusiak (600 euro eta argitalpena lehenarentzat, 400 euro eta argitalpena bigarrenarentzat). Lanek euskaraz izan behar dute eta azaroaren 19ra arte bidal daitezke.
Bestetik, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak (APIE-EIEP) Euskal Irudigileen III: Topaketak antolatu ditu (gaztelania hutsean daude bi estekak). Larunbat honetan izango dira, urriak 12, goizeko 10etatik aurrera, Bilboko Yohn Jauregian. Gaia ingurune digitala eta egile-eskubideak izango da, eta hau da egitaraua (dena gaztelaniaz izango da):
- 10:00: Los retos de la creación en ilustración ante los nuevos soportes de comunicación. Hizlaria: Gemma Cortabitarte, kazetaria eta APIC-eko gerentea (Asociación de Ilustradores de Cataluña).
- 11:00: Atsedenaldia
- 11:30: La legislación ante el entorno digital. Hizlaria: Javier Gutiérrez, abokatua eta VEGAP-eko zuzendari orokorra.
Azkenik, Bilboko Alhondegiak antolatutako Komik Online lehiaketaren lehenengo edizioaren irabazlea aukeratu du Antonio Altarriba, Leandro Alzate eta Juan Berriok osatutako epaimahaiak: beste 68 lanekin lehiatu ondoren, Francisco Valentín Sordo Artarazen Opiniones lana saritu dute komiki-sorta batekin.
Komikiekin lotutako ekitaldi ugari Bilboko Alhondigan maiatza amaiera honetan hasita
Jardunaldiak, erakusketak, tailerrak...

Irudia: AlhóndigaBilbao / Clara-Tanit Arqué / Pernan Goñi
Bihartik hasita eta uda osoan zehar komikiekin zerikusia duten ekitaldi ugari antolatu dituzte Bilboko Alhondiga ireki berrian.
Batetik, maiatzaren 25etik 28ra (bihartik ostiralera bitartean, beraz), AlhóndigaKomik jardunaldiak egingo dira. Berauetan, goizero 9:00etatik 11:00tara hitzaldiak egingo dira: 25ean Komikiaren mundua Álvaro Ponsen eskutik, 26an Iparramerikako merkatua. Superheroiak Pasqual Ferryren eskutik, 27an Egile-eskubideak. Nazioarteko legediak Javier Díaz de Olarte eta Guillermo Velascoren eskutik eta 28an Japoniako merkatua. Mangaren genero desberdinak Ken Niimuraren eskutik. Gainera, egunero 11:00tatik 14:00etara eta 16:00tatik 18:30era tailer praktikoak izango dira komikiaren hiru genero enblematikoren
inguruan (Europa abenturak, Asiako manga eta
AEBetako superheroiak) Toni Guiral, Pepe Gálvez eta Jesús Redondorekin. Amaitzeko, 18:30etik 20:00etara Komikizketak izango dira Álvaro Pons edo Antonio Altarribak moderatuta, partaide hauekin: 25ean Clara-Tanit Arqué eta Lola Lorente, 26an Ana Miralles, 27an Pasqual Ferry eta 28an José Maria Berenguer.
Bestetik, 100x100 komiki eta Un año en Angoulême erakusketak inauguratuko dira bihar 25 20:00tan, eta abuztuaren 20ra arte egongo dira. Lehenengoa, 100x100 komiki, Alhóndiga Bilbao eta Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’Image de Angoulêmek antolatzen dute eta bertan inoizko 50 komikirik onenetakoak egongo dira ikusgai, gaur egungo egileek horietaz egindako 50 bertsioz gain. Bigarrena, Un año en Angoulême izenburuduna, Clara-Tanit Arqué eta Lola Lorentek AlhóndigaKomik bekarekin Angoulêmeko La Maison des Auteursen urtebetez egindako egonaldian zehar landutako obrari buruzkoa da.
Horrez gain, Pernan Goñi komikigile eta twitterlari ezagunak bi tailer gidatuko ditu: lehenengoa komikien autoedizioari buruzkoa da eta ekaineko 10 egunetan izango da 17:30etatik 19:00tara, 12 urtetik aurrerako gazteei zuzendua eta gaztelaniaz; bigarrena komikia eta antzerkiari buruzkoa da, ordu berean ekaineko beste 8 egunetan, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat eta euskaraz.
Amaitzeko, badirudi beste ekitaldi batzuk ere egongo direla, orri honetan ikus daitekeenez: bisita gidatua Antonio Altarribarekin maiatzaren 29an, Komikiaren hastapenak tailerra maiatzaren 29an, Autoeditatuak/Do it yourself topaketa ekainaren 12an eta Komiki egun bat uztailaren 8an. Baina ez dut informazio gehiago aurkitu hauen inguruan...
Egitarau oparoa, zalantzarik gabe, Bilboko Alhondigako hau. Eta urtean zehar beste hainbat gauza ere egiten dute. Segi horrela!
AlhóndigaKomik-en bi lehiaketa
I. Komik Online lehiaketa eta 3. AlhóndigaKomik beka
Alhóndiga Bilbaoko komikien atalak, AlhóndigaKomikek, I. K.O. (Komik Online) lehiaketa abiarazi du. Formatu digitaleko komiki-lehiaketa da, komikien sorkuntza eta autoedizio digitala sustatzeko asmoz, eta online euskarriko pieza grafiko baten originaltasuna eta balio artistikoa sarituko ditu. Pieza irabazleak zenbait egile, gai eta nazionalitatetako 25 komikiz osatutako sorta jasoko du sari gisa. Edozeinek parte har dezake, gehienez 3 lan bidalita. Lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean, epaimahaiak multzo bat aukeratuko du, ondoren ikusgai jartzeko. Lanak aurkezteko epea 2010eko martxoaren 16etik apirilaren 16ra bitartekoa izango da. Informazio gehiago goiko estekan.
Bestetik, aurten hirugarren aldiz, Alhóndiga Bilbaok beka bat emango dio komikigile bati Angoulêmeko La maison des auteurs zentroan urtebetez aritzeko, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia. Irabazleak urtebetez bertan komiki-sorkuntzan jarduteko aukera izango du, baldintza ezin hobeagotan. Zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Beka lortu nahi dutenek 18 urte beteta izan behar dituzte eta komiki bat sortzeko proiektu bat aurkeztu beharko dute, paperean edo euskarri informatikoan, idatzizko garapen batekin eta irudiekin, martxoaren 31tik hasita eta apirilaren 14a baino lehenago. Bekaren oinarri zehatzak web gunean dauzkazu irakurgai.
Komikigintzako hainbat berri
Asisko eta Marko Aiacciu-n sarituak, Mantxiren komikien bilduma eta Martín Romero Alhóndiga Bilbao bekaren irabazle
Hilabete oporretan egon ondoren, komikigintzaren inguruko hainbat berri pilatu zitzaizkidan emateko, beraz hona hemen guztiak artikulu bakarrean...
Batetik, Asisko Urmeneta eta Marko Armspach-i Ezagutzaren Domina eman die Korsika Hegoaldeko Kontseilu Nagusiak Aiacciu-ko Komiki-Azokan, beraien urteetako ibilbidearen errekonozimendu gisa. 2003an ere Jokin Larrearekin batera egindako Gartxot komikia saritu zuten jaialdi horretan, biak ere merezitako sariak. Zorionak bikote!
Bestetik, Jon Mantzisidor Mantxi zumaiarrak Ia dena - Komiki bilduma 1997-2007 izenburudun albuma kaleratu du. Izenburuak dioen bezala, hainbat egunkari edo aldizkaritan urteetan eta hainbat ezizenen pean argitaratutako komiki-banden bilduma da. Niri Berria-n ordenagailu bidez eta surrealismoz beteak egiten zituenak asko gustatzen zitzaizkidan. Elkar-en eros dezakezue Internetez, beste kiosko edo liburu dendetan aurkitzen ez baduzue.
Eta azkenik, Alhóndiga Bilbao elkarteak antolatutako komiki bekaren aurtengo deialdia Martín Romero A Coruñako komikigileak irabazi du. Horri esker, Angoulêmeko La Maison des Auteurs zentroan, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia, urtebeteko egonaldia egingo du bere hurrengo lana prestatzeko, baldintza ezin hobeagotan. Iazko irabazle Clara-Tanit Arqué-k bezala, zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Zorionak Martin!
Komikiei buruzko jardunaldi teoriko-praktiko eta solasaldi bikainak Bilbon Pazko Astean
Alhóndiga Bilbao-ren eskutik eta Paco Roca, Manel Fontdevila, Antonio Altarriba, Toni Guiral eta besterekin
Bilbon komikien inguruko bi ekitaldi garrantzitsu izango ditugu Pazko Astean, Alhóndiga Bilbao elkartearen eskutik.
Batetik, Barre egiteko komikiak, negar egiteko komikiak, pentsatzeko komikiak izenburudun jardunaldi teoriko-praktikoak egingo dira, izen ospetsuek gidatutakoak: Paco Roca, Edmond Baudoin, Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza, Antonio Martín eta Manel Fontdevila. 40 orduko iraupena izango dute guztira, apirilaren 14tik 18ra izango dira, goizetan 9:00etatik 13:30era eta arratsaldetan 16:00etatik 19:30era. EHUko Esperientzia Geletan izango dira (Banco España kalea, 2) eta 150 euro kostatuko dute (%50eko deskontua izango dute ikasleek). Interesa baduzu, azkar ibili, izena emateko epea apirialren 7an amaitzen baita. Hau izango da egitaraua:
Asteartea, apirilak 14
- 9:00 - 10:00: Aurkezpena
- 10:00 - 12:00: Komikiaren historia I (Antonio Martín)
- 12:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Komikiaren historia II (Antonio Martín)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Asteazkena, apirilak 15
- 9:00 - 11:00: Komikiaren historia III (Antonio Martín)
- 11:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Umorezko komikia (Manel Fontdevila)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Osteguna, apirilak 16
- 9:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Abentura komikia (Paco Roca)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Ostirala, apirilak 17
- 9:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 18:00: Komiki autobiografikoa (Edmond Baudoin)
- 18:00 - 19:30: Tailer praktikoa
Larunbata, apirilak 18
- 9:00 - 13:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
- 16:00 - 19:30: Tailer praktikoa (Toni Guiral, Pepe Gálvez, Jesús Redondo, Marina Ariza)
Bestetik, eta komikigile edo jakintsu horiek jardunaldiotarako gurera etorriko direla aprobetxatuz, 4 hitzaldi-solasaldi ere antolatu dituzte, egunean bat apirilaren 14tik 17ra, KomiKlub izenburaren pean. Joker komikidendan izango dira (Urkijo kalea, 27), arratsaldeko 20:00etan, eta sarrera doan izango da. Solasaldi horietan guztietan Antonio Altarriba izango da gidari, egun bakoitzean beste norbait lagun izango duelarik:
Asteartea, apirilak 14
- Antonio Martín
Asteazkena, apirilak 15
- Manel Fontdevila
Osteguna, apirilak 16
- Paco Roca
Ostirala, apirilak 17
- Edmond Baudoin
Beste behin ere, komikien inguruan aparteko ekitaldiak antolatu ditu Alhóndiga Bilbaok!









