Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog / Informatikaren irakaskuntzaz

Informatikaren irakaskuntzaz

e-gor 2014/05/15 18:05
Gailu digitalez eta webgunez gero eta inguratuago gauden gizarte honetan, pentsatzekoa da informatikarekin zerikusia duten lanpostuek etorkizun ona izango dutela (eta hala diote hainbat ikerketa eta analisik); baina, paradoxikoki, informatikako unibertsitate-ikasketetan gero eta jende gutxiago ari da, gurean zein nazioartean. Zalantzarik gabe, horretan eragina duen faktoreetako bat da unibertsitate aurreko ikasketetan informatikako ikasgaietan ematen denak sortzen duen ideia okerra. Izan ere, orokorrean, erabilera da irakasten dena, eta ez ordenagailuen funtzionamendua, programazioa eta abar. Eta ez da izango adin horietan horiek irakasteko bide edo baliabiderik ez dagoelako, artikulu honetan ikusiko dugun bezala.
Informatikaren irakaskuntzaz

Irudia: CC-BY-SA MIT / Elhuyar

(Elhuyar aldizkariko 2014ko urtarrileko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Gailu digitalez eta webgunez gero eta inguratuago gauden gizarte honetan, pentsatzekoa da informatikarekin zerikusia duten lanpostuek etorkizun ona izango dutela (eta hala diote hainbat ikerketa eta analisik); baina, paradoxikoki, informatikako unibertsitate-ikasketetan gero eta jende gutxiago ari da, gurean zein nazioartean. Izango du zerikusirik horretan informatikariok dugun friki fama, edo soldatez-eta esaten direnak; baina, zalantzarik gabe, horretan eragina duen faktoreetako bat da unibertsitate aurreko ikasketetan informatikako ikasgaietan ematen denak sortzen duen ideia okerra. Izan ere, orokorrean, erabilera da irakasten dena, eta ez ordenagailuen funtzionamendua, programazioa eta abar. Eta ez da izango adin horietan horiek irakasteko bide edo baliabiderik ez dagoelako, artikulu honetan ikusiko dugun bezala.

Informatika oso azkar ari da sartzen irakaskuntzaren munduan azken urteotan: Eskola 2.0 programa eta haren netbook-ak, arbel digitalak, Internet konexioa... Kritika ugari ere jaso du horrek, anitzek baitiote baliabide materialetan xahutu dela diru guztia, horiek kudeatu eta mantentzeko beharreko giza baliabideak eta irakasleen trebakuntza bazter utzita.

Baina irakaskuntza orokorrean informatika behar bezain ongi baliatu ez bada ere, esango nuke informatikaren irakaskuntza okerrago egokitu dela garai berri hauetara. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan ordenagailuak erabiltzen irakasten da: Word eta Powerpoint maneiatzen, Interneten ibiltzen, blog bat egiten, irudiak editatzen... Horrelakoak berez ikasten dira, beste edozein ikasgaitan edo eguneroko bizitzan erabili behar direlako. Baina teknologiarekiko edo benetako informatikarekiko zaletasuna izan lezakeen jendeari hori, normala denez, aspergarria gertatzen zaio eta informatika-ikasketetatik urruntzera eraman lezake, ikasketetan horrelakoak emango dituztela eta jada badakizkiela pentsatuta. Izan ere, gaur egun, gazte asko karrera ikasteko garaira irits daitezke benetako informatikara hurbildu ere egin gabe. Informatika, izatez, ez baita ordenagailuak erabiltzen ikastea, horiek nola funtzionatzen duten ulertu eta menderatzea eta programatzen jakitea baizik. Egongo da pentsatuko duenik programatzea bizitzan ez zaiola baliagarria gertatuko ia inori, informatikara dedikatzen ez bada behintzat. Baina berdin gertatzen da fisika, kimika, biologia eta beste askorekin, eta ematen dira.

Programatzen ikasteko baliabideak

Eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan programazioa edo programatzeko behar diren oinarri eta kontzeptuak irakasten ez badira, ez da horretarako tresna edo baliabide faltagatik. Duela urte asko, gure ikasle-garaietan, Logo dortoka edo Karel robotaren bidez erakusten zizkiguten horiek, marrazketako edo mundu birtual bateko ariketa batzuk komando sekuentzial, baldintzazko instrukzio eta adierazpen iteratiboen bidez konpontzeko eskatuz. Tresna onak dira, baina gaur egun badira alternatiba hobeak, osoagoak eta erakargarriagoak.

Egun, txikitatik programatzen ikasteko dagoen softwarerik ezagun eta erabiliena, ziur asko, Scratch izango da. MITek sortutako software (ia) libre horretan, agertoki bat dugu -guk nahi ditugun itxurak har ditzakeena-, eta hainbat pertsonaia sor ditzakegu -guk nahi ditugun mozorro edo posturak har ditzaketenak-. Eta horietako bakoitzarentzat, bloke bisualetan antolatutako komando-sekuentzien bidezko gidoi batekin, izango duten portaera definituz joaten gara. Hala, mugitu, itxura edo jarrera aldatu, itxaron, hitz egin eta horrelako komandoak erabilita, antzerki edo filmak egin daitezke; eta bestelako komandoak erabilita -teklen sakatzearen detekzioa, baldintzazkoak, kolisioen detekzioa, aldagaiak...-, baita jokoak edo istorio interaktiboak ere. Gainera, sortzen diren filma edo jokoak oso erraz partekatzea ahalbidetzen du, besteok disfrutatu, jolastu edo ikasteko. Horrela, tresna on eta polit horren bidez, programazioaren kontzeptuak bereganatzen ditu haurrak. Sistema eragile askotan dago eskuragarri, eta euskaraz ere badago.

Scratchen oso antzeko beste tresna bat Etoys da, Alan Kayk Disneyn zegoela sortua 1996an (Kay da objektuei orientatutako programazioaren aitzindarietako bat, eta ordenagailu eramangarri edo tableten kontzeptuaren eta erabiltzaile-interfaze grafikoaren kontzeptuaren sortzailea). Gaur egun Scratch bezain zabaldua ez badago ere, OLPC proiektuaren ordenagailuetan erabiltzen da adibidez. Eta beste tresna asko ere badaude, hala nola Crunchzilla Code Monster, Waterbear, RoboMind, Alice, Squeak, Guido van Robot...

Hardwarea, robotika...

Informatikaren irakaskuntzan asko erabiltzen den beste gailu bat aurreko zenbakian aipatutako Arduino hardware libreko plaka da. Haren sarrera analogiko eta digitaletan sentsoreak edo etengailuak jartzen ditugu, eta irteeretan, motor edo eragingailuak; programa bat idazten dugu, eta nahi dugun aparatua edo gailu elektronikoa lortu. Oso ezaguna eta erabilia da Raspberry Pi ere. Bi milioi unitate baino gehiago saldu dituen gailu hau Arduinoren antzeko plaka merke bat da (nahiz eta ez den guztiz librea), baina sarrera eta irteerako konexio sofistikatuagoak ditu: USB, HDMI... Beraz, hori benetako ordenagailu bat da, zeinari Linux sistema bat kargatu eta erabilera jakin bat eman baitiezaiokegu (multimediako zentroa, etxeko zerbitzaria...); baina informatika irakasteko ere erabil daiteke eta erabiltzen da. Raspberry Pi oinarri duten ordenagailuen kit-ak ere badaude, esaterako, Kano.

Robotika ere erabil daiteke informatika irakasteko. Lego etxeak, adibidez, Mindstorms izeneko linea du. Zenbait Lego pieza, kontrolagailu programagarri bat, sentsore batzuk eta hainbat motorrez osatutako kit bat da. Robot ezberdinak munta ditzakegu horrekin, eta gauza ezberdinak egiteko programatu: soinuei erantzun, lurreko marra bati jarraitu... Edo haur txikiagoentzat, Play-i robot programagarriak daude.

Bestelako gailu asko ere badaude, informatika irakasteko balia daitezkeenak. RepRap moduko 3Dko inprimagailu libreak, adibidez. Eta Bigshot bezalako argazki-kamera digitalak muntatzea oso interesgarria izan daiteke haurrentzat, eta hardwareko kontzeptuak irakasteko balio dezake.

Egoera aldatzekotan?

Artikuluaren hasieran informatika karreraren matrikulazioaren eta informatikaren irakaskuntzaren egoeraz irakurketa pesimista egin badut ere, egoera hori alda daitekeela pentsatzeko arrazoiak egon daitezke. Izan ere, informatikaren irakaskuntzaren egoeraren kezka orokorra da. Vikas Gupta Google-ko langile ohiaren hitzak irakurri bestela: "Informatikako ikasketen egoera okertuz joan da AEBan azken 20 urteetan. [...] Zergatik ez dugu ezer egiten gure haurrak informatikan interesatu daitezen?". Edo Eben Uptoni Vilnius-eko ICT 2013 jardunaldietan entzun nizkionak. Haren esanean, Erresuma Batuan duela 30 urte BBC ordenagailuak sartu ziren ikastetxeetan, eta haiekin ibilitakoek uste zuten informatikaz dena zekitela; hala ere, informatikako ikasketak egiten zituzten, berritasuna zirelako. Eta gaineratu zuen gaur egungo gazteak, ikastetxeetan ofimatika ikasten dutelako edo telefono eta tabletak erabiltzen dituztelako, dena badakitelakoan daudela, eta, gainera, ez dutela berritasunaren eragingarririk. Aipatu ditudan bi pertsona horiek beren kezka konponbidean jartzeko lan egin dute, eta batak Play-i roboten enpresa eta besteak Raspberry Pi Fundazioa sortu dituzte.

Gero eta ekimen gehiago egiten dira jendea informatikaren garrantziaz ohartarazteko eta informatika jendeari erakargarri bihurtzeko. Adibidez, abenduaren 9tik 15era Computer Science Education Week (Informatikaren Irakaskuntzako Astea) antolatu zuten mundu mailan. Eta horren barruan, ekintzarik garrantzitsuena Hour of Code edo Programazioaren Ordua izan zen, jendea (batez ere, ikasleak) ordubetez programatzen jarri zuen ekimena. Jende garrantzitsu askok sustatu du ekimena (Shakira abeslaria, Ashton Kutcher aktorea, Barack Obama bera...), eta 15 milioi pertsonak baino gehiagok hartu du parte.

Kontzientziazio-lan guzti hau emaitzak ematen hasi da. Erresuma Batuan, datorren urtetik aurrera, Lehen eta Bigarren Hezkuntza osoan zehar, programatzen ikasteko eskolak jasoko dituzte haur guzti-guztiek, 5 urtetik hasi eta 16 urteraino. Programatzen ikasiko dute, kodea arazten, algoritmoak egiten eta inplementatzen, teknologia modu seguruan eta errespetuz erabiltzen, logika boolearra... Erabaki hori ez dute hartu soilik etorkizuneko lan-beharretarako eskulana izateko, programazioa oinarrizko trebetasun asko lantzeko balio duen diziplina delako baizik (matematika, arazo-konponketa...). Horrelako erabaki bat hartu duen munduko lehen herrialdea da Erresuma Batua; ez ahal da azkena izango!

Juanan
Juanan dio:
2014/05/15 18:43
Igor, oso artikulu interesgarri eta mamitsua. Logo-rekin hasi nintzen ni orain dela ez dakit zenbat urte... Logo-ren ondoren, Basic eta horren ondoren, Pascal, IMI zentroetan (norbait gogoratzen al da IMI zentroetaz?), nire kabuz. 14-16 urterekin jada banuen jakinmina hori piztuta... enpin. Gauza da Logo-ren inguruan oso interesgarria iruditzen zaidala LibreOffice-rako egin den gehigarri hau: http://librelogo.org . Emaitza dotore eta bitxiak lor daitezke LibreLogo horrekin :-)
Igor Leturia
Igor Leturia dio:
2014/05/15 19:19
Pozten naiz artikulua gustatu izanaz. Eta bai, ni ere gogoratzen naiz IMI zentroekin. Arrasateko IMIn hasi nintzen ni ere, 13 urterekin edo, programazioa ikasten, BBC Micro ordenagailu haien Basic-ean, ZX Spectrum maitea erosi genuen arte (http://eibar.org/blogak/e-gorblog/147). Eta geroago jakin dut, Micro Men filmari esker (http://en.wikipedia.org/wiki/Micro_Men), BBC Micro-ren Acorn enpresa Sinclair-etik ateratako langile batek sortu zuela eta BBCren eskoletan informatika irakasteko programa lortzeko lehian aritu zela Sinclair-ekin! Filma osorik ikus daiteke Youtuben (https://www.youtube.com/watch?v=sIcAyFVK0gE), Martin Freeman aka Sherlock-eko John Watson da protagonistetako bat. Filma ongi dago, baina nire lehenengo bi ordenagailuak hain etsaiak zirela jakiteak bihotza erdibitu zidan... ;-)

Eskerrik asko zure ekarpenagatik eta LibreLogo ezagutarazteagatik!
Aitzol
Aitzol dio:
2014/05/18 08:29
Ederra artikulua. Ni ere bat nator zurekin, eta informatikari izan ala ez, programatzeko gaitasuna denontzat da baliagarri. Basic izan zen nire lehen lengoaia, eta ikastolan Logo erabili genuen. 20 urte pasata (uff!), neuk ere Logo erabili izan det ikasleekin programazioaren oinarriak irakasteko. Bere sinplean, asko gustatzen zait. Lego Mindstorm robotak ere mundialak dira ikasgelarako, eta gero eta zentro gehiagotan erabiltzen dituzte.
Gure eskola zaharrak aje asko dauzka, bai, baina informatika irakasgaia informatikarien esku geratu ahala, programazioa ari da indarra hartzen. Hala uste det.
jolaus
jolaus dio:
2014/11/04 18:37
Twitter bitartez heldu naiz artikulu honetara. Ez nuen bere garaian irakurri eta, oro har, bat nator zure analisiarekin. Egia da ikastetxe askotan oraindik teknologia digitalarekin harremana duen guztiari "informatika" deitzen zaiola eta duela hamar urte bezala, oraindik ere ikasleei baliabide digital hauek nola erabili irakasten zaiela eskoletan.

Beste hainbat arlotan gertatzen den moduan, teknologia digitalaren inguruko kontuetan (software zein hardwarean) eskola gizartearen atzetik doa oraindik. Software askearekin gertatu zen moduan, openhardwarearen inguruko kontu guztiak eskoletan oraink fikzio bat besterik ez dira. Scratch Eguna, Mini Market Faire, laborategi hiritarrak eta antzekoak geroz eta oihartzun handiagoa hartzen doazen bitartean, eskola girzatean gertatzen ari diren mugimendu horietatik erabat isolatuta bizi da.

Egia da badirela esperientzia interesgarriak (Hirukiden burutzen ari direnak, esate baterako) baina oraindik nahiko anekdotikoak dira. Gu ere ari gara urrats txikiak ematen. Iaz OpenHardwarearen inguruan aritu ginen eta nire ikasleek hiru Prusa i3 muntatu zituzten (https://www.flickr.com/[…]/) Gainera, DBH1en Scratchen programatzen ikasteko joko moduko sekuentzia didaktiko bat ipini genuen martxan (http://ikteroak.com/scratch-ikastaro-gamifikatua/)

Aurten urrats bat gehiago eman dugu. Lortu dugun diru-laguntza bati esker, fabrikazio digitaleko laborategi txiki bat ipini dugu martxan (https://www.flickr.com/[…]/) Fresatzeko-makina bat, laser-ebakigailu bat, 3D inprimagailuak, Arduino kitak, 3D scanner digitalak... ditugu bertan.

Ikasleak baliabide teknologiko heuen erabiltzaile soilak izatetik, hauen tripak ezagutu, nola funtzionatzen dute ulertu eta hauetaz baliatuz, egitera zuzendutako ikaskuntza bat bultzatu nahi dugu. Dagoeneko abian jarri dugu lehen sekuentzia: https://sites.google.com/a/jakintza.net/trq/ Eta ziur egon antzeko gehiago etorriko direla.

Bultzatu nahi dugun aldaketa dokumentu marko zabal batean oinarrituta dago. Txosten luzea da eta agian zure artikuluan aipatzen denetik zerbait kanpo geratzen da. Dena den, interesa baldin badaukazu, hementxe daukazu laburpen bat teknologia digitala (nik uste dut ohiko "informatika" kontzeptua baina zabalagoa dela) gure ikastolan nola ezarri eta zabaldu nahi dugun azaltzen duena (ikus-entzunezkoen atala kendu det): https://www.dropbox.com/s/3[…]kintza%20ikastolan.pdf?dl=0
e-gor
e-gor dio:
2014/11/04 23:10
Guztiz ados zurekin, Jolaus. Artikuluan informatika eta programazioa aipatzen ditut batez ere, baina orokorrean zuk teknologia digitala deitzen duzun horri buruz ari naiz, softwarea eta hardwareaz. Eta kristoren inbidia ematen didazue, gauza ikaragarriak egiten ari zarete! Beste ikastetxeetan ebanjelizazio lana egin beharko zenukete!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10