e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Gauzen Internet: mundu adimendunerantz
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko ekaineko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Jadanik badaude ordenagailuak ez diren hainbat aparailu, Internetera konektatzen direnak: informazioa zerbitzari batera automatikoki bidaltzen duten eguraldi-baldintzen (tenperatura, presioa, haizearen abiadura...) sentsoreak, hainbat tokitan jarrita etengabe transmititzen ari diren webkamak, taxi edo autobusen kokapena zentral batera igortzen duten GPS aparailuak, zirkulazio-sentsoreak... Aplikazio horietan oinarritutako zerbitzuek denbora dezente daramate gure artean eta aski ezagunak dira.
Baina horrelako gailuak oraindik ez dira hainbeste ere; makinek pertsonen laguntzarik gabe eragindako trafikoa gutxi gorabehera Internet osokoaren %12 izan daitekeela kalkulatzen da. Baina Gauzen Internet garatuz gero, askoz objektu edo tresna gehiago egongo dira Internetera konektatuta pertsonak baino.
Etxetresnak Internetera konektatuta
Logikoa denez, Internetera lehenbizi konektatuko diren hurrengo gailuak etxetresna elektrikoak izango dira. Horrek ekarriko dituen aukeren adibide praktiko bat elektrizitate-kontsumoaren optimizazioa da. Gaur egun badaude etxeetan kontsumo elektrikoaren optimizagailuak, gauean eta tartekatuta garbigailua, ontzi-garbigailua eta abar martxan jartzeko; bada, etxetresnak Internetera konektatuz gero, elektrizitate-konpainiak jakingo du zenbat gailu diren martxan jarri beharrekoak, eta martxan jartzeko aginduak koordinatu ditzake. Optimizazio globala egiten du horrela. Beste adibide bat da telebistak Internetera konektatuta ikusleriari buruzko informazio zehatza lor daitekeela. Edo etxetresnak martxan jarri edo itzali ahal izango genituzke, kanpoan garela ere.
Internetera gailu txikiagoak konektatuta ere gauza ugari lor litezke. Esate baterako, iratzargailuak guk esan gabe jakin dezake gu noiz esnatu, gure on line agendara konektatuta eta trafikoaren egoera ezagututa. Edo gure zapatilek automatikoki bidal diezaiokete gure entrenamendua gidatzeko programari zenbat kilometro eta zer abiadatan egin ditugun egun bakoitzean.
Edozein objekturen informazioa
Hala ere, Gauzen Interneten kontzeptua haratago doa. Elikadura elektrikorik gabeko edozein objektuk dauka lekua bertan, modu pasiboago batean bada ere, RFID bidez. RFID siglek Radio Frequency IDentification esan nahi dute; irrati-frekuentzia bidezko identifikazioa, alegia. Sistema hori RFID etiketez eta RFID irakurgailuez osatuta dago; irakurgailuak irrati-frekuentziako seinaleak igortzen ditu, eta, haiek, hurbil dagoen RFID etiketa batekin topo egitean (txip eta antenadun pegatina txiki-txiki bat), bere identifikazio-zenbakia detektatzen du irakurgailuak.
2006ko maiatzeko zenbakian agertu zen RFID teknologiari buruzko artikulu bat Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian. Han aipatzen ziren erabilera posibleen artean, supermerkatuetan ordainketa orga hustu beharrik gabe egitea zegoen, supermerkatuko gauza guztiek RFID etiketa izanez gero, edo hozkailuak ohartaraztea beti izaten dugun produktu bat agortzen ari zaigunean. RFID teknologia Internetekin konbinatuta, aukera asko zabaltzen dira. Hozkailuaren adibidean, esate baterako, hozkailuak berak egin dezake falta zaigun gauzen erosketa Internet bidez.
Gainera, jada badaude merkatuan etxeko ordenagailura konektatzeko eros daitezkeen RFID irakurgailuak, etiketa bakoitza detektatzean ekintza zehatz bat egiteko programa ditzakegunak. Horrela, adibidez, gure haurren motxilan pegatina bat jarrita, etxera iristen denean automatikoki gure lantokiko posta elektronikora abisua bidaltzeko programatu dezakegu.
Pribatutasun kezkak
Gauzen Interneten ahalmena izugarria bada ere, horretarako gure gailuek eta bestelako gauzek bertara konektatuta egon behar dute. Gainera, informazioa zabaltzen dute, guri buruzko informazioa azken finean, eta asko, gainera. Informazio hori soilik guri zerbitzu egokiak emateko erabil daiteke (gure pribatutasuna babestuz), baina kontrol sozialerako, publizitateaz bonbardatzeko... ere bai. Ahalegina egin beharko dugu sortzen ari den Gauzen Internet hau Anaia Handia bihurtu ez dadin.
Hala ere, maila pertsonalean gure bizi-kalitatea hobetzeaz gain, gizartean ere aurrerapenak egiteko bidea eman lezake Gauzen Internetek, hor sortzen den jakintza kolektiboa aprobetxatuta. Ekoizten den informazio hori guztia globalki egokiro tratatuz gero, munduaren ezagutza zehatzago eta hobe bat eskuratu eta antolaketa nahiz baliabideen kudeaketa eraginkorrago bat lor daiteke.
Wave garatzen ez du jarraituko Google-k, jendearen erabilpen urria argudiatuta
Google Wave iazko maiatzean aurkeztu zuen Google-k, posta elektronikoa ordezkatzera zetorren tresna. Beraien hitzetan, horrela izango litzateke posta elektronikoa gaur egun asmatu izan balitz. Eta egia da komunikaziorako eta elkarlanerako tresna itzela dela, posta elektronikoaren, berehalako mezularitzaren, wikien eta beste hainbat tresnaren ezaugarriak biltzen baititu. Gainera, ez da Google-n tresna bat soilik, kode irekiko software bat eta protokolo ireki bat baizik, nahi duenak bere zerbitzarian instalatu dezan edo bere inplementazioa egin dezan. Arrakastarako aukera handiak zituen, beraz. Nik neuk ere, guztiz liluratuta, Elhuyar aldizkarian artikulua idatzi nuen berari buruz. Eta tresna erabiltzeko gonbidapena lortu nuenean ere, ikaragarria iruditu zitzaidan.
Baina egia da ez duela espero zen adinako zabalkunderik izan, eta Google-k, zerbitzua mantentzen jarraituko duen arren, bere garapena uztea erabaki du. Zergatik gertatu da hau, hain potentzial handia izanik? Zergatik hain erabilpen urria, hain erreminta ahaltsua bada? Nire ustez, Google-k berak du horren errua; ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, Google-k utzi du Wave poliki-poliki hiltzen. Eta azalduko dut zergatik.
Niretzat posta elektronikoa funtsezko tresna da. Sare sozialak ere erabiltzen ditut lagun eta ezagunekin komunikatzeko, baina komunikazio pribaturako edo lanerako posta elektronikoak jarraitzen du izaten nire tresna nagusia. Eta Google Wave-k hori bera eskaintzen du, baina aukera gehiagorekin: wikiak, berehalako mezularitza... Eta hala ere, Google Wave kontua izanik ere, apenas erabili dut, posta elektronikoarekin jarraitu dut. Kontua da, posta elektronikoa ez bezala, oso jende gutxik zuela Wave, eta zerbait bidali behar denean ez da erosoa Wave-ra joatea ikusteko ea hartzaileak hor konturik baduen, eta bestela postaz egitea. Modu berean, komunikaziorako edozein tresnatan bezala, noizean behin begiratu behar duzu ea zerbait iritsi zaizun, baina gehienetan ezer iristen ez bada, azkenean aspertu eta sartu ere ez zara egiten. Eta gertatu izan zait norbaiti wave bat bidali eta ondoren e-mailez abisatu behar izatea wave bat bidali niola, ez zuelako erantzuten...
Nire esperantza zen laster Google-k Wave Gmail-en interfazean integratuko zuela: Gmail-eko interfazean norbaiti idaztean, hartzaileak Wave konturik duela ikusiko balu, Wave bidez komunikatzeko aukera emango zuela Gmail-ek; era berean, jasotzen genituen Wave berriak Gmail-en erakutsiko zizkigutela. Jokaldi logikoa da benetan Wave bultzatu nahi bada, eta zeozergatik konbentzituta nengoen Google horretan ari zela, edozein unetan jarriko zuela martxan aukera hori, ziur bainaiz horrek Wave berpiztuko zuela... Baina ez du hori egin.
Aldiz, Google Buzz sare soziala atera eta segituan integratu zuen Gmail-ekin. Badirudi Google-k esfortzuak sare sozialetan protagonismo apur bat lortzera bideratu nahi dituela, nahiz eta nire ustez hori askoz zailagoa izan: Facebook eta Twitter etsai gogorrak dira; posta elektronikoa, aldiz, teknikoki askogatik gainditzen du Wave-k...
Oraingoan, beraz, txistuak Google-rentzat. Hala ere, sarean asko dira Google-ren erabakiaren kontrako iritziak. Ea, aldarrikatzen duen moduan, jendeari entzuten dakien enpresa den eta bidea aldatzen duen...


