e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Ficomic Bartzelonan, euskal pintzelkadak tarteko
FICOMIC Bartzelonako Komikiaren Nazioarteko Erakusketa maiatzaren 6tik 9ra ospatuko da: 2009an 100.000 bisitari izan zituen, beraz gaur egungo komikizaleentzat ezinbesteko zita da, nostalgikoentzat txikitako komikiak eskuratzeko aukera eta edozein makroerakusketara hurbiltzen diren herritarrentzat komikien mundura hurbiltzeko aitzakia. Fira de Barcelona gunean kokatuko da, 10:00etatik 20:00etara egoten da zabalik, (ostiral eta larunbatean 21:00ak arte) eta egun bakoitzeko 6 euro ordaindu beharko dira.
Katalunia beti izan da erreferentzia komikien arloan, eta FICOMIC sektorearen urteroko azterketa egiteko erabiltzen da: argitalpen berrien erakusleiho da, autore gonbidatu interesgarriak izaten dira bertan, erakusketa bereziak antolatzen dituzte, omenaldiek bere lekua izaten dute… Azokaren egitaraua orekatua izaten da, batetik komikiaren historiako autoreei gorazarre eginez eta bestetik gaur egungo produkzioaren artean hautaketa eginez. Holanda izango da nazio gonbidatua eta Euskadi Erkidego gonbidatua.
Azokaren inguruko laburpen txukun bat eskuratu nahi duenak La Guia del Comic orrian topatu dezake. Lerro hauetan niri deigarrien egin zaizkidan elementuak zerrendatuko ditut eta Euskadiko Autonomi Elkartearen partaidetzari buruzko informazioa eman.
Gonbidatuen artean ezagunenak hauek izan daitezke:
- Tanino Liberatore, RanXerox sailaren egile italiarra (La Cúpula argitaletxeak bilduma osoa aurkeztuko du azokan).
- Gilbert Shelton, Estatu Batuetako 60-70 hamarkadetako underground komikigintzaren autorea, Los fabulosos Freak Brothers pertsonaien egilea.
- Frantziatik Lewis Trondheim L´Association argitaletxeko eratzaileetako bat eta komiki autore ezaguna, eta Jacques Tardi, Adèle Blanc Sec sailaren egile eta lehen mundu guda zein Frantziako iraultzari buruzko lanak argitaratu dituena.
Beste gonbidatu batzuen artean: Guillaume Trouillard, Andy Diggle gidoigilea eta Jock marrazkilaria, Gene Ha, Ethan Van Sciver...
Erakusketetan, 2009ko sarien irabazleen lanekin osatzen da bat: urteroko sari banaketak eragiten duen zurrunbiloa pasa eta gero autore batzuk sakonago ezagutu ahal izatea saritzat hartu daiteke ere, eta horrela Azokaren edizioen arteko lotura bermatzen da. Beste erakusketak:
- Los ritmos del cómic, komikia eta musikaren arteko lotura islatzen duena,
- By Vázquez, Manuel Vázquez Bruguera eskolako komikilariari buruzkoa
- Harold Foster-en El Príncipe Valiente laneko jatorrizko orrialdeekin osatutakoa
- Kataluniako komiki eskola garrantzizkoena den Escola Joso zentroari buruzko Joso goes to Hollywood! erakusketa
- Maiatzaren 5etik 30era Badalonan, etorkizunean Kataluniako Komiki eta Ilustrazioaren Museoa kokatuko den hirian, Tardiren gerrari buruzko lanen erakusketa egingo dute, bonbardaketetatik babesteko erabiltzen zen areto batean
Sarien atalari dagokionez, espainiar estatuko egile eta argitaletxeetara mugatzen dira beti hautagaiak, atzerriko lan onenari dagokiona izan ezik. Azokako Sari Handiaren irabazlearen hautaketa FICOMIC-eko Batzorde Exekutiboaren esku egoten da, eta gainontzekoak komikiaren sektoreko profesionalek aukeratzen dituzte: bozketa baten ondoren sail bakoitzeko 5 hautagai izendatzen dira eta Azokaren bigarren egunean, maiatzaren 7ko gauean, jakinaraziko dira irabazleen izenak. http://www.ficomic.com/NOTICIES/detall.cfm/ID/1355/T/nominados-los-premios-28-salon-comic-barcelona.html helbidean ikus daitezke izendatu guztiak.
Gure herriko argitaletxeen artean Astiberrik plazaratutako lan asko daude zerrendan: El vecino 3, Las calles de arena, El juego de la luna... Hautagaien artean euskal herriko autore bakarra dago, Antonio Altarriba, komiki askoren gidoilari eta komikiari buruzko lan teoriko ugariren egilea. El arte de volar lanak, 2009an Kim marrazkilariarekin elkarlanean argitaratuta, jada Kataluniako sari nazionala jaso du, eta Lan onena eta Gidoi onena sariak jaso ditzake FICOMIC-en. Premio a la divulgación de la historieta 2009 atalean Borja Crespo bilbotarra dago, zinema, fanzine eta komiki arloko autorea, eta Getxoko Komiki Azokako arduradunetako bat. Komiki-denden atalean Bilboko Joker da hautagai: bigarren urtez eskainiko da sari hau, eta aurten 15 urte betetzen dituen Joker joan zen urteko zerrendan izan zen ere.
Euskadi Erkidego gonbidatu
Urtero Erkide Autonomo gonbidatu bat izaten da: Madril, Balear Irlak eta Galizia izan dira aurretik, eta Euskadiren txanda iritsi da.
FICOMIC-en ustez, Euskadiko komikigintza 70. hamarkadatik etenik gabe garatuz joan da, eta Ipurbeltz zein Habeko Mik aldizkariak aipatu ondoren gaur egungo TMEO, Xabiroi eta El Balanzin nabarmentzen ditu; argitaletxeen arloan bere garaian Ikusager eta orain Astiberri. Jardunaldi eta azoken aniztasuna aipatzen dute eta gurean 9. artea indartsu dagoela nabarmentzen dute.
Elkarte Autonomo bat aukeratzean bertako gobernua izaten da gonbidatua, eta Jaurlaritzako Kultura Sailak EIEP/APIE Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren eta Getxoko Komiki-Azokaren laguntza izan du.
Mikel Toral Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Imanol Landa Getxoko alkateak eta Daniel Martin EIEP Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalaren presidenteak emandako prentsaurrekoan adierazi zutenez, Euskomik izeneko 150 metro karratuko stand-a egongo da: “hiru zatitan banatuko da, gune ezberdinak bereizte aldera. Alde batetik, argibide-liburutegiaren guneak sustapen-materialak erakutsiko ditu, instituzionalak eta inprimaturiko argitalpen-materialak. Bestalde, areto nagusiaren gunean hainbat jarduera egingo dira, gaur egungo komikigintzarekin estuki loturiko talde eta erakundeen eskutik, hala nola aurkezpenak, mahai-inguruak, hitzaldiak eta bestelakoak. Erakusketaren gunea oso-osorik Euskadiko egileen lanak sustatzera dedikatua egongo da eta 22 profesionalen lan-bilduma erakutsiko du, nazioartekoenak eta euskal argitalpenetan argitaratuz gorabidean datozen belaunaldi berrikoenak, hain zuzen. Hautaketa-irizpideak lurraldeen arteko oreka ere aintzat hartu du. Egile bakoitzak azken urteotan egindako hiru komiki-plantxa aukeratu ditu, bere lanaren eredu esanguratsu moduan.”
Orain arte komunikabideetan edo sarean topatu dudan informazio gehiena martxoaren 11n eman zuten prentsaurrekoan oinarritzen da, baina Garako Anartz Bilbaok datu gehiago jakinarazi dizkigu: partaideen artean Alhóndiga Bilbao, KREA, Donostia Kultura, Astiberri eta Sauré argitaletxeak egongo dira. Xabiroi ere bertan egongo da, baita Getxo zein Irungo Azokak ere. Eta Angoulemetik pasa ondoren, Arabako komikizaleek ere beraien txokoa izango dute bertan.
EIEP-ek 30 euskal ilustratzaileren lanak jaso ditu Irudika katalogoan, eta gainbegiratu batean horien artean 16 dira komikiekin lotuta daudenak. 30en artean ez dago Nafarroa edo iparraldeko komikilaririk, nahiz eta elkartean bateren bat badagoen. Atal berezi bat eskainiko diote Azokari beraien webgunean: http://www.apie-eiep.com/euskomik/.
Ez da argitaratu erakusgai egongo diren 22 profesionalen zerrenda osoa. Medioek Irudika katalogoan agertzen diren autore batzuk aipatu dituzte, erakusgai egongo ote diren zehaztu gabe: Mikel Valverde, Jose Ibarrola, Jokin Mitxelena, Mauro Entrialgo, Alvaro Ortega, Raquel Alzate, Mattin, Antton Olariaga... Beste izen hauek ere agertzen dira Garako artikuluan: Borja Crespo, Javier de Isusi, Santi Valenzuela, Simonides, Orue...
Ziur Azokara joango diren pertsonek autore, argitaletxe eta aldizkari interesgarriak topatuko dituztela, eta autonomi elkarte honetan ospatzen diren ekimenak ezagutu ahal izango dituzte. Gure autoreentzako probetxugarria izan daiteke Azoka, beraien lana aurkezteko leku paregabea.
Ikustear dago Stand-aren edukia zein izango den, bertako arduradunek zein hitzekin deskribatuko duten gure herrian komikiak duen errealitatea, mahainguru eta hitzaldietan zer esaten den... eta ondoren komunikabide eta blogarien inpresioak entzun eta irakurriko ditugu: kanpokoen begien bidez gure komikigintzaz erakusten dena nola ikusten den jakitea interesgarria izango da.
HTML 5: estandarrak behar zuen eguneraketa
- (Elhuyar aldizkariko 2010eko otsaileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
HTML 4, zaharkitua
HTML estandarraren azken bertsioak 10 urte baino gehiago ditu. Orduko weba formatudun testuz, irudiz, estekaz eta formularioz osatua zegoen nagusiki, eta HTMLren 4.01 bertsioan elementu horietarako etiketak daude. Gaur egun, ordea, ugariak dira webean audioa, bideoa, elkarrekintza handiko aplikazioak (RIA edo Rich Internet Applications deritzenak), grafiko mugikorrak, jokoak, off line lan egiteko aukera eta horrelakoak. Eta HTML hutsarekin ezin dira horiek adierazi. Javascript eta AJAX moduko teknologiek laguntzen dute maila baterainoko elkarrekintza lortzen, baina interakzio handia behar denean, edo aipatutako beste gauzetarako, hirugarrenen pluginak erabili besterik ez dago: Flash, Silverlight, JavaFX, Google Gears...
HTML estandarra denbora honetan guztian ez eguneratzearen arrazoi nagusia da weba eta HTML formatua gidatzen dituen World Wide Web Consortium edo W3C delako nazioarteko erakundeak eta Berners-Lee haren zuzendariak beste asmo batzuetan jarri dituztela indarrak. Zehazki, batetik, egungo webaren eboluzio gisa XHTML formatuaren aldeko apustua egin zuten (XML arauekin bateragarria den HTML formatua), eta horren 2.0 bertsioan aritu dira lanean; eta, bestetik, web berri ahaltsuago bat definitzen ere aritu dira, web semantikoa alegia (2009ko maiatzeko eta ekaineko aleetan azaldu genizuena), eta harentzako formatuak lantzen (RDF, OWL, SPARQL, GRDDL...). Horregatik, HTMLren bertsio berrien beharrik ez zuten ikusten.
Hala ere, web semantikoa ez zen sortu gaur egun ezagutzen dugun weba ordezkatzeko, baizik eta harekin batera erabiltzeko, eta, askorentzat, XHTML 2.0 disruptiboegia zen egungo webaren eboluzioa izateko (zerotik birdiseinatua, atzerako bateragarritasunik ez zuena, zorrotzegia...). Eta errealitateak ere erakusten zuen haien erabilera oso txikia zela. Horregatik, HTML estandarraren jarraipena bultzatzeko asmoz, Appleko, Mozilla Fundazioko, Operako eta Googleko hainbat pertsonak WHATWG komunitatea sortu zuten 2004an (Web Hypertext Application Technology Working Group), eta HTML 5en lehen zirriborroa lantzen hasi ziren. 2007an, W3Ck ere ikusi zuen HTML formatuaren bertsio berri bat egiteko beharra, eta lantalde bat sortu zuen horretarako. WHATWG taldeak landutako proposamena hartu zuten abiapuntutzat, eta, geroztik, hura hobetu eta zehazten aritu dira.
HTML 5, egungo webari egokitua
HTML 5 bertsioan, gaur ezagutzen dugun webean ohikoak diren ezaugarri garrantzitsuenak hartu dira kontuan, eta horrek aukera ematen du kanpoko pluginen beharrik gabe ia edozein web-aplikazio sortzeko. Gainera, HTML 5en XML bertsio bat ere badago, XHTML 5, orain XHTML 1.0ren ordezkoa izateko proposatzen dena.
Multimediari dagokionean, adibidez, HTML 4k irudientzat onartzen zuen multimedia-etiketa bakarra <img> zen; HTML 5ek, ordea, <audio> eta <video> etiketak dakartza. Horrez gain, <canvas> etiketa ere badauka, denbora errealean marrazten joan gaitezkeen pintura-oihala, eta WebGL estandar berriarekin konbina dezakeguna (3D irudiak nabigatzaileetan erakusteko liburutegi grafikoa). Horrez gain, ordenagailuari konektatutako hainbat hardware-elementurekin elkarreraginean jardun dezake (hala nola mikrofonoarekin, webcamarekin...).
Bestalde, itxura definitzeko etiketak kendu dituzte, esanahi edo egiturazko etiketak soilik mantenduz eta aurkezpena CSS bidez egitera behartuz (HTML dokumentuen itxura aparteko estilo-orrietan adieraziz). Eta etiketa semantiko edo egiturazko berriak sortu dituzte, hala nola <nav> (nabigazio-menuarentzat), <footer> (orri-oinarentzat) eta <article> (artikuluaren gorputzarentzat). Formularioetan ere kutxa-mota berriak sartu ahal izango ditugu, hala nola zenbakientzakoak, datentzakoak, orduentzakoak, helbide elektronikoentzakoak, URLentzakoak, bilaketentzakoak... edo guk nahi duguna onartzekoak, espresio erregularren bidez. Gainera, zuzenean txertatu ahal izango dira grafiko bektorialak SVG formatuan eta ekuazio matematikoak MathML formatuan. Eta API berriak (aplikazio aurreratuagoak idatzi ahal izateko funtzioak) ere baditu HTML 5ek: off line gaudenean web-aplikazioek datuak gordetzeko APIa, arrastatu eta jaregiteko APIa...
2010. urtearen amaierarako eduki nahi dute bukatuta HTML 5 estandarra. Baina haren zatiak onartze-maila ezberdinetan daude, eta ia erabat finkatuta dituzten hainbat atal jadanik inplementatuta dituzte Interneteko nabigatzaileen bertsio berrienek, guk erabiltzeko prest. Eta, izan ere, hala da: sarean webgune ugari daude HTML 5en ahalmen berrien demoekin, batzuk benetan ikusgarriak HTML hutsean eginak egoteko. Egin diezaiogun, beraz, ongietorria HTML 5 estandar berriari!
Nafarroako I. komiki-azoka
Tiza komiki elkartearen ekimenez, Nafarroako I. Komiki Azoka egingo da Iruñean apirilaren 8tik 11ra bitartean (ostegunetik igandera, beraz), Kondestablearen jauregian. Lehenengo edizio honetarako, ekitaldi ugari prestatu dituzte: erakusketak, nobedade aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, egileen sinatzeak, proiekzioak, tailerrak... Sarrerak dohainik izango da.
Jarraian duzue ekitaldien zerrenda eta egitaraua (informazio gehiagorako http://tizacomic.com/wordpress/wp-content/uploads/2010/04/programa-euskera.pdf). On egin!
Erakusketak
- Quinospectiva: Munduari bira eman dion Mafaldaren sortzaile Quinoren obraren erakusketaren azken geltokia
- Oroz: komiki-tiraz harago: Orozen ibilbide profesionalaren gainbegirada
bat euskarri ezberdinetatik:
pankartak, komiki-tirak, argitalpenak… - Bost begirada belgikar komikiari: Bost egileren argazki ibilbidea komikiak
Bruselarekin duen erlazioaren bila - Grisak - Pasqual Ferry: Pasqual Ferry egile kataluniar polifazetikoaren grisen eskalan egindako lan argitaragabeen aukeraketa
- Hate Jazz - I Tiza Saria: Horacio Altuna eta Jorge Gonzálezen obra minean oinarritutako erakusketa, obra berritzaileenari 1. Tiza Sariaren irabazlea
- Miña terra Galega: Zortzi galiziar egilek Galizia eta galiziarren topikoei buruz egindako hausnarketak; 32 lanez osatutako erakusketa, Consellería de Cultura e Turismo de Galicia-k antolatuta
- Gonbidatutako egileak: Tiza Elkarteak ekoiztutako erakusketa non gonbidatutako egile bakoitza bere obraren aukeraketa baten (egile bakoitzak egindakoa) panel baten bidez aurkeztua izango den, biografia labur batez osatuta
Proiekzioak
Beheko Auditorioan:
- Apirilak 6 asteartea 18.00etan: Juan Padrón monografikoaren aurkezpena, "Vampiros en la Habana"-ren proiekzioa.
- Apirilak 7 asteazkena 18.00etan: Aukeratutako Nafar animazio film laburren proiekzioa, baita film labur hauena ere: Filminuto 1, Tabey, Elpidio Valdés ataca, Jutía Dulce, Elpidio Valdés y el fusil, Celedonio, N’Vula, La pregunta, Kolia
- Apirilak 8 osteguna 18.00etan: Aukeratutako Nafar animazio film laburren proiekzioa, baita film labur hauena ere: Viva Papi, Filminuto 2, Quinoscopio 1, Filminuto 3, EV está rodeado, EV y la abuelita de Weyler, EV contra el Quinto de Cazadores, Nikita chama boom
- Apirilak 9 ostirala 18.00etan: Aukeratutako Nafar animazio film laburren proiekzioa, baita film labur hauena ere: Las manos, La fiesta de los hongos, EV en campaña de verano, EV y los inventores, EV capturado, EV y Palmiche contra los lanceros, Quinoscopio 2, Quinoscopio 3, Mafalda
- Apirilak 10 larunbata 18.00etan: "Más Vampiros en la Habana"-ren emanaldia, zikloaren itxiera-ekitaldia Juan Padrón-ekin
Hitzaldiak, mahai-inguruak, ikuskizunak eta aurkezpenak
OSTEGUNA 8
- 17:00, Beheko Auditorioan, Irekiera-ekitaldia: Gonbidatu guztiak mahai-inguruan, antolakuntzaren aurkezpena, autoritateen eskuhartzea
- 18:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “Vivir del cuento en España. Una historia de superhéroes”, JJ Aos, GoChi, Julio (TBO), Josemi (NORMA), moderatzaile Ramón Huarte
- 19:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “De los orígenes a la actualidad del cómic en Navarra”, Resano-Osés, Belatz, Simonides, Jali, moderatzaile William
- 20:00, Beheko Auditorioan, Hitzaldia: “Joaquín Reyes y del mundo de la ilustración al universo chanante”, Joaquín Reyes
OSTIRALA 9
- 13:00, 2. solairuko batzargelan, Hitzaldia: “El cómic y las nuevas tecnologías”, Harry Markos, Markosia-ren editore burua
- 16:00, 2. solairuko batzargelan, GLENAT argitaletxearen berrikuntzen eta Lolita Butterfly liburuaren aurkezpena, Idoya Iribertegui bere egilearen eskutik
- 17:00, Beheko Auditorioan, "Gartxot"-en aurkezpena: Asisko Urmenetak “Gartxot” bere film laburretik sortutako film luzearen proiektua aurkeztuko du, komunikabideei egindako aurkezpena eta gero proiektatuko dena
- 17:30, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “El cómic que surgió en la calle. El realismo social como fuente de inspiración”, Mauro Entrialgo, Resano-Osés, Simonides, Jorge González, moderatzaile Javier Moya
- 19:00, 2. solairuko batzargelan, Hitzaldia: "Perspectiva de género en el Cómic - Un recorrido por el cómic femenino en España", Clara Tanit, Marika Vila, Myriam Cameros, Idoya Iribertegui, moderatzaile Jordi Ojeda
- 20:00, Beheko Auditorioan, Aurkezpena: “Nikodemo’s Show! de 50 a 350 en 5 años”, Carlos Gómez eta Raúl Escolano, Nikodemo-ren fundatzaileak eta Cálico electrónico-ren sortzaileak
LARUNBATA 10
- 11:30, 2. solairuko batzargelan, PLANETA argitaletxearen berrikuntzen aurkezpena eta gure herriko gaur egungo editorialen gainbegirada bat
- 13:00, 2. solairuko batzargelan, Hitzaldia: "La física de los superhéroes - Una visión pedagógica del mundo del cómic", Jordi Ojeda, UPC-ko irakaslea
- 17:00, 1. solairuko gelan, Berriketa irekia: Yamaguchi liburutegiak Clara Tanit Arqué eta José Angel Labari (Jali) egileekin euren azken lanei buruz solasaldi bat antolatzen du
- 17:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “Cómic book americano vs álbum europeo”, Howard Chaykin, Harry Markos, Horacio Altuna, Pasqual Ferry, moderatzaile David Hernando
- 19:00, 2. solairuko batzargelan, Mahai-ingurua: “La sátira política en la historieta”, Bernardo Vergara, César Oroz, Charlie Christensen, JJ Aos, moderatzaile Andrés Mendiri
- 20:00, Beheko Auditorioan, Ikuskizuna: "HATE JAZZ", Zuzenean komikia eta musika nahasten duen ekitaldia, Jorge González, Horacio Altuna, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko Banda
IGANDEA 11
- 13:00, Beheko Auditorioan, Itxiera-ekitaldia: Tiza I lehiaketaren epaimahaiaren erabakia “Donejakueko beste bidea”
Bestelako ekitaldiak
- Larunbata 10 eta igandea 11, 11etan, 2. solairuko eskultura lantegian, Tailerra: "Komikien sorkuntza", Julio Martínez (Mart) eta Álvaro
Muñoz-ek emana (AACE-ren zuzendariak) - Larunbata 10 eta igandea 11, 11etan, beheko solairuko beheko patioan, Karikaturak zuzenean: Roberto Flores-ek bere talentua erakutsiko digu, eskatzen duten bisitariei karikaturak doan marraztuz
- Larunbata 10 eta igandea 11, 11etan, 1. solairuko geletan, Sinadura eta papel-zorroen gainbegirada: egile berriek profesionalei euren lanak erakusteko aukera bat, eta komikizaleentzat komikiak euren egileek sinatzekoarena (liburutegi espezializatuetan sinaduren egitarau berezia)
Gonbidatutako egileak
- Howard Chaykin
- Pasqual Ferry
- Mauro Entrialgo
- Charlie Christensen
- César Oroz
- Joaquín Reyes
- Carlos Gómez y Raúl Escolano
- Clara-Tanit Arqué
- Horacio Altuna
- Jorge González
- Juan Padrón
- Belatz (Mikel Santos)
- Joaquín Resano y Pedro Osés
- JJ Aos
- Ernesto Murillo (Simonides)
- Jali
- Myriam Cameros
- Marika
- Idoia Iribertegui
- Harry Markos
- Gochi
- Laureano Dominguez
- Juan Carlos Sanmiguel
- Jordi Ojeda



