e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Komikigintzako hainbat berri
Hilabete oporretan egon ondoren, komikigintzaren inguruko hainbat berri pilatu zitzaizkidan emateko, beraz hona hemen guztiak artikulu bakarrean...
Batetik, Asisko Urmeneta eta Marko Armspach-i Ezagutzaren Domina eman die Korsika Hegoaldeko Kontseilu Nagusiak Aiacciu-ko Komiki-Azokan, beraien urteetako ibilbidearen errekonozimendu gisa. 2003an ere Jokin Larrearekin batera egindako Gartxot komikia saritu zuten jaialdi horretan, biak ere merezitako sariak. Zorionak bikote!
Bestetik, Jon Mantzisidor Mantxi zumaiarrak Ia dena - Komiki bilduma 1997-2007 izenburudun albuma kaleratu du. Izenburuak dioen bezala, hainbat egunkari edo aldizkaritan urteetan eta hainbat ezizenen pean argitaratutako komiki-banden bilduma da. Niri Berria-n ordenagailu bidez eta surrealismoz beteak egiten zituenak asko gustatzen zitzaizkidan. Elkar-en eros dezakezue Internetez, beste kiosko edo liburu dendetan aurkitzen ez baduzue.
Eta azkenik, Alhóndiga Bilbao elkarteak antolatutako komiki bekaren aurtengo deialdia Martín Romero A Coruñako komikigileak irabazi du. Horri esker, Angoulêmeko La Maison des Auteurs zentroan, Europako komiki-zentro entzutetsuenean alegia, urtebeteko egonaldia egingo du bere hurrengo lana prestatzeko, baldintza ezin hobeagotan. Iazko irabazle Clara-Tanit Arqué-k bezala, zentroko ekipamendu eta baliabide guztiak erabiltzeko eta beste bekadunekin ideiak trukatzeko aukera izateaz gain, urtebeteko alojamendua ordainduko zaio eta hilean 1000 euroko soldata bat ere izango du. Zorionak Martin!
Xabiroi 16, kalean
Ikastolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 16. alea, aurtengo ekainari dagokiona alegia, kalean dago. Ez dakit noiztik egia esan, baliteke aste batzuk eramatea jada; niri etxera bidali didate, ohi bezala, baina hilabete eman dudanez oporretan...
Hau da bertan aurkituko dugun edukia:
- Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
- Manu Ortegaren Haizea banda
- Sanviren Auzomorro umorezko orri bikoitza
- Julen Ribasen irudiak eta Iban Zalduaren gidoia duen Azken garaipena sailaren beste 8 orri
- Irune Lasak egiten duen KomikiTAUN elkarrizketen orria, oraingoan Arantxa Urretabizkaiarekin
- Asiskoren Hor Konpost banda
- Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorioaren 3. emanaldia, 8 orrikoa
- Dani Fanoren Anubis 3.0 sailaren 6 orri
- Koldo Mogollonen gidoia eta Loperen irudiak dituen Behien Tarzanen 4 orri
- Olierrek asmatutako eta Markok marraztutako Haratagoren beste orri bat
Horra hor euskal komikigintza onenaren beste ale bat. Bide batez, niri lau bidali dizkidate, beraz norbaitek bat nahiko balu, erantzunetan eskatu besterik ez du.



