e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Sauré-ren bi komiki berri euskaraz
Sauré euskal komiki-argitaletxeak beste bi album atera ditu, ohi bezala euskaraz eta gaztelaniaz. Bata Jansain, Marrero eta Zerdaren Babelgo txotxongilolaria da, Jansain eta Zerdaren Izotz azpiko bidearekin 0. liburukian hasitako Compadre bildumako 1. alea, eta bestea Rodríguez eta Fernándezen Iparraldeko basamortuak, Fernández, Ferrer eta Erostarberen Ametsaren aro berriarekin hasitako Txanoa bildumaren 2. alea. Komikiak euskaraz irakurtzeko beste bi aukera Sauré-ren eskutik. On egin!
Komikiak UEUren udako ikastaroetan
Udako Euskal Unibertsitateak urtero antolatzen dituen Udako Ikastaroen aurtengo edizioan komikiek ere tokitxoa izango dute. Irudiekin idazten, letrekin marrazten ikastaroan zinema, ilustrazioa, komikiak eta literatura landuko dira. Komikiei buruz arituko diren irakasleak Antton Olariaga (Irudiak eginez ilustratzen gara saioarekin), Marko Armspach (Komikia: irudiz irudi saioarekin) eta Mattin (MARRA/BARRA, marra eta letrekin jolasean, bat-bateko komikia saioarekin) izango dira. Horiez gain izango dira Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Asier Altuna, Koldo Almandoz...
Interesgarria, ezta? Ba uztailaren 10etik 13ra izango da Baionan. Zeren zain zaude? Programa osoa ikusteko, informazio gehiago izateko edo izena emateko, hemen.
(Mila esker informazioagatik, Catwoman!)



