e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Franquin-en "Gaston" euskaraz
Bretainiako Yoran Embanner argitaletxeak Franquin komikilariak sortutako Gaston Lagaffe pertsonaiaren abenturak euskaraz argitaratzeari ekin dio. Orain dela 50 urte Belgikan jaio zen komiki hau hainbat hizkuntzetara itzuli da: bretoiera, okzitaniera, alsaziera, waloniera...
Urriaren 30ean Berria egunkariak bere kontrazalean argitaralpen hau iragartzen zuen Gastonen ezaugarriak zerrendatuz. Azaroaren 18an, aldiz, Plaza atalean Franquin eta Gastoni buruzko informazio gehiago ematen dute, Hedoi Etxarte itzultzaileari elkarrizketa zabala egin eta komikigintza belgikarra eta Ibañezen lanari buruzko aipamen batzuk egiten dira. Diario de Noticias-en ere informazioa argitaratu dute.
Gastonengan umorea, irudimena, gizarte kritika, xamurtasuna... biltzen dira. Ez da pertsonai alper baten erretratua, bere eguneroko bizitzarekin nagia izateko eskubidea aldarrikatzen duen heroia baizik.
Franquinen lana ez da Gastonera mugatzen, Spirou eta Fantasio pertsonaien ardura hartu zuenean maila kreatibo gorenera heldu baitzen sail hori. Komikilari hau beste autoreekin elkarlanean aritzen zen maiz, eta gidoilari aparta izateaz gain erregistro anitzeko marrazkilaria izan zen: karikatura, errealismoa, kolorea eta itzal beltzen tartekatzea... Mugimendua adierazteko gaitasun handia zuen, soinu zein onomatopeiak honen zerbitzura jarrita. Idees Noires sailean umore beltza maisuki landu zezakeela frogatu zuen ere. Haur eta helduentzat marrazterakoan gizarte modernoaren ajeak salatu zituen: konpetitibitatea, burokrazia, kalte ekologikoak, boterearen gehiegikeriak...
Franquin
Franquin 1924. urtean jaio zen Bruselaseko Ettelbeek auzunean (17 urte lehenago Herge jaio zen auzo berean). Dekorazio ikasketak egin ondoren 20 urterekin CBA marrazki bizidunen estudioan hasi zen lanean: bertan Peyo eta Morris marrazkilariak topatu zituen, eta azken honen bidez lehen marrazkiak (publizitaterako, gag batzuk...) eta komikiak argitaratu zizkioten. Jije komikilariarekin elkarlanean, komiki giroan buru belarri sartu zen.
Gerra garaian Dupuis argitaratzailearen Spirou aldizkariak traba ugari izan zituen nazien eskusartzea onartu ez zuelako. Garai horretan Rob-Velek sortutako Spirou eta Fantasio pertsonaien arduraduna Jije zen, baina sail hau uzteko gogoz zegoen, eta Franquineri Le tank abenturaz arduratzea proposatu zioten: hilabete gutxiren buruan, La Maison Préfabriquée istorioko 48 eta 49 binetetan marrazkilari aldaketa egingo da, eta Franquinek hartuko du sailaren gidaritza L'Héritage istoriotik aurrera.
1948an beste komikilariekin batera bere lanean eragin handia izango omen duen Ameriketarako bidaia egin zuen. Batetik Estatu Batuetan helduentzako komikigintza eta humore kritikoa, gordina, eta bestetik Mexikon kultura eta naturari buruzko kezka handituko zaio.
Eragin hauek Spirou eta Fantasioren abenturetan islatuko dira 50eko hamarkadan zehar. Bizpahiru orritako abentura motzetatik albumetan argitaratuko diren istorioetara pasatzean, unibertso propio bat eraikiko du: Champignac herriska eta Champignac kontea, zientzialari zintzoaren irudia. Beste pertsonai berezia komikietan ohikoa ez den emakume independente eta ausarta izango da, Secottine. Laster Marsupilamia agertuko da, hego-ameriketako ohianeko animali bitxia, eta heroientzat etsai zitalak sortuko ditu: la murene eta Zorglub. Gidoietan irudimenak ez du mugarik izango, eta zientziarekin lotutako asmakizunen marrazketan islatuko da hori ere: autoak, tresna hegalariak... Elkarlanean egiten dira Spirouren abenturak: komikilari batek gidoia, beste batek atzeko planoak, beste batek bigarren mailako pertsonaiak...
Spirou eta Fantasioren 7 album erditu ondoren, Franquin nekatuta sentitzen hasia zen, eta stress hori gainditzeko erabili zuen bideetako bat Gaston sortzea izan zela esango du.
Gaston Spirou aldizkarian bertan
Adituek esango zuketen bezala, metakomikigintzaren adibide bat dugu hemen: 1957ko otsailaren 28ko Spirouren alean mutil lotsatu bat aldizkariaren egoitzan agertzen da: hitzik gabeko marrazki soila da, oinatz batzuez inguratuta. Hurrengo 3 asteetan berdin, baina pertsonaiak hasierako seriotasuna galdu eta etxean bezala sentitzen hasiko da, estetika eta jarrera informalagoa izango du. 4. astean Fantasiok harriduraz kartel baten bidez erredakziora agertu den pertsonai honen berri ematen digu, eta azkenik mutilak Spirourekin elkarrizketa surrealista edukiko du: bere izena Gaston da, norbaitek bertan lan egiteko aukera eman dio, baina ez daki zertara zehazki...
Handik aurrera bere jarrera pasiboa alde batera utzi eta bere izaeraren ezaugarriak agertuko dira astez aste: moto bat konpontzen erredakzioan, jolasean, akatsak eginez eta istripuak eraginez, lokuluxkan... "Lanik gabeko heroi" bezala izendatuko dute. Franquinek, Jidehem eta Delporteren laguntzaz, jolas bat bezala planteatzen du dena, irakurleekiko konplizitatea sortuz. Spirou eta Fantasioren Le voyageur du Mesozoique albumean ere bizikleta gidatzen agertuko da Gaston beste herritar bat balitz bezala, eta aldizkariko 1000. alean Spirouren 999 buru marraztuko ditu Franquinek: milagarrena suposatuko duzue norena den...
Bederatzi hilabeteren buruan Gastonek aldizkarian txoko propioa izatea lortuko du orrialde baten azpialdean Franquin-Jideheim sinadurapean. Bitartean Franquinek beste mugarri bat jarriko du Spirouren historian, Zorglub maltzurra.
1960an plazaratuko da Gastonen lehen albuma, baina ezohiko formatua erabili zutenez dendariek promoziorako alea zela pentsatu zuten eta salgai jarri beharrean oparitu egin zuten. Gaston berak ez zukeen hobeto egingo...
Berrogei urtez bizirik iraun zuen pertsonaiaren izaera aldatu ez zen arren, edukietan garapena handia izan zen. Gastonek lan egiten zuen Spirou aldizkariaren erredakzioa beste edozein bulegorekin homologatuz joan zen, lankide eta pertsonai berriak txertatuz: Prunelle jefea, Mesmaeker enpresaria, Jeanne andereñoaren xamurtasuna eta inozentzia... 1968an Spirouren abenturak beste marrazkilari baten esku geratu zirenean (Belgikan pertsonai asko ez dira autorearenak, editorialarenak baizik) Fantasio zintetatik desagertu zen. Gastonek parkimetroen aurkako gurutzada bat hasiko du, botereak herritarrengan duen eragina salatzeko beste modu bat. Kaioa, katua eta beste animaliek paper garrantzizkoa bete dute ere. Franquinen sinadurak "bizitza" hartuko du Gastonen orrietan, eta liburu bat betetzeko materiala bilduko da azkenean. 70. hamarkadatik aurrera lantalderik gabe egingo ditu Franquinek Gastonen abenturak.
Guztira 909 zinta eta 15 album "ofizial" argitaratuko dira, 1996ean azkena plazaratu zen arte: Franquinek hasierako marrazki batzuk birdiseinatu zituen, baita formatu ezberdinak merkaturatu ere...
Franquin 1997 urtean zendu zen, 73 urterekin. Sari ugari jaso zituen bere ibilbidean, Angoulêmeko lehen azokako sari berezia eta Belgikako arte grafikoen saria barne. Tronbone Illustre, Tintin, Fluide Glacial... eta beste aldizkarietan marraztu zuen, eta pertsonai berriak sortu: Modeste et Pompon, Isabelle (gidoigintza lana), Idees noires saila, Marsupilamiaren abenturak... Pariseko zientziaren museoan bere munduari buruzko erakusketa antolatu zen 2005ean.
Eta orain Gaston euskaraz
Yoran Embanner argitaletxeak euskarazko 2000 ale plazaratu ditu. Gastonen 10. albumari dagozkio, hau da, 1968-1969 urteetako zintekin osatua dago. Edizioak txukunak dira, frantsesez edo gazteleraz argitaratuta daudenen formatu berekoa (hizkuntzak bereizteko banderatxo bat jartzen diote azalean...). Hedoi Etxarteri egindako elkarrizketan Gastonen hizkera berezia eta hitz jokoak euskaraz nola eman diren irakurri dezakegu. Pertsonaien izenak ematerako orduan Franquinek asmatutakoak errespetatzea erabaki du (bretoieraz eta bere garaian katalanez zein gazteleraz izenen tokiko bertsioak asmatu zituzten).
Nire ustez pena da lehendabiziko aletik hasi ez izana, pertsonaiaren jaiotza eta garapen kronologikoa ezagutzeko aukera galduko baitugu oraingoz, baina ziur nago arrazoi komertzialak daudela tartean: hasierakoak komikizale "amorratuek" soilik erosiko lituzkete, 50. hamarkadetako marrazketa ez litzateke segur aski gaur egungo erosle potentzial gehiengoen begietatik hain erraz sartuko.
Ez dakigu argitaletxeak bildumako beste ale batzuk plazaratzeko aukera izango ote duen (bretoieraz 14. alea 2006ko abenduan atera zen), baina orain garrantzizkoena 2000 ale horiek saltzea litzateke: lehenik liburu-dendetan ongi banatuaz, Getxo eta Durangoko azoketan presente egonez, eta liburutegiek beraien funtsetara gehituaz. Zaleok badugu haur eta helduei zer oparitu gabon hauetan, ez euskarazko komiki produkzioa sustatu behar delako soilik, horrela gure hizkuntzan kalitate handiko lanak irakurri ahal izatea bermatuko dugulako baizik.
Getxoko VI. Komiki eta Manga Azoka aste bukaera honetan
Aurtengo Getxoko komiki azoka berritasunez beterik datorkigu. Batetik, azaroan izango da, eta ez abenduan orain arte bezala. Bestetik, Areetako geltoki plazako ohiko komikiaren guneaz gain, mangaren gune berria egongo da Erromoko Santa Eugenia plazan. Azokari berari izena aldatu diote, orain Getxoko VI. Komiki eta Manga Azoka deitzen da. Hau guztiau mangak azken aldian gure artean eta mundu osoan bizi duen loraldiaren erakusgarri da.
Azaroaren 23tik 25era bitartean (ostiraletik igandera, beraz) izango da azoka. Argitaletxe, komiki-denda, fanzine eta abarren 91 standez gain (70 komikien gunean eta 21 mangaren gunean), beste ekitaldi ugari egongo da: erakusketak, nobedade aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, egileen sinatzea, proiekzioak, tailerrak...
Sarrerak bi euro balio ditu. Ordutegia 11:00etatik 14:30etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da. Jarraian duzue beste ekitaldien zerrenda eta egitaraua, informazio gehiagorako http://www.salondelcomicdegetxo.net.
Omenaldiak
- TMEO aldizkariaren 20 urteak
- Francisco Ibáñez eta Mortadelo eta Filemonen 50 urteak
Komiki-guneko erakusketak
- TMEOren 20 urte
- Xabiroi aldizkaria
- El Balanzín fanzinea
- Man, Manuel Carot Man komikigileari buruzkoa
Manga-guneko erakusketak
- Estudio Kôsen
Erakusketak inguruetan
- Raquel Alzate, Alex Orbe eta Javier de Isusi-ren Historias del olvido
- Ruben Arozenaren komiki-lana
- Alex Sanvi
- Si amanece nos vamos
Proiekzioak
- Aurrekontu txikiko zinearen erakusketa
- Animazioko zinea
- Komiki laburmetraiak
- Laburmetraien entsalada
Mahai-inguruak
- 20 años de TMEO
- ¿Por qué mi madre conoce a Woody Allen pero no le suena Robert Crumb? La (im)popularidad del cómic y su relación con otros medios
- Crítica y teoría del cómic. Estado actual del medio, el fenómeno blog, evolución del público
- Global manga
Bestelakoak
- Rol partidak (Imagina elkartearen eskutik)
- Manga elkarteen lehiaketak (karaoke, bideojokoak, cosplay, pum it up)
- Komiki tailerrak (bi maila)
- Makillaje eta FX tailerrak
- Manga komikiaren tailerra
- El Balanzín doako aldizkaria (sarrera erositakoan)
Gonbidatutako egileak
- Francisco Ibáñez
- TMEOko egileak (Clara-Tanit Arqué, Ken Niimura, Angel de la Calle, Carlos Areces, M. A. Martín, Víctor Santos, Infame&Co. eta Jordi Bayarri)
- Miguelanxo Prado
- Eduardo Risso
- Andy Riley
- Manuel Carot Man
- Alberto Vázquez
- Santiago Valenzuela
- Pepo Pérez
- Manuel Bartual
- Manel Fontdevila
- Enrique V. Vegas
- Carlos Vermut
- Javier Olivares
- Mark Buckingham
- Farid Boudjellal
Komiki-guneko egitaraua
Ostirala, 2007ko azaroaren 23a
Goizez
- 11:15: Azokaren hasiera
- 11:15: Cortos de tebeo proiekzioa
- 12:30: Aurrekontu txikiko zine erakustaldia - Planeta Atlon proiekzioa
- 13:30: V de Vicioso proiekzioa
Arratsaldez
- 17:05: Aurrekontu txikiko zine erakustaldia - Doctor Infierno proiekzioa
- 17:30 - 19:00: Sinatze-txandak: Mauro Entrialgo, Santi Orúe, Ata (Astiberriren postuan)
- 18:00: Ibáñezi eta TMEO aldiazkariari omenaldiak
- 18:30: Sinatze-txandak: TMEOko egileak (Mauro Entrialgo, Furillo, Ata, Santi Orúe, Roger, Abarrots), Ibáñez (sinatze-gunean)
- 18:45: Amigos de Jesús proiekzioa
- 19:30 - 20:30: Sinatze-txandak: Alberto Vázquez, Clara-Tanit Arqué (Astiberriren postuan)
- 20:30: Cortos de tebeo proiekzioa
Larunbata, 2007ko azaroaren 24a
Goizez
- 11:05: Formatu anitzeko film laburren proiekzioa
- 11:30: Andy Rileyrekin topaketa
- 11:30: Nobedade-aurkezpena: Astiberri (Laureano Domínguez, Santiago Valenzuela, Alberto Vázquez)
- 12:00: Sinatze-txandak: Dibbuks-eko Javier Olivares, Carlos Vermut (Pasaia-Pagotxaren postuan)
- 12:30: Xabiroirekin topaketa (Dani Fano, Manu Ortega) eta Saiak albumaren eta urte amaierako zenbaki bereziaren aurkezpena
- 12:30 - 14:00: Sinatze-txandak: Santiago Valenzuela, Pepo Pérez (Astiberriren postuan)
- 13:00: Manekin topaketa
- 13:00: Nobedade-aurkezpena: Glénat (Manel Fontdevila, Félix Sabaté)
- 13:30: Sinatze-txandak: Eduardo Risso, Andy Riley
- 14:00: Nobedade-aurkezpena : Dibbuks (Javier Olivares, Ricardo Esteban, Carlos Vermut)
Arratsaldez
- 17:00: Sinatze-txandak: Man, Manel Fontdevila (Glénaten postuan)
- 17:00: Sinatze-txandak: Jordi Bayarri (Aletaren postuan)
- 17:00: Sinatze-txandak: Dibbuks (Pasaia-Pagotxaren postuan)
- 17:05: Nobedade-aurkezpena: Aleta (Joseba Basalo, Jordi Bayarri)
- 17:30: Nobedade-aurkezpena: La Cúpula (Farid Boudjellal, José María Berenguer, Montserrat Terrones)
- 17:45: Mahai-ingurua: 20 años de TMEO (hizlariak: Mauro Entrialgo, Kini, Abarrots, Roger / moderatzailea: Borja Crespo)
- 18:45: Miguelanxo Prado-rekin topaketa (moderatzailea: Angel de la Calle)
- 18:30: Sinatze-txandak: TMEOko egileak (Mauro Entrialgo, Abarrots)
- 19:00 - 20:30: Sinatze-txandak: Alberto Vázquez, Clara-Tanit Arqué, Andy Riley (Astiberriren postuan)
- 19:30: Sinatze-txandak: Miguelanxo Prado, Man
- 19:45: Mahai-ingurua: Por qué mi madre conoce a Woody Allen pero no le suena Robert Crumb? (La impopularidad del cómic y su relación con otros medios) (hizlariak: Carlos Areces, M. A. Martín, Nacho Vigalondo, Jesús Palacios / moderatzailea: Borja Crespo)
Igandea, 2007ko azaroaren 25a
Goizez
- 11:05: Formatu anitzeko film laburren proiekzioa (flash, stop-motion...)
- 12:00: Nobedade-aurkezpena: Dolmen (Jorge Iván Argiz, Enrique V. Vegas, Infame&Co.)
- 12:00: Sinatze-txandak: Jordi Bayarri (Aletaren postuan)
- 12:00 - 14:00: Sinatze-txandak: Manel Fontdevila (El Juevesen postuan)
- 12:30: Sinatze-txandak: Man (Glénaten postuan)
- 12:30: Eduardo Risso-rekin topaketa (moderatzaileak: Germán Menéndez, Jorge Iván Argiz)
- 12:30 - 14:00: Sinatze-txandak: Alberto Vázquez, Clara-Tanit Arqué, Andy Riley (Astiberriren postuan)
- 12:30: Sinatze-txandak: Miguelanxo Prado, Man
- 13:15: Mahai-ingurua: Crítica y teoría del cómic. Estado actual del medio, el fenómeno blog, evolución del público (hizlariak: Pepo Pérez, Rubén Lardín, Carlos Vermut, Koldo Azpitarte / moderatzailea: Angel de la Calle)
- 13:30: Sinatze-txandak: Eduardo Risso, Andy Riley
Arratsaldez
- 17:05: Cortos de tebeo proiekzioa (QVMT, Impacto nupcial, Brideblood, Morralla, Cambiar el mundo, Avant Pétalos Grillados, La puerta de Sinclair, Las diabólicas aventuras de los 5)
- 19:00 - 20:30: Sinatze-txandak: Raquel Alzate, Santiago Valenzuela, Pepo Pérez (Astiberriren postuan)
- 19:30: Ensalada de cortometrajes proiekzioa (Regular, Estrábicos, El relevo, Banal, Equipajes, Midori, Limoncello, De formación: profesional, Traumalogía, Máquina)
Manga-guneko egitaraua
Ostirala, 2007ko azaroaren 23a
Goizez
- 11:30: Friki Trivial-a (tailer gunean)
Arratsaldez
- 17:15: Ekialdeko mahai-jokoen tailerra MaruGAME elkartearen eskutik: Go, Mahjongg, Hanafuda... (tailer gunean)
- 17:15: Para Para tailerra (agertokian)
- 18:30: Pas-eko Karaoke lehiaketa (agertokian)
- 19:45: Aparteko eraso lehiaketa (agertokian)
Larunbata, 2007ko azaroaren 24a
Goizez
- 11:15: Idazkera japoniarraren tailerra (Yuka Nishiwaki japonierazko irakaslearen eskutik)
Arratsaldez
- Arratsalde osoan: komiki tailerra Ken Niimura-rekin (tailer gunean)
- 19:00: Cosplay lehiaketa
Goizez eta arratsaldez
- Pump It Up lehiaketako final nazionala (agertokian)
- 11:30: Aurretiko txandak eta junior maila
- 17:15: Finaleko txandak eta sari banaketa
Igandea, 2007ko azaroaren 25a
Goizez
- 11:15: Borroka-arteen erakustaldia (agertokian)
- 13:15: Mahai-ingurua: Global manga (agertokian). Hizlariak: Aurora García, Diana Fernández (Estudio Kosen), Ken Niimura
Arratsaldez
- 17:15: Karaoke lehiaketa (agertokian)
- 19:30: Sari banaketa (agertokian)
Goizez eta arratsaldez
- Komiki tailerra Ken Niimura-rekin (tailer gunean)
Ubuntu instalatzen interneterako Euskaltel-en "prepago" konexioa duen ordenagailuan
Alaitzen gurasoek ordenagailu oso zahar bat zuten Windows 98-rekin. Word-en testu batzuk idazteko, posta elektronikorako eta Interneten ibiltzeko erabiltzen zuten batez ere, baina argazki kamera digitala erosi zutenetik horiekin egiten diren ohiko gauzentzat ere erabili nahi zuten: argazkiak ordenagailura pasatu, biratu, sailkatu, ikusi, CD baten grabatu... Eta horretarako Windows 98 ez dago batere ongi prestatuta. Ez du argazkien aurrebistarik erakusten, ezin dira biratu... Gainera ACD See instalatzean errorea eman zuen, argazki kamerak berak zekarren softwarea ez zen oso txukuna, dena oso poliki zebilen...
Beraz, ordenagailu berria erosi zuten, eta nik instalatu behar nien. Sistema berri bat ibiltzen ikasi behar zutenez, XP edo Vista instalatu beharrean Ubuntu instalatzea erabaki nuen. Beti bezala, Ubuntuk instalazioa erraz eta azkar egin zuen. Inprimagailua eta eskanerra ongi detektatu zituen, argazki kamerarekin ere ongi zebilen...
Baina arazotxo bat zegoen: Euskaltel-en aurrez ordaindutako bonoak edo "prepago" motako konexioa erabiltzen zuten Internetera konektatzeko, eta hori ez zebilen... Interneten apur bat bilatuta, jakin nuen Euskaltel-eko Internet konexio mota horretarako VPN sare bat eratzen zela Windows zerbitzari batekin Microsoft-en PPTP protokoloa erabiliz, eta Linux-en horretarako network-manager-pptp paketea instalatu behar zela. Baina pakete hori ez dago Ubunturen CDan, eta nola instalatu Internetetik, Interneteko konexiorik gabe? Nire etxera eraman nuen ordenagailua eta nire konexioa erabiliz instalatu pakete hori. Ondoren, Euskaltel-i eskatu behar zaizkio host-aren helbidea (Bizkaian bi.despega.euskaltel.es izaten da, Gipuzkoan ss.despega.euskaltel.es), erabiltzaile izena eta pasahitza. Gero Network Manager-en (goian eskuinean agertzen den sarea maneiatzeko ikonotxoa) VPN-PPTP konexio berri bat sortu behar da datu horiek erabiliz, konpresio eta zifratzerik gabe. Eta kitto! Aurrerantzean, internetera konektatu nahi dugunean, ikonotxo horretatik bertatik konexioa hasi, eta amaitzean deskonektatu besterik ez da egin behar.
Azkenean, instalazioa ohiko Ubuntu instalazio bat baino apur bat gehixeago konplikatu zen, baina edozein Windows instalazio baino errazagoa izan zen hala ere. Eta erabiltzen ikasteko, aurrez ez bazaude Redmond-en sistemara ohituta, Windows bezain erraza da edo errazagoa da, Alaitzen gurasoak lekuko (eta zalantzarik gabe Vista baino askoz errazagoa!).
Edonola ere, PPTP-ri buruzko ingelesezko eta gaztelaniazko Wikipediako orrietan diotenez, protokoloa ez da segurua, hautsia izan da eta ez litzateke erabili beharko. Zertan dabil Euskaltel?
Informatikari komikizalearen ametsa...
Álvaro Pons-en DDT blogean jakin dut (eta hobe jakin izan ez banu) Kanariar Uharteetako Las Palmas-en Jornadas del Cómic y las Nuevas Tecnologías izenburuko jardunaldiak antolatu dituztela aste honetarako... Zer gehiago behar du informatikari komikizale batek?
Harako bidaitxoa patrozinatuko didan babeslerik? Snif...







