e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Xabiroi" liburudendetan salgai dago
Ikastolen Elkartearen Xabiroi liburudendetan eros dezakegu jada. Duela urte bete inguru atera zuten gazteentzako komiki-aldizkari hiruhilabetekari hau orain arte Ikastoletako ikasleen artean banatzen zen soilik.
Behin baino gehiagotan aipatu dugu aldizkari hori blog honetan. Oso ekimen interesgarria da, euskal komikigileei Euskal Herrian eta euskaraz argitaratzeko aukera ematen diena. Komiki ederrak biltzen ditu, kalitate handiko egileek eginak, adibidez Juan Luis Landaren irudiak eta Joxean Muñozen gidoia duen El ciclo de Irati apartaren jarraipena. Orain edozeinek izango du erosteko aukera, Ikastolako ikasle edo guraso izan nahiz ez.
Nik liburudenda baten ikusi dut, eta lehen hiru aleak saltzen zituzten, goma batekin elkartuta. Prezioa galdetzea ahaztu zitzaidan, baina dena dela ere merezi duela zin dagizuet.
Estilo-orririk gabeko web guneen egunarekin bat egiten du blog honek
Gaurko eguna "estilo-orririk gabeko web guneen eguna" edo CSS naked day izendatu dute internauta batzuk. Bere helburua da estandarrak zein garrantzitsuak diren erakustea. Web gune batek CSS erabili eta estandarrak ongi betetzen baditu, estilo-orririk gabe ongi irakur daiteke, eta ezgaitasunak (itsutasuna, adibidez) dituen norbaitek ere ongi "irakurriko" du.
Blog honek (Teknosexua edo Minid bezala) bat egiten du ekimen honekin eta estilo-orri guztiak desgaitu ditu. Ez dut sinbolikoki soilik egiten, niri ere blogak estandarrak guztiz betetzen ote dituen egiaztatzeko eta, hala ez bada, konpontzeko balioko dit. Esaidazue zerbait oker ikusten baduzue, mesedez. Bihar dena lehen bezala utziko dut berriro.
Hiperblogia?
Lehen euskal blog interesgarriren bat ezagutzen nuenean, edo ezagunen batek bloga irekitzen zuenean, artikulu bat idazten nuen nirean, propaganda pixka bat egiteko. Baina utzi nion hori egiteari; izan ere, azkenaldian hainbeste blog euskaldun interesgarri berri ateratzen dira, jada ez direla notizia... Blog berriei bistadizotxo bat botatzeko astia ateratzea be zaila!
Eta hau ez da blogekin soilik gertatzen. Blog komunitateak ere gero eta gehiago dira (Eibar.org, Goiena.net, Uztarria.com, Berria.info, Atxukale.com...), blogak erraz sortzeko plataformak ere bai (Blogari.net, Blogak.com, Mundua.com...)... Euskararentzat ona izango da euskarazko hainbeste eduki egotea, baina niretzat ez, dispertsio horrekin ez baita erraza euskal blogosfera jarraitzea... Eskerrak blog "agregatzaileak" ere sortu diren, baina horiek ere ez al dira gehiegi dispersatzen ari? Aurki.com, Sustatuko Da! atala, Zabaldu.com ...
Aurrekoan lankide-ohi batzuekin bazkaria izan nuen, eta mahaian eseri ginen sei lagunetatik bostek bloga genuen! Eta ez esan informatikarien artean normala dela, ni nintzen-eta informatikari bakarra... Nire influentzia, Sustatun beste hartan zioten bezala? Ez dut uste.
Horrela jarraituz gero, laster notizia ez da izango sei lagun elkartu eta bostek bloga zutela... Bloga ez daukan norbait ezagutu dugula izango da notizia!


