e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Bi egun "Euskadi Fantastikoa II" erakusketan
Duela bi aste birritan egon nintzen Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, Juan Luis Landa eta Marko Armspach euskal komikigileen lanari buruzko Euskadi Fantastikoa II erakusketan. Lehena asteartea 7an, Markorekin izandako bisita gidatuan, eta bigarrena asteazkenean, Euskadi Irratiko Tere Belokirekin Arratsaldekoa irratsaiorako elkarrizketa bat egiten. Elkarrizketa hemen duzue, entzun nahi baduzue.
Markok gidatutako bisitan 15 pertsona inguru izan ginen, tartean euskal komikien munduko jende ezaguna: Marko bera, Iñaki G. Holgado (aurtengo erakusketaren antolatzailea da, eta iazko erakusketa bere lanari eskainia zen), Dani Fano (komikigilea eta Ikastolen Elkarteko Xabiroi komiki-aldizkariaren koordinatzailea) eta Juanma Diaz de Gereñu (Habeko Mik: euskal komiki ahalegina liburuaren egilea, EHUko irakaslea eta hainbat egunkari eta aldizkaritan kolaboratzailea). Horiez gain egon ginen Markoren alaba, Mikel Iturria (Eibar.org blog komunitateko kidea eta Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria), Irungo komiki-eskola bateko lau kide, beste hiruzpalau lagun eta ni.
Oso bisita interesgarria izan zen. Ordu eta laurden inguruan Markok bere lan-prozesua azaldua zigun, batez ere Agence barbare bere azken lanean oinarrituta. Bamboo Éditions argitaletxe frantziarrarentzat azken urteetan egiten aritu den lana da, lau liburukitan banatua dagoena eta Olier gidoigile duena. Erakusketan zeuden irudiez gain, karpeta bat eraman zuen bere laneko hainbat zirriborrorekin, prozesuori hobeto azaltzeko. Esan zigun komiki-liburu bat egiten duenean hiru aldiz marrazten duela dena: lehenengo zirriborroa arkatzez egiten du, gero berriz zirriborro zehatzago bat, hau ere arkatzez, eta bukatzeko tintara pasatu eta ordenagailuan koloreztatu. Azalpen guztiok euskaraz eta umore onean eman zituen.
Gero Iñaki eta Danik Juan Luisen lana azaldu zuten, Juan Luis bera ez baitzen joan. Hauek azpimarratu zuten zein detailezalea den Juan Luis bere marrazkietan, eta zein teknika bitxi erabiltzen dituen detaile txiki horiek marraztu ahal izateko (ezin dizuet zehaztu zeintzuk, ez baitut gogoan eta ez bainaiz horretan aditua). Hau ere oso ongi egon zen.
Eta hurrengo egunean berriz itzuli nintzen erakusketara, oraingo honetan Tere Belokirekin Euskadi Irratirako elkarrizketa bat egitera. Tereren asmoa hainbat gairen inguruan berba egitekoa zen: blog honi buruz, komikiei buruz orokorrean, erakusketari buruz... Guztira 25 minutu inguru egon ginen hizketan. Ni oso gustura sentitu nintzen denbora osoan. Enfokea ez zen izan "friki batzuen afizio hori", komikiak kultur adierazpide garrantzitsu baina infrabaloratu gisa erakustea baizik. Aurrez ez nekien galderak zeintzuk izango ziren eta horregatik, a posteriori ikusita, ez nintzen erantzun batzuekin guztiz gustura gelditu, baina tira, pentsatzen dut sentsazio hori beti geldituko dela... Elkarrizketa aurreko asteko astelehenean bota zuten, baina nik ezin izan nuen orduan entzun, justu ordu erdi horretan Guardia Zibilaren kontrol batean nengoen, errepide ertzean basora begira, badakizue... Oraintsu iritsi zait Terek bidalitako CDa, eta emaitza ez zait txarra iruditu. Hemen duzue entzungai, eta hemen jaisteko, ea zer iruditzen zaizuen zuei...
"Numenak - Aita", euskal mitologia, historia eta gaur egungo errealitatea maisuki nahasten dituen komiki ederra

Irudia: Julen Ribas / Unai Busturia
Iazko Durangoko azokan, Sauré argitaletxearen stand-a begiratzen nenbilen, hainbat komiki erosteko asmotan. Bazegoen berri bat ezagutzen ez nuena, nire atentzioa deitzeko ez izenburu arraroak ez azalak laguntzen zutena. Baina han ondoan suertatu zen Arrasateko lagun batek stand-ekoari zerbait gomenda ziezaion eskatu zion, eta azken honek aipatu zion Unai Busturia eta Julen Ribasen Numenak - Aita. Stand-eko beste komiki guztiak batera baino askoz gehiago saltzen ari omen zen eta Arrasaten kokatua omen zegoen. Nahikoa izan zen hori (batez ere bigarrena!) nik erosteko, eta komiki zoragarri hau deskubritzeko.
Numenak - Aita komikian kontatzen den istorioan, euskal tradizoa eta mitologiarekin batera gaur egungo kontuak ere nahasten dira. Alaitz eta Iratxe Arrasateko bi neska dira, euskal mitoei garrantzirik ematen ez dietenak, eta horiekiko errespetu faltagatik euren burua numen edo pertsonaia mitologikoekin abentura baten nahastuta aurkitzen dutenak. Paraleloan pertsonaia mitologiko horietako batzuren iragana kontatzen da, euskal jauntxoen eta gaztelarren arteko guduen garaikoak, Mari jainkosa Diego jaunarekin ezkonduta gizakien artean bizi zenekoa.
Istorioa erakargarria da oso, asko interesatzen zaizkidan gaien ingurukoa, eta oso ondo kontatua dago. Bide batez, euskal historia eta mitologia nahaste horrek niri ikaragarri gustatzen zaidan beste komiki bat gogorarazten dit, Juan Luis Landaren El ciclo de Irati hain zuzen ere. Hartan Eneko Aritzaren eta azken lamiaren arteko maitasun istorioa kontatzen da eta... tira, ez dut jarraituko, aspalditik daukat horren komentarioa egiteko, ea noiz egiten dudan!
Irudiak ere arras politak dira. Julen Ribas-ek arkatzarekin egindako irudiei, entintatu gabe, Unai Busturiak kolorea ematen die ordenagailuz. Lortutako efektua, arkatzaren zirriborroaren itxura "zikina" eta ordenagailuzko kolorearen modernotasuna, oso aproposa da tradizioa eta gaur egungoa nahasten dituen istorio batentzat, ene iduriko. Komikiaren sortze-prozesuaren fase ezberdin horiek (arkatza, kolorea...) eta azken emaitza erakusten duten bozeto batzuk daude amaierako eranskin baten, oso interesgarriak.
Irudietan, gainera, Arrasateko toki ezagun ugari agertzen dira (jada desagertu diren batzuk barne), beraz zer gehiago eska lezake ni moduko arrasatear herrimindu batek ba?
Bi egileak gazteak direla eta teknologia berriak ezagutzen dituztela nabaria da, ez bakarrik ordenagailu bidezko koloreztatzean (hori gaur egun ia komikigile guztiek erabiltzen dute): Numenak bloga ireki zuten komiki-liburua argitaratu zenean, nahiz eta geroztik apenas jarraipena eman dioten.
Badirudi, gainera, komiki-liburu hau oso arrakastatsua izaten ari dela. Durangoko azokako postukoak esan zigunaz gain, Diario Vasco-ko artikulu honetan aipatzen dute Durangoko azokan Sauré-ren standean salduena izan zela (guri esan bezala), kritika onak jasotzen ari zela eta Angoulêmeko azokan aurkeztekoak zirela, itxaropentsu. Agian lortuko ote zuten nazioartean argitaratzeko kontraturen bat? Aldaketa16-ko beste artikulu honetan ere oso ondo jartzen dute ("ikusgarria bezain zirraragarria"), eta baita katalanezko beste honetan ere.

Irudia: Julen Ribas / Unai Busturia
Komiki-liburu zinez bikaina, beraz. Baina dena ezingo da ona izan, ezta? Zerbait txarra izatekotan, nik bi gauzatxo aipatuko nituzke, sarreran esan ditudanak: bata izenburua (ez du barruko istorioa iradokitzen, hau da, ez du mitologiarekin zerikusirik duela sujeritzen, edo niri ez behintzat, ez bainuen numen hitza ezagutzen) eta bestea azala (nahiko iluna izateaz gain, honek ere ez du, nire ustez, mitologiarekiko loturarik iradokitzen). Tira, eta horrez gain, hiruzpalau biñetetako bunbuiloek testuak elkartrukatuta dituztela (ondoko irudian duzue adibide bat), baina horretaz gaur egun oso komiki gutxi libratzen dela uste dut...
Komiki hau trilogia bateko lehen atala da, eta hurrengoa ez da 2007a baino lehen espero. Ez dakit itxoin ahal izango dudan!
Poliki-poliki euskarazko helduentzako komikigintza ari da gorpuzten eta duintasunez gainera (Pololoak, Xabiroi, De rerum natura, Otsobeltz, Numenak hauxe...), baina oraingoz ale bakan batzuk besterik ez dira ateratzen urtean... Suposatzen dut oraingoz oso komikigile gutxi dedikatzen direla honetara profesionalki eta esklusiboki. Ea egoera hobetzen joaten den!
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Numenak - Aita Gidoia: Unai Busturia Irudiak: Julen Ribas Kolorea: Unai Busturia Argitaletxea: Sauré Urtea: 2005 ISBN: 84-95225-58-1 |



