e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Euskal gertaera eta pertsonaia unibertsalak
Euskaldunok, beste edozein herrik bezala, baditugu gure historian garrantzitsuak izan diren gertaera eta pertsonaiak. Eta baditugu ere gure ustez munduaren historian garrantzitsuak izan diren euskal gertaera eta pertsonaiak. Baina zenbateraino diren horiek benetan ezagunak munduan, hori kanpokoek esan behar dute.
Bidaiatzean-eta atzerritarrekin egoten garenean, askok Euskal Herria zer den ere ez dakite, eta dakitenek, ETA eta euskal gatazkarengatik da. Baina beste euskal gertaera edo pertsonaiarik ezagutzen dutenentz galdetuta, ziur aski ezetz esango dute. Horrek ez du esan nahi ezagutzen ez dituztenik, pertsonaia edo gauza bat baino gehiago ezagutuko dute seguruenik, baina Euskal Herrikoak direnik ez dute jakingo.
Mark Kurlanskyk bere The Basque history of the world-en Erdi Aroko euskal untzigintza eta bale-harrapaketa, Iñigo Loiolakoa, euskal txapela eta Gernikako bonbaketa aipatzen zituen munduaren historian eragin handiena izan duten edo munduan ezagunenak diren euskal gertaera edo pertsonai gisa, ondo gogoratzen badut (aspaldi irakurri nuen). Eta janaria ere goraipatzen zuela uste dut, bereziki angulak eta bakailaoa pil-pil erara.
Niri galdetuz gero zeintzuk izan litezkeen kanpoan ezagunenak diren euskal gertaera eta pertsonaiak, gertaera gisa Orreagako gudua, Erdi Aroko euskal untzigintza, Gernikaren bonbardaketa, San Ferminak eta gaur egungo gatazka esango nituzke, eta pertsonaia gisa Iñigo Loiolakoa, Lope de Agirre konkistatzailea (Werner Herzog-ek zinemaratua, Klaus Kinsky-k antzeztua), Ravel eta Miguel Indurain. Noski, hau nire iritzia besterik ez da, benetan balio duena kanpotarren iritzia da.
Baina lehengo egunean beste euskal pertsonaia bat munduan ezaguna dela (edo bere garaian izan zela) baieztatu nuen. The original illustrated "Strand" Sherlock Holmes - The complete facsimile edition irakurtzen ari nintzela egin nuen topo berarekin. The Red-Headed League izeneko kasuan, Sherlock Holmes handia Sarasateren biolin kontzertu bat entzutera joan zen! Eta gainera disfrutatu ere egin zuen eta kasua argitzeko erlaxatzen lagundu zion! Nik ez nekien Pablo Sarasate iruindarra hain ezaguna izan zenik (nire musika klasikoaren ezezagutzagatik noski).
Irudian ikus dezakegu Sherlock Holmes kontzertuaz gozatzen.
Getxoko III. Komiki Azoka eta euskal komikigintzaren egoera
Komikiak gustoko ditugunok, aukera polita izan genuen abenduaren 10etik 12ra bitarteko asteburuan. Hirugarren urtez, Getxoko Komiki Azokak zaletasun honi bultzada emateaz gain komikien mundua hurbiletik ezagutzeko aukera eskeini zigun. Hiru egunetan zehar, 60 erakusmahaitan banaturik, argitaletxeak, banatzaileak, komiki dendak, fanzineak, rol jokuak eta beste hainbat kontu izan ziren ikusgai hurbildu ginenon gozamenerako. Eskertzekoak dira baita ere, salerosketaz aparte, antolatu zituzten erakusketa, hitzaldi eta emanaldiak. Pozik agertu dira antolatzaileak ere, aurten inoiz baino bisitari gehiago izan baititu azokak, 12.000 inguru.
Egia esan, ni neu ez naiz komikizale amorratu horietakoa, baina takian-potian gustura hartzen ditut eskuartean. Gainera, sekula izan gabea nintzen komiki azoka batean, eta arratsalde pasa ederra egiteko aukera izan genuen Getxoko karpan. Orain, han ikusi eta entzundakoa aprobetxatu nahi nuke e-gorren blog estrenatu berri honetan sartu-irten txiki bat egin eta komikiaren inguruko gogoeta solte batzuk jaurtitzeko. Esan beharra daukat inpresio eta iritzi pertsonalak direla, ez naiz-eta mundu honen oso gertuko jarraitzailea.
Larunbata arratsaldean egin genuen gure bisitatxoa. Seiak aldera iritsi ginen eta ordurako karpa jendez gainezka zegoen. Egia esan, txirrindulariak esprintean bezala ibili beharra zegoen zenbait mahaitan, ukondoekin-eta lekua eginez, zerbait ikusi nahi bazen behintzat. Gustura genbiltzan baina, geure artean komikiak hartu, begiratu eta komentatzen. Halako batean, jenderik apenas zeukan mahai batera iritsi ginen. Traba handirik gabe hurbildu, eta hara gure sorpresa: euskarazko komikiak zeuden. Ingurura begiratu eta inor ere ez. Egia esan, hamarren bat komiki izango ziren denetara mahaian zabalduta, eta niri ere ez zitzaizkidan oso erakargarriak iruditu. Geure osteratxoa amaitzean konturatu ginen azoka guztiko euskarazko lanak erakusteko erakusmahai baten erdia nahikoa eta sobera zela.
Ez dakit nik komikiak gaur egun Euskal Herrian duen egoera zein den zehazki, baina guk Getxon ez genuen apenas ezer ikusi. Pololoak edo Gartxot bezalako lanak falta ziren besteak beste. Napartheid desagertuaren eta Ipurbeltzen aleak ikuskatzeko edota erosteko aukerarik ere ez genuen izan. Tira, badakigu euskal komiki gutxi ekoizten dela, eta seguru salmentak ere oso urriak direla. Izan ere, eta askotan entzun izan dugu hau, ez dugu ohiturarik. Begira bestela Kataluniara. Han bai, han badute komikien kultura, badauzkate komiki denda espezializatuak eta badute haiekin katalunieraz gozatzeko aukera ere. Baina haiek ere kexu dira, merkatua txikia da nonbait eta gazteleraz produzitzen denarekin ezin ba konparatu. Espainiarrak ere ez daude gustura, eta inbidiaz begiratzen diete Frantzia eta Estatu Batuei. Urrutiko intxaurrak beti hamalau.
Nire ustez badago hemen komikiak erosi eta irakurtzeko zaletasuna; hiriburuetan ere gero eta denda espezializatu gehiago ari dira zabaltzen. Gurea zirkuitu nahiko mugatua izan arren, euskal produkzioari eta kanpoko lanen euskaratzeari ez zaie argitaletxe eta komiki denden aldetik behar beste arretarik eskaintzen. Kontuak kontu, gozatu ederra hartu genuen Getxon; eta nola ez, komiki mordo bat besapean hartuta bueltatu ginen.
"Pololoak I - Poxpoliñen lurriña", lan apurtzailea, kalitatezkoa eta oso barre eragilea
Patxi Gallegoren "Pololoak I - Poxpoliñen lurriña" lan borobila da erabat. Lan guztiz berritzailea izateaz gain, lehen aipatu genuenez, kalitate aldetik ere oso ona da eta hori guztia gutxi balitz, barre eragiten du uneoro.
Komikiaren trama orijinala da oso. Euskal Herriko gatazka politikoak eta itxikeria sexualak eragindako frustrazioarengatik, Xabin euskal kutsua duen edozeretik urruntzen joan da. Baina beti ihes egite horretaz ere nazkatu da eta, homeopata baten laguntzarekin, konturatzen da euskal neska poxpoliñak direla beti gustatu izan zaizkionak. Askapen horretatik sortuko da Xabinaitor super-heroia, emakumezkoak soilik salbatzen dituena, eta salbatu ondoren euren esker onaz baliatzen dena, sexualki ere botere bereziak baititu...
Abiapuntu horretatik, istorio ezin dibertigarriagoa lantzen du Patxik. Une guziz harrituko gaitu eta zerbait berriarekin barrez leherrarazi. Barregarria ez da soilik istorioa, irudiak ere, arras politak eta ongi eginak izateaz gain, barrea eragiten dute behin baino gehiagotan.
Eta sexualki oso esplizitua da, inongo lotsa edo aurreiritzirik ez du, eta kontatu nahi duena kontatzen du zuzena izaten saiatu gabe. Ez da batere ohikoa hori euskarazko lanetan.
Patxi Gallego egileak berak aurkezpen egunean esan zuen: "Zenbait euskal topikoren inguruan irribarre ironiko bat egiten saiatu naiz". Ez saiatu bakarrik, baita lortu ere! Baina berritzailea dena da euskal mundua tratatzen duela, baina ez euskal mundua vasco zentzuan (hori ederki egiten dute Vaya semanita!koek), euskararen mundua zentzuan baizik, vascoen %75ek ezagutzen ez duten mundu hori. Eta maisuki tratatzen du mundu hori. Euskal kulturaren erreferentziak ugariak dira obra osoan zehar, alor horren bere ezagutza sakona demostratuz. Baina ez ditu topikoak komentatu soilik egiten. Topikoak uste zabaldu eta ezagunak dira, batzuetan (erdietan esaeraren arabera) ustelak. Patxik euskal gizartearen beste ezaugarri ez hain ezagunak deskubritu ere egiten dizkigu. Barre eragiteko komikia izan arren, euskal gizartearen analisi sakona egiten du Patxik.
Euskararen erabilera ere ederra da oso. Bost euskara ezberdinetan egiten du unearen arabera (batuan, gipuzkeraz, bizkaieraz, iparraldeko euskaraz eta euskaldun berriaren euskaraz), guztietan ederto asko eta egoerari ondo moldatuta gainera (esan nahi dut ez duela bizkaiera erabiltzen soilik pertsonaia tontoarekin barre erraza lortzeko, eskertzekoa dena; edo agian hemen nire bizkaitar sena atera zait, agian ez nuke gauza bera esango euskaldun berria banintz, euskaldun berria baita pertsonaia lelo bat).
Teknikoki hitz eginda, estilo ugari lantzen ditu obran zehar, barietate handia sartu du bai istorioa kontatzean bai irudietan. Lana ez da guztiz komikia. Akzio gutxien dagoen ataletan (pertsonaia nagusien gogoetak eta iragana kontatzen direnetan), narrazio gisa planteatuta dago, noizbehinka komiki edo irudiak tartekatuz. Komikizaleok nahiago genuke guztia komikia izatea, baina egia da ez litzatekeela erraza izango homeopataren kontsultako saioak komiki bidez izatea, irudi antzekoak gehiegi errepikatu gabe. Ezinbestean egindako aukera ona, beraz.
Bere lanean bere influentzien presentzia nabari da. Arale marrazkietan, Persepolis euskal gatazka haur baten ikuspegitik kontatzean (komiki honi buruzko artikuluren bat idatziko dut laster, laugarren tomoa erosi berri dut eta orain serie osoa berrirakurri behar dut), Ralf König sexuan, Superlópez Aldanondo inspektorean (Holmez inspektorearen berdina da!)... Alde horretatik, agian bat edo batek esango du orijinaltasuna falta zaiola... Niri estilo edo influentzia ezberdin horiek istorio baten nahastea orijinala iruditzen zait, eta estilo propioa sortzen duela deritzot.
Lan borobila, esan bezala: berritzailea, orijinala, kalitatezkoa, barregarria... Aurrekoan esan nuen lehenengo aldia zela euskaraz horrelako zerbait egiten zena eta argitaletxe handi batek horrelako apustua egitea gauza ona zela euskal komikigintzarako, baina ardura handia ere badela, emaitzaren baitan egon baitaiteke horrelakoak egiten jarraitzea... Patxik lotsarik gabe hartu du ardura hori bere gain eta nota onarekin gainditu du erronka. Orain publikoaren erantzuna ikusi behar... Ea obrari dagokion mailan erantzuten duen eta bigarren tomoa laster ateratzeko moduko salmentak lortzen diren, ni behintzat irrikitan utzi nau eta!
| Fitxa |
|---|
|
Izenburua: Pololoak I - Poxpoliñen lurriña Gidoia eta irudiak: Patxi Gallego Argitaletxea: Elkarlanean Urtea: 2004 ISBN: 84-9783-201-9 |
Erlazionatutako artikuluak:
- Xabier Mendigurenek bere blogean Patxi Gallegori egindako elkarrizketa
- Blog honetan agertutako komikiaren kaleratzearen berria
- Blog honetan agertutako komikiaren berritasunari buruzko artikulua




