e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Donostiako VII. Komiki-Jardunaldiak
Urriaren 30etik azaroaren 5era izango den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXI. Asteak antolatuta, Donostiako VII. Komiki-Jardunaldiak egingo dira urriaren 29tik abenduaren 4ra. Aurtengoan Euskadi Fantastikoa VI programan Dani Fano eta Guillermo Gonzálezen erakusketa bana egongo da, eta horiez gain Salvador Larroca eta Isabel Mancebo Baldari ere dedikatuko zaizkie erakusketak. Jarraian duzue egile eta erakusketa bakoitzari buruzko informazio gehiago.
Dani Fano
Dani Fano, 1968an Donostian jaioa, komiki marrazkilari jorienetakoa da. Bere binetak askotan ikusi ahal izan ditugu, besteren artean, Mutxo, Elhuyar, Ipurbeltz, Ardi Beltza eta Kale Gorria argitalpenetan. Hala ere, azken urteotan, Xabiroin argitara eman du bere lan handiena, bere bi lan garrantzitsuenak barne, gidoiak berak idatzitakoak izanik: TeleATOI eta Anubis 3.0.
Urriaren 30etik abenduaren 4ra, Udal Liburutegi Nagusia
Guillermo González
Guillermo González (Bilbo, 1971). Animazio tradizionalaren eremuan lan egin izan du batik bat, storyboardak, layoutak eta abar marraztuz. Xabiroi aldizkarian istorio laburren bat egin ondoren, aurten, ipotxen unibertsoari buruzko liburu bat argitaratu du Frantzian (L'univers des nains), Tolkienen munduaren ondorengo den fantasiazko literaturaren topikoetan murgilduz. Liburu hau arrakasta handia izaten ari da eta, ondorioz, ilustratzaile handienen artean aurki dezakegu orain.
Urriaren 29tik abenduaren 4ra, Okendo Kultur Etxea
Salvador Larroca: Filmeetako super heroiak
Salvador Larroca (Valentzia, 1964) super-heroien munduko marrazkilari famatuenetakoa da. Gaztetandik izan zuen super-heroien komikietarako zaletasuna eta hainbat ilustrazio eta istorio argitara atera zituen Planeta DeAgostinin, 1994an Marvel Comicsen filial britainiarrarekin hasi aurretik. Hurrengo urtean Amerikako merkatuan hasi zen lanean, eta bertan izan zen Ghost Rider, The Fantasic Four, X-Men, Spiderman eta azkenaldi honetan Iron Man (lan honetan azkeneko hiru urteotan daramatza lanean) komikien arduradun.
Amerikako merkaturako daramatzan 17 urteotan ez du behin ere huts egin irakurleekin duen harremanean, hilero bere lana zabalduz eta berrituz. Izan ere, bera izan da Eisner saria jaso duen aurreneko espainiarra (Oscar sariaren baliokide komikiaren munduan), Iron Man bere oraingo lan honetan egin duen ekarpenagatik.
Urriaren 29tik abenduaren 4ra, Okendo Kultur Etxea
Isabel Mancebo Balda: Miragarriak
Isabel Mancebo Balda Iruñean jaio zen 1971n. Oso gaztetandik hasi zen margoak, argazkiak, collageak eta zaharberritze lanak egiten, baina batez ere, marrazten, etengabe marrazten. Obsesio antzeko bat. Orain, Pasaian (Gipuzkoa) bizi da, Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan lizentziatu ondoren eta hainbat eta hainbat lekutan ikerlanean eta bizitzen egon ondoren. Arte nagusitzat du marrazkigintza, ez bakarrik trantsizio tresna gisa. Tintak, errotulagailuak, paperak, hosto lehorrak, zura… konbinatzen ditu. Arreta handiz egindakoa eta preziosista da bere lana, umore sena nagusi dela. Trazuarekin, lerroarekin eta irudiarekin erakarri nahi izaten du ikuslea. Edizio honetan, Allá: Ciudades y gentes bere aurreko erakusketaren ondoren, izaki bereziak, dibertigarriak eta maltzur xamarrak ezagutzera eman nahi dizkigu. Miragarriak lan hau modan eta zineman inspiratutako bestiario bat da eta animaliekin, piztiekin eta hain piztiak ez diren horiekin zerikusia duen mundua erakusten digu. Hala, Miragarriak liburuan, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Aste honetan argitara emandakoan, agertzen diren pertsonaiez gozatzeko aukera ematen digu.
Urriaren 30etik abenduaren 5era, Príncipe zinemak
"Okatxu - Hegal egiten", artzainen munduaren inguruko komikia
Gaur goizean aurkeztu dute Baionako Elkar Megadendan, eta Lurrama azokaren egitarauaren barruan, Okatxu - Hegal egiten komikia.
Argiak argitaratu du komikia, Euskal Herriko Artzainak elkartea eta Kukuxumusurekin elkarlanean. Mattin Irigoienek egin du gidoia, Asisko Urmenetak irudiak jarri ditu eta Adur Larreak koloreak. Okatxu arkume gaztearen istorioa kontatzen du, bizitza deskubritzen doan bitartean. Artzainen mundua ezagutarazi nahi du komikiak, umorez betetako istorio baten bitartez.
Ongi etorria ba, euskarazko komiki berri hau. Egileak ezagututa, aparta izango da dudarik gabe!
Komikien inguruko ekitaldi gehiago Bilboko Alhondegian
Urriaren amaiera honetarako, eta astebete eskaseko tartean, komikien inguruko bi ekitaldi antolatu ditu Bilboko Alhondegiak, blog honetan sarritan aipatu dizuegun AlhóndigaKomik programa aberatsaren barruan.
Batetik, larunbat honetan, urriak 23, 12 komiki-ordu izeneko tailerra egingo da. Goizeko 9tan hasi eta gaueko 9ak bitartean, Clara-Tanit Arquék eta Martín Romerok, AlhóndigaKomik bekaren lehenengo bi lehiaketen irabazleek, komiki bat 12 ordutan nola marrazten den irakatsiko dute hasiberrientzako ikastaro moduko honetan. Parte hartzearen prezioa 30 eurokoa da.
Bestetik, hurrengo ostegunean, urriak 28, arratsaldeko 7tan, El Secreto de la Alhóndiga liburua aurkeztuko da. Liburuak Alfonso Font, Daniel Torres, Miguel Ángel Martín, Raquel Alzate, Laura Pérez-Vernetti-Blina, Santiago Valenzuela, Paco Roca eta David Rubín egileen binetak ditu, eta Alhondegiak komikien inguruan eskainiko dituen ekitaldien garrantziaren isla izan nahi du, originaltasuna eta xarma erakutsiz. Aurkezpenean komikiaren inguruko zuzeneko ekitaldia egongo da, Laura Pérez-Vernetti eta Javier de Isusi komikigileen eta Mikel Andueza saxofonistaren parte-hartzearekin.
Segi dezala Alhondegiak komikien inguruko programa oparoa antolatzen! Baina, ahal izanez gero, euskarazko gauza gehitxoagorekin...

