e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Zapicoren "annus mirabilis"a
Blog honen irakurleok jakingo duzue bere egileak oso gustuko duela Alfonso Zapico komikigile asturiarra (gogoratzen zein dedikatoria ederra egin zidan 2007an bere La guerre du professeur Bertenev albumean, Angulemako komiki-azokatik nire furgonetan bueltan gentozela?). Ba 2009a bere annus mirabilisa izan dela esan daiteke.
Batetik, La guerra del profesor Bertenev argitaratu zuen Dolmen etxearekin, bi urte lehenago Frantziako merkatuan Paquet argitaletxearekin aterata zeukana. Album bikaina da, 2010ean zeresana emango duena ziur.
Bestetik, 2008an Astiberri Bilboko argitaletxearekin kaleratutako Café Budapest albumak (blog honetan iruzkindu genuenak) sari-izendapen ugari jaso zituen. Lehenengo Bartzelonako komiki-azokako, Espainiako azoka garrantzitsueneko, egile berriarentzako Josep Toutain sarirako izendatu zuten. Gero Euskadi literatur sarietan ilustrazioko sariarentzako izendapena jaso zuen (bide batez, positiboa oso literatur sari hauetan ilustraziorako atal bat sortu izana eta komiki bat izendatu izana, nahiz eta ez den beste modalitate "nagusiak" bezainbeste entzun; ea hurrengo urterako komikientzako atal bat egiten duten). Eta gainera Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen Komiki-Sari Nazionalerako finalistetako bat ere izan zen. Azkenean ez zuen sarietako bat ere eraman, baina hainbeste sari garrantzitsuetarako izendatuta egotea arrakasta handia da.
Eta amaitzeko, bere lan berria prestatzeko (James Joyceren bizitzari buruzko Dublinés, Astiberrirekin aterako duena), Angulemako La maison des auteurs etxeak beka eman dio. Une honetan han dago, bertako baliabideak eta aholkularitza erabilita eta gastuak haien kontu direla, blogean erakusten doan eta itxura ederra duen album berria prestatzen.
Urte gozoa benetan. Eta hobetzen zaila izango bada ere, ziur 2010a ere ez dela txarra izango: Dublinés aurten ateratzekoa da eta, zergatik ez, lan horregatik edo La guerra del profesor Bertenevegatik ere izendapenak edo sariak jasoko ditu agian. Zorionak eta zorte on, Alfonso!
Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
- (Elhuyar aldizkariko 2009ko abenduko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)
Errealitate birtuala azken urteetan asko entzun dugun terminoa da. Teknologia hori ordenagailuz simulatutako errealitate bat erakustean datza, gurekin elkarreraginean jarduten duena. Hau da, mundu birtual bat erakusten zaigu, sentsoreen bidez hartutako gure mugimenduei erantzuten diena, errealaren irudipena emanez.
Baina azken hilabeteetan teknologiaren munduan barra-barra entzuten den buzzworda errealitate areagotua da (augmented reality). Teknologia honek ere errealitate bat erakutsiko digu, eta harekin elkarreraginean jardun dezakegu; baina honetan benetako mundua da erakusten zaiguna, ikusten ari garen horri buruzko hainbat informazio gehituta. Informazio hori hainbat iturritatik lortzen da: mugimendu- eta posizio-sentsoreak, hartutako irudiaren software-prozesamendua, Internet...
Mugikorrean inguruari buruzko informazioa
Errealitate areagotua modan egotea azken belaunaldiko mugikorrei zor zaie, neurri handi batean. Bideokamerak hartzen duena pantailan erakuts dezakete. Baina posizioa, orientazioa eta inklinazioa ezagutzeko GPSa, iparrorratza eta azelerometroa badituztenez, ikusten ari garena geografikoki koka dezakete. Edo prozesu-ahalmen gero eta handiagoa dutenez, ikusmen artifizialaren moduko tekniken bidez formak eta objektuak ezagutu ditzakete. Eta Interneterako konexioa ere badutenez, ikusten ari garenari buruzko informazio asko lor dezakete. Horrela, mugikor hauentzako errealitate areagotuko aplikazio asko sortu dira azkenaldian.
Beharbada horien arteko ezagunena Layar da, Android sistema eragiledun mugikorretan eskuragarri dagoen aplikazioa. Ikuspegi zabal batera apuntatuta, bistara dauden museo, jatetxe edo intereseko puntuak nabarmentzen dizkigu, haiei buruzko informazio gehiago ematen digu (ordutegia, prezioa...) edo haien webgunera joateko aukera eskaintzen digu. Higiezinetarako aplikazioak ere badaude: ikusmiran ditugun etxeetatik salgai edo alokairuan daudenak erakusten dizkigute, euren prezioekin eta jabearen telefonoarekin batera.
Irudi-ezagutza erabiltzen dutenen artean, kamerak hartutako irudiari karaktereen ezagutza (OCR) aplikatuz menu bat edo kartel bat itzuli edo ahotsez irakurriko diguten aplikazioak aipa daitezke. Augmented ID programak, aldiz, aurpegiak ezagutzeko teknikak erabiltzen ditu kamerarekin seinalatzen dugun pertsona ezagutu eta hari buruzko informazioa pantailan gainjartzeko. Oraingoz, han kontu bat ireki eta beren argazkiak eta informazioa igotzen dituztenak soilik ezagutzen ditu.
Autoetan erabiltzeko errealitate areagotuko aplikazio asko ari dira agertzen. Wikitude Drive, adibidez, telefono mugikorrerako aplikazio bat da, autorako GPS nabigazio-sistema baten funtzio bera betetzen duena, baina ibilbidea mapa baten gainean erakutsi beharrean ikusten ari garen bidearen irudiaren gainean erakusten duena. Edo Augmented Traffic Views, goazen bidean aurrerago dauden trafiko-kameren irudiak erakutsi ahal dituena.
Beste euskarri batzuetan ere bai
Hala ere, onartu beharra dago aplikazio batzuetarako ez dela egokia errealitate areagotuko aplikazioa telefono mugikorrean izatea. Gidatzean beti mugikorrari begira joatea ez da praktikoa; edo kalean nor den jakiteko jendeari mugikorrarekin seinalatzea oso lotsagabea da... Baina errealitate areagotua beste euskarri batzuetan ere aplikatzen da, telefono mugikorretan ez ezik.
Lego etxeak, esaterako, hainbat jostailu-dendatan kamera eta pantailadun errealitate areagotuko aparailu batzuk jarri ditu: Legoren kutxa bat hurbilduz gero, kamerak ezagutu egiten du, eta barruko piezekin egin daitekeen modeloa 3Dn irudikatzen du, eta pantailan erakutsi, kutxaren gainean eta kutxarekin batera mugituz. Topps kirol-kromoen etxeak ordenagailu arrunt batean instalatzeko programa egin du; gure webkamera beisbol-kromo bat hurbilduz gero, programak ezagutu egingo du, eta kromoaren gainean jokalaria 3Dn modelizatuko, jokaldiren bat egiten. Antzeko zerbait egin du Esquire aldizkariak abenduko alean: aldizkariaren orrialde batzuk webkamera hurbilduta, programak ezagutu egingo du, eta orria 3Dn irudikatuko du pantailan.
Kotxeei dagokienean, badira urte batzuk gama altuko kotxe batzuek haizetakoan proiektatzen dituztela beheko panelaren erakusleak (abiadura, ordua eta abar). Head-up display edo HUD deritze horrelako sistemei. Motorrentzako HUD kaskoak ere badaude. Eta hori guztia ere errealitate areagotua da. Baina azkenaldian informazio gehiago ere hasi dira proiektatzen: GPS nabigazio-sistema, gaueko ikusmena...
Etorkizunean ohikoa
Errealitate areagotua berria da oraindik, baina, zabaldu ahala, arazoak ere sortuko dira. Spama, gure bizitza digitaleko izurri hori, bizitza errealera etortzeko arriskua dago; kalean goazela inguruko dendak publizitatea gure errealitate areagotuko pantailan erakusten hasiz gero... Edo pribatutasuna ere arazoa izan daiteke: kalean goazela edonork ezagutu ahal izatea...
Hala ere, datozen urteotan ziur errealitate areagotuko gero eta aplikazio gehiago eta ahaltsuagoak ikusiko ditugula, gero eta euskarri gehiagotan. Arropa-denda batera joan, eta "ispilu" batek jantzi beharrik gabe erakutsiko digu nola geratzen zaigun jertsea; edo liburu-dendan gaudela liburu bat eskuan hartu, eta jendeak egindako iruzkin eta kritikak ikusiko ditugu proiektatuta betaurrekoetan; edo dendan jostailu-kaxa hartuta, pantaila batean beharrean holograma batean erakutsiko zaigu barrukoaren 3D eredua. Apusturik egin nahi?
(informazio gehiagorako, ikus errealitate areagotuari buruz Teknopolisek emandako erreportajea, Haritz Rodriguez Xurikenek egina)
Komiki-berrien entsalada
Beste gauza batzuekin liatuta, komikien inguruko berriak pilatu egin zaizkit. Hona hemen guztiak batera, orden berezirik gabe.
Batetik, Arturo Kanpionek jasotako Gartxot Itzaltzuko bardoaren ipuin herrikoi ezagunean oinarrituta, marrazki bizidunetako film laburra egin dute Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak, Gartxot izenburuduna. Itzaltzun, istorioa kokatzen den tokian, estreinatu zuten, eta istorioko gertakariaren 900. urteurreneko urtean. Duela urte batzuk Gartxot komikia argitaratua zuen Urmenetak, Argiaren eskutik eta Marko Armspach eta Jokin Larrearekin batera. Eta etorkizunerako film luzea egiteko asmoa ere badute Urmeneta eta Elordik.
Bestetik, Tiza komiki elkartearen ekimenez, Nafarroako I. Komiki Azoka egingo da apirilaren 8tik 11ra. Sarrera doan izango da eta, ohikoa denez, tailerrak, erakusketak, proiekzioak, gonbidatuak eta abar izango dira. Informazio zehatzagoa azokaren webgunean duzue (gaztelania hutsean).
Bestalde, Gasteizko Krea kultur zentroak Komikiaren Gida argitaratu du hirugarrenez. Aurrekoak Abarrotsek eta Mauro Entrialgok egin bazituzten, oraingoan Joaquín Reyesek egin du, Muchachada Nui edota La Hora Chanante moduko saioengatik umorista gisa famatu egin den marrazkigilea. Gida euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz dago eta laster Krearen webgunean eskuratu ahal izango omen da. Gida hau otsailaren 4ean, arratsaldeko 19:00etan, Caja Vital Kutxa Fundazioa aretoan (Dendaraba Merkataritza Gunean) aurkeztuko da, eskolarteko 27. komiki lehiaketaren sari banaketa ere egingo den ekitaldian.
Horrez gain, Portugaleteko komiki-lehiaketaren XXIII. edizioko lan irabazleak biltzen dituen liburua argitaratu dute. Eta XXIV. edizioa martxan da jada, martxoaren 5a arte dago lanak bidaltzeko aukera. Sariz ederto hornituta dago gainera: 2.000 €, 1.450 € eta 900 € eta plaka bana lehen hiruentzat, 325 € eta plaka euskarazko egile onenari eta Portugaleteko egile onenari, 300 € eta plaka 18 urtetik beherako onenari, 200 € eta plaka 15 urtetik beherako onenari, 325 € eta plaka komiki-banda onenari, 110 € eta plaka 18 urtetik beherako komiki-banda onenari, 600 € eta plaka online komiki onenari eta 325 € eta plaka gidoi onenari. Informazio gehiago Portugaleteko udalaren webgunean.
Lehiaketen irabazleekin jarraituz, Barakaldoko umore grafikoko 9. lehiaketakoak eta Crash Comic 09koak ere jakinarazi dituzte. Barakaldokoan, lehen bi sariak Errumaniara joan dira (Constantin Pavel eta George Licurici), hirugarrena Kubara (Osvaldo Díaz Moreira), laugarrena Iranera (Mehdi Mohammadi Rouzbehani) eta bostgarrena Indonesiara (Tommy Thomdean). Lan irabazleak lehiaketaren webgunean ikus daitezke, aurreko urteetakoekin batera. Crash Comic-i dagokionez, Alberto Tejerok, Arturo Camposek eta Jorge Rodriguezek eraman dituzte 1., 2. eta 3. sariak hurrenez hurren, Javier Garcia Landak Arabako komiki onenarena eta Amaia Ballesterosek emakume gazte batek egindakoarena. Lan irabazleak ere erakusgai daude helbide honetan.
Amaitzeko, abian da berriz ere, urtero bezala, Basauriko Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako 2010 komiki-lehiaketa. Lehenengo saria 900 € dira, bigarrena 450 € eta hirugarrena 300 €. Horrez gain, 300 euroko akzesit bana dago euskarazko lanik onenari eta Basauriko lanik onenari. Martxoaren 31 bitarte dago lanak bidaltzeko aukera.

