e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Aljebra", euskarazko beste komiki bat
Bergarako Millaka argitaletxeak helduentzako komiki-lanak argitaratzeari ekin dio Ultzegin komikiak zigiluaren bidez, eta horretarako aukeratutako lehen lana Luis Durán-en Aljebra izan da.
Luis Durán Espainiako komikigile garrantzitsuenetakotzat hartua dago, eta komiki honen jatorrizko bertsioa, Álgebra, bere lehenengo koloretako lana izan zena, gaztelaniaz argitaratu zuen Astiberri argitaletxeak 2004an. Edizio honetarako itzulpena Antxon Ugartek egin du eta Bego Montoriok gainbegiratu. Edorta Jimenezen hitzaurrea dauka.
Istorioa bi garaitan kokatuta dago, gaur egunean eta Erdi Aroan. Duránek magia, fantasia arturikoa, sinbolismoa, poesia eta beste mila gauza nahasten ditu obra bitxi honetan.
Iritsi da!
Duela gutxi OLPC proiektuari buruz idatzi nuen artikulu baten komentatu nuen nola eskatu nuen nire XO ordenagailua Give One Get One kanpainaren bidez (bi ordenagailu eramangarri ordaindu, bat norberarentzat eta bestea hirugarren munduko haur batentzat). Ba gaur iritsi da!
Irikitakoan, pena pixka bat hartu dut bateria kargatzeko biradera edo tiratzeko soka ez duela ikusita... Gero interneten begiratuta ikusi dut horrela abisatuta zeukatela, hori hirugarren munduko haurrentzakoetan soilik dagoela. Baina tira, berdin dio!
Bestela, lehen inpresioa ona izan da, egia esan dena espero nuen bezala izan da: txikia eta arina da, eramangarriak behar duen moduan; ez ditu beste sistema batzuk adina aplikazio, baina beharrik ere ez, eramangarri baten behar diren aplikazioak baditu, nahiz eta bertsio arinagoak izan, eta bestela web aplikazioak erabil daitezke; kamera, mikrofonoa eta wi-fi konexioa ditu; disko gogorrik edo CD/DVD irakurgailurik ez du, baina USB portuak horiek konektatzeko bai.
Gehien harritu nauena izan da hezkuntzarako eta ikasteko zein aplikazio onak dituen, eta elkarlanerako zein ondo prestatuta! Aplikazioak bai baina elkarlanerako aukera ezingo dute gure haurrek erabili, gelan edo inguruan beste inork ez baitu (nik dakidala behintzat;-)
Orain osagarriak lortu, jarri eta probatu behar ditut (entxufe estatubatuarrentzako egokigailua, wi-fi router-a, sagua...) eta gero askoz gehiago erabili eta probatu, ondoren blog honetan azterketa sakonago bat idazteko. Stay tuned!

