e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
300
Hollywood-ek izan zuen sormenerako gaitasuna erabat agortuta dagoen garai hauetan, gero eta gehiago jotzen dute hango estudio eta ekoizleek estatubatuar kulturak duen arlo emankorrenetako batera, komikira. Orain Frank Miller-en 300 komikiaren bertsioarekin datoz gure zinema pantailak inbaditzera eta beti bezala, espainiar zine distribuidoren laguntzarekin, Termopiletako batailaren istorio epiko bezala saldu digute filma, jakina baita pelikula historiko-epiko biolentoek sarrera asko saltzen dituztela. Horregatik uste dut komikia eta zinema gustuko duzuenok beste zerbait aurkituko duzuela filma ikusterakoan.
(e-gorren oharra: Artikulu honekin kolaboratzaile berria estreinatzen dugu blogean, Beñat Irasuegi, komikizale handia eta nire komiki hornitzaileetako bat)
Frank Miller-ek dioenenez, 5 urte inguru zituela The 300 Spartans (Espainian El Leon de Esparta) ikusteak markatuta utzi zuen eta ahal izan zuenean 300 espartarren istorioa komikian isladatu zuen. 300 komikia nahiko berezia da, hasteko formatuak berak (30,7x24 cm) atentzioa deitzen du, eta gaia bera ere ez da oso landua izan komikigintzan. Nik horrexegatik erosi nuen komikia duela bi urte inguru, zineman peplum deituriko generoa oso gustoko dut eta ezin utzi genero horretako komiki bat irakurri gabe. Hala ere komikian ez nuen aurkitu espero nuen Termopiletako batailaren kontakizun historikoa, erabat istorio ezberdina baizik.
300-ek modu epikoan Leonidas Espartako erregeak eta beste 300 gerlarik egindakoak kontatzen ditu. Herodoto-k bere Historiak liburutzarrean ere kontatu zigun Ekialde eta Mendebalde edo barbaro eta greziarren arteko ezinikusi eta borroka etengabea da istoriaren ardatza, izan ere ka 489. urtean Pertsiar Inperioko Jerjes handiak inperioko herri guztien laguntzaz osatutako gudarostea Greziaraino eraman zuen, eta bertan Greziar polis-en ezinikusiak aprobetxatuz erraz egin zuen aurrera, Termopiletara iritsi arte. Komikiak duen alde historikoa hori da, eta beste guztia mitoa eta fikzioaren arteko nahasketa bat da, biolentziaz jositako marrazkiekin kontatua. Ez du askoz gehiago kontatzen komikiak, borroka eta hildako askoren ondoren oso ezaguna den amaierara iristen baita. Hala ere istorioa sinpleegia iruditzen bazait ere, komikiaren estetika izugarri gustatzen zait, marrazki eta koloreek berehala murgiltzen gaituzte-eta istorioak kontatzen duen gerra eta biolentzia giroan.
Pelikularekin komikiarekin gertatu zitzaidan berdin berdina gertatu zait, izan ere istorioa berdina da, eta pelikulak ez du gehiago sakontzen nahiz eta filmeko 2 ordu betetzeko agian zerbait gehiago kontatzeko aukera bazeukaten. Horren ordez guduko eszenak gehituz bete dute pelikula. Gauza bakarrean sakondu dute komikitik pelikularako bidean, pelikulan pertsiarrek (ekialdekoak, beltzaranak, moral gabeak, koldarrak, barbaroak...) askoz gaiztoagoak dirudite eta espartarrek (mendebaldekoak, txuriak, zuzenak, heroikoak, zibilizatuak...) askoz onagoak. Ez naiz harritzen iraniarrek pelikula ikusi ondoren beraien kulturarentzat iraingarria dela esatea, hala da eta, baina fikzioa denez bakoitzak nahi duena kontatzeko eskubidea dauka, beraz ez dago ezer esaterik. Hori bai, pelikulan kontatzen dena egia historiko bezala ikusiko duenik izango da, eta hortxe izanen da akatsa.
Estetikoki berriz pelikula izugarri ona iruditu zait, zineman bertan pelikula baino komikia bera ikusten ari nintzela iruditu zait, efektu digitalekin hori lortu nahi izan dute eta modu horretan eszena eta sekuentzia bikainak lortu dituzte. Hala ere teknika honek "bizitza" kentzen die pertsonaiei, eta momentu batzutan oso artifizial egiten ditu, barrea eragiteraino, ikusi bestela Jerjes eta Leonidas lehenengoz alkartzen diren eszena (kutsu erotiko nabarmena duena gainera je, je...)
Hala ere hoberena pelikula ikustea eta bakoitzak bere balorazioak egitea, ezta? Beraz, ikusi baduzue esan zer iruditu zaizuen.
Bestela komikizaleok laister izango dugu beste komiki izugarri on baten zinemarako bertsioa ikusteko aukera, Zack Snyder 300 pelikularen zuzendari berdinak egingo duena, Watchmen.
"Xabiroi" aldizkariaren 7. alea atera da
Kalean da jada Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariaren 7. alea. Niri logikak 5. alearen ondoren 6. alea beharko lukeela esaten zidan, baina badirudi ale bereziak ere kontatzen duela numerazioan... Aldizkarian otsaileko alea dela dio, ez dakit noiztik egongo den kioskoetan edo noiz banatuko zuten ikastoletan, baina niri orain iritsi zait. Agian oraingoan ez dira izan ikastolen elkartekoak banaketan berandutu direnak, bertako langile parrandazaleak baizik? ;-)
Aldizkarian ohiko egile eta istorioek jarraitzen dute, jada azkenaurreko emanaldian: Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren Saiak, Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Piztia otzanak eta Dani Fanoren TeleAtoi. Umorezko orrietan, beti bezala, Manu Ortegaren Haizea, Guaikaipuro eta Patxi Peláezen Auzomorro, Asisko Urmenetaren Horkonpost eta Olier eta Markoren Haratago aurkituko ditugu. Gainera, elkarrizketa (ale honetan Afrika Bibang) eta artista gonbidatua (Antton Olariagari egokitu zaio oraingoan).
Portzierto, oraingoan lau ale bidali dizkidate, norbaitek bat nahiko balu, erantzunetan eskatzea besterik ez du.
Xabinaitor, "Nabarra" aldizkariko azken alean
Patxinaitor -ek ez du atsedenik hartzen azken aldian... Duela gutxi Osatuz aldizkarian agertu bazen Xabinaitor gure heroi gogokoena, orain Nabarra aldizkarian dator bere beste abentura bat, Esklusiba mundiala! Xabinaitorren azken mugimenduei buruzko berri eta irudi fresko-freskoak! izenburuarekin (esteka harpidedunek soilik ikus dezakete hurrengo hilabetea bitartean).
Aldizkariaren azaleko irudia ere horri eskeinia dago. 5 orri dira, beti bezain barregarriak, Pololoak saileko bigarren albumaren amaieraren ostean eta oraindik ateratzear den hirugarrenaren hasiera baino lehen kokatuta legokeen pasadizo bat kontatzen dutenak, Supererromeixe. Xabinaitorrek Kariñeri bere urtebetetzerako opari berezi bat egin nahi dio, eta horretarako Balerdiko Zuriñe jainkosarengana joko du, eskatzeko... Baina hobe duzue zuek irakurri eta disfrutatzea! Horretarako, Nabarrako harpidedun ez bazarete, egin zaitezte, komikien munduak presentzia handia izaten baitu ale baten bai eta hurrengoan ere bai.
(Eskerrik asko Gurutze Mendizabal eta Patxi Lurra abisuagatik!)

