Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog Artxiboa 2007 Otsaila 02 Angoulême, mon amour!
Dokumentu Akzioak

e-gorblog

Angoulême, mon amour!

Europako komiki-azoka handienera egindako espedizioaren kronika

Angulemako bidaiako hainbat argazki

Egon ginen, ba, Angoulême-n, eta, agindu bezala, hemen duzue kronikatxoa. Benetan aluzinantea da Angulemako komiki azoka, guztiz harrigarria komikia Frantzian nola bizi duten... Gainera, komikigile talde batekin joateko eta mundu hori barrutik ezagutzeko aukera izan dut... Eta gutxi balitz lagun talde hori jator-jatorra da eta kristoren giroa izan dugu... Zer gehiago eska daiteke? (A, eta azokako palmaresa ere daukazu hemen, zein komiki erosi pentsatzen ari bazara laguntzeko...)

Hiria

Hiri ederra da Angoulême. Muino baten gainean kokatua dago hiriaren alde zaharra, aldats gogor batek eta harresi altu batek babestua, benetan ikusgarria. Han goiko kale eta etxeak ere oso majoak dira, palazio-gaztelu itxurako udaletxea ere oso polita, eta han goitik ikusten den bista ere egundokoa.

Baina Angoulême ez da hiri arrunta. Urte osoan, hiriak komikia bizi du eta komikiak hiria bizi du, sinbiosi perfektu baten. Ez dakit hori azokaren kausaz den edo azoka horren efektua den... Kaleetako plakek komikietako bunbuiloen forma dute, horma asko komikien muralez apainduta daude, CNBDI (Centre National de la Bande Dessinée et de l’Image) izeneko komikiaren museo bat dute erakusketa izugarri bat duena, klasiko pilo baten originalez betea...

Komiki-azoka

Hala ere, hiria eta komikiaren arteko maitasuna estasira iristen da Angulemako Komiki-Azoka ospatzen denean. Komiki-azoka ez dira argitaletxeen standak soilik: erakusketak, proiekzioak, hitzaldiak eta horrelakoak nonahi daude. Eta argitaletxeen standak ere ez dira nolanahikoak: bi karpa erraldoi, bakoitza Durango bezalakoak gutxienez, bat argitaletxe handientzat eta bestea argitaletxe txikientzat (argazki panoramiko horiek egiteko hainbat argazki atera nituen eta gero Panavue ImageAssembler-ekin josi), beste karpa txikiago bat komiki alternatibo eta fanzineentzat eta beste bat komikien inguruko merchandisingarentzat (posterrak, figuratxoak, kamisetak...).

Eta benetan ikustekoa da nola bizi duten frantsesek komikiaren mundua... Jende mordoa dabil bertan, baina ez pentsa guztiak freaky gazteak direnik, jende guztiz normala dabil, zaharrak, familia osoak, neskak... Han ez zara, hemen ez bezala, komikizalea izateagatik arraro sentitzen. Alderantziz dela esango nuke, hangoek askoz zaletasun handiagoa dute. Adibidez, kristoren ilarak itxoiteko gai dira komikigileen dedikatoriak lortzeko. Hori bai, ez dira hemengoak bezalako autografo sinpleak: marrazki oso landuak dituzte, sinpleenek ere ordu laurdenetik gora behar izaten dute egiteko, eta akuarela eta guzti margotzen dituztenek baita ordu erdi ere! Frantziako Paquet argitaletxearekin La guerre du Professeur Bertenev argitaratu berri duen Alfonso Zapico asturiarrak dedikatoria hau egin zidan kotxean bueltako bidaian, bere editoreak oparitutako albumean, Donostiatik hara eraman eta bueltan ekartzeagatik, aste bukaera osoa horrelakoak egiten eman eta gero!

Hala ere, nahiz eta ni ikusitako guztiarekin aluzinatuta gelditu, hara joaten urteak daramatzatenek diote beste edizio batzuetan hobeto egon izan dela. Beste urte batzuetan karpak hiriaren alde zaharrean egoten omen ziren, harresien barruan, eta aurten behealdean zeuden. Horrez gain, beste urte batzuetako erakusketak askoz hobeak izan direla diote. Eta egia esan, niri ere nik ikusitako erakusketak pobre samarrak iruditu zitzaizkidan (CNBDIkoa izan ezik).

Espedizioa

Esan nizuen bezala, Ikatolen Elkarteak ateratzen duen Xabiroi aldizkariko komikigileen taldearekin joan naiz, orain bertako kolaboratzaileetako bat bainaiz (albisteen txokoa idazten dut nik). Kristoren aukera izan da hori niretzat. Normalean azoka batera zoazenean ez da erraza izaten giroan sartzea eta zale pasibo rolaz haraindi joatea, Dabilenharriak zioen bezala. Baina gure taldean hainbat komikigile zeuden (Dani Fano, Iñaki G. Holgado, Asisko Urmeneta eta Marko Armspach) eta, horrez gain, Alfonso Zapico asturiarra ere eraman nuen kotxean. Horrela, azoka bera jakitunek gidatuta ezagutu dut batetik (gainera troupe osoarentzat egile-akreditazioa lortu zigun Danik, ikusi hemen nirea; akreditazio horrekin ilarak itxoin gabe sar zintezkeen tokietara eta antolakuntzak jartzen zituen kotxeei deitu eta nahi zenuen tokira eramateko aukera zenuen), eta komikiaren mundu hori barrutik hobeto ezagutzeko aukera eduki dut bestetik. Niretzat oso-oso interesgarria izan da kotxean komikilariak marrazteko teknikez, editoreekiko harremanez, kontratuez, salmentez, prezioez eta abarrez berba egiten entzutea, editoreekin egotea...

Gainera, oso talde jator eta sanoa zen. Marko eta Asisko bat ere lotsatzen ez diren bi showmen dira, bakarka ikusgarriak eta elkarrekin geldiezinak. Eta taldeko besteak ere, komikilari bohemioak direlako edo eurekin sarri egoteagatik kontagiatu direlako, oso majoak eta desinhibituak dira. Benetako pribilejioa izan da beraiekin asteburu zoragarri hau pasatzea, hain giro ederrean. Egoera surrealistak ere izan ditugu, adibidez poteoan taberna baten egon ginenean, taldeko batzuk dantzan zeuden, beste batzuk dantza-pistako kristalera margotzen eta Markoren animazioko ikasle zen eta berarekin ekarri zuen mago profesionala magia-trukoak egiten eta lebitatzen, beste batzuk argazkiak ateratzen...

Palmaresa

Jarraian azokako sarituen zerrenda emango dizuet, pista ona izaten baita hurrengo irakurketa edo erosketetarako.

Album onena

Ezinbestekoei saria

Ondarearen saria

7/8 urteko gazteen saria

9/12 urteko gazteen saria

Talentu gazteei sariak

  • Lehen saria: Kyung Eun Park
  • Bigarren saria: Grazia La Padula
  • Hirugarren saria: Dominique Mermoux

Publikoaren saria

  • Pourquoi j’ai tué Pierre, Olivier Ka eta Alfred

Fanzine eta komiki alternatiboen saria

RTL saria

René Goscinny saria

  • Lucille, Ludovic Debeurme

Décoincer la bulle saria

Sari nagusia

  • José Muñoz (beraz, Alack Sinner-en marrazkilaria izango da hurrengo urteko batzorde antolatzailearen lehendakaria, kartelaren egilea eta erakusketa handiaren protagonista; ohore hori lortzen duen laugarren egile ez frantziarra da, Will Eisner, Robert Crumb eta Enki Bilal-en ondoren)

Argazkiak

Artikuluan zehar esteken bidez nahiz zuzenean ikusi dituzuen argazki guztiak eta gehiago helbide honetan ikus ditzakezue.

e-gor 2007/02/02

Re: Angoulême, mon amour!

dabilenharria — 2007/02/09 11:19

Azoka barrutik eta giro ederrean ikusteko aukera paregabea izan duzue!!! Poztekoa da maiz bakardadean bizi dugun komikizaletasuna taldean gozatu ahal izatea, eta zuei esker Angouleme nolakoa den jakitea.

Gasteizetik autobusa antolatu izan dela nonbait irakurri dut, ez dakit aurten ere egin ote duten.

Argitaletxe txiki, fanzine eta komiki alternatiboek gune berezia izatea ere eskertzekoa da. Niretzat komikigintzak duen hoberena aniztasuna da, gai guztietarako eta gustu estetiko guztiak asetzeko komikiak daude, eta bakoitzaren gogo-aldartearen arabera (egunean zehar aldatu ezkero ere) badago gustuko komikia topatzerik. Aniztasun hau Angoulemen ziurtatuta badago, ez da gutxi!!!

Galdera mordoxka bat:

Zenbat denbora behar da Azoka+hiria-musoa lasai ikusteko?

Frantsesik jakin gabe, zer moduz moldatuko ginateke? mugatuegi?

Bigarren eskuko komikientzako gunerik?

Salneurriak orokorrean ze inpresio?

Museoa eta hiria ikusteko urtean zehar Angoulemera hurbiltzeak merezi al du?

Xabiroik stand bat (txikia bazen ere) ba ote zuen? Beste euskal errepresentaziorik egon al zen?

Bartzelona, Madrid... edo beste azoketara exkurtsioa antolatzeko asmorik?

Beno, bestela Getxorako ere egin daiteke zita...


Galderei erantzunez...

e-gor — 2007/02/09 19:16

> Zenbat denbora behar da Azoka+hiria-museoa lasai ikusteko?

Hori beti norberaren araberakoa izaten da, ez? Nik uste, asko jota, azoka bera (standak) egun erdi baten edo egun baten erraz ikusten dela, museoa bizpahiru ordutan, beste erakusketak ikusteko egun erdi bat-edo (batetik bestera mugitu behar baitzara) eta hiria beste egun erdian (edo erakusketa batetik bestera zoazenean aprobetxatu). Proiekzioak eta hitzaldiak ere ikusi/entzun nahi badituzu, zailagoa da, ordutegiaren araberakoa baita...

> Frantsesik jakin gabe, zer moduz moldatuko ginateke? mugatuegi?

Beno, egon ginen talde hartan hainbatek ez zekien frantsesik, eta berdin disfrutatu zuten. Taldeko besteen laguntzarik gabe, ez dakit...

> Bigarren eskuko komikientzako gunerik?

Ez dut uste azokan edo hirian berariaz horretara dedikatutako gunerik zegoenik, baina Para-BD karpan (aipatutako komikien inguruko merchandisingarentzat prestatutako karpan), figura eta posterrez gain bazeuden hainbat kaja bigarren eskuko komikienak.

> Salneurriak orokorrean ze inpresio?

Zer esango dizut ba, garestia! Baina ez Frantzia izateagatik, uste dut prezioak hemengoen antzekoak direla.

Hori bai, niri asko gustatzen zait frantsesek komikien Integraleak egiteko duten ohitura, horiekin diru asko aurrez baitezakezu. Klasikoen hainbat album, edo guztiak, liburu batean rekopilatzen dituzte (askotan zuri-beltzean bada ere) eta askoz merkeago dira. Sarri lau album dituen horrelako liburu bat album baten prezioan eros dezakezu. Badirudi ohitura hori Espainiara ere zabaltzen ari dela, Valerian bilduman adibidez...

> Museoa eta hiria ikusteko urtean zehar Angoulemera hurbiltzeak merezi al du?

Ba komikizale batentzat agian bai, azken finean Donostiatik hiru bat ordutara besterik ez dago.

> Xabiroik stand bat (txikia bazen ere) ba ote zuen? Beste euskal errepresentaziorik egon al zen?

Ez, Xabiroik ez zuen standik. Azokan argitaletxeek komertzializazio-eskubideak elkartrukatzeko duten gune pribatu bat dago, eta han bai izan ziren Sauré eta Astiberri. Xabiroi agian hurrengo urtean egongo da hor, aldizkariko istorioak amaituta eta osorik albumetan argitaratuta daudenean. Horrez gain, Gregorio Muro Harriet ikusi genuen, eta nik bi gazte euskaraz hitz egiten ikusi nituen.

> Bartzelona, Madrid... edo beste azoketara exkurtsioa antolatzeko asmorik?

Ez dakit, Xabiroikoek antolatu zuen, ni haiekin pegatuta joateko zortea izan zuen pringao bat besterik ez naiz...

> Beno, bestela Getxorako ere egin daiteke zita...

Ba hori ez legoke batere gaizki, ea datorren urtean gogoratzen naizen eta egun batzuk lehenago hainbat kolaboratzaile eta ezagun konbokatzen zaituztedan...


Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Idatzi irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko captcha metodoa da hau.

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Eta blogaren irudirako, superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Zorionak Joseba, 2008/12/23
Gaur egungo BeHIak Arte Bizkarra Kulturgintza, 2008/12/18
hotmaila dela eta pello, 2008/12/04
Arrazoi osoa! e-gor, 2008/11/26
Arrazoi berriz! e-gor, 2008/11/26
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
300 30x30 Agence barbare Aitor Arana Alan Moore Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra American Splendor Angoulême Anti- liburudenda Arturo Erregea Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bill Watterson Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Donostiako komiki-jardunaldiak Egunkaria El País El jueves Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Ganorabako Gaston Gazteak Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Goienkaria Gon Google Chrome Guillermo Zubiaga Harriet Hergé Homosexualitatea IEB In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Ipurbeltz Irati Iñaki G. Holgado Joanes Joyas literarias juveniles Juan Luis Landa Justin Hiriart Kristalezko hiria La fiesta dibujada Linux Little Nemo Luis Durán Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Marvel Max Microsoft Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Muraille MythTV Nabarra Napartheid Numenak OLPC Otsobeltz Ovni Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Persepolis Peyo Piztia otzanak Pololoak Pottokiak RSS Raquel Alzate Rober Garay Ruben Arozena Sauré Scott McCloud Senez Sherlock Holmes Sin City Snoopy Tanaka Thorgal Tintin Torrentocracy UEU Ubuntu V for vendetta Watchmen X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01