Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog Artxiboa 2006 Abendua 05 "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago
Dokumentu Akzioak

e-gorblog

"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

Komiki hutsean egindako maitemintze baten kronika, barrez lehertzekoa

"Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa" komikiko biñeta bat
Irudia: Patxi Gallego

Patxi Gallegoren Pololoak saileko bigarren ale hau aurrekoaren jarraipena dateke istorioan, baina ez horratio estiloan. Lehenak izan zuen arrakastaren ostean, eta bigarren lanen gainean beti izaten diren espektatiba eta erantzukizunak ezagututa, aurreko haren ildo beretik jotzea litzateke errazena. Alabaina, Patxik muzin egin dio bide seguruari, eta beste mota bateko lan bat eginez arriskatu da. Eta berriz ere erronkatik onik atera da, lan borobil bat eginez.

Bigarren lan hau ere komikia dugu, ausarta, irreberentea eta sexualki esplizitua, baina bestela ez du zerikusi handirik aurrekoarekin. Pololoak I - Poxpoliñen lurriña lanean komikia, benetako komikia, hiruzpalau istoriotxo labur ziren, baina obraren muina noizbehinka ilustrazioz eta komiki-bandez lagundutako nobela modukoa zen, trilogiaren pertsonaia nagusien perfilak definitzen zituena. Eta istorio horretan zehar euskal nortasunaren analisi sakona egiten zuen, tonu ironikoan, narrazio mota horrek ahalbidetzen duen erritmo geldoagoaz baliatuz.

Oraingoan, ordea, komiki klasiko huts-hutsa osatu du, hari nagusi bakar eta definitu batekin (nahiz eta noizbehinka flashback-ak ere badiren), eta holakoari dagokionez, beste erritmo eta bizitasun bat du, ederki lortua, komikizale jatorrontzat agian gustukoagoa. Gainera, alde batera uzten ditu lehengo satiraz mozorrotutako filosofatze saioak, eta hura bezain zaila (edo agian zailagoa) den asmo bati heltzen dio, maitemintze baten istorioa kontatzeari alegia, eta aproba hau ere gainditzea lortzen du, ene ustez.

Baditu, ordea, tramaz gain, aurreko lanarekin antzekotasun batzuk: hura bezain barre eragilea eta sexualki esplizitua da. Umoreari dagokionez, esango nuke agian aurrekoa baino barregarriagoa dela, bigarren mailako pertsonaien bidez batez ere (Aldanondo-Kortaja, guardazobilak, Aznar-Oreja...). Lehen lanaren komentarioan aipatutako influentziei (Arale, Ralf König, Superlópez...) orain hentai-a batzen zaie, Mari eta lamiaren irudietan erabili duena.

Bestalde, obrako une askotan (aurreko alean ere bai pixka bat, baina honetan gehiago) istorioari musika jartzen dio Patxik, gehienetan euskal abesti tradizionalak. Ez da komikietan asko erabiltzen den baliabidea, ez baita erraza ongi geratzea, baina nire gusturako behintzat oso ondo lotu ditu abestiak kontatu nahi den amodiozko istorioarekin. Amaierako zatian, Laboaren Sorterriko koblak abestiarekin lagunduta kontatzen duen zatian, kanta ederra buruan entzun dezakezu eta besoko ileak tente jartzen zaizkizu! Filmetako zeluloide-pelikuletan nola, hala itsatsi dio Gallegok benetazko soinu-banda paperaren zelulosari.

Ez dago dudarik azken bizpahiru urteetan euskarazko komikigintzak, beste tokietakoak bezalaxe, loraldia bizi duela, lan oso onak ari baitira argia ikusten eta ez gutxi gainera (asko ere ez, e, nire gusturako bederen): Gartxot, Xabiroi, De rerum natura, Otsobeltz, Numenak... Pololoak saileko bigarren ale bikain, eder eta barregarri hau ere hori konfirmatzera dator.

(Liburu honi buruz beste medioetan agertutakoa Elkarlanean etxearen hemerotekan irakur dezakezu)

Fitxa

Izenburua: Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa

Gidoia eta irudiak: Patxi Gallego

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 2006

ISBN: 84-9783-359-7

e-gor 2006/12/05

Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

igartza, iigo — 2008/01/02 08:30

Bai, jauna. Gomendagarria oso eta nahikoa konforme naiz egin dezuten analisiaz. Euskaldunak bere burua, nortasuna... agirian ditu komikian. Norberaz farre egiteko parada ematen du eta lehen alea gogokoago badut, hau ere primerakoa.



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

Oihane — 2008/01/02 08:31

Ni ere zuek biok (e-gor eta Iñigo) esaten duzuenarekin guztiz konforme. Zer esan nezake azkeneko nire bi hilabeteotako kokojan handienetakoa izan den komikiari buruz? Inguruko lagun, lankide, senide eta gertuko izaki bizidun guztiei sartutako erretolika eta gero? ELKAReko marketing arduradun izan gabe eta inolako komisiorik kobratu gabe Pololoen ahoz-ahoko zabalkunde, prediku gratuito eta borondate onekoa egin ostean? Ea zer iruitzen zaizuen Durangoko azokako arratsalde euritsu batean Xabinaitorren standaren aurretik 11 bider pasatu eta bere sortzailea han azaltzen ez zela ikusirik (uneoro megafoniatik P.G. izena errepikatzen ari zirela kontuan izanda) ia desesperatuki azokatik kaleko euri zaparradapera ateratzeko unea munduko instanterik zoragarrienen arteko zerrendan jartzen duzuenean? Liburu arteko mozkorraldiaz gain, hainbeste buelta Landakon eman eta gero, nire eta nire lagunaren zorabio dosia altu samarra zen...
Libururik ez nuen eraman sinatzeko; hortaz, argi dago P.G. jaunarekin pare bat hitz baino ez nuela egin nahi... Besteak beste, egindako lana zoriontzeaz gain, euskaldunon errealitate soziologiko-afektibo-psikologiko-etnografikoa hain gordin, garden, pikaro, satiriko, bisual eta gertuko egiteagatik.
Lehenengo aleko identifikazioa eta gutako edozeinen (nirean Kariñeren) autobiografia binkulazioa nabaria izanagatik ere, ados nago Igor zurekin, bigarrengoarekin ere espektatibak hausten dituela diozunean. Komikiaren estilo artistikoa aldatzeaz bat , edukiak ere biraje polita egiten duelako. Superheroi epiko izatetik, manejatua izaterako bide horretara, Kariñe bahituak hau menperatzeko erabiltzen dituen estrategia subersibo eta lirikoak... Argi dago arintasunean irabazten duela bigarrengo honek letra kopuruari arreta jarriz gero; ez ordea sakontasunean.
Hasierako filosofatzeko erak, pertsonaiak deskribatzeko modu prosaikoak ere hein handi batean desagertu dira baina hauetako bakoitzaren atzean ere egon daitezke modu inplizitoago batetan bikote arteko botere eta joku harremanetarako berezko artilujioak . Noski hori hasierako bistazoan ezin daiteke errepara, baina piskat beratzen utzita ematen du zer pentsatua...
Beraz, ni ez nintzateke ausartuko Xabinaitor eta Kariñeren artean pizten dena justu maitasun printza denik esatera; sedukzio instintiboak eramandako egoera bat baino ez dela esango nuke: biek erabiltzen dituzten arte seduktoreak, komunikatzailea Kariñek eta epikoa Xabinaitorrek. Benetako desioz lortu nahi duten helburu horretarako erabilitako estrategiak baino ez dira. Eta maitasun istorio erromantikoa agian hirugarren alean aterako da, hasierako beroaldiak, haserraldiak, agresibitateak, ataskoak, konplexuak... baretzen eta desagertzen direnean. Nago, oraindik, hirugarren honetan marka guztiak hautsiko dituela.



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

e-gor — 2008/01/02 08:34

Aupa Oihane, aspaldiko!


Ez nekien komikizalea zinenik, pozten naiz hori entzuteaz. Eta baita komiki hau hainbeste gustatzeaz ere... Esango diot Patxiri, ez baitut uste berak hau irakurtzen duenik.


Eta Pololoen hirugarrena ateratzen denean, komentarioa egitea zure kontu, nik baino askoz hobeto egiten duzu eta!



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

Oihane — 2008/01/02 08:52

Igor, hau hasi baino ez da egin...Oraindik forofo/a gehiagok parte hartuko duela ziur naiz (hori diote behintzat...). Komiki mundua niretzat berri samarra da; Iñigo Igartzak sartu ninduen mundu hontan eta onartzen det apasionantea dela; gero, sarea handitzen joaten da eta ohartzen zara inguruan uste dezuna baino jende gehiago dagoela.
Halere ez naiz batere aditua; komikiaren formato bisuala gustatzen zait; orriak irakurtzeko erritmo bizkor hori eta "bokadilo" eskas batetan esan beharreko hori tajuzko esaldi borobil batera mugatzeko gaitasuna.
Baina honen atzetik eduki landu bat eta aste pare batetako pajeotarako haina ematen badu askoz hobe.
Satrapiren "Bordados" hurrena komentatzea edukiko degu...esaterako , ezta?
Pololoen sailean gaudenez, nik azkeneko komentario bat baino ez: Patxi, hirugarren aleko bere lanketa librean lasai utziko degu baina ondo egongo litzateke pertsonaien garapen eta eboluzioak beste maila batetan aurrera egitea; ez dakitpa, happyend horietako bat egongo ote den susmoa dut... Zer diozue zuek?



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

igartza — 2008/01/02 08:54

Zure komikiaren azterketa psiko-"lojiko", giza harremanetan % batetan oinarretzen dezuna ikusita, nork esan aurkakorik? Halere, komiki baten aurrean garela eta, nork ikus lezake batman eta superman pozik eta etxeko kontuetan murgildurik? eta bestetik, eukaldunok, gaur egun eta bizi garen abiadura azterturik, ba al dugu bukaera alai eta aberats batetarako esperantzarik? edo hau bukatu eta hurrengo demarekin itsutzen gera, guztizko garrantzia alde batetik bestera garraiatuaz? Nirean, eta apur bat txintxatzearren dela aitor badutere, ez dut bukaera pozgarria aurreratzen. Xabinaitorrek poxpolina guztientzako du bere erronka, patu eta izatea. Ondorioz, ez dut uste gure heroiak maitasunerako paradarik izango duenik. Sentitzen dut Lois Lane baina... Klark Kent bihurtzen ez bazaigu... Ño! ematen du bai jokoa komikiak!



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

Eaut — 2008/01/02 08:57

Ez dakit hirugarren alearentzat ataka zail xamarra ez ote den jarri, nik neuk "happy end" amerikanoa ikusten dut posibleena, baina agian Patxik berriro harrituko gaitu. Zergatik diot hau? Kariñe eta Xabinaitorri begiratu eta...
Xabinaitor: azkenean kokolo bat da, bere helburua arrastoan sartuko duen neska bat topatzea da (ama bat, bere ama bezalako neska euskaldun bat), horretarako direnak eta ez direnak egin ditu, baita supereroi bihurtu ere. Helburua bete du, aurkitu du bere amaren ordezkoa, bukatu dira taberna zulotako keak, munduan zeharreko girak, mediku homeopatak eta ordura arte behar zituen ordezkoak. Eta larriena, bukatu da Xabinaitorren mitoa.
Kariñe: Xaibnaitorren ibilbidea koherentea ikusten badut ere, Kariñe da aldaketa harrigarriena izan duena. Bere aurreko nobio horrekin ez zuen bere sena pozik uzterik, ezin zuen berera eraman, eta azkenean utzi egin zuen. Xabinaitorrek ahoko zuloan jarri dio aukera, mutil kokoloa, bera bezalako baten bila...
Eltze guztiek omen dute beren tapa. Horra eltzea eta tapa elkar estaltzen.
Zaila iruditzen zait hirugarren atalean kurpil horretatik ateratzea...



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

e-gor — 2008/01/02 08:59

Elkarrizketa egin dio Patxiri Xabier Mendiguren Elizegi Elkar-eko editoreak bere blogean. Patxi bere estiloan...



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

Oihane — 2008/01/02 09:00

Irakurri dut, eta hara! Hortxe XMEren puntualizazio intrepidoa:


"Ez dakit besterik erantsi nahi duzun... Bestela, 3. partearen zain gauzkazula esan behar dizugu."


Eta hemen berriz, PG jaunaren azkarkeria:


Bai, ni ere zain nago, ea noiz datorren eta horrela amaiera jartzen diodan azken urteetan eramaten ari naizen kultureta enklaustratu altruista bizitza puta honi. Nekatuta nago, zera, zerbikalak, bizkarra, badakizu... Ta dena euskal kulturarengatik. Mereziko al du...? Aizu, ta ez didazu ezer galdetu liburuan agertzen diren pikoletoei buruz. Ez dezu istilutan sartu nahi, ezta...?"


Fenomeno bat, aizue. Halere, niri ere jakinmina sortu dit pikoletuen asunto horrek. Gehiegi obsesionatu naiz Superman eta Louis Lanerekin. Horiek ere garapen prozesurik izango al dute hirugarren alean?
Eta bestelako enparau denek... Gehiegi luzatu gabe, no comment about the other people (J. Toshack -en esango lukeen bezela).



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

uiuiuui — 2008/01/02 09:02

Nik uste denok hartu dugula komiki hau gure gizartearen islada bezela eta agian gizartearen % handi bat identifikaturik sentitu da. Alde batetik euskaldunak sentitzen garenak, bestetik euskaniola hitzegiten dutenak (hauei aipamen berezia, badute meritua eta)futbol zaleak taberna zaleak, erromantikoak, mendizaleak, (jode! honek kokakolako anuntzioa dirudi) Gizartea orokortasunean aztertzen du eta fin dabil bere lanean. Guk aldiz partikularrerako jokoa hartu dugu eta ez dakit hori izan den bere egitasmoa. Noski pertsonai batzuk agertzen direla eta eboluzio edo garapen bat agerikoa dela (batez ere maitasuna tarteko denean)baina ... ni neu, gizartearen azaltze gordinarekin geratzen naiz. A! ta beste apuntetxo bat. Bada historio honetan, tartetxo bat non euskal zentzu -sentipen- maitasun - gogo eta grina guztia agertzen duen lagun bikoteak. Harriduraz begiratu nion eszenari, agian euskal zaletsun horren gabezi, ezina, sentzugabetasuna sentitu nuelako. Neri ere iritsi zitzaidan halako euskal krisia, pasibotasuna, utzikeria ... Hori bera ere gazte askoren artean ematen al da? hor er kritikatxoa utzi al zigun? euskaldun petoak al zarete? nazkatu edo gogaituko al gara noizbait? orokortasunaren edo globalizazioaren magalean eingo al deu lo lasairik? baina eta denek berdin pentsatuta, arazo berdinak izanik eta gura edo nahi guztien berdintasuna parekaturik, ez al gara ba beste gizarte batzuren berdinak?


Puf! hirugarren atala etorri artean beste komiki bat proposatu beharko genuke, ariketa polita bait dire gogoeta hauek.
Proposamenik?



Re: "Pololoak ♦♦ - Poxpoliñaren bahiketa", jarraipen hutsa baino gehiago

patxi lurra — 2008/01/02 09:03

Ufa! Neuk ez dot hain erantzun burutsurik idatziko, baina tira, hau ez da lehiaketa...


Neure kasuan, Olentzerok ekarri arte ez dot irakurri ahal izan komikia, eta neuri be lelengoa baino (are) gehiago gustau egin jat. Patxik mugarri bi ipini ditu euskal hiztunen historioan, "Pololoak" sortako bi liburuekin. Ezin kostunbristagoak dira biak ala biak, baina hain zuzen be horrexegaitik izugarri gustuko izan ditut.


Bigarren honetan, Aznar-Oreja bikotea eta bikote martziano-txunberoa ustekabe bi izan dira. Bigarren kasuan, oso gitxitan agertzen dira tunero flipau horiek literaturan orokorrean (Urtzi Urrutikoetxeak "Auzoak" liburuan bai sartu eban, adibidez), euskal literaturan behintzat. Oso ona! Neure obsesino partikular horietakoa dira martziano horiek, zer egingotsagu!


Bestela, Anbotoko Mariren agerpena, XME-k egindako alkarrizketa Patxik komentatzen dituen estuasunak gora-behera, beste puntazo handi bat izan da.


Txapeau!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Egunkaria libre!
Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.
Egunkaria.info
Sustatu - Egunkaria libre

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Honi buruz
Kontaktua
Lizentzia: Creative Commons License Attribution-ShareAlike
Artxiboa
Informatika atalaren aurkezpena
Komikien atalaren aurkezpena
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Giancarlorena patxi lurra, 2012/01/22
Ñooooo txu, 2012/01/22
Squareup haritz, 2012/01/14
Re: Gartxot e-gor, 2011/12/05
Gartxot darko, 2011/12/04
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
1512 Nafarroa - Amets urratua 300 30x30 3D 3D inprimagailuak 7K APIE-EIEP Adèle Blanc-Sec Agence barbare Aitor Arana Aitor I. Eraña Alan Moore Alfonso Azpiri Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra Alokairuan American Splendor AnHitz Android Angoulême Anti- liburudenda Apple Arturo Erregea Asisko Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Atzipen multimodala Avatar, azken aire maisua Azken garaipena Azken mohikanoak hemen gaude Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bideo-jokoak Bilboko barrea Bill Watterson Bitcoin Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Cloud computing Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Disney Donostiako komiki-jardunaldiak Dublinés E-book ETB Egunkaria El País El invierno del dibujante El jueves Elhuyar aldizkaria Elkar Emakumeak Errealitate areagotua Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Euskomik Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Francisco Ibáñez Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Galtzakomik Ganorabako Gartxot Gaston Gauzen Internet Gazteak Geokokapena Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Giza eskubideen lehiaketa Goienkaria Gon Google Google Chrome Google TV Google Wallet Google Wave Gorka Velasco Guillermo Zubiaga HTML 5 Habeko Mik Harriet Hartos de arte Hergé Heroiak Hizkuntza-teknologiak Homosexualitatea IEB IP Ihes ederra In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Interneteko bilatzaileak Ipurbeltz Irati Irungo komiki-azoka Iñaki G. Holgado Jacques Tardi Joanes Josep Domingo Nadar Josevisky Joyas literarias juveniles Juan Carlos Egillor Juan Luis Landa Justin Hiriart KKLRD Kinect Komik 10 Krea Kristalezko hiria La fiesta dibujada Le crochet à nuages Les Godillots Linux Literaktum Little Nemo Luis Durán Luis Gasca bilduma Mangamore Mantxi Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Martín Romero Marvel María y yo Max Medikuntza alternatiboa Microsoft Miguel Gallardo Mikel Valverde Mikroformatuak Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Mundu digitala Muraille MythTV Métal Hurlant NFC Nabarra Nafarroako komiki azoka Napartheid Nick dut nik Numenak OLPC Okatxu Otsobeltz Ovni Paco Roca Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Pernan Goñi Persepolis Peyo Piztia otzanak Plaza elíptica Poker Face Pololoak Portugaleteko lehiaketa Pottokiak Preso nago RSS Ralf König Raquel Alzate Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa Retine Rober Garay Ruben Arozena Santiago Valenzuela Sare sozialak Sarearen neutraltasuna Sasizientziak Sauré Sautrela Scanlation Scott McCloud Sendabide ala iruzurbide Senez Sherlock Holmes Shin-Chan Sin City Snoopy Star Wars Steve Jobs Supergrupo Tabary Tablet Tanaka Thorgal Tintin Tokitan.tv Torrentocracy UEU Ubuntu Udaberririk ankerrena V for vendetta Watchmen Watson Web semantikoa Willy Roa X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zaragozako komiki-azoka Ziberkomikiak Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01
5 urte 5! 2009/12/15