e-gorblog
"Watchmen" 20 nobela geek-enen artean
12.a da, "The Guardian"-en arabera
Ez dut pelma izan nahi, baina ezin dut ebitatu. Hala ere, laburra izango naiz. Microsiervos-en bidez jakin dut The Guardian egunkari britainiarraren blog baten 20 nobela geek-enak aukeratzeko bozketa egin dutela, eta bertan Watchmen komikia agertzen dela 12. postuan.
Watchmen Alan Moore gidoilari handiaren eta Dave Gibbons irudigilearen maisulana da, nobela grafiko aparta.
Blog honetan berriki komentatu nuen nire ustez inoizko komikirik onena zela. Geroxeago jakin nuen Time aldizkari entzutetsuak 1923tik hona ingelesez idatzitako 100 nobela onenen zerrendan sartu zuela. Eta geroxeago oraindik Sussana Clarke-k, 2004an Jonathan Strange & Mr Norrell idatzi zuenetik fantasiazko nobelen munduan modan dagoen autoreak, Watchmen bere bost liburu gogokoenen artean hirugarrena aipatzen duela eta Alan Moore bere bost autore gogokoenen artean bigarrena, elkarrizketa honetan dioenez.
Eta zuk zer, ez duzu oraindik irakurri? Zeren zain zaude? Zein beste froga gehiago behar duzu? Korri liburudenda batera erostera, edo liburutegiren batera alokatzera, edo eMule-ra jaistera!

