Hemen zaude: Hasiera Blogak e-gorblog Artxiboa 2005 Iraila 16 "Watchmen", inoizko komikirik onena
Dokumentu Akzioak

e-gorblog

"Watchmen", inoizko komikirik onena

Alan Moore-ren maisulan handiaren kritika (edo laudorioa, hobe)

"Watchmen"-en azala
Irudia: Dave Gibbons

Watchmen da niretzat inoiz egin den komikirik onena. Alan Moore maisu handiaren gidoia eta Dave Gibbons-en irudiak dituen nobela grafiko hau inoiz existitu den onena dela ez dut nik bakarrik uste, mundu guztian zehar jende asko da iritzi berekoa, eta bozketa bat egingo balitz onena zein den jakiteko, ziurrenik berak irabaziko luke. Horrelako gorazarrea merezi izateko zer duen jakin nahi baduzu, segi irakurtzen eta ikusiko duzu!

Watchmen eta ni

Azken urteetako komikien zinemaratze masiboa ez da komikizaleak bereziki pozten gaituen fenomenoa. Izan ere, Hollywood-ek komiki onenekin ere bere estiloko akzio-film kaskar horiek besterik ez daki egiten, kasu gutxi batzuetan salbu (Sin City, zeina duela gutxi gutxi komentatu dugun blog honetan, X-Men eta besteren bat). Zerbait ona izatekotan, jende arrunta komikien mundura hurbiltzea izan daiteke, nahiz eta hau eztabaidatzekoa den, izan ere film hauetako askoren kalitate eskasak agian komikien fama okertu besterik ez du egiten, ez dakit. Tira, nire kasuan behintzat, esan beharra dut film baten bidez ezagutu nituela nire komikigile eta komikirik kuttunenak.

2003an The League of Extraordinary Gentlemen filma estreinatu zenean ezin izan nion joateari utzi. Nahiz eta kritika guztietan txarra zela irakurri, fantasia, abentura eta zientzia fikziozko nobela klasikoen hainbeste pertsonaia (Mina Harker, Nemo kapitaina, Allan Quatermain, Jekyll eta Hyde, gizon ikustezina...) film bakarrean ikusi ahal izatearen tentazioa erakargarriegia zen. Beraz filma ikusi nuen eta oso txarra zela baieztatu nuen, akzio eta efektu berezi asko eta gidoi gutxiko (ez baitzuten komikia errespetatu) beste film bat besterik ez.

Baina filmaren kritiketan komiki oso on baten oinarrituta dagoela esaten zuten, eta horrela handik gutxira erosi egin nuen The League of Extraordinary Gentlemen komikia. Eta hau bai, hau oso ona dela baieztatu nuen, guztiz originala, heroi klasikoen berrirakurketa ezberdin bat. Haren gidoigile Alan Moore-ren izena gogoan gorde nuen, hurrengo baterako.

(The League of Extraordinary Gentlemen filmari eta komikiari buruzko bi komentario euskaraz irakurri nahi badituzu, hona Sustatun Iban Zalduak egindakoa eta The Baldekoek egindako beste hau)

Handik denbora batera, kasualitatez egile horren beste obra bat aurkitu nuen denda baten. Watchmen izena zuen, eta kontraportadan, oso ondo jartzeaz gain (hori beti egiten dute), hainbat sari irabazi zituela esaten zuen (Kirby saria, Eisner saria eta Hugo saria). Beraz, erosi egin nuen eta irakurri.

Irakurtzen amaitutakoan, ezin erreakzionatuta geratu nintzen, shock egoeran. Benetan gertatu al zen esperientzia ia mistiko hura? Konprobatzeko, jarraian berriz irakurri nuen osorik, eta berriz ere sentsazio bera, zeozer aparta, paregabekoa irakurri izanarena. Inoiz irakurri nuen komikirik onena zen zalantzarik gabe. Are gehiago, jarraitzen ditudan beste kultur adierazpideak (zinea, literatura eta musika) hartuta ere inoizko obrarik onentsuenetakoen artean jartzeko bestekoa. Posible al zen? Internetera jo nuen ziurtatzeko ez zitzaidala niri soilik gertatu eta ea beste batzuentzat ere hain obra ona zen ikusteko, eta hala zela baieztatu nuen. Jende askok dauka komikirik gustukoentzat.

Nik harrezkeroztik jende guztiari emozioz gomendatzen diot, eta diszipulu bati zerbait zoragarriaren iniziazioan laguntzen ari denaren ilusioaz uzten diet Watchmen lagunei. Eta ni horrelako sentsazio gazi-gozo batekin gelditu naiz, egia absolutua edo perfekzioa ezagutu duenaren pozarekin baina behin hori bizita inoiz berriro horrelakorik ezagutuko ez duzula jakitearen penarekin.

Alan Moore paregabeko jenioa

Alan Moore-ren argazkia

Alan Moore komikigilea da, bai, baina ez marrazkigilea, komikien gidoiak egiten ditu. Komikia literaturatik bereizten duena justu irudiak izanik, agian norbaitek (komikia literaturaren aldean anaia txikia dela uste duen norbaitek) gutxietsi egingo du Moore, benetan ongi idazten jakingo balu idazlea izango litzatekeela pentsatuz. Ba oker dago. Zaleon artean komikirik onena edo komikigilerik onena zein den eztabaida asko badago ere, gidoiei soilik erreparatuz gero ia inork ez du zalantzan jartzen onena Moore denik. Bere istorio landuek ikaragarrizko kalitatea dute, eta irudigilea dena delarik ere bere lanen kalitate orokorra izugarria da. Eta goiko norbait hori oraindik konbentzitu ez badut, esango diot literaturarekin ere ausartu izan dela (nobelak eta antzerki obrak ere idatzi ditu). Egia esateko, zer ez du egin gizon honek! Antzerki-talde baten ere aritua da, musikan ere ibilia da, magoa ere bada...

Britainiarra da Moore, eta bere jaioterrian aritu zen lanean hasieran, etapa honetako lanik ezagunena V for Vendetta izanik, David Lloyd-ek marraztua, bere kultuko lanetako bat.

Ondoren mainstream amerikarrera (hau da, superheroien komikietara) pasatu zen, DC-ra zehazki, eta hainbat serietan aritu izan zen (Swamp Thing, Batman, Superman...). Tarte honetan egin zuen 1986an Watchmen, bere maisulan handiena. DC 1989an utzi zuen, hainbat desadostasun medio.

Nahiko independente aritu zen aldi batez, argitaratzaile ezberdinekin (tartean berak sortutako bat zela) hainbat lan ateraz, eta aldi honetan egin zuen, 10 urtetan zehar, zenbaitentzat bere lanik onena dena, From Hell, Eddie Campbell-en irudiekin.

Aldi batez berriz ere superheroien komikien gidoiak egiten aritu eta gero (Marvel-ekoak gehienbat), bere lerro propioa sortu zuen, America's Best Comics, Wildstorm argitaletxearekin publikatzeko. Baina Wildstorm DC-ri saldu zion jabeak eta Moorek nahiko egoera ezerosoan aurkitu zuen bere burua, berriz ere DC-rentzat lanean. Aldi honetan atera zituen, dena den, The League of Extraordinary Gentlemen eta Top 10.

Alan Moore artista da, eta bere artera dedikatzen da soilik. Komikien munduaren alderdi merkantilista ez du batere atsegin. Antisistema bat dela esan daiteke. Ez da azoketara edo liburu-sinaketetara joaten, eta liskar ugari izan ditu DC bere argitaletxearekin. Horietako bategatik zuen utzia DC lehen, eta bere nahiaren kontra berriz bertan aurkitu denetik ere eztabaida asko izan ditu. From Hell eta The League of Extraordinary Gentlemen bere nobela grafikoetan oinarritutako filmak egitea proposatu ziotenean, nahi zutena egin zezaten utzi zien bera eta bere lana bakean uzten bazituzten. Emaitzak ikustean, halere, erabaki zuen aurrerantzean bere lanetan oinarritutako filmik egiterik ez zuela utziko eskubide guztiak bereak ziren kasuetan, eta eskubideak beste batzuenak ziren kasuetan, bere izena kredituetan ez agertzea eta berari zegokion dirua marrazkigilearentzat izan zedila.

Alan Mooren izaera berezia eta jenialtasuna ikusi nahi baduzue, hiru elkarrizketa dituzue hemen, hemen eta hemen.

Baina zer da Watchmen?

Watchmen-eko irudi bat

Watchmen Alan Moore jenioaren lan gorena da. Batzuk From Hell bere beste maisulana nahiago badute ere, niri gehiago gustatzen zait Watchmen. 1986an argitaratu zen 12 emanalditan, eta ondoren guztiak laburtzen dituen liburu mardul formatuan. Irudiak Dave Gibbonsek egin zituen.

Watchmen hainbatek (oker, noski) superheroien komikitzat jotzen du. Justiziero mozorrotuak agertzen dira, bai, baina Moorek justu balizko superheroien ikuspegi ezberdina ematen du. Agertzen diren mozorrotuak ez dira superboteredun superheroi superonak. Nobela errealitate alternatibo baten kokatuta dago, non superheroien komikien eraginak hainbat jende mozorroa jantzi eta justizia egitera eraman duen. Eta Moorek zalantzan jartzen ditu justizieroak, hauetako batzuk faszistak, indarkeriazaleak edo amoralak baitira, euren burua justiziaren gainetik ikusten dutenak. Obraren izenburuak berak horrelako "heroien" zilegitasunari egiten dio erreferentzia: latinezko "Quis custodiet ipsos custodes" esaldia du oinarri, ingelesez "Who watches the watchmen?" moduan itzultzen dena, hau da, "Nork zaintzen ditu zaindariak?"

Nobela grafiko honek abentura eta polizi-intriga ditu, baina hori baino askoz gehiago da. Gizartearen, filosofiaren, historiaren, zientziaren eta beste hainbat arloren erreferentzia ugari ditu, horien azterketa sakona egiten du, eta gauza askoren kritika fina ere. Gai horiei guztiei buruzko jakinduria ia entziklopedikoa erakusten digu Moorek (nahiz eta horretan bai irabazten dion From Hell-ek).

Haria maisutanez lantzen du Moorek lan honetan. Hilketa bat da dena abiarazteko aitzakia, baina inbestigazioak enmaskaratuak inplikatuta egon daitezkeen eta Gerra Hotzagatiko munduaren amaiera suposa lezakeen konplot handiago batera garamatza. Hari nagusiaz gain, lehen taldea osatu baina gero banandu ziren mozorrodun bakoitzaren background-a edo iragana kontatzen doa, eta horrela guztia poliki-poliki prestatzen doa denak batera konpondu beharko duten konplotaren bukaera zirraragarri apoteosikorako. Eta bukaera erabat ezustekoa da, Moorek nobela guztian zehar maisutasunez engainatu gaitu, utzitako pistekin iradokitzen duenak berak nahi duena pentsarazten digu espero gabeko amaiera emateko, Hitchcock-ek Psycho filmean bezalatsu.

Baina liburuak hari bat baino gehiago duenez, haria baino, liburua zoragarriki hilbanatutako oihala dela esan beharko genuke, non hari guztien artean osatzen den oihal hori. Pertsonaia nagusiez gain, bigarren mailako beste mordo bat daude, baina guzti horien istorioak ez daude hor puntualki argumentuak eskatzen duelako soilik. Guztiek dute garrantzia istorio nagusian, gero deskubritzen joango garen bezala. Eta ez pertsonaiak bakarrik, liburuan zehar agertzen doazen objektu edo detailetxo askok eta askok ere bere izateko arrazoia dute, ondoren ikusiko denez. Horrez gain, erreferentziaz beteta dago. Hainbeste eta hainbeste detaile, erreferentzia eta abar daude, non irakurtzen duzun bakoitzean gauza berriez konturatzen zaren.

Teknikoki ikusita ere lan aparta da. Komikien munduan diren errekurtso edo teknika grafiko guztiak erabiltzen ditu, eta berriak ere asmatzen ditu. Niri bereziki gustatzen zait bi istorio, biei antzekotasunak emanez, paraleloan kontatzen dituenean eta bi harien irudiak eta hitzak nahasten dituenean, tipo bat irakurtzen ari den pirata-komikiarena adibidez, edo Manhattan doktorearen elkarrizketa.

Gainera, jatorrizko komikiaren entrega bakoitzaren bukaeran kontatzen den istorioarekin zerikusia duten hainbat testu edo bestelako sartzen ditu. Adibidez, kontatzen den istorioko pasarteren bat agertzen den egunkari bateko orri batzuk, edo pertsonaietako baten txosten psikologikoa... Horrelakoak beste lan batzuetan ere egin izan ditu Moorek, eta asko atsegin dudan zerbait da, alde batetik horrela komikiak gehiago irauten dizulako (komikian baino gehiago irakurri behar baita ;-) eta bestetik istorioa osatu eta errealismo handiagoa ematen diolako.

Lan ezin hobea. Benetan.

Epilogoa

Tira, goraipamenetan pasatu egin naizela uste duzue? Baliteke, izan ere emozionatu egiten naiz Watchmen edo Mooreri buruz berba egiten dudan bakoitzean. Baina benetan pasatu naizen edo ez jakiteko modu bakarra duzue, obra irakurtzea. Beraz, irakur ezazue eta kontatuko didazue! (Online eros daiteke gutxienez FNAC-en; bestela liburutegietan maileguan hartu gutxienez Abadiño, Iurreta, Arrasate, Elgoibar, Errenteria eta Hernanin, Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren Katalogo Bateratua-ren arabera, eta beste herri batekoa bazara ere, sistema horren barruan dagoen edozein liburutegitan eska dezakezu eta ekarri egiten dizute; edo bestela eMule-n ere aurki daiteke).

Eta filmei buruz hitz eginez hasi dudanez artikulua, filmei buruz hitz eginez bukatuko dut. Azaroan pantailaratzekoa da V for Vendetta filma, Wachowsky anaiek egokitutako gidoi baten gainean egina. Ba Joel Silver ekoizleak prentsaurreko baten adierazi zuen Alan Moorek Larry Wachowskyri esan ziola oso proiektu interesgarria iruditu zitzaiola filma. Silver-en adierazpen hau guztiz gezurra da, noski. Mooreri gidoia "ergelentzakoa" iruditu zitzaion, eta Silverren adierazpenak zuzen zitzaten eskatu zuen. Horrelakorik egin ez zutenez, Moorek DC-rekin definitiboki hautsi zuen.

Eta Watchmen bera ere zinemara eramateko bazeukan proiektu bat nahiko aurreratuta Paramount etxeak, Paul Greengrass-ek zuzentzeko. Interneteko komikizaleen foroetan iritzi orokorra zen hobe zela ezer ez egitea, obra horren xehetasunak, zorroztasuna eta kalitatea zinera ezin zirela eraman, eta are gutxiago Hollywood-ek! Zaleak pozik uzteko, foro bat eta guzti ireki zuten zuzendariarekin zuzenean filmari buruz berba egiteko. Baina azkenean uztailean bertan behera utzi dute proiektua eta beste estudio batzuei eskaini die. Eurek beste arrazoi batzuk argudiatzen dituzte, baina ez dakit... Interneten bidez batu eta antolatuta herriak duen botereaz konturatzen hasi al dira boteretsuak?

Niri dagokidanez, koherentziagatik eta Moorekiko errespetuagatik ez nituzke bi filmok (V for Vendetta eta Watchmen, azkenean egiten badute) ikusi beharko, baina ez dakit agoantatuko dudan...

Fitxa

Izenburua: Watchmen

Gidoia: Alan Moore

Irudiak: Dave Gibbons

Argitaletxea: Norma

Urtea: 2002 (jatorrizko edizioarena 1986)

ISBN: 84-8431-139-2

e-gor 2005/09/16

Re: "Watchmen", inoizko komikirik onena

Iigo — 2005/09/16 20:31

Kaixo! Nahiko "evangelista" ikusi zaitut Watchmenekin, baina tira, orain dela 15 urtetik hona lautan edo irakurri ostean, ezin ukatu munduko eta garai guztietako komikirik onenetariko bat dela. Batez ere, Gerra hotza Petroleoaren aldeko Gerrarekin; Ozymandias Pentagonoarekin; eta estralurtarren bonba bi dorreen abioekin trukatuz gero. Zalantzarik? bada hemen doa beste gomendio bat La gran impostura Frantziako zerbitzu sekretuekin harremandutako Thierry Meyssan kazetariaren liburua.


Horretaz aparte, negargarria da Watchmen bezalako komiki klasikoak, Eisnerrenak, Hugo Prattenak, eta abar euskaraz ez egotea. Ez al dute gutxienez Literaturako klasikoen arreta berbera merezi, ala?


Besterik gabe, zorionak aurkitutako bitxiagatik, merezi du eta!



Re: "Watchmen", inoizko komikirik onena

e-gor — 2005/09/18 21:14

Aupa Iñigo, pozten naiz nobela grafiko horrekiko nire miresmena konpartitzen duen beste norbait aurkitzeaz. Zuk gainera nik baino gehiagotan irakurri duzu (nik hirutan soilik), baina ziur naiz 15 urtean nik askoz gehiagotan irakurriko dudala, irakurtzeaz inoiz aspertzen ez zaren lan bat baita, aldi bakoitzean beste jenialitate piloa aurkitzen baitizkiozu...


Konspirazio-teoriari buruz, ez dakit benetan hori horrela izango den... Hala izanik, Bushen kasuan okerragoa da, zeren eta Ozymandias-en arrazoiak behintzat zintzoak ziren! Edonola ere, Bushek trapu zikin asko dituela ziur!


Eta komikietako klasikoak euskaraz egotearenari buruz, Jainko Argitaletxek edo Ama Birjin Jaurlaritzak entzungo ahal zaitu!



Re: "Watchmen", inoizko komikirik onena

patxi lurra — 2005/10/06 10:40

"eta diszipulu bati zerbait zoragarriaren iniziazioan laguntzen ari denaren ilusioaz uzten diet Watchmen lagunei"


Eskatukotsut orduan, master. Ikea kanpora!



Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Egunkaria libre!
Bidegabekeria salatzeko. Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko. Hemen torturatu egiten dela esateko. Auzipetuei elkartasuna adierazteko. Epaiketarik ez genuela nahi gogorarazteko. Epaiketa egingo dutenez, Egunkaria eta auzipetuak libre nahi ditugula erakusteko.
Egunkaria.info
Sustatu - Egunkaria libre

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 15etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Honi buruz
Kontaktua
Lizentzia: Creative Commons License Attribution-ShareAlike
Artxiboa
Informatika atalaren aurkezpena
Komikien atalaren aurkezpena
Harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Azken erantzunak
Giancarlorena patxi lurra, 2012/01/22
Ñooooo txu, 2012/01/22
Squareup haritz, 2012/01/14
Re: Gartxot e-gor, 2011/12/05
Gartxot darko, 2011/12/04
Erantzunen harpidetza
Harpidedunak:
RSS jarioa
E-mail harpidetza
Etiketa lainoa
1512 Nafarroa - Amets urratua 300 30x30 3D 3D inprimagailuak 7K APIE-EIEP Adèle Blanc-Sec Agence barbare Aitor Arana Aitor I. Eraña Alan Moore Alfonso Azpiri Alfonso Zapico Alhóndiga Bilbao Aljebra Alokairuan American Splendor AnHitz Android Angoulême Anti- liburudenda Apple Arturo Erregea Asisko Asterix Astiberri Asus EEE PC Atiza Atzipen multimodala Avatar, azken aire maisua Azken garaipena Azken mohikanoak hemen gaude Barakaldoko lehiaketa Bartzelonako komiki-azoka Basaurikomik Batman Bego Montorio Bideo-jokoak Bilboko barrea Bill Watterson Bitcoin Blogs & beers Bordados Bruselako komikiaren museoa Bécassine CSS Café Budapest Calvin & Hobbes Clara-Tanit Arqué Cloud computing Crash comic DRM DTMLCalendar Dani Fano De rerum natura Disney Donostiako komiki-jardunaldiak Dublinés E-book ETB Egunkaria El País El invierno del dibujante El jueves Elhuyar aldizkaria Elkar Emakumeak Errealitate areagotua Escrivá de Balaguer Euskal Encodings Euskal rock Euskaltel Euskomik Facebook Fanxinoteka Firefox Fontanarrosa Francisco Ibáñez Frank Miller Franquin Fructuoso Gaizka Barandiaran Galtzakomik Ganorabako Gartxot Gaston Gauzen Internet Gazteak Geokokapena Getxoko komiki-azoka Giza eskubideak Giza eskubideen lehiaketa Goienkaria Gon Google Google Chrome Google TV Google Wallet Google Wave Gorka Velasco Guillermo Zubiaga HTML 5 Habeko Mik Harriet Hartos de arte Hergé Heroiak Hizkuntza-teknologiak Homosexualitatea IEB IP Ihes ederra In the shadow of no towers Inodoro Pereyra Interneteko bilatzaileak Ipurbeltz Irati Irungo komiki-azoka Iñaki G. Holgado Jacques Tardi Joanes Josep Domingo Nadar Josevisky Joyas literarias juveniles Juan Carlos Egillor Juan Luis Landa Justin Hiriart KKLRD Kinect Komik 10 Krea Kristalezko hiria La fiesta dibujada Le crochet à nuages Les Godillots Linux Literaktum Little Nemo Luis Durán Luis Gasca bilduma Mangamore Mantxi Marjane Satrapi Marko Marrazkirri Martín Romero Marvel María y yo Max Medikuntza alternatiboa Microsoft Miguel Gallardo Mikel Valverde Mikroformatuak Mis tebeos favoritos Moblogging Motsukora Mundu digitala Muraille MythTV Métal Hurlant NFC Nabarra Nafarroako komiki azoka Napartheid Nick dut nik Numenak OLPC Okatxu Otsobeltz Ovni Paco Roca Patxi Gallego Patxi Lurra Paul Auster Pernan Goñi Persepolis Peyo Piztia otzanak Plaza elíptica Poker Face Pololoak Portugaleteko lehiaketa Pottokiak Preso nago RSS Ralf König Raquel Alzate Rekalde-Ortzadar komiki lehiaketa Retine Rober Garay Ruben Arozena Santiago Valenzuela Sare sozialak Sarearen neutraltasuna Sasizientziak Sauré Sautrela Scanlation Scott McCloud Sendabide ala iruzurbide Senez Sherlock Holmes Shin-Chan Sin City Snoopy Star Wars Steve Jobs Supergrupo Tabary Tablet Tanaka Thorgal Tintin Tokitan.tv Torrentocracy UEU Ubuntu Udaberririk ankerrena V for vendetta Watchmen Watson Web semantikoa Willy Roa X-Men XHTML XO Xabiroi ZX Spectrum Zaragozako komiki-azoka Ziberkomikiak Zope bestelakoak e-gorblog gogoetak informatika komikiak
Artikulu aipagarriak
"Pololoak" sorta 2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03
Monoblogoa 2005/01/11
"Watchmen" sorta 2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07
OLPC sorta 2007/12 - 2008/01
5 urte 5! 2009/12/15