Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

I. Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketa

e-gor 2011/05/17 22:10
Euskarazko komikientzat da Deia egunkariak eta Rekalde aretoak antolatutako lehiaketa hau

Lehenbizikoz antolatu dute Rekalde-Ortzadar komiki-lehiaketa, Deia egunkaria eta Rekalde aretoaren artean. Bertara euskarazko 4 orritako komikiak aurkeztu behar dira, irailaren 5etik 9ra bitartean. Sari bakarra izango da, 1.500 eurokoa, eta irabazlearen obra argitaratuko dute antolatzaileek. Gainera, irabazlea eta aukeratutako beste hainbat obrekin erakusketa egingo da Rekalde aretoan. Oinarri osoak helbide honetan aurkitu ditzakezue: http://deia.com/2011/04/20/ocio-y-cultura/cultura/sortzaile-berriak-zirikatzeko-deiak-euskarazko-komiki-lehiaketa-antolatu-du.

Animatu zaitezte, komikigile berriok!

Xabiroi 22 atera da

e-gor 2011/05/16 21:55
Eta aurrerantzean, komiki-aldizkaria hainbat komikidendatan eskuratu ahal izango da!
Xabiroi 22 atera da

Irudia: Xabiroi

Ziurrenik eramango du hilabete pare bat-edo kalean, baina orain arte ez dudanez eskuratu... Ikastolen Elkartearen Xabiroi komiki-aldizkariaren 22. zenbakia, iazko aurtengo otsailekoa hain zuzen ere, kalean da.

Hau da bertan aurkituko dugun edukia:

  • Zuen zerbitzari leial honek egiten duen Albisteen txokoa
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Guaikaipuroren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Asiskoren gidoia eta Adur Larrearen irudiak dituen 4 orriko Andr@id istorioa
  • Alex Orberen 4 orriko Labirintoa istorioa
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Xabiroiko troupeak Angulemako aurtengo azokara egindako espedizioaren argazkiak ;-)
  • KomikITAUN elkarrizketen orri bikoitza, oraingoan Asisko eta Adur Larrearekin
  • ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
  • Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorioaren beste emanaldi bat, 6 orrikoa
  • Loperen Behien Tarzanen 3 orri

Eta berri on bat: 22. zenbaki honetatik aurrera, Xabiroi aldizkaria (eta baita bertatik ateratako Saiak, Piztia Otzanak eta TeleAtoi albumak ere) Euskal Herriko hainbat komikidendetan eskuratu ahal izango da! Zehazki hauetan:

Gainera, aurrerantzean toki gehiagora iristeko ahalegina egingo dute. Aupa Xabiroi! Eta zu, zeren zain zaude erosteko?

Edukiak on line kontsumitzen: erabiltzaileon kontrolaren galera

e-gor 2011/05/10 23:28
Mende honen hasieran, Internetek eta P2P sareek ahalbidetutako hartu-emanari esker, erabiltzaileok ikus-entzunezko edukiaren kontrola hartu genuen, eta eskaintza ikaragarria izan dugu guztiok eskura (P2P sareen funtzionamenduak erabiltzaileok beraien ordenagailuetan duten edukia beste erabiltzaileekin partekatzean datza). Azkenaldian, ordea, internauta asko musika, bideoak eta abar streaming bidez kontsumitzen hasi dira, edo on line zerbitzuen bidez partekatzen. Eduki hori norbere ordenagailuan ez gordetzeko joera horrek, luzera, erabiltzaileok berriz ere ikus-entzunezko edukiaren gaineko kontrola galtzea ekar dezake.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko martxoko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

P2P sareek (peer-to-peer edo parekotik parekora) aldaketa ikaragarria ekarri dute ikus-entzunezkoak kontsumitzeko ohituretan. Musika, bideoak, literatura eta abar argitaratu eta banatzea produkzio-etxeen eta argitaletxeen esku zegoen lehen, eta haiek eskaintzen zutenarekin moldatu behar genuen kontsumitzaileok. Eskaintza hori mugatua zen, enpresa horien marketin-estrategien edo kontu ekonomikoen arabera erabakitakoa. Hala, azken nobedadeak eta beti ongi saltzen diren klasikoak izaten zituzten, baina beste gauza asko eskuraezinak ziren, "katalogotik kanpo" zeudelako.

Digitalizazioaren eta Interneten aroan egoteak banaketa eta salmenta asko errazten eta merkatzen duen arren, produkzio-etxeek eta argitaletxeek ez zuten garaietara egokitzen jakin, ez eta eskaintza handiago, merkeago eta erosoago bat asmatzen ere. Orduan, erabiltzaileak matxinatu egin ziren, eta mendearen hasieran P2P sareak sortu ziren.

P2P sareetan, software baten bidez erabiltzaileak bere ordenagailuan duen ikus-entzunezko eduki digitala beste erabiltzaileekin partekatzen du, eta, aldi berean, besteek duten edukia eskuratu dezake. Sare hauen adibideak dira eDonkey eta BitTorrent. Azken hau batez ere uneko film, serie eta abesti edo musika-talde arrakastatsuenak partekatzeko erabiltzen bada ere, eDonkey sarean (eMule programak erabiltzen duena) ia edozer aurki daiteke: herrialde eta hizkuntza bitxietako abestiak, komiki zaharrak, aspaldiko film eta telesailak... P2P sareei esker, edukien gaineko kontrola eta eskaintza erabiltzaileon eskuetara pasatu ziren. Oparotasun-garaia ekarri zuten, eta hala izan da geroztik.

On line kontsumitzeko joera

Azkenaldian, baina, ikus-entzunezkoen kontsumorako joera aldatzen ari da. Batetik, musika eta bideoak streaming bidez kontsumitzen dira maiz; hau da, zuzenean entzun edo ikusten da, nork bere ordenagailura jaitsi eta gorde gabe. Honen adibide arrakastatsuak dira Spotify (musika ugari -publizitatearekin, doan, edo ordainduta, publizitate gabe- eskaintzen duen zerbitzua), Netflix (bideoak alokatu eta on line ikusteko zerbitzua) eta Megavideo (jendeak Megaupload-era igotako film eta serie komertzialak streaming bidez ikusten uzten duen zerbitzua). Eta zentzu hertsian streaming ez bada ere, antzeko fenomenoa da liburu bat erosten dugunean soilik on line zerbitzuaren webgunean irakurri ahal izatea, Googleren e-bookstore dendan bezala.

Bestetik, jendeak elkarrekin musika eta bideoak konpartitzeko P2P sareek baino arrakasta handiagoa dute, gaur egun, zuzeneko deskargako zerbitzuek, hala nola Megaupload edo Rapidshare. Jendeak zerbitzari horietara igotzen ditu edukiak, eta, beste batzuek, berauetatik jaitsi.

Hirugarrenik, DRM (Digital Rights Management izen ponposo horren atzean kopiak eragozteko sistema dago) daukan edukia on line erosteko joera dago. Hauetan, jaisten dugu edukia gure disko gogorrera, baina kopiak eragozteko sistema duenez, ez dio beste inori balio. Tira, ezta guri ere etorkizunean izango ditugun aparailuetan! (Liburu elektronikoen DRMari buruz hitz egin genizuen iazko martxoko zenbakian). Hau gertatzen da hainbat on line musika-dendatan eta e-book denda gehienetan.

Edukiaren kontrola galtzen

Joera honi esker, erabiltzaileok edukia gure ordenagailuetan ez edukitzera ohitzen ari gara. Izan ere, ikus-entzunezkoak kontsumitzera bideratutako gailu asko, hala nola smartphoneak edo tabletak, biltegiratze-ahalmen txikiarekin datoz. Zertarako, dena on line badago eta handik zuzenean kontsumi badezaket?

Baina horrek badu bere puntu ahula: berriz ere, kontrola galtzen ari gara, eta enpresen esku uzten. Eta egia bada ere kasu gehienetan beste enpresa batzuk direla -hauek sarera egokitu dira eta eskaintza geroz eta handiagoa dute-, beti egongo gara beraiek nahi dutenaren menpe: beraiek jarriko dituzte prezioak, beraiek erabakiko dute eskaintza zein den eta beraiek inposatuko dizkigute baldintzak (DRM-a bezala).

Bestalde, internautok edukia P2P sareak erabiliz egin beharrean Megaupload eta Rapidshare moduko zerbitzuen bidez egiten badugu, nahikoa dute horiek ixtea truke oro eteteko. P2P sareen aurretik, denbora batez Napster moduko zerbitzuen bidez trukatzen zen musika; nodo zentral bakar batekiko dependentzia zuten, eta, hura itxi zutenean, akabo. Badirudi ez dugula ikasi...

Norbaitek esango du hori egiten dutenean beti daukagula lehengora bueltatzea eta berriz ere P2P sareak erabiltzea. Baina, bitartean, musika, telesail eta filmen inguruko webgune eta foro askotan zuzeneko deskargako webguneen estekak soilik jartzen ari dira, eta haiek alferrikakoak izango dira zerbitzu horiek ixten badituzte... Euskaraz, adibidez, badaude telesailak eta filmak (marrazki bizidunak euskaraz, Euskal Encodings...) nahiz musika (Ekaitzaldi) jaisteko estekak dituzten webguneak, baina esteketako asko zuzeneko deskargako webguneetarakoak dira. Zuzeneko deskargako webgune horiek itxiz gero, euskarazko edukia jendearen esku jartzeko esfortzu eskerga hori guztia pikutara joango da.

Ikus-entzunezko edukia on line zerbitzuetan zuzenean kontsumitzeko joera nagusitzen bada eta edukia gure ordenagailuetan gorde gabe erabiltzera ohitzen bagara, enpresek berriz ere erabaki eta mugatuko dute erabiltzaileok ia mugagabea bihurtu dugun eskaintza.

Alfonso Zapicok "Dublinés" bere albuma aurkeztuko du Bilboko Joker komikidendan

e-gor 2011/05/04 00:15
Ostegun honetan, hilak 5, arratsaldeko 19:00tan
Alfonso Zapicok "Dublinés" bere albuma aurkeztuko du Bilboko Joker komikidendan

Irudia: Alfonso Zapico

Alfonso Zapico (asturianuzko Uiquipediako sarrera), blog honen egilearen laguna eta komikigile gogokoenetakoa, Bilboko Joker komikidendan (Urkijo 27) izango da ostegun honetan, hilak 5, arratsaldeko 19:00tan, Bilboko bertako Astiberri argitaletxearekin atera duen James Joyceri buruzko Dublinés bere azken albuma aurkezten. Aurkezpena Koldo Azpitartek gidatuko du.

Gogoratu Alfonso Zapico azken urteotan sari ugari jasotako autore gaztea dela, eta Dublinés bera kritika oso onak jasotzen ari dela. Albumaren lehen 20 orriak El País egunkariaren webgunean daude ikusgai.

P.S.: Ikusi duzue Joker komikidenda bera albumaren azalean agertzen dela? ;-)

Sare sozialetan preso

e-gor 2011/04/06 23:51
Azken bizpahiru urteotan webean zerbaitek arrakasta izan badu, sare sozialek izan dute. Facebook, Twitter, LinkedIn, Tuenti eta antzekoak haziz joan dira etengabe, eta ehunka milioi internauta gaude gaur egun haietan, lagun eta ezagunekin egiten ari garena, argazkiak, aurkitu ditugun gauza interesgarriak eta abarrak elkarbanatzen. Alabaina, zerbitzu hauek webean oinarritzen badira ere, ez dituzte webaren sorrerako oinarrizko printzipioak betetzen (irekitasuna, deszentralizazioa...), webaren sortzaile Tim Berners-Leek berriki ohartarazi duenez. Zorionez, ari dira sortzen printzipio horiei jarraitzen zaizkien sare sozialen eredu berriak, StatusNet eta Diaspora, kasu.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko otsaileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Duela bospasei urte, Web 2.0-ren etorrerarekin, Interneten kontsumitzaile huts izatetik sortzaile ere izatera pasatu ginen hainbat lagun, blog, wiki eta horrelakoetan. Baina duela bizpahiru urte, beste iraultza bat gertatu da: sare sozialena; Facebook, Twitter, Tuenti eta halakoak. Hauetan ere ez gara jasotzaile pasibo; geuk ere sortzen dugu eta elkarri eragiten diogu, baina modu informalagoan eta zirkulu itxiagoan, aisia dugularik helburu. Horregatik, normala da askoz jende gehiago sartu izana hauetan. Facebooken, esaterako, 500 milioi erabiltzailetik gora ari dira argazkiak, jarduerak eta sarean aurkitutakoak lagunekin banatzen; gaur egun, bera da Interneteko trafiko, eduki eta denbora gehienetakoa akaparatzen duena, zalantza barik.

Hala ere, sare sozialek, Facebookek batez ere, arrakasta adina kritika izan dute sorreratik. Kritika nagusia da benetako pribatutasuna bermatzen ote duten hor jartzen den edukiari dagokionez (areago, Facebooken erabiltze-baldintzetan badira klausula polemikoak, igotzen den edukiaren jabetza enpresaren eskuetara pasatzen dela diotenak). Beste kritika bat da sare sozialetan ematen den denbora dela-eta, gero eta jende eta eduki mamitsu gutxiago dagoela blogetan eta horrelakoetan.

Egungo sare sozialak, itxiak eta zentralizatuak

Arazo horiez gain, beste batzuez -ziurrenik okerragoak- ohartarazi du Sir Tim Berners-Lee webaren asmatzaileak, Scientific American aldizkarian idatzitako artikulu batean. Bertan, webaren sorrerako printzipioak oroitarazten ditu (unibertsaltasuna, deszentralizazioa, estandar irekiak, sarearen neutraltasuna...) eta azkenaldian alderdi horietan egin dugun atzerakada nabarmentzen du: telefono-konpainiek eta Interneteko zerbitzu-hornitzaileek sarearen neutraltasuna murrizteko saioak (iazko apirilean atal honetan hizpide izan genuenak), Apple-k bere gailuetan bultzatzen duen itxitasuna (aplikazioak, musika, pelikulak nahiz beste edozein gauza bere dendetan soilik erosi ahal izatea), gailu mugikorretan aplikazioak erabiltzea webguneetan nabigatu ordez...

Baina horrez gain, egungo sare sozialek webaren oinarrizko printzipioei egiten dieten kalteaz ere ohartarazten du. Zehazki, etorkizuneko balizko web batean aktibitate gehiena sare sozial bakarrean izango balitz, unibertsaltasuna eta deszentralizazioaren printzipioak ez liratekeela beteko dio.

Unibertsalak barik, sareak erabat itxiak dira: sare horretan dauden lagunekin elkarreragina izan dezakezu; beste sareetan daudenekin ez, ordea. Horrela, jendeak lagun gehien dituen sarean ematen du izena, eta azkenean mundu guztia sare gutxi batzuetan kontzentratzen da, eta dena erabat zentralizatuta gelditzen da. Gainera, enpresa baten edo batzuen monopolioa edo oligopolioa gertatzen da horrela, eta kaltea baino ez dakar horrek.

Itxitasunaren aurkako arrazoiak ez dira etiko edo filosofikoak soilik; praktikoak ere badira. Gaur egun sarritan gertatzen da elkarrizketen banaketa, adibidez. Oso ohikoa da blog, aldizkari edo dena delako batean artikulu bat agertzea, eta aukera ematea bertan erantzunak uzteko eta elkarrizketa sortzeko; baina gero jendeak artikulu hori bere sare sozialeko lagunekin partekatzen du, Facebooken, Twitteren edo beste batean, eta han ere uzten ditu erantzunak jendeak. Azkenean, jende pila baten ekarpenekin asko aberastu litekeen elkarrizketa zenbait tokitan sakabanatuta gelditzen da.

Horrez gain, sare sozial batean sortuz goazen eduki guztia (komentarioak, argazkiak, estekak...) bertan preso gelditzen da. Edukia han daukate, eta ez dugu aukerarik une batean dena formatu estandar batera esportatu eta beste sare batera eramateko. Horrelako zerbait onartuko al genioke posta elektronikoko zerbitzuaren hornitzaile bati, edo blogak ostatatzeko zerbitzu bati?

Sare sozialen eredu berria

Sare sozial ireki eta deszentralizatuak izateko, estandar bat beharko litzateke, lagunak, iruzkinak, argazkiak eta abar partekatu ahal izateko. Gero edozeinek garatu dezake estandar horri jarraitzen zaion software bat bere sare sozialaren zerbitzaria sortzeko, eta software libre bidezkoak ere sortuko lirateke, ziurrenik. Orduan, edozeinek instala dezake software hori bere zerbitzarian, eta software hori erabiltzen duten zerbitzu-hornitzaileak agertuko dira. Eta guk, gure zerbitzaria erabiliz edo hornitzaile bat erabiliz, beste edozeinetan dauden lagunekin gauzak partekatu ahal izango genituzke. Horixe da posta elektronikoak egiten duena eta Google Wave-k proposatzen zuena. Ez luke zentzurik posta elektroniko bidez gure hornitzaile bera dutenekin soilik komunikatu ahal izatea (Gmailekoak beraien artean, Euskaltelekoak Euskatelekoekin soilik...). Zergatik onartzen da, orduan, sare sozialetan?

Zorionez, hasi dira horrelako ekimenak ernatzen. Twitteren, antzeko zerbitzu bat emateko StatusNet software librea dago 2008tik, edozeinek instalatu dezakeena. Identi.ca zerbitzu-hornitzaileak erabiltzen du software hori, eta OStatus standar irekia erabiltzen du zerbitzari ezberdinen artean egoera partekatzeko. Eta 2010ean Diaspora software librea sortu zen, Facebooken antzeko zerbitzu bat emateko; software hori ere edozeinek instala dezake. Proiektuaren sortzaileek zerbitzu-hornitzaile gisa eskaintzen dute (oraingoz gonbidapen bidez, espero dute urtebetean-edo mundu guztiarentzat irekitzeko prest izatea), eta, haren bidez, zerbitzari ezberdinek informazioa trukatzen dute (horretarako estandar irekirik erabiltzen ez badu ere, software librea denez erabiltzen duen komunikazio-protokoloa edozeinek ikusteko moduan dago eta ez dago arazorik estandar bihurtzeko). Beraz, StatusNet-ek eta Diaspora-k, biek ala biek eredu ireki eta deszentralizatuan funtzionatzen dute. Gainera, partekatzen diren argazkiak eta bestelakoak gure zerbitzarian gordetzen dira, eta jabegoak gurea izaten jarraitzen du. Bestalde, protokolo ireki horiek erabiliz elkarrizketen dispertsioa ekidin daiteke, denek erabiltzen badute.

Ikusi behar sare sozial berri hauek jendea erakartzeko gai diren, eta etorkizunean horrelako sareak nagusitzen diren. Horretarako oztopo handia da jende gehiena sare itxietan egotea. Izan ere, logikoena da jendeak lagun gehien dituen sare sozialetan izena ematea (Facebook, Twitter...); ez, ordea, oso jende gutxi dagoen berri hauetan sartzea... Horrelako oztoporik ez legoke sare sozial nagusiek Diasporaren eta StatusNet-en estandar irekiak inplementatuko balituzte eta batzuen nahiz besteen erabiltzaileak elkarrekin komunikatu ahal izango balira. Baina ez dute hori egingo noski. Nahiago dute eredu itxia, nagusitasuna mantentzeko...

Beraz, alternatibak badaude, eta gure esku dago etorkizuneko sare sozialen panorama irekiagoa, deszentralizatua eta ez-monopolizatua izatea. Ikusi behar helburu hori lortzen dugun ala gure urrezko kaiola ederretan bizitzen jarraitzea aukeratzen dugun.

"Dublinés", Zapicoren album berria

e-gor 2011/03/30 23:50
Apirilean aterako den albumaren 20 orri online ikus daitezke
"Dublinés", Zapicoren album berria

Irudia: Alfonso Zapico

Blog honen jarraitzaileek jakingo duzue Alfonso Zapico komikigile asturiarra (asturianuzko Uiquipediako sarrera), lagun izateaz gain (edo horregatik ere agian, nahiz ez dudan uste), oso gustuko dudala. Lau aldiz aipatu izan dut hemen: lehena 2007ko Angulemako komiki-azokatik nire furgonetan bueltan gentozela bere La guerre du professeur Bertenev albumean egin zidan dedikatoria ederragatik, bigarrena 2008an Astiberri Bilboko argitaletxearekin kaleratutako Café Budapest albumaren iruzkina egin nuenean, hirugarrena 2009an izandako berri on guztiengatik (sari-izendapenak, La guerra del profesor Bertenev Espainian argitaratu izana eta bere lan berria prestatzeko Angulemako La maison des auteurs etxeak beka eman izana) eta laugarrena aipatutako La guerra del profesor Bertenev-egatik 2010eko Bartzelonako komiki-azokan egile berriarentzako Josep Toutain saria eraman zuenean. Eta 2011n ere ezin aipatu gabe geratu... ;-)

Oraingoan albiste dugu Angulemako La maison des auteurs-en urte bete baino gehiagoz prestatzen egon den lana (eta bere blogean zatitxoak erakusten joan zaiguna) kaleratzear duelako Astiberrik: Dublinés, James Joyce-ren bizitzan oinarritutakoa. El País egunkarian iragarri du Álvaro Pons La cárcel de papel blogaren egileak, oso leku onean utziz. Horrez gain, albumaren lehen 20 orriak ikus daitezke egunkari horretan bertan eta, ezin zen bestela izan, itxura bikaina du. Ea komiki honek ere, orain artekoek bezala, harrera ona duen eta, zergatik ez, saririk irabazten duen! Zorionak Alfonso, eta zorte on!

Nafarroako Nazioarteko Komikiaren II. Azoka

e-gor 2011/03/29 22:05
Iruñean, apirilaren 4tik maiatzaren 1era
Nafarroako Nazioarteko Komikiaren II. Azoka

Irudia: Charlie Christensen

Hurrengo hilabetean (zehazkiago, apirilaren 4tik maiatzaren 1era) Nafarroako Nazioarteko Komikiaren II. Azoka (webgunea gaztelania hutsean) egingo da Iruñean, Kondestablearen Jauregian, Tiza elkarteak antolatuta. Azoka honetan hainbat ekitaldi egingo dira, jarraian aurkeztuko dizkizuegunak.

Erakusketak

Gonbidatuak

Zinema zikloa

I. komiki azoka

Nola I.a? Ez al zen II.a? Badakit hau nahasgarria dela, baina kartelean aurten bigarren edizioa duten ekitaldi sortari "Salón"="Azoka" deitu diote, eta gero horren barruan lehenengo aldiz antolatzen den ekitaldi honek, "Feria" deitzen diotenak, ez du itzulpenik eta nik "Azoka" itzuli dut, hau baita normalean azokatzat ulertzen dena: denda eta argitaletxeen standak. Ikusita gero barruan "Feria" dagoela, agian "Jardunaldiak" itzulpen zuzenagoa zatekeen "Salón"entzat. Tira, standdun azoka hau apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean egingo da Tres Reyes hotelean.

Lehiaketa

Boterearen esku beltzaren kontrako filtrazioak gaiarekin.

Juan Carlos Egillor hil da

e-gor 2011/03/23 21:05
Komikigintzan lan oparoa egina da
Juan Carlos Egillor hil da

Irudia: Ismael Diaz de Mendibil / Juan Carlos Egillor

Juan Carlos Egillor komikigile, margolari, ilustratzaile eta zinegilea hil da. Berak egindako kartel (aldameneko Bilboko jaietakoa, esaterako) eta diskoen portada asko (Ruper Ordorika, Oskorri...), bere berezko estilo horrekin, oso ezagunak dira.

Baina komikigintzaren munduan ere famatua zen oso, Euskal Herrian ez ezik baita hemendik kanpo ere. El Correo Español, Egin, El Pais eta beste egunkari askorentzat egindako komiki-bandak (Mari Aguirre, Miss Martiartu...), Euskadi Sioux aldizkariko lanak... Galera handia benetan.

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz

e-gor 2011/03/21 23:35
Euskal Encodings-en, orain DVD kalitatean
Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz

Irudia: Lucasfilm Limited

Edozein haurrek, behar bezalako hezkuntza izan dezan, derrigorrezkoa du Star Wars filmen jatorrizko trilogia ikustea. Semeek 7 eta 8 urte dituztela-eta, ordua iritsi zaie bizitzan hain garrantzitsua izango duten pausoa emateko (nik 6 urterekin zineman ikusi nuen lehen pelikula izan zen Star Wars IV, jatorrizko trilogiako lehenengoa, 1977an estreinatu zenean), eta duela denbora dezente nituen Internetetik jaitsita filmok, gaztelaniaz eta ingelesez.

Eta halako batean aurkitu nuen Euskal Encodings webgunean, euskarazko ehunka serie, film nahiz komiki partekatuz euskararen alde hain lan eskerga bezain beharrezkoa egiten duen webgune zoragarri horretan, Star Wars-en jatorrizko trilogia hori euskaraz! Dirudienez, ETBk 1992an eman zituen hiru filmok euskaraz, eta Taichisan nekaezinak igo zituen Euskal Encodings-era, VHS zahar batzuetatik ripeatuta.

Star Wars euskaraz edukitzea kristorena izanda ere, egia esan irudiaren eta soinuaren kalitatea ez dira beste munduko ezer (VHS zaharretatik ezin miraririk egin), eta telebista edo pantaila on samar baten nabaritzen da. Horregatik nik ere apur bat laguntzea pentsatu nuen, DVD kalitateko irudia jarriz bideooi.

Horretarako, jatorrizko trilogiako ingelesezko DVD-Ripak jaitsi nituen, baina jatorrizko bertsiokoak, euskarazko audioekin bat etor zitezen (1997an eta 2004an George Lucas zuzendariak eszena batzuk hobetu eta berri batzuk gehitu zizkion). Euskarazko filmei audioa erauzi nien MEncoder programa erabilita, baina hala ere luzerak ez zetozen bat, 5 minutu inguruko diferentzia zegoen, batzuek 25 fps (irudi segundoko) zituztelako eta besteek 24. Audacity programaren bidez editatu nituen euskarazko audioak, iragarkiak moztuz eta ingelesezko DVDekin bat etortzeko luzatuz. Amaitzeko, DVDko bideoak eta euskarazko audioak sinkronizatzeko eta azken montajea egiteko KDEnlive erabili nuen. Horrez gain, ingelesezko bertsioan azpititulatuta zeuden zatientzat ere (lurretik kanpoko hizkuntzetan esaten dena, Jabba eta sari bilatzailea nagusiki) euskarazko azpitituluak sortu ditut Subtitle Editor softwarea erabiliz. Prozesu guztia, beraz, Linux eta software librea erabiliz egin dut.

Euskal Encodings-en bidez partekatu dut guztia, beraz nahi duenak han ditu eskuragarri Star Warsen jatorrizko hiru filmok DVD kalitateko irudiarekin eta euskaraz, eta euskarazko azpitituluak euskaraz ez dauden zatientzat. Hala ere, ez dut esperientzia ez pazientzia handirik bideo edizioan, eta sinkronizazioa ez da guztiz perfektua ere, baina tira... Norbaitek hobetu nahi badu, ongietorria izango da!

On egin, eta izan bedi zuekin barne-indarra!

Sendabide ala iruzurbide - Medikuntza alternatiboa proban

e-gor 2011/03/14 23:20
Elhuyarrek argitaratu du liburu bikain hau zientziaren dibulgazioko liburuen "Z izpiak" sailean
Sendabide ala iruzurbide - Medikuntza alternatiboa proban

Irudia: Elhuyar

Ez dut ohiturarik blog honetan lantoki dudan Elhuyarri buruzko kontuez berba egiteko. Hor eskuinean ikusten den aurkezpenean dioenez, e-gor alter ego informatikari eta komikizalearen ziber-ibilerak kontatzen ditut hemen, eta ez laneko kontuak. Elhuyar aldizkarirako egiten dudan Mundu Digitala ataleko artikuluak pegatzen ditut bai, baina hori ez da nire lanaren zati, lanetik aparte egiten dudan kolaborazio bat baizik, eta gaiak aukeratzeko askatasun osoa dudanez, interesatzen zaizkidan informatikako gaiak dira horiek ere. Laneko kontuak hemen ez aipatzeko arrazoiak bi dira nagusiki: bata, laneko kontuez aritzea lanorduetan (eta ordainduta) egin beharko litzatekeela uste dudala, eta bestea, laneko kontuez ere aritzeak objektibotasun eta independentzia irudia (honek halakorik balu) kaltetu dezakeela.

Horrez gain, blog pertsonala izanagatik, tematikoa dela ere esan daiteke, eta normalean informatika eta komikiei buruz idazten dut, oso gutxitan soilik bestelako gaiei buruz.

Kontuak kontu, Elhuyarrek argitaratutako liburu bati buruz aritu behar dut oraingoan, ez komikiekin ez ordenagailuekin zerikusirik duena. Eta bikaina iruditu zaidalako egin nahi dut, iritziak iritzi. Ez baitut nire burua autozentsuratu nahi, liburu bat atsegin izan badut eta berari buruz idazteko gogoa badut, ez dut egin gabe utziko soilik Elhuyarrek atera duelako.

Delako liburua Sendabide ala iruzurbide - Medikuntza alternatiboa proban da, Edzard Ernst eta Simon Singh-ena (jatorrizko izenburua Trick or Treatment? Alternative Medicine on Trial). Elhuyar Fundazioak zientziaren dibulgazioko liburuen Z izpiak sailean atera duen bigarren liburua da, Ia denaren historia labur bat baita ere apartaren ondoren.

Bertan, gaur egun hain modan dauden medikuntza alternatibo ezberdinak aztertzen dira ikuspegi zientifikotik. Horretarako, metodo zientifikoa zertan datzan ere azaltzen du (entsegu kliniko ausazkoak, plazebo bidezko kontrola, itsu bikoitza...) medikuntzaren historiako pasarte oso interesgarriak kontatuz (eskorbutoaren sendabidearen aurkikuntza, odol-hustutzeak...), eta metodo zientifikoaren baliagarritasuna defendatzen du arazoen kausak, sendabideen efektibotasunak eta, finean, gauzei buruzko egia aurkitzeko. Hipokrates medikuntzaren aitak esandako ondoko esaldia baitu liburuak gidaritzat: "berez, bi gauza daude, zientzia eta iritzia: lehenengoak jakintza sortzen du; bigarrenak, ezjakintasuna".

Ondoren lau medikuntza alternatibo zabalduenetako bakoitzari (homeopatia, akupuntura, sendabelarrak eta kiropraktika) kapitulu bana dedikatzen die, beraien jatorria eta oinarriak azalduz, ikuspegi zientifikotik zorrotz aztertuz egin zaizkien azterketak eta efektibotasuna eta segurtasuna frogan jarriz. Amaieran, beste medikuntza alternatibo askoren inguruko oinarriak, efektibotasuna eta segurtasuna orri banatan aztertzen ditu.

Liburua oso modu irakurterrazean idatzita dago; nik aurretik jatorrizko bertsioa irakurria nuen, eta euskarazkoa berriz irakurri dut.

Finean, <SPOILER ALERT!!!>medikuntza horietako ia denak oso gaizki ateratzen dira azterketa zientifikoetan: gehienek ez dute plazeboz haragoko efekturik, batzuk soilik dituzte efektu onuragarriak kasu oso konkretu batzuetarako eta, hala ere, gutxitan dira benetako medikuntza bezain eraginkorrak, eta batzuk arriskutsuak ere badira. Eta esan daiteke ondorio ukaezinak direla, frogetan oinarritutakoak.</SPOILER ALERT!!!> Gai polemikoa izan daiteke hau, batez ere Euskal Herri honetan gauza natural eta tradizionalekiko lotura eta sinesmen handia dagoelako, eta medikuntza hauetako asko natural eta tradiziozkotzat jotzen direlako, maiz oker. Onartu behar zaio, beraz, ausardia Elhuyarri liburu hau ateratzean.

Liburu guztiz gomendagarria kritika oso onak jaso dituena. Eta benetako luxua da liburu hau euskaraz izatea, beste bost hizkuntzara soilik itzuli da momentuz!

Fitxa

Izenburua: Sendabide ala iruzurbide - Medikuntza alternatiboa proban

Egileak: Edzard Ernst eta Simon Singh

Argitaletxea: Elhuyar Fundazioa

Urtea: 2010

ISBN: 978-84-92457-54-0

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10