Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Tabary hil da

e-gor 2011/08/19 23:45
Iznogud pertsonaia ezagunaren marrazkigilea zen
Tabary hil da

Irudia: Zewan / Tabary

Herenegun hil zen, 81 urte zituela, Jean Tabary komikigilea. Pilote aldizkariko kolaboratzaile ohikoa eta hainbat pertsonaiaren sortzailea, batez ere Goscinny gidoilariarekin sortu zuen Iznogud pertsonaiagatik da ezaguna, Kalifaren tokian Kalifa izan nahi zuen Bisir gaiztoa. Galera handia komikiaren munduarentzat.

Bilatzaileak ere sare sozialen arrastoan

e-gor 2011/07/29 20:59
Sare sozialak dira azken urteetan Interneten arrakasta handiena izan duen fenomenoa. Twitter, Facebook eta horrelako tokiek milioika erabiltzaile bereganatu dituzte oso denbora gutxian. Sare sozialen bidez, gure gustuak, aurkikuntzak eta egindakoak lagun eta ezagunekin partekatzea ohikoa bihurtu zaigu. Joera hori beste esparru eta zerbitzu batzuek ere baliatu dute: komunikabideen edukien zabalkundean, adibidez, gero eta garrantzitsuagoak dira lagunen gomendioak. Eta bilatzaileek ere ez dute olatua galdu nahi; Googlek, adibidez, neurri batean behintzat, beti izan du osagai sozial hori.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko maiatzeko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

1998. urtean, Altavista, Lycos, Yahoo eta beste batzuk nagusi ziren bilatzaileen munduan Google hasiberria sartu zen; eta nola sartu, gainera! Jan egin zituen beste guztiak. Horren arrazoien artean indexatuta zituen webguneen kopuru handia eta azkartasuna zeuden, baina arrazoi nagusietako bat, zalantzarik gabe, emaitzak ordenatzeko bere PageRank algoritmo iraultzailea izan zen, besteek baino emaitza nabarmen hobeak ematen zituena, eta geroztik guztiek erabili dutena.

Ordura arteko ordenatzeko algoritmoek ez zuten ongi funtzionatzen. Orrien edukiaren arabera erabakitzen zen zein ordena izango zuten emaitzetan (bilatutako hitza zenbat aldiz agertzen den orrian, ea izenburuan agertzen den...), edo bilatzailearen jabeak berak egokitzat jotzen zituen webguneen arabera. Googleren PageRank algoritmoa izan zen, nolabait, lehen algoritmo sozial edo demokratikoa. Beste webgune batzuek zenbat eta gehiago estekatu orri bat, orduan eta hobeagotzat jotzen da hura emaitzetarako. Egia da ez dela soziala gaur ezagut dezakegun moduan; hau da, ez dira azken erabiltzaileak orri baten garrantzia erabakitzen dutenak, beste webgune batzuen egileak baizik. Baina garai hartan Interneten ez zegoen apenas interakziorik; erabiltzaileak kontsumitzaile hutsak ziren. Webguneen egileak kontsidera daitezke, nolabait, orduko erabiltzaile aktiboak, eta haiek esateko zutena kontuan hartzen zuen PageRank-ek.

Erabiltzaileak kontuan hartuz

Arrakasta gorabehera, Google ez zen lokartu, eta, emaitzen ordenaren garrantziaz jabetuta, ordenatze-algoritmoetan hobekuntzak sartzen eta aitzindari izaten jarraitu du. Ordenatze-algoritmoan beste faktore batzuk integratuz joan da, horietako bakoitzari pisu ezberdina emanez. Eta faktore horietako batzuk erabiltzaileen ezagutza kolektiboaz baliatzen dira. Adibidez, ordenatzerakoan, Googlek kontuan hartzen du berak itzulitako emaitzetako bakoitzean zenbat aldiz egin duten klik erabiltzaileek.

Duela pare bat urte, erabiltzaileak emaitzak bere gustura berrordenatzeko aukera gehitu zuen Googlek, emaitza bakoitza gorako eta beherako botoi gezidunen bidez tokiz aldatzea ahalbidetuz (erabiltzaile erregistratuei soilik, eta aukera hori aktibatzen bazuten). Informazio hori, erabiltzaile horren hurrengo bilaketetan erabiltzeaz gain, edozein emaitza ordenatzeko ere baliagarria zen, noski.

Esadazu norekin zabiltzan...

Hala ere, jende gehienak gauza bat atsegin izateak ez du esan nahi geuk ere hori atsegingo dugunik. Adibidez, scorpions bilatuta, heavy metaleko taldearekin zerikusia duten emaitzak eta animaliarekin zerikusia dutenak agertuko dira; emaitzak hobetzeko jendeak non klikatzen duen edo zein emaitza bidaltzen dituen gora kontuan hartuz gero, oso litekeena da musika-taldearenak gorago agertzea. Biologoak bagara, guk nahi ditugunak han behean galduta geldituko dira... Hau da, jakintza kolektibo bereizi gabea kalterako ere izan daiteke kasu batzuetan.

Baina esaerak dioen bezala, "esadazu norekin zabiltzan eta esango dizut nor zaren". Gure inguruak definitzen gaitu. Eta gure zaletasuna biologia bada, gure sare soziala osatzen duen jende askorena ere izango da, ziurrenik. Hori aprobetxatzen du Googlek martxan jarri duen azken hurbilpen sozialak. Sare sozialetako konbentzioari jarraiki, emaitza bakoitzaren ondoan "+1" botoi bat jarri dute (aukera aktibatzen duten erabiltzaile erregistratuentzat), emaitza hori atsegin dugula adierazteko. Eta informazio hori erabiliko da gure sare sozialeko jendearen emaitzetan (gure GMail, GTalk eta Google Buzz-eko kontaktuetan dugun jendearenetan). Hau da, scorpions bilatu ondoren gure kontaktu batek eskorpioiaren (animalia) inguruko orri batean "+1" egin badu, guk hori (edo emaitza berak edo antzekoak ematen dituen beste zerbait) bilatzean, orri hori nabarmenduta agertuko zaigu.

Oraindik ikusi beharko da aukera berri hau benetan baliagarria den eta gure bilaketa-ohiturak aldatzen dituen edo, beste askotan gertatu den bezala, tiradera batean bukatzen duen esperimentu hutsa izango den. Horretan zerikusi handia izango dugu internautok, botoi hori benetan erabiltzen hasten bagara bihurtuko baita baliagarri. Ikusi behar zein jarrera hartzen duen jendeak. Batzuek ez diote inola ere lagundu nahiko munduko enpresa aberatsenetako bati; beste batzuek alferkeriagatik ez dute erabiliko... Baina lagunekin informazioa sare sozialetan partekatzeko joera gero eta handiagoa da; eta erabiltzaileei lagunekin gauzak partekatzeko modua dela eta horrela lagunei laguntzen diegula ikusaraztea lortzen badute, etorkizuna izan dezake.

"Les Godillots", Markoren album sail berria

e-gor 2011/06/22 21:55
Lehen Mundu Gerran kokatutako istorio sail honen lehen albumak atera berritan jada sari bat lortu du
"Les Godillots", Markoren album sail berria

Irudia: Marko

Xabiroi aldizkariko kolaboratzaile Marko Armspachek (@gatobazka Twitter-en) album sail berri bat hasi du Frantziako merkatuan, Les Godillots. Lehen album honek Le Plateau du Croquemitaine du izenburua.

Sail berri hau  ere lehenago Agence Barbare lau albumeko saila egin zuen gidoilari berarekin egiten ari da, Olierrekin alegia.

Maiatzean atera berri da albuma, eta jada sari bat lortu du: BDécines jaialdiaren 12. edizioko album onenaren saria, hain zuzen ere. Eta kritika onak jasotzen ari da gainera.

Album honez gain, Marko nekaezina beste gauza anitzetan dabil azkenaldian: E-Zapbook bloga du martxan, Le crochet à nuages albuma atera zuen urte hasieran Dargaud argitaletxea eta Geo aldizkariarekin, Egunero Bat webgunean umorezko marrazki bat egiten du egunero...

Zorionak sariagatik, Marko, zorte on bilduma berriarekin eta segi mila gauza interesgarriok egiten!

Joseviskyren komiki-erakusketa

e-gor 2011/06/21 21:45
Lasarteko Jalgi kafe-antzokian, uztailean
Joseviskyren komiki-erakusketa

Irudia: Josevisky

Joseba Larratxe Josevisky komikigileak, duela gutxi hemen aipatu genizuen KKLRD online komikiaren egileak, erakusketa jarriko du Lasarteko Jalgi kafe-antzokian.

Uztailean zehar, Matraka, Nabarra eta Aldiri aldizkarientzako Joseviskyk egindako komiki eta zintak izango dira bertan ikusgai, eta baita aipatutako KKLRD webgunerako egindako komikia ere.

Aukera ederra komikigile honen lana ezagutzeko.

Xabiroi 23

e-gor 2011/06/20 22:55
"Zebra efektua" sailaren azken atalarekin eta "Kortsarioen ostatua" sail berriaren lehenarekin
Xabiroi 23

Irudia: Guillermo Gonzalez

Atera da Ikastolen Elkarteak editatzen duen Xabiroi komiki-aldizkariaren 23. zenbakia, aurtengo ekainari dagokiona.

Zenbaki honetan ondokoak ikusiko ditugu:

  • Zuen zerbitzari leial honek egiten duen Albisteen txokoa
  • Manu Ortegaren Haizea banda
  • Auzomorro umorezko orri bikoitza, Sanviren gidoi eta irudiekin
  • Iñaki G. Holgadoren irudiak eta Harkaitz Canoren gidoia duen Zebra efektua istorio bikainaren azken atala
  • Patxi Zubizarretaren gidoia eta Manu Ortegaren irudiak dituen Irribarre beltza 5 orriko istorioa
  • KomikITAUN elkarrizketa-orri bikoitza, oraingoan gure Markorekin
  • ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
  • Kortsarioen ostatua sail berria, Dani Fanoren gidoia eta Guillermo Gonzalezen irudiekin. Itxura aparta du!
  • Asiskoren Hor Konpost banda
  • Loperen Behien Tarzanen 3 orri

Eta gogoratu, otsailaz geroztik Xabiroi aldizkaria (eta baita bertatik ateratako Saiak, Piztia Otzanak eta TeleAtoi albumak ere) Euskal Herriko hainbat komikidendetan eskuratu ahal izango dela, zehazki hauetan:

Etzazula galdu!

Nobela grafikoaren tailer aurreratua Gasteizen hurrengo astean

e-gor 2011/06/13 21:37
Paco Roca komikigile ezagunaren eskutik

Azken urteetan Espainiar estatuan sarituenetakoa izan den Paco Roca komikigile ezagunak (Arrugas, El invierno del dibujante...) nobela grafikoaren inguruko tailer aurreratua emango du hurrengo astean Gasteizen, Krearen eskutik.

Ekainaren 22tik 24ra izango da tailerra, 18:00tatik 21:00tara, Arte eta Diseinuko Goimailako Eskolan.

Makinak telebistako lehiaketak irabazten

e-gor 2011/06/07 18:30
Otsailean, Watson izeneko ordenagailu batek AEBko Jeopardy! telebista-lehiaketa ezaguna irabazi zuen, saio horren historia luzean izan diren bi lehiakide onenen aurka. Skynet sortu da? Vinge, Kurzweil eta bestek iragarritako singularitatea iritsi dugu? Watsonek egin duena harrigarria bada ere, ezin dugu esan adimen artifiziala lortu denik. NLP (Natural Language Processing edo Lengoaia Naturalaren Prozesamendua) eta IR (Information Retrieval edo Informazio Bilaketa) teknologiak besterik ez ditu erabiltzen Watsonek, Elhuyarreko I+G sailean edo IXA taldean erabiltzen ditugunen antzekoak. Hori bai, hardware ikaragarri bati esker abiadura handian ibiltzen da eta informazio-kantitate izugarria gordetzen du.
(Elhuyar aldizkariko 2011ko apirileko alean argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Jeopardy! AEBko telebistako lehiaketa bat da, gai ezberdin askoren inguruko galdera-erantzunez osatua. Definizio bat emanda, lehiakideek asmatu behar dute zer den definitzen den hitza, pertsona, gauza, tokia edo dena delakoa; baina definizioek hitz joko eta tranpatxo ugari ere badituzte. Urte asko dira ematen dutela, eta bertan parte hartzen dutenek jakituria ikaragarria erakusten dute. Espainiako Saber y Ganar telesaioaren antzeko zerbait da.

Otsailaren 14 eta 15ean, bi saio berezi egin zituzten: hiru partaide normal izan beharrean, bat makina bat zen, eta beste biak saioko inoizko lehiakide onenak. Helburua, makina bat lehiaketa horretan onenak izan diren gizakiei irabazteko gai ote den ikustea. Makina, IBMk egindako ordenagailua, Watson.

Watsonek ez zuen Interneteko konexiorik; beharrezko informazio guztia berekin eduki behar zuen. Ahots-ezagutzarik ez zioten jarri. Galderak testu digitalaren formatuan pasatzen zitzaizkion Watsoni, aurkezleak beste lehiakideei esaten zizkien une berean. Jokoan erantzuteko txanda botoia azkarren sakatzen duenak eskuratzen duenez, Watsonek ere atzamar mekaniko bat aktibatu behar zuen, erantzuteko prest zegoenean. Erantzunak ahoz ematen zituen. Baldintza horietan jokatuta, eta galdera batzuetan gauza arraroak erantzun bazituen ere, asko asmatu zituen Watsonek, baita galdera zail eta hitz-jokodunak ere, eta jipoi ederra eman zien besteei: 77.147 dolar irabazi zituen; gizakiek, berriz, 24.000 eta 21.600.

Adimen artifiziala?

1997an ere IBMren beste makina batek, Deep Blue izenekoak, xakean irabazi zion Gari Kasparov munduko txapeldunari. Xakean jokatzeko adimena behar da, eta, Jeopardy!-n aritzeko, hizkuntza ulertzea. Hain justu gizakien bereizgarri diren bi arloetan, inteligentzian eta hizkuntzan, gainditu gaituzte?

Ez, oraingoz lasai egon gaitezke. Bi kasuotan erabili diren teknikak oso sinpleak direla esan daiteke, giza burmuinaren pentsatze-prozesuaren konplexutasunaren aldean. Deep Blue-k, oinarrian, jokaldi eta kontrajokaldi posible guztien zuhaitzean oso behera egiten zuen bere ahalmen konputazional handia erabiliz, eta irabazteko probabilitate handiena ematen zuen bidea hautatzen zuen kasu bakoitzean, besterik ez.

Watsonek erabiltzen dituen teknikak ere sinple samarrak dira. Erantzun asko asmatu arren, beste batzuetan oso gauza arraroak esan zituen, benetan hizkuntza "ulertzen" ez duen adierazgarri. DeepQA teknologia erabiltzen dutela diote, finean QA (Question Answering edo Galderen Erantzutea) aurreratu bat. Teknika hauekin, galderaren azaleko azterketa bat egiten da, NLP (Lengoaia Naturalaren Prozesamendua) erabiliz; gero, bertako hitz gakoak bilatzen dira testu-base batean, IR (Informazio Bilaketa) eginez, sinonimo eta abarrez lagunduta, nahi bada; eta, azkenik, emaitza guztietan galdegaiarekin bat datorren hitzik hurbilen eta probableena itzultzen da. Bestalde, egia da hitz jokoetako batzuk ongi asmatu dituela, eta, beraz, ohiko teknikak hobetu dituztela onartu behar da.

Baina bere arrakastaren gakoa, Deep Blue-rena bezala, ahalmen konputazionalean dago. Watsonek 2880 prozesagailu-nukleo ditu, 80 TeraFLOPS-eko abiadura ematen diotenak, eta 15 Terabyte-ko RAM memoria du. Horri esker, informazio asko gorde dezake, informazioa azkar bilatu, eta kalkuluak oso arin egin.

Makinak pertsona batek duen benetako adimenetik urrun badaude ere, ikusi dugu ataza zehatzetan (xakea, telebistako galdera-lehiaketak...) gizakia gainditzeko gai izan daitezkeela, teknika sinplifikatuen bidez eta ahalmen konputazional handiaren laguntzaz. Batzuek diote 2050. urterako munduko onenen selekzio bati irabazteko gai litzatekeen roboten futbol-taldea egingo dela. Orduan bai izango dela munduaren amaiera... Edo agian jendeak interesa galduko du futbolean, eta gauza garrantzitsuagoetan erabiliko dira dirua eta denbora!

Eta benetako adimen artifiziala lortu ez bada ere, Jeopardy!-ko lehiakideetako batek Homer Simpson omenduz egin zuen bezala, neuk ere, orri hauen bitartez, ongietorria egin nahi diet gure nagusi berri makinei, eta beraien zerbitzari umil eta leialena naizela adierazi. Badaezpada...

Euskarazko aitzindaria: AnHitz

Euskal Herrian, AnHitz zientzia-aditu birtuala, Watsonen antzeko gauzak egiteko gai den makina, aurkeztu genuen 2008an Elhuyar Fundazioak, EHUko IXA eta Aholab taldeek, Vicomtech-ek eta Robotiker-ek. Hura ez bezala, AnHitz gai da ahoz egindako galderei erantzuteko. Hori bai, AnHitz-ek Zientzia eta Teknologia alorretako galderak soilik erantzuten ditu, eta asmatze-tasa ez da ziurrenik Watsonena bezain ona. Normala da, euskararentzako hizkuntza-teknologietan ikertzen ez baitago ingelesarentzat adina pertsona eta diru.

AnHitz
Irudia: Igor Leturia

AnHitz-en galderak erantzuteko gaitasunaren atzean, IXA Taldearen Ihardetsi QA sistema dago. Watson bezain ona izan gabe ere, Watsonen kalkulu- eta biltegiratze-ahalmena izanez gero, lehiaketa bateko txapeldun bati ez dakit, baina ni bezalako pertsona normal bati irabazteko gai izango litzateke, ziurrenik. Norbait horrelako lehiaketa bat antolatzeko prest?

KKLRD, euskarazko online komikia

e-gor 2011/06/06 18:20
http://www.kklrd.com helbidean ikusi edo jaitsi daiteke
KKLRD, euskarazko online komikia

Irudia: Josevisky

Joseba Larratxe Josevisky eta Lazaro Yak Boldo gidoilaria online komiki bat argitaratzen hasi dira, KKLRD. Helbide horretan komikia ikus daiteke, eta baita osorik jaitsi ere. Gainera, SextySexers taldeko gitarrista Joseba Baleztenak musikatua dago webgunea. Lehen alea testu gabekoa bada ere, ondorengoak euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzeko asmoa dute.

Itxura benetan bikaina dute bai komikiak baita proiektuak berak ere. Animo abentura berri honetan!

Ganorabako 2011 lehiaketaren irabazleak

e-gor 2011/06/04 21:50
Euren webgunean ikus daitezke aurtengo zein aurreko urteetako lan irabazleak
Ganorabako 2011 lehiaketaren irabazleak

Irudia: Rubén del Rincón Cruz

Blog honetan sarritan hizpide izan dugun Basauriko Pozokoetxe Kultur Etxeak antolatzen duen Ganorabako komiki-lehiaketak baditu 2011ko edizioko irabazleak. Hauek dira:

Horiez gain, iazko eta beste urte batzuetako lan irabazleak ere ikus daitezke web gunean.

Astiberri Bilboko argitaletxeak 5 sari Bartzelonan

e-gor 2011/05/26 21:10
7 izendapen zituzten aurten ere
Astiberri Bilboko argitaletxeak 5 sari Bartzelonan

Irudia: Astiberri

Bartzelonako Komiki-Azokaren (Espainiar estatuko komiki-azokarik garrantzitsuenaren) 29. edizioan 5 sari eraman ditu (7 izendapen zituen) Bilboko Astiberri argitaletxeak. Paco Rocaren El invierno del dibujante komikiak (Bruguera garaiko komikigileen istorio hunkigarria) 2 sari eraman ditu, lanik onenari eta gidoirik onenari ematen zaizkionak hain zuzen. David Sánchezek egile berriaren saria eskuratu du Tú me has matado lanagatik, Santiago Garcíak komikiaren dibulgazioaren saria La novela gráfica liburuagatik eta María y yo filmak (Miguel Gallardok Astiberrirekin ateratako autismoari buruzko izen bereko komikian oinarritutakoak) komiki batean oinarritutako film onenaren saria. Zorionak, Astiberri! Ea saritutako komikiak (eta, zergatik ez, beste denak ere) euskaraz ikusterik dugun!

e-gorblog

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Harpidetza
Erantzunen harpidetza
Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10