Ortozik
portugal
O português
Hizkuntzari buruzko xelebretasunak
Beharbada galiziar edo portguêsen batek muturra okertuko dit, baina galegoa eta portguêsa hizkuntza bera dira. Bien artean, galegozar(1) batek egin dezakenari erreparatuta, euskara dialektoen artean baino ezberdintasun xuabeagoak daude, fonetika, hiztegia, morfologia edo sintaxiari erreparatuta.
Bien jatorri berdinari buruzko artikulo bat: português galego
Galegoaren egoera ez da oso txukuna, Xunta, Fraga eta Espainiako Govermentaren galego oficialak jatorrizko hizkuntza decretoz oso urte gutxitan eraldatu du, españolizatuz. Eibarren adiñean aurrera doazen askori entzuten zaien galego polittak ez dauka galeuzcaTBen entzun ahal izan dugunaren antzik, edo Minhotik beherakoarena baino antz gehiagorik. Galiziar hizkuntza elkarte erredikalenek, hizkuntzaren ikuspegitik zentzudunenak direnak, grafia portuguêsari hurbiltzea aldarrikatzen dute, grafia galaiko zaharra errekuperatuz. Ez dakit zein mailara arte zilegi den hizkuntza bera direna esatea, baina hizkuntza bakarra zena bitan banatzea XV mendearen bueltan jazo zen, Minhotik gorakoek inguruko monarkien eragin sakonagoa izatera pasatzean.
Euskarak zenbat tratu ezberdin jasan ote ditu? Gogoetarako.
Orain portguêsarekin jarraituz, hiztegian castellanozko antzekoak edo berdinak diren hitz batzuren esangura aldatu batzuk aipatuko ditut:
namorar: ez da hitz hain maiteminkorra, ligatzearekin zerikusi gehiago du. Gau batez pertsona batekin namoratzea lor dezakezu. Asko namoratzen duen neska edo mutilik ere egongo da eta namorada/o, neskalagun edo mutilagun esateko darabilte. Noivo edo noiva oso serioak dira.
apaixonada/o: hau bai, maiteminduta dagoena.
fofinho/a: potxolo edo ume txiki bati esan ahal zaiona. Horretara, neska bat fofinha, ez da zatarra edo lodiagatik izango, eta erabiltzen ez de arren, fofinha espantosa sekulako piropoa genuke, espantoa, zentzu oneko harridura da eta. Era berdinean, pelikula izugarri ona, espantosoa litzateke.
gente: a gente (a xente antzekoen), jendea da, baina gutasuna adierazten duena. Lagun bati, a gente lá vai esan ezkero, joango garela, bagoazela adieraziko diogu. Politta (Sarrik bere libururen baten aipatu zuen, ez dut zeinetan gogoan).
escova: eskuila edo zepilloa da. Horrela, Portugalen egonda, egunero escovar os dentes egin daiteke.
ultrapassar: aurreratzea. Esaterako, kotxe batek bestea.
Eta ezkerra, esquerda, jator jatorretik, euskaratik.
Ondo izan,
o Bárbaro (2)
(1): euskaldunzar moduan edo.
(2):Portugalen denbora batez izan nuen gatxizena zen, hizkuntza barbaroa nuelako, barbaroaren bizarrak nituelako eta barbaroek bezela jaten nuelako (oso finak dira jaten, han ikasi nuen ogi gutxiagorekin jaten eta mahai-tresnak xuxen erabiltzen)
Ventos de Saudade
Atzo Eibarko Coliseo berrian estrainekoz sartu nintzen. Zertara eta Plaentxiko laukote baten fado emanaldira, Ventos de Saudade: Arianne Unamuno ahotsean, Domentx Uzin gitarra portugaldarrarekin, Jon Basauri gitarra espainiarrarekin eta Ane Ugalde flautarekin.

Haize bolada oso atsegina izan zen, ezpairik gabe barrenean saudadeak astindu zizkidana. Lisboan urtebete egin nuen 96ko Urritik 97ko Irailera, motz samar gelditu zitzaidana.
Handik saudadeak ekarri nituen. ORTOZIK hasiera mezuan portuguêsak sentimendutarako daukan hiztegiaren deigarritasuna
aipatzen nuen, obrigado obligado jartzean. Obligaturik sentitu nuen nere burua inoiz, gero eskerronez egoteko. Bitxia.
Hitz edo kontu xelebre batzuk komentatuko ditut orain ditudan saudadeak hiltzeko. Gaurkoan, saudade bera, hurrengoan maitemindu, ligatu, maitatu eta horrelakoak desberdintzeko erabiltzen dituztenei buruz idatziko dut, edo hizkuntza zoragarri honen beste konturen bat.
Saudade, batzuk nostalgia, herri-min
edo zerbait gogoratzean sortzen den tristura bezela itzultzen dute. Nik ez dut batzuk tristura eta melankoniarekin egiten duten lotura esturik somatzen, baina hainbeste portugaldar herritik kanpora egonda...Han egon nintzen garaian 10 bat milioi pertsona inguru ziren estatuan bizi zirenak, eta 4 bat milioi kanpoan, Europan, Amerikan, Afrikan edo Asian. Hala eta guztiz, saudadea ez da urruntasuna, iraganeko gertutasuna baino.
Fernando Pessoak horrelako zerbait idatzi zuen:
Saudades
so portuguêses
conseguem sentir bem
Porque têm essa palavra para
dizer que as têm
Hau da, saudadeak portugaldarrek bakarrik sentitu ditzaketela ondo, dauzkatela esateko hitz hori daukatelako. Politta, baina nere ustez sentimenduekin hizkuntza guztiak mugatuak dira, gehiago edo gutxiago. Hitza ez izanagatik, sentitzeak bere tokia du.
Sentimentuetan hitzak motz.
Pertsona batetaz ere eduki daitezke saudadeak. Aspaldi ikusi barik egonik, egon, ikusi eta berarekin tarte atsegin bat pasatzean matando saudades zaude.
Blogean bideo bat sartzeko praktikan aurkitutako ñoño xamar honetan irakurri dudan esaldi batek sentimenean erresonantzia bezalako bat eragin dit. Bai, hori, hori: Saudade é a certeza de ter vivido e sentido o que algum dia, em algum lugar nos marcou pra valer. Saudadea inoiz sentitu edo bizi izan dugunak era berezian markatu izan gaituenaren ziurtasuna da. Era berezian jarri dut, pra valer hori zelan itzuli jakin barik, balio izateko, probetxurako, baliotsua bilakatzeko...
Bukatzeko, Plaentxiko laukote ausartari eskerrak eman beharrean nago, kontzertu bikaina eman eta Portugal gogora ekarri izanagatik, muito obrigado. Era honetan nere saudade batzuk erahil ditut. Gelditzen direnekin zuekin jarraituko dut xelebrekeriaren bat edo beste azaltzen. Hurrengorako pistak, namorar, apaixonado, fofinha espantosa eta abar.
Ventos de Saudade
Avante!!