Ortozik
Ventos de Saudade
Atzo Eibarko Coliseo berrian estrainekoz sartu nintzen. Zertara eta Plaentxiko laukote baten fado emanaldira, Ventos de Saudade: Arianne Unamuno ahotsean, Domentx Uzin gitarra portugaldarrarekin, Jon Basauri gitarra espainiarrarekin eta Ane Ugalde flautarekin.

Haize bolada oso atsegina izan zen, ezpairik gabe barrenean saudadeak astindu zizkidana. Lisboan urtebete egin nuen 96ko Urritik 97ko Irailera, motz samar gelditu zitzaidana.
Handik saudadeak ekarri nituen. ORTOZIK hasiera mezuan portuguêsak sentimendutarako daukan hiztegiaren deigarritasuna
aipatzen nuen, obrigado obligado jartzean. Obligaturik sentitu nuen nere burua inoiz, gero eskerronez egoteko. Bitxia.
Hitz edo kontu xelebre batzuk komentatuko ditut orain ditudan saudadeak hiltzeko. Gaurkoan, saudade bera, hurrengoan maitemindu, ligatu, maitatu eta horrelakoak desberdintzeko erabiltzen dituztenei buruz idatziko dut, edo hizkuntza zoragarri honen beste konturen bat.
Saudade, batzuk nostalgia, herri-min
edo zerbait gogoratzean sortzen den tristura bezela itzultzen dute. Nik ez dut batzuk tristura eta melankoniarekin egiten duten lotura esturik somatzen, baina hainbeste portugaldar herritik kanpora egonda...Han egon nintzen garaian 10 bat milioi pertsona inguru ziren estatuan bizi zirenak, eta 4 bat milioi kanpoan, Europan, Amerikan, Afrikan edo Asian. Hala eta guztiz, saudadea ez da urruntasuna, iraganeko gertutasuna baino.
Fernando Pessoak horrelako zerbait idatzi zuen:
Saudades
so portuguêses
conseguem sentir bem
Porque têm essa palavra para
dizer que as têm
Hau da, saudadeak portugaldarrek bakarrik sentitu ditzaketela ondo, dauzkatela esateko hitz hori daukatelako. Politta, baina nere ustez sentimenduekin hizkuntza guztiak mugatuak dira, gehiago edo gutxiago. Hitza ez izanagatik, sentitzeak bere tokia du.
Sentimentuetan hitzak motz.
Pertsona batetaz ere eduki daitezke saudadeak. Aspaldi ikusi barik egonik, egon, ikusi eta berarekin tarte atsegin bat pasatzean matando saudades zaude.
Blogean bideo bat sartzeko praktikan aurkitutako ñoño xamar honetan irakurri dudan esaldi batek sentimenean erresonantzia bezalako bat eragin dit. Bai, hori, hori: Saudade é a certeza de ter vivido e sentido o que algum dia, em algum lugar nos marcou pra valer. Saudadea inoiz sentitu edo bizi izan dugunak era berezian markatu izan gaituenaren ziurtasuna da. Era berezian jarri dut, pra valer hori zelan itzuli jakin barik, balio izateko, probetxurako, baliotsua bilakatzeko...
Bukatzeko, Plaentxiko laukote ausartari eskerrak eman beharrean nago, kontzertu bikaina eman eta Portugal gogora ekarri izanagatik, muito obrigado. Era honetan nere saudade batzuk erahil ditut. Gelditzen direnekin zuekin jarraituko dut xelebrekeriaren bat edo beste azaltzen. Hurrengorako pistak, namorar, apaixonado, fofinha espantosa eta abar.
Ventos de Saudade
Avante!!
Saudadeaz
Muito obrigado a vocè, por chegar como um veleiro cheio de lindas palavras.
Beisinhos!
Arianneri
Beijinhos para voçes e, avante!