Anti-gona
txapela
Elurra eta arropa
Kantauri alde honetan bizi garenondako elurra fenomeno bitxia da, gutxitan agertzen zaiguna herrian. Eta agertutakoan, bizimodua goitik behera aldatzen digu: autoa atera ezin, kalean labain, hotza, bustia... Janzkera ere aldatzen zaigu.
Horrezaz gain, herrietan zarata ere gutxitu egiten da, trafikoa murrizten delako, seguruenik. Estalki zuriak ematen duen argiak lasaitu egiten gaitu. Honek guztionek, bake sentsazioa handia ematen du, eta horregatik maite ditut hainbeste elur-egunak.
Bake honekin batera modan ere eten bat egoten da. Ez dakit zer gertatzen zaigun, baina badirudi elur-egunetan janzkera guztiak libre direla. Armairutik ateratzen dugu gustukoa duguna, baina oso modaz pasata dagoena, aitzakia perfektua baita: hartz beroki berdea, ganbaran agertutako ez-dakit-zeinen katiuskak, aitarenak izandako mendiko bota zaharrak (bi taila handiagoak), Perutik ekarritako artilezko txanoa, amamak eginiko eskuzorro epelak,...
Inoiz ikusi duzue hainbeste kapela, txapel, sonbreiru, txano? Kuriosoa da. Hotz egiten du, konforme, baina izotza botatzen duenean, hotzago egiten du, eta badirudi burua estaltzearena ez dela zilegi, elurrarekin libre den arren. Esplikaezina!
© cc-by-sa: Nazareth Berlanga /Wikipedia
Egia esateko, sonbreiruzale guztiondako egun aproposak izaten dira. Aprobetxatu egiten ditugu egunok etxean dauzkagun kapelu polit askoak ateratzeko, begirada okerrik jaso barik. Zelan disfrutatzen dudan!
Elur gehiago egingo ahal du armairuko beroki modaz kanpoko, baina zoragarri hori janzteko! Oxala elurra mara-mara sarri egingo baligu negu honetan!
Txapela eta Ian McKellen
Zinemaldiko argazki batek atentzioa eman zidan.
Kalean galdetuz gero zein da jantzi tradizionaleen artean gure ikurra, zalantzarik gabe, ia jende guztiak txapela esango luke. Euskal Herrian zein kanpoan; izan ere, italieraz basco esaten zaio...Bitxia da, txapela Euskal Herrian XIX. mendearen erdi aldean zabaldu zelako, duela gutxi, esateko.
Gaur egun, txapela kirol irabazleek baino ez darabilte. Tira, beroarena kendu behar zaio baieztapen honi, badakit; ertzantzak, herri batzuetako udaltzainak, armadako eta guardia zibileko eliteko kideek ere erabiltzen dute. Esan, bestela, gure kaleetan egun arrunt baten zenbat txapel ikusten diren?
Horregatik, argazki hau ikusi nuenean harrituta gelditu nintzen,
oraindik ere imajinario kolektiboan txapela gure (gizonezkoen) ezaugarria delako, Ian McKellen-ek keinu bat egin nahi zigula uste dut, gaueko ekitaldi batera traje eta gorbatarekin joanda txapela janztean. Ondo jantzita. gainera.
Niri polita iruditu zitzaidan, hemen zein ondo jaten den esatea baino orijinalagoa eta ederragoa. Bestalde, esan beharra dago, oso ondo geratzen zitzaiola, ia gizon guztiei geratzen zaien moduan: ederto. Benetan diot, oso-oso guapo egoten dira ia gizonezko guztiak.. Askotan komentatu dugu hainbat lagunek sanandresetan, Euskal Jaixan edo horrelako okasio baterako gure ingurukoak baserritar janzten direnean. Oso erakargarri egiten zaigu, egiatan!
Inoiz ikusi dituzue bilbotar peto-peto horiek domeketan traje eta gorbataz jantzita eta txapela buruan (era berezi batean jarrita) Zazpi kaleetan? Badago gauza dotoreagorik? Ez.
Uste dut txapela erdia ahaztuta dagoen janzkia dela, berreskuratu beharko litzatekeena.Babes handia ematen du, gizonak dotore daude, erosoa da, eta edonon erabil daiteke. Prezioa ere ez da txarra. dena abantaila, zergatik ez jarri berriro ere modan? Burusoil askok eskertuko lukete!
Badakizue: txapela buruan eta ibili munduan!

