Hemen zaude: Hasiera Blogak Anti-gona janzkera tradizionala

Anti-gona

janzkera tradizionala

Kaikuak, gudariak eta mendigoizaleak; hiru izen eta jaka bi

Kalean aspaldi ikusten ez direlako, oroigarri.

Aspaldian neukan gogoa post bat idazteko jantzi hauen gainean. Bai, bai, jantziak. Zer uste zenuten, bada, ergel deitu nahi niela gudari eta mendizaleei? Ez, horixe! Dena Kaikuren kanpaina horrengatik etorri da, eta momentu egokia izan zitekeela pentsatu dut

Hiru izen, arropa bi. Beti egon izan da nahiko nahastea izendatzean. Baina zer dira hiru izen horiek? Denok aditzeko moduan esango dut: sasoi batean txistulariek erabiltzen zituzten jakak edota jertseak.


Gudaria (edo mendigoizalea). © cc-by: Leire Narbaiza

Gaur egun oso demodé daude. Dena den, niri asko gustatzen zaizkit, beharbada umetan ez nuelako ez bata ez bestea izan. Hamasei urtean izan nintzen dantzaria (oraindik ere bihotzean dantzaria naizela esaten dut), gure poxpolin arropekin etxetik dantza egin behar genuen tokira zerbait eroan behar genuen gainetik jantzita. Taldeko askok oso kaiku politak zeuzkaten armarri, lauburu eta ponpoiekin! Nik, ostera, berokia edo jertsea jantzi behar izaten nuen! Gero, nagusiagoak egin ginean eta mutil eskasiagatik, Kaskarotak (Lapurdiko arrain-saltzaileen dantza) egitera kondenatuta geunden. Dantza horretarako arropa askoz arinagoa zen: ez galtzerdi, ez gerruntze, ez gona gorri. Berna hutsean, negu zein uda! Neguan nire hainbat taldekidek kaiku sendo eta dotorea erabiltzen zuten. Ni, beti, enbidiak jota.


Kaikuz jantzita Tafallako eguberrietan. © Tafallako Udala

Dantza taldeaz aparte, ikastetxeko nagusiak Olentzerorekin irteten ginen. Denak neskak izan arren, mutil jantzita joaten ginen: praka bakeroak edo urdinak, alkandora zuria, gudaria, koadrodun zapia saman, ardilanak eta abarkak. Oso janzkera tradizionala, horratik! Hau zergatik galdetuko duzue zuetako askok, beste sasoi bat zelako, diru gutxiago zegoelako, baita jakintza gutxiago ere. Nik ez neukan gudaririk eta lehengusu nagusiago batena erabiltzen nuen, oso zaharra eta gastatua. Hala ere, nahikotxo berotzen zuen, eta gustura erabiltzen nuen egun horretan.


Mendigoizalea (edo gudaria). © cc-by: Leire Narbaiza

Lehenago esan dut gaur egun nahiko demodé daudela jaka bi hauek. Gure ume-denboretan oso arrunta zen horrelako janzkiren bat etxean izatea. Kalean ere oihalezkoak erabiltzen zirelakoan nago, batez ere Bilbon. Edo behintzat hori da daukadan irudia: gizon bilbotar nagusia, txapel eta guzti, gudari urdina jantzita, dotore-dotore. Ez dakit, baina, zergatik laga ditugu alde batera. Euskaldunegiak direlako; baskorroegiak, alegia?

Oskorrik Datorrena datorrela diskoaren azalean atera zituen, euskal look dotorea, ironiaz betetako argazkian.

Abandonu honek beti harritu izan nau, zer geratu da bidean? Zergatik utzi ditugu armairuan sitsak jaten? Beste hainbat jantzi berreskuratu ditugu jaietarako, hauek zergatik ez?

Hiru izen eta jaka bi: oihalezkoa (koadroduna edo ez) guk beti gudari deitu izan duguna, eta puntuzkoa (urdin iluna eta gorria, ponpoiduna) kaikua. Mendigoizale, beste batzuek gudariari ematen dioten izena dela badakit. Zuenean, zelan esaten diezue? Gustuko dituzue? Zein akordu dakarkizuete? Berreskuratuko beharko genituzkeela uste duzue?

Txapela eta Ian McKellen

Zinemaldiko argazki batek atentzioa eman zidan.

Kalean galdetuz gero zein da jantzi tradizionaleen artean gure ikurra, zalantzarik gabe, ia jende guztiak txapela esango luke. Euskal Herrian zein kanpoan; izan ere, italieraz basco esaten zaio...Bitxia da, txapela Euskal Herrian XIX. mendearen erdi aldean zabaldu zelako, duela gutxi, esateko.

Gaur egun, txapela kirol irabazleek baino ez darabilte. Tira, beroarena kendu behar zaio baieztapen honi, badakit; ertzantzak, herri batzuetako udaltzainak, armadako eta guardia zibileko eliteko kideek ere erabiltzen dute. Esan, bestela, gure kaleetan egun arrunt baten zenbat txapel ikusten diren?

Horregatik, argazki hau ikusi nuenean harrituta gelditu nintzen,

Txapela


oraindik ere imajinario kolektiboan txapela gure (gizonezkoen) ezaugarria delako, Ian McKellen-ek keinu bat egin nahi zigula uste dut, gaueko ekitaldi batera traje eta gorbatarekin joanda txapela janztean. Ondo jantzita. gainera.
Niri polita iruditu zitzaidan,  hemen zein ondo jaten den esatea baino orijinalagoa eta ederragoa. Bestalde, esan beharra dago, oso ondo geratzen zitzaiola, ia gizon guztiei geratzen zaien moduan: ederto. Benetan diot, oso-oso guapo egoten dira ia gizonezko guztiak.. Askotan komentatu dugu hainbat lagunek sanandresetan, Euskal Jaixan edo horrelako okasio baterako gure ingurukoak baserritar janzten direnean. Oso erakargarri egiten zaigu, egiatan!
Inoiz ikusi dituzue bilbotar peto-peto horiek domeketan traje eta gorbataz jantzita eta txapela buruan (era berezi batean jarrita) Zazpi kaleetan?  Badago gauza dotoreagorik? Ez.

txalela 2



Uste dut txapela erdia ahaztuta dagoen janzkia dela, berreskuratu beharko litzatekeena.Babes handia ematen du, gizonak dotore daude, erosoa da, eta edonon erabil daiteke. Prezioa ere ez da txarra. dena abantaila, zergatik ez jarri berriro ere modan? Burusoil askok eskertuko lukete!

Badakizue: txapela buruan eta ibili munduan!

Beste blog bana badaukagu hemen, baina Elena Lakak eta Leire Narbaizak, biok elkarrekin (Amodio Jaunarekin batera), Zer erantzi moda (?!) sekzioa daroagu Sustatun.

Iradokizunik bai? Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com


Azken erantzunak
Praka barikan hurrengoan Txerrena, 2010/01/14
txapela aintzane, 2009/10/05
Etiketa lainoa
Carme Chacon Ian McKellen Ruper Ordorika Ségolène Royal Zinemaldia anti-moda arropa arrosa dotorezia faltsua elurra emakumeak galtzetinak gaztetxoak gudaria jakak janzkera janzkera tradizionala kaikua kapela manifestaziotarako arropa medigoizalea neguko arropa oporretako arropa oporretarako arropa politikarien janzkera praka barrenak praka piratak prakak sexismoa sonbreirua txandala txapela udako arropa umeak urdina