Hemen zaude: Hasiera Blogak Anti-gona arropa

Anti-gona

arropa

Kaikuak, gudariak eta mendigoizaleak; hiru izen eta jaka bi

Kalean aspaldi ikusten ez direlako, oroigarri.

Aspaldian neukan gogoa post bat idazteko jantzi hauen gainean. Bai, bai, jantziak. Zer uste zenuten, bada, ergel deitu nahi niela gudari eta mendizaleei? Ez, horixe! Dena Kaikuren kanpaina horrengatik etorri da, eta momentu egokia izan zitekeela pentsatu dut

Hiru izen, arropa bi. Beti egon izan da nahiko nahastea izendatzean. Baina zer dira hiru izen horiek? Denok aditzeko moduan esango dut: sasoi batean txistulariek erabiltzen zituzten jakak edota jertseak.


Gudaria (edo mendigoizalea). © cc-by: Leire Narbaiza

Gaur egun oso demodé daude. Dena den, niri asko gustatzen zaizkit, beharbada umetan ez nuelako ez bata ez bestea izan. Hamasei urtean izan nintzen dantzaria (oraindik ere bihotzean dantzaria naizela esaten dut), gure poxpolin arropekin etxetik dantza egin behar genuen tokira zerbait eroan behar genuen gainetik jantzita. Taldeko askok oso kaiku politak zeuzkaten armarri, lauburu eta ponpoiekin! Nik, ostera, berokia edo jertsea jantzi behar izaten nuen! Gero, nagusiagoak egin ginean eta mutil eskasiagatik, Kaskarotak (Lapurdiko arrain-saltzaileen dantza) egitera kondenatuta geunden. Dantza horretarako arropa askoz arinagoa zen: ez galtzerdi, ez gerruntze, ez gona gorri. Berna hutsean, negu zein uda! Neguan nire hainbat taldekidek kaiku sendo eta dotorea erabiltzen zuten. Ni, beti, enbidiak jota.


Kaikuz jantzita Tafallako eguberrietan. © Tafallako Udala

Dantza taldeaz aparte, ikastetxeko nagusiak Olentzerorekin irteten ginen. Denak neskak izan arren, mutil jantzita joaten ginen: praka bakeroak edo urdinak, alkandora zuria, gudaria, koadrodun zapia saman, ardilanak eta abarkak. Oso janzkera tradizionala, horratik! Hau zergatik galdetuko duzue zuetako askok, beste sasoi bat zelako, diru gutxiago zegoelako, baita jakintza gutxiago ere. Nik ez neukan gudaririk eta lehengusu nagusiago batena erabiltzen nuen, oso zaharra eta gastatua. Hala ere, nahikotxo berotzen zuen, eta gustura erabiltzen nuen egun horretan.


Mendigoizalea (edo gudaria). © cc-by: Leire Narbaiza

Lehenago esan dut gaur egun nahiko demodé daudela jaka bi hauek. Gure ume-denboretan oso arrunta zen horrelako janzkiren bat etxean izatea. Kalean ere oihalezkoak erabiltzen zirelakoan nago, batez ere Bilbon. Edo behintzat hori da daukadan irudia: gizon bilbotar nagusia, txapel eta guzti, gudari urdina jantzita, dotore-dotore. Ez dakit, baina, zergatik laga ditugu alde batera. Euskaldunegiak direlako; baskorroegiak, alegia?

Oskorrik Datorrena datorrela diskoaren azalean atera zituen, euskal look dotorea, ironiaz betetako argazkian.

Abandonu honek beti harritu izan nau, zer geratu da bidean? Zergatik utzi ditugu armairuan sitsak jaten? Beste hainbat jantzi berreskuratu ditugu jaietarako, hauek zergatik ez?

Hiru izen eta jaka bi: oihalezkoa (koadroduna edo ez) guk beti gudari deitu izan duguna, eta puntuzkoa (urdin iluna eta gorria, ponpoiduna) kaikua. Mendigoizale, beste batzuek gudariari ematen dioten izena dela badakit. Zuenean, zelan esaten diezue? Gustuko dituzue? Zein akordu dakarkizuete? Berreskuratuko beharko genituzkeela uste duzue?

Ruper txandalean?

Gabon hauetan familia bazkarian, Ruper Ordorikaren azken diskoko portada izan dugu hizpide. Harrituta geunden argazkiarekin. Ruper txandalean dago? izan zen gure eztabaida.

Ruper? Ni ezetzean nago; ingurukoak, ordea; baietzean. Nire ustez, goikoa bada izerditzeko bat (sudadera bat), baina prakak, zabalak izan arren, normalak dira. Oinetakoekin ez dago dudarik, kirol zapatilak dira!

Ordorikak beti izan du oso estilo propioa: pastazko betaurrekoak zeramatzan guk metalezkoak geneuzkanean. Patilla luzeak mutilek bizarrarekin batera kendu eta belarri gainetik zeramatzatenean. Azkenean modan ere jarri dira/ditu, eta pastazko antiojoak eta patillak dira nagusi.

Hainbatek galdetuko duzue zer dela eta hainbesteko garrantzia portada bati. Esan beharra daukat, ni neu Ruperren fana naizela, asko gustatzen zaidala, eta diskoa erostean harritu egin nintzela; izan ere, Ruper Ordorikak beti izan du oso look berea. Lehen esan bezala, pastazko antiparrak, patillak, alkandora (beltza edo gorria) ez nikia, txupa bakeroa, jaka beltz dotorea. Beti bere estiloa. Kirol arroparekin ikustea bitxia benetan!

Hala ere, txandala ez dela osoa pentsatzen dut. Zuek zer uste duzue? Bota, bota zuen erantzuna!

A! Portzierto, diskoa, Haizea Garizumakoa,; oso gomendagarria. Asko gustatu zait, baina hau beste baten lana da.....

Chaconen prakak

Erregenetan Espainiako militarren jaia da. Berstan garrantzitsuena ministroaren prakak izan ziren.

Badira urte bi militarren pazkoan gauzarik inportanteena ministroaren janzkera dela. Pasa den uretan eskadalua izan zen esmokin erako arropa jantzi zuenean, beste andrazko guztiak soineko luzea zeramaten bitartean.

chacon09

Badirudi jai horiek dirua gastatzeko, eta militarren auto-estimua igotzeko baino ez direla; izan ere, aurtengo notizia bakarra, atzera ere, Carme Chaconen prakak izan dira. Ez neukan dudarik, horrelako jaiak zer ziren. Baina Chaconen izena Carma izan beharrean, Antoni balitz komentarioak berberak lirateke?

Emakume politikariei, sarritan, janzkeragatik epaitzen dituzte: Soraya Saenz de Santamariaren probokazioa, Ana de Palacioren gustu eza, bere ahizpa Loyolaren neskazahar itxura, Mª Teresa Fernandez de la Vegaren zimurrak, Idoia Zenarruzabeitiaren estilo nahasia....eta zer esanik ez Ezker Abertzaleko emakumeen gainean Ussiak esan zuena! (Kaos en la red-tik hartuta, La Razonen esteka ez jartzeagatik!)

Janzkera eta itxuragatik kalibratzen dituzte emakume publikoak (euskaraz eradaraz baino hobeto ematen du esamolde honek). Badirudi itxura dela garrantzitsuena, mendeetan lorontzi izatearen ondorioa, nire ustez. Baina imajina genezake Raxoiren gorbaten gaineko komentariorik? Patxi Lopezen betarrekoen kritika? Arnaldo Otegiren ile mozte berriaz jardun? Urkulluren praken marraz? Ez, ezta?

Egia esateko, gizon politikarien janzkera hain da aspergarria, ezen zeresanik ere ez duen ematen. Hala ere, larragikoak dira diferentziak. Epaitu eta gaizki jardun. Egin dutenagatik baino euren itxura fisikoagatik. Higuinduta gaituzte! Bada ordua ekintzei baruzko iritziak emateko, ez gonen luzeraz, edo alkandoren eskoteaz, mesedez!

Elurra eta arropa

Kantauri alde honetan bizi garenondako elurra fenomeno bitxia da, gutxitan agertzen zaiguna herrian. Eta agertutakoan, bizimodua goitik behera aldatzen digu: autoa atera ezin, kalean labain, hotza, bustia... Janzkera ere aldatzen zaigu.

Horrezaz gain, herrietan zarata ere gutxitu egiten da, trafikoa murrizten delako, seguruenik. Estalki zuriak ematen duen argiak lasaitu egiten gaitu. Honek guztionek, bake sentsazioa handia ematen du, eta horregatik maite ditut hainbeste elur-egunak.

Bake honekin batera modan ere eten bat egoten da. Ez dakit zer gertatzen zaigun, baina badirudi elur-egunetan janzkera guztiak libre direla. Armairutik ateratzen dugu gustukoa duguna, baina oso modaz pasata dagoena, aitzakia perfektua baita: hartz beroki berdea, ganbaran agertutako ez-dakit-zeinen katiuskak, aitarenak izandako mendiko bota zaharrak (bi taila handiagoak), Perutik ekarritako artilezko txanoa, amamak eginiko eskuzorro epelak,...

Inoiz ikusi duzue hainbeste kapela, txapel, sonbreiru, txano? Kuriosoa da. Hotz egiten du, konforme, baina izotza botatzen duenean, hotzago egiten du, eta badirudi burua estaltzearena ez dela zilegi, elurrarekin libre den arren. Esplikaezina!


© cc-by-sa: Nazareth Berlanga /Wikipedia

Egia esateko, sonbreiruzale guztiondako egun aproposak izaten dira. Aprobetxatu egiten ditugu egunok etxean dauzkagun kapelu polit askoak ateratzeko, begirada okerrik jaso barik. Zelan disfrutatzen dudan!

Elur gehiago egingo ahal du armairuko beroki modaz kanpoko, baina zoragarri hori janzteko! Oxala elurra mara-mara sarri egingo baligu negu honetan!

Arrosa ala urdina

Ume txikien arropa erostean beti egiten duten galdera.

Inoiz ez zaizue pasatu, jaio berriendako arropa erostera joan eta ea neska ala mutila den galdetzea? Niri bai. Oparitxo bat egitera lehenengoz joan nintzenean itaun hori egin zidaten. Erakusleihoan txanodun toallatxo batzuk zeuden, hiru koloretan: arrosa, urdina eta zuria. Denda sartu eta zast, galdera madarikatua! Niri gehien arrosa gustatu eta horrela esan nion: "mutikoa da, baina arrosa nahi dut". Toallatxo bat zen, mesedez! Eta zuria erosteko zer esan behar nion, hermafrodita zela?

Zergatik galdera hau? Nik ez diot zentzurik ikusten. Baina gero kontatu zidaten hainbat familiak ez diola mutikoari inoiz arropa arrosarik jarriko, eta alderantziz. Gaur eguneko kontu bat da hau, ez "Cuéntame"-koa! Nire adineko bikoteen artean! Eta gazteagoek ere egiten dute!!!

Duela hamarkada batzuk fenomeno hau ez zela hainbeste gertatzen esango nuke; izan ere, ekografiarik ez zegoen, eta sorpresa izaten zelako umearen sexua. Hortaz, arropatxo asko zuria zen, edo hiru koloreak batera zituena: arrosa, urdina eta zuria.

Jende askok hainbesteko garrantzia ematen dio mutikoa urdinez janzteari! Zergatik? Ez daukat erantzuna, baina neska izan ez dadin, kutsatu ez dadin dela esango nuke. Horrela sumatu dut. Antza denez, neskak urdinez janztea "baimenduago" dago; mutilak ostera, ez. Badirudi mutikoari arrosa koloreak etorkizunean eragingo diola eta ez dela inoiz gizonduko, emakume ahul eta negartia bihurtuko dela. Katastrofea!! Gizon izan behar zena, emakume bihurtuta!!

Eta neskatiletan zer dakar horrek? Arrosa kolorea nonahi, mundu arrosa kolore hutsezko gelak, arropak, motxilak, jostailuak....mundu arrosa zatar zoro bat, printzesaz eta Disneyz betea.

Zuetako askok pentsatuko du artikulu hau sekulako tontakeria dela. Eta hala litzateke banaketa hasierako hilabeteetako koloreetan geldituko balitz. Baina ez, hori hasiera baino ez da. Jostailuekin jarraitzen du: kopinak neskendako, automobilak mutilendako. Gero dekorazioarekin jarraitzen du:arrosaz pintatutako gelekin, horma urdinak eta koadroak nonahi. Mozorroak ere hain dira desberdinak: printzesak, super-heroiak.....horrela nerabezarora arte.

Eta gero harritu egiten gara hainbeste urteko borrokak ez duela berdintasuna ekarri! Zelan, baina? Jaiotzen garenetik desberdindu egiten gaituzte, rolak inposatu eta sehaskatik gure gustuak eta joerak markatu.

Horrela berdintasuna ezinezkoa da!

 

Leire Narbaiza 2010/01/07

Praka piratak

Praka pirakak ikaragarri gustatzen zaizki, udan eurak dira aproposenak edonora joateko.

 

Argazkiak.org | piratak © cc-by-sa: txargain

Praka pirakak ikaragarri gustatzen zaizki, udan eurak dira aproposenak edonora joateko. Luzeak izateko, laburrak dira, eta laburrak izateko luzeak. Zera esan nahi dut, ni sekula ez nitzatekeela klasea ematera joango praka motzetan (kontuz motz berbarekin!), nahiz eta kastuak eta pudikoak izan, ez nintzateke gustura sentituko, ez nuke egoki jantzita ikusiko neure burua. Baina, praka piratekin, ostera, bai.

Edonorako balio dute: lanerako, paseatzeko, mendirako, hondartzara joateko, turismo egiteko....Kontau izan hainbat sinagoga, meskita, eliza eta tenplutan sartzeko belaunak gutxienez estalita egon behar direla.

Umeak izanez gero ere, pratikoa da. Umea hazi egin dela eta iazko prakak labur geratu zaizkiola, peskan, baina gerrian ibiltzeko moduan dituela? Ederto, ebaki eta pirata bihurtu.

Baina dena ez da abantaila izango. Txikiak garenok kontuz ibili behar gara; izan ere, praka piratak luze geratzen bazaizkigu, desastrea dator: praka pirata luzeak? Zer da hori? Praka luzeak labur! Zelan izan liteke hori?

Gizonezko izanez gero, txikia eta biboteduna, adi piratak janzteko orduan. Asterix eman zenezake! Komikiko pertsonaia! Eta nork gura du komikiko pertsonaia izan?

Eta azken aholkua: laga galtzetinak etxean, ez dago-eta gauza zatarragorik, baita zapata itxiak ere, ikusiko duzu sandaliak erabiliz gero zure behatzek nola eskertuko dizuten freskura.

Hau guztiau kontatuta, gezurra dirudi aurten eta iazko udan niri gertatutakoa. Piraten bila ibili, eta topatu ez! Inon ere ez! Ez zeuden modan; hortaz, abantaila eta erosotasunaz ezin disfrutatu. Azkenean, oso-oso merke merkadilloan aurkitu nituen batzuk, zorionez. Baina modaren diktadura honek ia-ia bernak erakutsi ezinda utzi ninduen. Nirean piratak udako "armairu-hondoa" dira. Inork imajina lezake bakeroak (jeans-ak) erosi nahi izatea eta ez topatzea modan ez daudelako? Ez, ezta. Bada, niri hori pasautu zitzaidan.

Diseinatzaileok, gogoratu gurekin!!

Beste blog bana badaukagu hemen, baina Elena Lakak eta Leire Narbaizak, biok elkarrekin (Amodio Jaunarekin batera), Zer erantzi moda (?!) sekzioa daroagu Sustatun.

Iradokizunik bai? Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com


Azken erantzunak
Praka barikan hurrengoan Txerrena, 2010/01/14
txapela aintzane, 2009/10/05
Etiketa lainoa
Carme Chacon Ian McKellen Ruper Ordorika Ségolène Royal Zinemaldia anti-moda arropa arrosa dotorezia faltsua elurra emakumeak galtzetinak gaztetxoak gudaria jakak janzkera janzkera tradizionala kaikua kapela medigoizalea neguko arropa oporretako arropa oporretarako arropa politikarien janzkera praka barrenak praka piratak prakak sexismoa sonbreirua txandala txapela udako arropa umeak urdina