Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Txindoki, nekezenetakoa eta gezurtiena

Txindoki, nekezenetakoa eta gezurtiena

Amatiño 2016/06/14 00:05
Txindoki da, behar bada, Euskal Herriko gailurrik faltsuena. Aurrez aurre harroxkoa da, gibelez gibel sotila bada ere; nartzisista samarra ere bada, euskal Cervinotzat bai baitu bere burua; eta baita gezurti nabarmena ere, Txindoki ez omen da-eta bere egiazko izena, magalpeko borda xumeari lapurtutako gaitzizena baino.

Sartaldetik begiratuz gero, otamotzaldetik alegia, Aralar mendilerroa Txindoki muturretik hasten da, Enirio-Aralar deitu mankomunitatetik. Euskal Herriko mankomunitaterik zaharrena, ez baitzen alferrik 1412 urtean legez formaldu. Seirehun urte ez dira gero artaleak!

Hala ere, milaka urte lehenago ere, makinatxo bat lagun bizi izan zen nonbait inguruan, berau baita harrespila, jentil-harri, iruinarri eta gainerako oroitarri megalitikorik gehien biltzen dituzten euskal lurraldeetarikoa.

Enirio-Aralar Mankomunitatea Goierriko 15 udalek kudeatzen dute egun. Batez beste, Aralar Natura Parkearen heren bat da, ia 20.000 buru (ardiak eta moxalak tarteko) biltzen ditu urterik oparoenetan eta, mila metrotik gora dagoenez gero, larreok berdeantza diraute, urtaroak joan eta urtaroak etorri.

Honen guztiaren gipuz-branka da Txindoki gailurra, jatorriz Larrunarri zaion arren izena eta, koskortu ahala, magalpeko “Txindoki” bordaren izena hartu badu ere ezizentzat. Bada, lar maitasunez-edo, euskal Cervinotzat duenik. Nago, ordea, ez ote den bilbotarkeria handi samarra, Txindokik, goi-lautada zabal baten muturra izateaz gainera, Cervino goi-erpin zorrotz eta bakartiak baino 3.000 m. gutxiago baitu.

Edozein modutan, euskal mendirik nekezenetakoa da Txindoki (zer esanik ez Tximista bidetik igoz gero). Nire ustez, Gorbeia eta Aizkorri baino neketsuagoa, desnibel handia duelako, joan-etorriz dezente laburrago izan arren. Kontu izan, adibide esanguratsu gisa, Larraitzen (409 m.) eta Txindokiren (1.342 m) artean 900 metrotik gorako altuera dagoen artean, Arantzazuren (715 m.) eta Aizkorriren (1.523 m.) artean 800 inguru besterik ez daudela eta San Martingo Harritik (1.765 m.) Auñamendi tontorrera (2.507 m.), berriz, 750 m. baino ez.

Eta, Auñamendi aipatuz gero, nik esango nuke, aukeran, Euskal Herrian Cervinoren irudikorik baldin bada, Auñamendi bera dela antzekoena. Nahiz berau ere euskal mendi faltsu samarra izan… ez dago-eta, zehatz, Euskal Herrian, Biarnon baizik.

Txindoki

Txindoki  gaina, aurreko igandean. Atzekaldean, etenik gabeko larre berde-berdeak, mila metrotik gora

jon
jon dio:
2016/06/14 23:00
Barkatu Amatiño baina, Enirio Aralar Goierriko herrik ez ezik Amezketak ere gobernatzen du eta berau, Tolosaldean dago. Gainera, parte garrantzitsua du bertan.
Amatiño
Amatiño dio:
2016/06/15 17:05
Arrazoi osoa duzu. Laburtu beharraren beharrez... Linka ikusi besterik ez dago, baina arrazoia duzu. Barkatu, zu.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: