Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Tximinoen gezurra

Tximinoen gezurra

Amatiño 2016/06/11 00:05
Gizadiaren azken hiru milioi urteko bilakaera laburbiltzen du ehun minutuan “Tximinoen Erresuma” deitu marrazki bizien film frantsesak. Edward, Lucy eta gainerako tximinoen historia. Euskarazko bertsio eta guztikoa. Haurrentzakoa omen, helduok ere gozatzeko modukoa den arren.

Lucy ez da asmakizun hutsa. Paleontologoek Lucy izenez bataiatu zuten, 1974an Etiopian aurkitu zuten humanoidearen hezurdura. Duela 3,2 milioi urte bizi izan omen zen; txinpanze baten neurriko garezurra zuen, 110 zmko garaiera, hainbat kume erditu ostean 20 urtez hil zen eta, garrantzitsuena, oinez zebilen, zutik. Lucy da sekula aurkitu den hankabiko tximinorik zaharrena: australopitekoa.

Australopitekoek (7-2 milioi urte) oinez ibiltzen ikasi zuten; Homo Habilisek (2-1,5 milioi) tresnak eta aterpeak moldatzen; Homo Erectusek (1,5 milioi – 100.00 urte) sua egiten eta kontrolatzen; eta Homo Sapiensek (100.000 – 40.000 urte) ehiza teknikak lantzen eta marrazkiak irudikatzen. Giza-bilakaeraren lau prozesu eta sekuentzia luze horiek landu eta ikasiko ditu Edward-Lucy bikoteak eta euren leinuko tximinoei erakutsiko… zuhaitzetako gezur-erresumatik sabanara jaitsi zitezen.

Haurrentzakoa omen da filma. Ez dakit. Nik galdu dut, honezkero, haur batek --adinaren arabera-- ulertu dezakeen edo ez dezakeenaren erreferentzia. Hala ere, nago, haurrek pasarte guztiak ulertu baino, begiak zabal-zabalik behatzen dituztela. Horrelako frogak egin ziren 1983an, ETBren sorreran, eta ez dut uste geroztik askorik aldatuko zenik.

Bestalde, ez dakit film frantses honen gaztelaniazko bertsiorik inon azaldu ote den*. Euskaraz, berriz, behin** besterik ez, aurreko igandean, Donostian, arratsaldeko 5etan. Ikusleen artean, guztira bederatzi lagun: lau guraso gazte, ume bana eta ni neu

Nabarmena da, endemikoa, euskal kontsumitzailearen koherentziarik eza. Ez du neurririk denetariko euskal ekoizpenak eta edukiak eskatzerakoan, baina motza da gero, ezin antzuagoa, kontsumitzeko orduan. Badirudi ez ditugula aldarrikatzen euskal produktuak erabiltzeko, baliatzeko, kontsumitzeko, hartaz gozatzeko… euskaldunok ere, beste edonork bezala, hori guztia izateko eskubidea dugula salatzeko baino.

Eskubideen aitzakiaz eta gezurretan bizi gara. Gezurraren erresuman. Baina ez, horratik, lar arduratu. Errudunak ez gara gu, behar beste egiten ez duten erakundeak baino.

Lucy eta Edward

Lucy eta Edward, "lehen bikotea", tximinoen erresumaren (zuhaitzaren) aurrean


* Geroztik, astean zehar, Barakaldoko pare bat zinetan bai behintzat.

** Gaur, larunbatez, berriro Donostian eta, estreinako, Beasainen.

jaime
jaime dio:
2016/06/11 21:12
Gaurko euskal tximinoa, bere asabak bezala, ez da inoiz kultura zale ez eta kontsumitzaile izan, noski. Hori bai, errebindikatzaile bulartsu eta ausartia izan da beti, manifestapenetan nabaritu eta sentitzen duen adrenalinak mugiarazi eta berotzen du edozein eskaera exijitzeko dela ERE bat, euskara, Jaurlaritzaren erabaki baten aurkakoa edo beste bidegabekeriaren bat salatzeko. Beraz, hemen, Euskal Herrian, gustukoa duguna iskanbila da eta batez ere gregarioki ibiltzea.
Iritzi gogor samarra dirudi, baina, ikus dezagun zer gertatzen den gure artean errebindikaziorik kuttunena izaten den euskararen aldeko ibilaldietan. Jende pilo bat joaten da, beti arrakastatsu izaten dira horrelako agerraldiak; goizean denak alai, umoretsu eta berritsuak (erdara hutsean, ez gutxi), arratsaldean, berriz, askotxo hordiak eta egin behar ez diren ekintzak burutzen dituztenak.
Nire galderak dira: haietariko zenbatsu ikasten dute euskara? Zenbatsu behartzen dute euren burua euskal liburu eta euskal telesailak irakurtzen eta begiratzen egunero? Zenbatsu joaten dira euskaltegietara? Zenbatsu sakrifikatzen dituzte (urtero) bi astebete euren oporretatik barnetegietara joateko? Zenbatsu…?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: