Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Soraluzeko estropadak

Soraluzeko estropadak

Amatiño 2016/09/02 14:05
Kontxako ikurrinaren bezperetan eta aurtengo traineru-lehia, Urdaibaik ala Hondarribiak, nork irabaziko ote duen zain, puri-purian dago arraun-zaletasuna egunotan. Segurutik arrauna itsasaldeko jokoa da gehienbat, baina inor gutxik jakin arren, garai batean estropadak eratu ohi ziren hainbat erreka-zulo meharretan, Soraluzeko zubipean, esaterako.

Soraluzen estropadak izan zirena orain mende erdi inguru ez dago zalantzan, orduko argazkia Plaentxiako artxiboetan (Soraluze gogoan) dago-eta. 

Jaizkibel (Hondarribia zela esan dit norbaitek, baina ez dut uste) eta Pasai San Pedro traineruak omen dira argazkian agertzen direnak, eta data zehatzik inon aurkitu ez dudan arren, daitekeena da 1964 urte inguruan izatea, zubi berria ere garai berekoa da-eta.

Aurreko mendeko hirurogeigarren hamarkadan izan zela seguru, Donostiako Jaizkibel arraun-taldea 1960an sortu eta 1967 arte iraun baitzuen lehian. Eta, behar bada, Soraluzeko estropada 1964an izan zen, urte hartan erabaki zuen-eta bertako udalak, ordu arte abuztuan eratu ohi ziren herriko jai nagusiak –Andramaixak—  Santixo-Santanatara (uztailaren 25-26an) aurreratzea.

Baina, behar bada, 1960 hamarkadako estropada hauek ez ziren izan Soraluzen eratutako bakarrak, ezta lehenak ere. Izan ere, Iñaki Lete adiskideak (Soraluze 1913 – Deba 1984) gerra aurreko Soraluzeko Andramarixei buruzko hainbat zertzelada idatzi zituen 1970an eta, besteak beste, zera esan zuen San Roke Txiki eguneko programaz: “Zezenen ondoren, kukainak, estropadak Tejerotarrak eta Herrerotarren artean, paitxa-arrapatzeak. Gizonak uretan, txalupatik salto eginda <...> Aizken erromeria, gauean. Garagarra pitxarretan burutik behera. Kalez-kale, Banda, zutik egoteko almena zuten musikeroekin. Goazen ohera, Soraluzeko Andramarixak amaitu dira ta”.

Soraluzen argitu beharko digute zein eratako estropadak izaten ote ziren horiek, baina estropadak zirenaz ez dago, antza, lar zalantzarik. Gainera, ez da hori geratzen zaigun erreferentzia bakarra. Hain zuzen ere, “Ahotsak” sailean zera irakurri dezakezu Jose Berruetari (1921 – 2016) egindako elkarrizketaren sarreran: “Soraluzeko estropadak gogoan ditu. Trainerillak izaten ziren eta San Luis egunean ospatzen zen estropada. Trainerillak zubi azpitik igarotzean, arraunak gora igo behar izaten zituzten, alboetan ez baitziren kabitzen”. Hau da, ez zen behingo kontua izan, hainbat urtez gertatutako programa baizik, eta, zubi zaharra ezagutu genuenok dakigunez, ordukoa oraingoa baino zatia estuagoa zen.

Oharra: Ni ez naiz plaentxiatarra eta, nire sasoiko hainbat plaentxiatarrekin hitzegin arren, nago hari guztiak ez direla mataza berekoak. Dakienak esan dezala.  

Soraluze

Estropadak Soraluzen, Deba ibai gaineko zubipean

jaime
jaime dio:
2016/09/02 17:36
Kontxako ikurrina dela eta, gure herrian bizi den eibartar zintzo batek gaur goizean esan dit halako batean: hi, ba al dakik Kontxako uhartea, Santa Klara hain zuzen ere, Eibarrena dela?
Zeharo harrituta eta begiak arranpalo ea txantxetan ari ote den galdetu diot, eta, berak, serio demonio: ez, benetan ari nauk. Orduan kontatu dit, behinola, Donostiako harresiak defendatzeko, eibartarrek zizpak eta munizioak bidali omen zizkieten donostiarrei eta hauek, armen bidaltze hura eskertzeko eta nolabait ordaintzeko, eman zieten haiei Santa Klara uhartea. Zeozer badator interneten, baina, ez da oso argi.
Badakit ez duela zer ikusi handirik Kontxako Ikurrinarekin baina pentsatzen dut Amatiñok, agian, zerbait daki, dauka edo entzuna dela pretentsio harrigarri honi buruz, eta, horrela izatekotan, beste artikulu interesgarria idatzi lezake bere irakurleon gozamenerako.
Amatino
Amatino dio:
2016/09/02 20:53
Ipuin hori ez da berria, baina, nik dakidanez, ez da egia denaren batere frogarik.

Nire ustez, bi topikoren ahari-topekaren adierazgarria baino ez da. Donostiarrak ustelak dira eta ez eskuzabalak, ordaintzaile txarrak. Eibartarrak eskuzabalak dira eta harroak, ordaintzaile onak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: