Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Petrolioa amaituko ez den arren…

Petrolioa amaituko ez den arren…

Amatiño 2016/05/18 00:05
Epe motz eta ertainera behintzat, ezein energia-estrategiatan ez da gogoan hartzen petroliorik eza. Are gehiago, Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) aurreikuspenen arabera, 2050 urtean orain baino petrolio gehiago kontsumituko da munduan. Oraingoz, etorkizuneko iraultzarik nabarmenena ez da petroliorik gabeko gizartea, gasolinarik gabeko mugikortasuna (errepidetako garraioa) baino.

Ahmed Zaki Yamani jekeak esana: “Erdi Aroa ez zen amaitu harriak ahitu zirelako eta petrolio-aroa amaituko da mundua petroliorik gabe geratu baino askoz ere lehenago”. Beste horrenbeste esan dezakegu egurraz eta ikatzaz. Gizadiak harrikatza erretzeari ekin zionean XVI. mendean,  ez zen izan egurra amaitu zelako, prezio berean harrikatza egur-ikatza baino erosoagoa, merkeagoa eta eraginkorragoa zelako baino. Eta petrolioa ez zen XIX. mendetik aurrera erabiltzen hasi harrikatza amaitu zelako (oraindik, barrena, 150 urterako erreserbak daude) hainbat abantaila nabarmen eskaintzen zituelako baino. Ahaztu egin zaigun arren, lehen autoa elektrikoa izan zen,  baina petrolioak merkatu-lehia irabazi zion.

Nik etxean daukadan aspaldiko entziklopediak (Geopolítica de la Energía. Salvat, 1964) dioenez, garai hartako erreserbek, ordu arteko erritmoan jarraituz gero, hurrengo 25 urteko (1989) petrolio-kontsumoa baino ezin izango zuten arren bermatu… 52 urte geroago, “jakineko” erreserbak ordukoak baino handiagoak dira.

Urteak dira, herrialde garatuak jabetu zirela “energia-eraginkortasunaz” (ekoizpena gehitzen jarraitu ahala, energia-kontsumoa murriztu). Esaterako, isilik-misilik, ia oharkabean, industriak erabat utzi dio fuelolioa erretzeari (gasaren eta argindarraren mesedetan) eta, orain, hurrengo urteetako erronka izango da petrolio-erregaiak trafikotik ateratzea, errepideetatik uxatzea.

Sarriegi industria salatu ohi dugu zikintzat, baina industriak egin ditu egin beharreko “etxeko lanak”. Batere etxeko lanik egin ez duena, zikinena, auto-gidaria da. Aurrerantzean gutako bakoitzak utzi beharko dio erregaia erretzeari, tabakoa erretzeari utzi diogun bezalaxe, nolabait esateko. Baina honek ez du esangura hurrengo hainbat hamarkadatan petroliorik ez denik erabiliko, plastikoa egiteko edo hegazkinek hegan egin dezaten, kasu.

Hau guztia, gainera, mendebaldeko herrialdeetan, ez gainerako munduan. Hurrengo hamarkadetan, Afrika, Asia eta Hego Ameriketako 4.000 milioi lagun inguruk lagako dio “behartsu” izateari eta “ertaindu” egingo dira. Alegia, erosi ahal izango dituzte etxea, sukaldea eta autoa; joango dira kiroldegira eta eskolara eta, lantzean behin, baita oporretara ere. Ongizate-maila berri horrek energia eskatuko du eta, neurri handi batean, petrolio-energia izango da.

Izan ere, hasieran esan bezala, Nazioarteko Energia Agentziaren (IEA) aurreikuspenen arabera, 2050 urtean orain baino petrolio gehiago kontsumituko da munduan. Behar bada, ehunekoetan, zifra erlatiboetan, orain baino gutxiago baina, oro har, kopuru absolutuetan, orain baino gehiago.

Baina hau ez da berria. Orain dela sei urte idatzi nuen blog honetan bertan. 

2030-2050 bi

2030 eta 2050 urteetarako aurreikuspenak. Goikoa, 2006an indarrean zeuden politiken arabera. Behekoa, hartu zitezkeen erabakien arabera. Edozein modutan, batean zein bestean, petrolio-kontsumoa, 2006koa baino gehiago, ehunekoetan gutxiago izan arren. 

jaime
jaime dio:
2016/05/18 19:52
Ongizate-maila berri horrek energia eskatuko du eta, neurri handi batean, petrolio-energia izango da.
Ez dakit ba. Atzo, Bilbon, Santander taldeko bigarren presidente orde eta kontseilari delegatua den Alfredo Saenz jaunak argi eta garbi esan zuen “Wellfare” (ongizate-maila) desmuntatu egin behar zela lehenbailehen. Haren finantza-arazo eta arrazoi korapilatsuetan sartu barik, argi dela langileen ongizate-maila oztopo handia gertatzen zaiela banku eta mundu honetako aberats handiei diru gehiago metatzeko.
Horrela baldin bada agur eskolei, ospitale modernoei, garraioei, mugikortasunei, autoei, plastikoari eta abarri. Ez dakit “jaun” horrek konturatzen ote den guk behekook ekoizten duguna kontsumitzen dugula; hitz batean: mundu globalizatu ospetsu hau pikutara joango litzateke, greba erraldoia egingo bagenu, munduko mailan, astebetekoa izango balitz ere. Langileriaren ongizate-maila desmuntatzen badute zertarako petrolioa? Erdi Aroan ez zuten petrolioaren beharrik, ez eta ezagutu ere!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: