Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Lorca eta Lauaxeta, Zabalagan

Lorca eta Lauaxeta, Zabalagan

Amatiño 2016/08/18 15:00
Aitortu behar dut nik ez nuela Jon Maiaren besteko fede zurrunik “Arratsberan, Garcia Lorca gogoan” delako kontzertu eusko-flamenkoak lekarkeenaz, baina onartu ere onartu beharko, gogotik merezi izan zuela. Besteak beste, bertsolariak Zabalaga baserrian bildutako hainbat entzuleren begiak malkotu zituen eta hunkitze-maila nabarmen hori ez da musu-truk lortzen.
Lorca eta Lauaxeta, Zabalagan

Federico García Lorca

Duela, zehatz mehatz, laurogei urte (1936.08.18) Federico García Lorca hil zuten indar berberek fusilatu zuten Esteban Urkiaga “Lauaxeta”, urtebete geroago. Jon Maiaren esanetan, andaluziar errepublikanoa zein euskaldun abertzalea balio bertsuen defentsan hil ziren.

Bertsolariak bi poeta gazteon zubigintzaz baliatu nahi izan du, 1997tik, barrena, barne-muinetan bilbaturik duen sentipena “lauhaizetarazteko”: Ama Extremadura aita Zamoratik / abuela ta abuelo haiek aurretik. / Herri hontan sustraitzen asmatzeagatik, / nik’e maita dezaket guztien gainetik. / Euskeraz badakit / bertsoz darabilkit / dena zuengatik / halaxe dagokit / denek kantatu dute nere ahotik” (1). Geroztik ia hogei urte joan dira.

Ildo beretik, beste behin, atzokoan Chillida Lekuko Zabalaga baserrian, Francoren garaietan heldu ziren etorkinen omenetan, samurtasunez eskaini zuen Jon Maiak “Munduan leku bat” bertsoa. Ezohiko publiko baten aurrean. Baita ezohiko publikoak zirraraz hartu ere.

Maisu, bestalde, Gorka Hermosa soinujolea, Gernika” eresiaz batez ere; artista gero, Jesús Prieto “Piti” gitarra-jotzailea eta, agian, apaltxoago (ahoskatze-kontuetan, gehienbat) Alba Carmona kantaria.

Datorren urtean laurogei urte beteko ditu Lauaxetaren “Azken oihuak” eta Jon Maiak badu, eta izango du, zer eginik. Behar bada, Antxon Valverdek ere izan beharko luke zer esan, baina hau beste kontu bat da.

(1) 1997ko Bertsolari Txapelketan Jon Maiak estreinako bota zuen ahapaldi hau, Joseba Leizaola euskolegebiltzarburuak kantatu zuen, zenbait hilabete geroago, Cáceresen, Gasteizko parlamentuak Extremadurako Juntara egindako bisitan. Niri egokitu zitzaidan, han bertan, itzulpena egitea. Giro lar protokolario hartan, ez dut uste gure nahia ulertarazten erabat asmatu genuenik.

.

Jesús Prieto "Piti", Jon Maia, Alba Carmona eta Gorka Hermosa, bart  iluntzean Chillida Lekuko Zabalaga baserrian

Falla2

Federico García Lorca eta Manuel de Falla antolatzaile zirelarik, "Cante Jondo" lehiaketa eratu zen Granadan, 1922 urtean. Antzeztokia apaintzen lagundu zuen Ignacio Zuloaga eibartar margolariak. Argazkian, burusoil eta bigotez, gitarra ondoan. Eta eskuinerago, berriz, tximeleta-begiztaz, Lorca gaztea. Ez zituen 24 urte besterik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: