Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Langabeziari dagokionez, 1998ra itzuli gara

Langabeziari dagokionez, 1998ra itzuli gara

Amatiño 2012/10/18 00:05
Ezin gero uka krisiak gogotik jo duenik gure inguru-minguruan. Eta egia izango da, segurutik, aldaketa-garaia baino garai-aldaketa bizi dugula egun. Alegia, hau ez dela, behar bada, lantzean behingo krisialdi zikliko horietako bat gehiago. Baina, hala ere, larriarenak kendu gabe, langabeziaren datuen arabera ezin esan inoiz baino txartoago gaudenik, Euskal Autonomia Erkidegoan behintzat. Espainiaren datua, aldiz, azken hiru hamarkadotako txarrena da.

Bai, egia da, hamarkada luze bezain onaren ondotik 1998ko egoera hartara itzuli garela. Baina egia ere bada, ahaztu egin zaigun arren, 1981etik 1998 arteko 18 urte jarraian, langabezia oraingoa baino handiagoa izan zela. Egia den bezalaxe, demokrazia indarrean jarri zenetik 1994 arte, Euskal Autonomia Erkidegoaren langabezia Espainiakoarena baino larriagoa izan zela eta, gainera, ez zela sekula, sekula gero, %15etik jaitsi.

Hain zuzen ere, EAEko langabezia 1996tik hona baizik ez da Espainiakoa baino txikiagoa izan, azken hamabost urteotan lanari ekin dion gazteriak gogoan ez duen arren. Beste modu batez esanda, demokrazia-trantsizio hartatik honako 35 urteotan, %10etik beheragoko langabezia 8 urte (2001-2008) eskasean baino ez da izan.

Batek daki zein den aterabidea baina, ezertan hasi aurretik, datuak ezagutzeak ez du kalterik erakarriko. Gero, berriz, pentsatzen hasi beharko zergatik sortzen diren lanpostuak eta zergatik hausten diren. Ez du balio salatzeak enpresak krisialdiaz “baliatzen” ari direla jendea kaleratzeko, aldi berean ez badugu onartzen enpresak 1999ko susperraldiaz “baliatu” zirela lanpostuak sortzeko.

Jendeak jakin beharko luke, honezkero, langileon soldatak ez dituztela enpresek ordaintzen, merkatuak baizik, salmentek alegia, bezeroek azken batean. Eta bezeroak limurtzeko, gure produktuak eros ditzaten kitzikatzeko, lehiakorragoak izan beharra baino ez dagoela. Lehiakorragoak ekoizpenean, kudeaketan eta zerbitzuan.

Ez naiz ni lehiakortasunaz lar aditua baina, diotenez, ba omen dira batere magiazkoak ez diren hainbat formula. Alegia: jendea hezitu, trebatu, egokitu… ikerkuntzan eta garapenean dirua ezarri, berrikuntza landu, mundura atera, Europaz kanpoko merkatuetan saltzen ahalegindu, lan dezente egin, ondo egin, konprometitu… eta, behingoz, euskal gizartearen ongizatea euskal enpresen osasunari eta onurari estuki atxikia dagoela onartu.

Ez, besterik uste arren, mundua ez dago krisian. Gu gara krisian gaudenak. Eta, itxura guztien arabera, honezkero hurrengo ehun urtean merkeenak izango ez garenez gero, ontxoenak izaten ahalegintzeari ekingo bagenio?

PARO 1981-2012

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: