Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Flyscheko gau-harmonian zehar

Flyscheko gau-harmonian zehar

Amatiño 2015/07/06 00:05
Izurdeak, fokak eta marrazoak preso ikusi nahi dituenak akuarioren batera jo beharko du, baina ilunabarrean euren kasa paseatze aldera ateratzen diren espezie arruntak bertatik bertara agurtu nahi dituenak, berriz, Debako hondartzan du aukera-maukera, parkinetik hamar minutura.

Ilargi betearekin batera Deba Natura elkarteak antolatu du –Diego biologoaren grina kartsua tarteko— afalosteko txangoa, Debako flyschean zehar. Orain hurrengo hamaika lagun bildu ginen eta oraingoan, berriz, hogeitaka.

Debatik Zumaiara bitarteko itsasbazterra da, Europako biotoporik oparoenetakoa. Hirurehundik gora omen dira marearteko zabalgunea, sekulako harmonian, elkarrekin partekatzen duten izaki bizidunak.

Guk ez genuen denak errenkadan ikusterik izan, baina bai, ostera, lanpernen senitarteko krustazeo txikerrak, itsas-zizareak, kabrarrokak, kabuxak, sepiak, muxarrakumeak, mihi-arrainak, muskuiluak, karrakelak, lapak eta denetariko karramarroak.

Olagarroak berak behatu gintuen segurutik, baina guk ez genuen, oraingoan, flyscheko erregerik ikusi. Hala ere, beste behin, txangoak merezi izan zuen.

DebaN2

Harea-karramarroa. Umetan ehundaka egoten ziren hondartzako itsasbazterrean. Atzeko bi eskuare horiek erabiltzen ditu hareatan sartu eta ezkutatzeko. Bere galzoria da, ordea, olatua gainetik pasatu arte begi bistakoa dela lagatzen duen aztarrena. Azpitik eskua sartu baino ez genuen izaten  banan-banan harrapatzeko. Espeziearen hondamendia.

DNitsaskabra

Kabrarroka zeharo "lurraldekoia" da. Bere esparrua markatzen du eta ez da bertatik ateratzen, etsaiak inguru-minguruan jardun arren. Oso "fotogenikoa" da. 

DNpeludoa

Karramarro "iletsua". Haitzarteko apopilo ezaguna.  Hagin zorrotzak ditu. Umeak gehien izutzen dituen karramarro-mota: "peludo bat!"

DNBerdea

Karramarro berdea. Era eta moldez itsas-karramarroa da baina, gaztetan, mordokadak hartzen genituen Zumaiako Beduan, tomatetan egosi eta jan.

DNbabu2

Kabuxa eta muxarrakumea. Kabuxa, ezkatak galdu eta haitzartean labainka "ibiltzen" ikasi duen arrain-mota da. Oso oker ez banago, gogoan-edo dut, umetan "busto" esaten geniola, baina orain ez dut inor aurkitzen horrelakorik baiesten didanik.

jaime
jaime dio:
2015/07/06 12:56
kabuxa dela eta, gogoratzen dut, nire herrian, Zarautzen hain zuzen ere, "musto" eta "musto-lebatza" esaten genion garai haietan.
Amatiño
Amatiño dio:
2015/07/06 14:04
Hori da, "musto" eta ez "busto". Umetan ezagunagoa nuen Zarauzko hondartza, Debakoa baino, eta hortik datorkit segurutik gogorapena. Eskerrik asko.

Debako biologoak ez zekien "kabuxa" baino. Kontatu behar diot.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: