Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal girotan eibartarrik gehien bildu duen ekintza

Euskal girotan eibartarrik gehien bildu duen ekintza

Amatiño 2015/05/06 07:30
Maiatzaren 30ean berrogeita hamar urte beteko dira Lehen Umeen Euskal Jaia antolatu zela Eibarren. 1965ean Arrate Elkartearen zuzendaritzakoa nintzenez, hainbatek galdetu izan dit nolatan sortu ote zen, Eibarren hain zuzen, gerra osteko haur euskal jairik lehena edo lehenetakoa. Jakin beharko nuke, baina ez naiz gogoratzen.
Euskal girotan eibartarrik gehien bildu duen ekintza

1965eko kartel-diseinua, Sagalak eskuz egina

Erantzun gisa, ezer baino lehen argitu behar da, lehendabiziko umeen euskal jai hura ez zela garai hartako eibartar kimu bakarra, Arrate Kultura Elkartearen baitan mamitu zen giroaren emaitza ugarietako bat baino.

Sociedad Cultural Recreativa Arrate delakoa 1952 urtean sortu zen, Jose Luis Vera abadearen ekimenez eta Arrateko Amaren gizonezkoen kongregazioaren ildotik. 334 bazkide zituen 1956an. 1.304, berriz, 1965an.  Ez zuen emakumerik onartu 1966 arte.

Barrena, zortzi lan-batzorde zituen: Artes Plásticas, Biblioteca, Cine, Conferencias, Música, Filatelia, Teatro eta Cultura Vasca. Hau da, zazpi batzorde kultura “normalaz” aritzeko eta zortzigarrena, berriz, kultura “vascaz” jarduteko. Honek esan gura zuen, aurreko zazpiek ez zutela euskarazko liburuak, filmak, hitzaldiak, kantaldiak, antzerkiak edo bertso-saioak euren zeregintzat, eta, horretara, “la-comisión-del-chistu”kook (honela deitzen ziguten maitasun apurrez eta paternalismo dezentez) arduratu behar izaten genuela euskal kutsudun guztiaz.

Zentzu honetan, gogoratzen naiz, antzerki-taldea osatu nahi arren zuzendaririk aurkitzen ez genuenez gero, antzerki-talde “normalaren” arduradunak bere burua eskaini zigula zuzendariarenak egiteko. “Pero… tú no sabes euskera…” esan nion Gaztela-Leondik etorritako eibartarrari, eta serio asko erantzun zidan: “lo importante no es saber euskera, sino saber de teatro”.

Gaitzerdi, hala ere. Denetik egin eta guztiaz arduratu beharrak erakutsi zigun geure kasa lan egiten, gure bidea urratzen, gure aurrekontuak moldatzen eta, batzorde “normalen” euskal alternatibez gainera, hasieran inoren asmotan ez zeuden egitasmoak burutzen, alegia: helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak, gaztetxoentzako txistulari akademia eta… umeen euskal jaia.

Nik dakidanez, 1963an ekin zitzaion Arrate Elkartearen baitan Euskal Kultura batzordeari. 1964ko maiatzean eratu zen arrakasta handiz, Deban, (helduen) Lehen Euskal Jaia eta, “antzerakoa baina diferentea” (gaztetxoei egokitua eta gatazka politikotik ihesi) egin nahirik, antolatu genuen 1965eko maiatzaren 30ean lehen umeen euskal jaia.  

Egia esan, ez dakit nori otu zitzaion jai hura antolatzea. Nik dakidana da 1963an ez zegoela inoren asmotan, 1964an Julio Sarasua zela euskal batzordeburua eta 1965an, berriz, kalera atera zela, karroza eta guzti, segurutik arrakastarik gehien lortu eta euskal girotan eibartarrik gehien bildu duen kultura-ekintza.

 Panpo

Laguntzaile-taldea, bazkalosteren batean. Ez ditut denak gogoan. Aurreko zazpietatik, ezkerretik eskumara: Alex Jauregi, Arantza Larrañaga, Mikel Larrañaga, Maite Aranberri, Jose Mari Ormaetxea "Panpo"  eta izenez gogoratzen ez ditudan bi. Erdiko boskotean,  Iñaki Azkarraga, ezezaguna, Xabier Gorrotxategi, Mireia Viteri eta beste ezezagun bat. Atzekaldean, eskumatik ezkerretara, Marisabel Zorrakin, Mitxel Garmendia, Maite Narbaiza eta gogoan ez ditudan beste bi. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: