Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Erreka ubideaz berjabetu arte

Erreka ubideaz berjabetu arte

Amatiño 2013/08/26 13:30
Gezurra dirudien arren, gaur dela hogeita hamar urte (1983.08.26), hainbatek Euskal Telebistan lo egin behar izan genuen Iurretatik atera ezinik. Ez ohiko euri-jasa haiek erakutsi ziguten, ETB sortu zen urte berberean, telebista pakidermo samarra zela han-hemenka irudiak jaso eta uholdeen gainetik zuzenean eskaini ahal izateko, irratia unean uneko eta edozein lekutatik tarin arinarenak egiteko gauza zen artean. Baina, jakina, uholdeek beste zerbait garrantzitsuagorik ere frogatu zuten, alegia: errekei ezin zaiela ubiderik eragotzi.

Hogeita hamar urte geroago telebista-teknologia ibiltariak sekulako bilakaera egin du baina, besterik uste izan arren, hirigintzak ez du natura menderatu. Hogeita hamar urte geroago adituek gogorarazten digute 1983ko uholdeek frogatu zutela, batez ere, errekei ezin zaiela, luzera, ubiderik eragotzi. Eta, ezintasun honetaz begi bistaz jabetzeko, aukera-maukeran datozkigu iaz Aragoi ibaian gertatua adierazteko Zaragozako hainbat geologok moldatu dituzten irudiak.

CASTIELLO

Lehen irudian, 1998 urtean Aragoi errekak Castillo-de-Jaca herriaren aurrean zituen bi adarrak. 2009an, berriz, eskuineko adarra aski zelakoan, ezkerrekoa itxi zen eta ibarrean etxe-sail berria eraiki. Iazko urriko euri-jen ostean, berriz, ibaiak bere ohiko bidea hartu zuen (ezkerrekoa aldapatsuagoa eta lasterragoa, nonbait) eta harako etxe-saila inguratu.

cASTIELLO2

Aurrenengo etxeari “brankarenak” egitea egokitu zitzaion eta hainbat ordu besterik ez zuen zutunik iraun.

Garcipollera2

Urtebete geroago, etxeak gainbehera jarraitzen du, soluzioa zertan izango inork ez dakielarik. Etxea udal-baimen guztiez eraiki zen, baina uholdeak erakutsi zuen erabakia alua izan zela. Orain nekez baimenduko du inork etxea berriro bertan konpontzea eta, konpondu ezean, hurrengo uholdeak bigarren etxea ere eramango du, eta hurrengoan hirugarrena, bata bestearen ondoren, erreka zor zaion ubide guztiaz berjabetu arte.

jaime
jaime dio:
2013/08/26 15:38
Hogeita hamar urte geroago adituek gogorarazten digute 1983ko uholdeek frogatu zutela, batez ere, errekei ezin zaiela, luzera, ubiderik eragotzi. 
Halaxe da. Bai horixe!!
Garai haietan baserri bat geneukan Zeberion. Uren maila bere onera itzuli ondoren, baserrira joan ginen zein zen hango egoera jakiteko. Bediatik Ugaorainoko bidea dramatikoa izan zen. Zer topatuko genuen jakin arren, Bedian antolatu ziren auzolanetan arituez gero; kotxea Ugaon utzita, Zeberiora oinez joan ginen eta baserrietan edo etxeetan urek sortutako kalteek bortizki zimikatu ziguten bihotza. Giroa dantesko zen benetan.
Gure baserrira heltzerakoan, euri zaparradek sortutako kalteak ñimiñoak zirela konturatu ginen eta muinoan kokaturik izanez gero errekak ez zela baserriraino heldu. Zeharo lasaiturik, auzokoarengana joan ginen zelan zegoen jakiteko asmoz, ohiko diosalak trukatu ondoren, uholdeek egindakoen albisteak eman zizkigun arras nahigabetua. Errekak Zeberioko zubi guztiak erauzi omen zituen, besteak beste. Orduan, garunean iltzatua geratu zitzaidan esakune zorrotz bezain egoki esan zidan herri-filosofo hark: Lagun, errekak bere eskriturak atera ditu eta ez dago kristaurik eskritura horiek baliogabe ditzanik!!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: