Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eraikin gaixoaren sindromea

Eraikin gaixoaren sindromea

Amatiño 2016/09/20 00:05
Radon izeneko gasa bazenik ere ez nekien, amaitzear dugun uda honetan Canfranc-eko laboratoriora joan arte. Hantxe jakin nuen naturala bezain kutsakorra dela, erradioaktibitate naturalaz jantzia. Etxe barrurik gehienentan dagoela gutxi zein asko eta, gainditzeko, kentzeko edo uxatzeko modurik onena –eta merkeena—leihoak ireki eta gelak hamar minutuz aireztatzea baino ez dela.

Ez da, horratik, radon delakoa, gure etxe barruetako kutsadurarik handiena. Danimarkako Technical University-ko Jan Sundell ikertzaileari jaramonik egingo badiogu “aterperik gabeko airearen kutsadura aztertzea modan dago. Baina egia da, gune itxietako airea dela kutsakorrena eta jenderik gehien hiltzen duena”.

Gero eta gehiago dira mundu aurreratuan batere leiho irekirik gabeko eraikinak, aireztatze-sistema artifiziala besterik ez dutenak. Eta inork aitortu nahi ez duen arren, arazoa benetan larria da, urtero 6-7 milioi lagun hiltzen baitira munduan “eraikin gaixoaren sindromeaz”.

Izan ere, etxe-barruko aire ez egokiaz --edo "egokiegiaz"--  hiltzen direnak, HIESez, trafiko-istripuz eta diabetesez –hiruak elkarrekin— hiltzen direnak baino gehiago dira. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, hiritan bizi diren biztanle guztien %80, muga onargarrien gainetikako kutsadura-mailetan ari dira, gara alegia.

Are gehiago: etxe barruan suertatu ohi diren zereginek (lo, sukaldatu, kumuna, berogailua, tabakoa…) sortarazten duten giroa, hainbat infarto, bihotzeko, Biriketako Gaixotasun Butxatzaile Kroniko (BGBK,EPOC, gaztelaniaz) asma eta beste zenbait erasan baino kalteagarriagoak dira. Urtean zehar 800.000 pertsona hiltzen omen dira… "behar baino lehenago".

Hala ere, helduok egunaren %90 (21 ordu) lau hormaren artean bizi garen arren, kanpo-kutsadura aztertzeko ikerketek, barruko aize-kalitatea neurtzekoak baino ehun bider ugariagoak dira.

Inor kontrolatzea modan dago. Errazagoa da, nonbait, inoren etxea garbitzea norberarena baino. Erosoagoa ere bada inori kontuak hartzea, ingurumenaz, energiaz, kontsumoaz, euskaraz  zein edozertaz. Giza-jarrera hau ez da batere berria. Cervantesek Kixotean salatu zuen nabarmen errazagoa zela inoren begian zakarra sumatzea, geurean habea ikustea baino. Ez zuen, horratik,  leloa berak asmatu, hamabost mende lehenago Lukas eta Mateo ebanjelariek jarria zuten-eta, Nazareteko Jesusen ahotan.

Geroztik bi mila urte joan dira. Lehengo lepotik burua. Baina, orduan ez bezala, egungo gizadiak aterpetan eta aire egokitan bizi nahi du, egokiena delakoan.

jaime
jaime dio:
2016/09/20 14:41
Datutxo bat emango dizut. Egunero etxe osoa egurasten dugu, etxeko lanak egiten diren artean, baina, garrantzitsuena dela, urtean zehar, udan zein neguan, betidanik leihoak zabalduta lo egin dugu etxekook, eta, ez dakigu zer den gripea eta gure kasuan – emazte eta nirean – hirurogeita hamar urteak atzean poliki utzi arren ez digute inoiz gripe aurkako txertorik sartu. Froga ezazu!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: