Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Boteretsuak dira politikarik behar ez dutenak

Boteretsuak dira politikarik behar ez dutenak

Amatiño 2015/11/20 00:05
Daniel Innerarity filosofo eta ikertzaileak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu berri du bere azken saiakera: “La política en tiempos de indignación”. Aretoa lepo, gainezka, eta entzuleen batez besteko adina, barrena, 60 urtetik gorakoa.
Boteretsuak dira politikarik behar ez dutenak

Liburuaren azala

Hirurehun eta berrogeita hamar orrialdeko liburu trinkoak eskatzen du patxadaz eta astiro irakurtzea baina, tartean, ur handiagotan murgiltzeke, interesgarri dateke aurkezpenean bertan egileak berak azaldu nahi izan zuen testuingurua.

Lehen eta behingoz, azken urteotan, demokraziak hiru aro bizi izan omen ditu gure esparru hurbilean: aurrenik, etsipena, iheskeria eta politikarekiko atxikimendu-galera; joera honek erakarri zuen, besteak beste, 2011ko maiatzaren 15eko sumindura. Ondotik, egungo eraldatze edo eraikitze-garaia.

Eta eraldatze-garai honetan, kalean, barra-barra eta bolo-bolo entzun ohi diren bost susmori erantzuten saiatu da Bilbon jaiotako filosofo nafarra:

1. Politikariek gehiegi agintzen dute

Ikertzailearen ustez, ordea, politikariak ez dira boteretsuegiak, ahulegiak baizik. Eta ez honezkero munduan berrogei korporazio galantek agindu dezaketelako, politika desagertuko balitz ez ginaketeelako behar bada enteratuko ere egingo baizik. Innerarityren iritziz, politika, inori komeni izatekotan, gizarte arruntari, herri xeheari komeni zaio: “la no-política interesa a quien ya tiene poder”.

2. Politikari txarrak ditugu

Behar bada, ditugun politikariak ez dira nahi bezain onak, baina dauden politikariak politikan daude guk aukeratzen ditugulako eta guk inor aukeratzen dugu, guk geuk politikan egon nahi ez dugulako. “La no-política es peor que la mala política”. Politikariak dira gaizki egiten dutenak, beraiek soilik egin dezaketena.

3. Politikari gazteak, iraganik gabekoak, modan

Berri edo gazte oro modan dago, joeran, arrazoi objektiborik gabe neurriz kanpo baloratua. Moda arinaren logika politikaz jabetu da: “hartu, erabili eta jaurti”. Proposamen berriek funts edo oinarri gutxi dute, are gutxiago iraupenik.

4. Politikak etsiarazten digu

Bai, eta etsiarazten jarraitu dezala. Hain zuzen, politika ahalmen partekatua baino ez da. Inork ez du lortzen nahi lukeen guztia. Guk hautatzen ditugun politikariek ez digute erdiesten guk, hautatzearen truke, eskatzen diegun guztia. Baina honela da, eta honela izango da gero ere. Politika beti izango da, neurri batez edo beste, etsigarria.

5. Politikarengandik ezin dugu ezer itxaro

Kontua bestelakoa omen da, ordea. Arazoa ez da, antza, ezin dugula ezer itxaro, zer itxaro dezakegun eta zer ez bereizi beharra baizik. Eta, badaezpada, ez sekula fidatu “ez dago beste alternatibarik” dioten politikariez, ezta “dena posible da” diotenez ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: