Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Bigarren euskal inbasioa

Bigarren euskal inbasioa

Amatiño 2014/08/11 12:05
Ezkaraik 2.000 biztanle ditu neguan eta 15.000 inguru udaran. Hamahiru mila bisitari horietatik gehientsuenak euskal hiritarrak dira. Ez, duela mila urte bezala, Arabatik eta Nafarroatik joanda, Bizkaitik eta Gipuzkoatik baino. Hala ere, orduan bezala, orain ere, gehienak euskal hiztunak. Bigarren euskal inbasioa, nonbait.
Bigarren euskal inbasioa

Euskal toponimia, edonon

Bertsio ofizialak dio Antso I. a Gartzez errege nafarra jabetu zela Ezkarai (Haitz-garai) haranaz, X. mendean, eta alde egin behar izan zuten mairuek utzitako lurraldera iritsi zirela Arabako zein Nafarroako euskaldunak, euren hizkuntza bertaratuz.

Bertsio ofizial honi jaramonik egingo badiogu, arabarrak eta nafarrak heldu aurretik Ezkarairi (Izcaray, 1110 urtean) ez zeritzon Ezkarai, bertako biztanle guztiak mairuak ziren eta, jakina, euskara ez zen hizkuntzaren batez mintzo ziren. Batek daki honek guztiak logika handirik ote duen baina, zalantzarik ez behintzat, mila urte geroagoko toponimia euskalduna benetan ugaria dela.

Nabarmena da gero Santiago Arregi Belar (Bilbo, 1923) ibiltariak, 1950 hamarkadan zehar, auzoz auzo eta baserriz baserri informazioa bildu eta eskuz marraztu (1957) zuen mapa (Masip kafetegian esekita dagoena). Adibide gisa baino ez bada ere, nahi bestekoak dira euskal atzizkirik duten leku-izenak:

IBIA: Arguibia, Arzobia, Sacabia, Arrobia, Alsobia…

TURRA/IA (iturria): Arreturria, Zeleturria, Guelenturra, Iscolturra…

GUTIA: Menegutia, Mochitegutia, Calategutia, Necutia, Telegutia…

PURA (burua): Salburua, Arambura, Urabura, Gatazpura, Artequezpura…

BARRENA: Ayabarrena, Berrobarrena, Lambarrena, Sulbarrena, Cilbarrena, Cilbarna…

ZALAYA (zelaia): Barranzalaya, Gabizalaya, Gastanzalaya, Mosquinzalaya, Chorzalaya, Gazalaya…

TIA: Gorostia, Arrasartia, Sagastia, Arrubiartia, Mochitia, Gorpetia, Bitortia…

RENA: Usarena, Iguarena, Alcarena, Encararena, Musena…

ARANA: Arzarana, Malarana, Articorana, Escararana, Chastarana…

DIA: Arandia, Aranzadia, Sambardia, Ormadia, Romendia…

ZIA: Uzarzia, Esquicia, Espalcia, Azarcia, Galarcia, Esconcia, Musquincia…

 Eta, beste hainbat: Lambelza, Becicolarrea, Marichipia, Aldaqueaga, Bazazarra, Pichicuena, Ibaya, Bizcarra, Zagorria, Idoquia, Urmaria, Labaria, Sagarraya, Esponzorroza…

Ez da inondik ere harrigarri, beraz, Ojacastron epaiak euskaraz egin izana XIII. mendean edo Donemiliagan (Ezkaraitik bost ordu oinez) lehen euskal esaldi idatziak agertzea.

Gaur egun Ezkaraik 2.000 biztanle ditu neguan eta 15.000 inguru udaran. Hamahiru mila bisitari horietatik gehientsuenak euskal hiritarrak dira. Ez, duela mila urte bezala, arabarrak eta nafarrak, bizkaitar eta gipuzkoarrak baizik, baina, orduan bezala, neurri handi batean, euskal hiztunak. Bigarren euskal inbasioa.

Picota

Ezkarai sarreran dagoen haitz-mutur horri Picota deritza egun. Duela mila urteko "Haitz-garaia" omen.

 Harana

Ezkarai-harana, Errioxako toponimiarik euskaldunena, segurutik. Barrenean, egungo Sierra-de-la-Demanda. Aurretik, Arandia zeritzana. "Demanda" esaten zaio mugarri-eztabaida batez izandako auzia dela-eta.

Ezkarai San Millan

Bost orduko mendi-ibilaldia Ezkaraitik Donemiliagara, Turzan (Iturritza?) eta Larrizabala gailurrean zehar.

Hitzak

Lehen euskal esaldien mila urtehurrena zela eta, orain berrogei urte jarritako oroitarria.

Ni

Mendi-bizikletan ibiltzeko alderdi aproposa.

jaime
jaime dio:
2014/08/11 15:08
Guztiz argigarri eta interesgarria dugu, José J. Bautista Merino Urrutia jaunak idatzitako “La Lengua Vasca en La Rioja y Burgos”. Biblioteca de Temas Riojanos. Instituto de Estudios Riojanos
Interesaturik ba du zer ikusteko eta zer ikasteko liburuxka honetan agertzen diren mapak eta toponimiak arakatuz. Zinez, gomendagarria da liburu hau
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: