Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Azken mohikanoek ere, edozertarako balio

Azken mohikanoek ere, edozertarako balio

Amatiño 2016/06/24 00:05
Manuel Vicent idazleak bildu ditu, elkarrekin (“Los últimos mohicanos”. Alfaguara, 2016), El-País egunkarian argitara emandako hainbat espainiar literato ezagunen erretratoak, denek ere, era batez zein bestez, kazetaritzan nabarmen jardundakoak. Blasco Ibañezetik (1867-1933) Vazquez Montalbaneraino (1940-2003), mende luzean zehar, prentsa idatzia literatura-plazatzat erabili izan zuten hogeita bat idazleren profilak.
Azken mohikanoek ere, edozertarako balio

Azala

Vicent-ek berak esana omen da, XX. mendeko literatura espainiarrik interesgarriena prentsan argitaratu zela. Hori horrela aitortzekotan, onartu beharko genuke, aurrenik, autore valentziarrak “interesgarri” dioenean ez duela “on” esangura, “adierazgarri” baizik. Alegia, nik ez dut uste “Bergamin eta Unamuno espainiar kazetaririk onenak izan zirenik” baina bai uste dudala, ostera, Vicent-ek bildu dituen idazle horiek ez genituela horren ondo ezagutuko sekula prentsan idatzi izan ez balute. Eta ez naiz komunikabideetan agertzeak eskaini dezakeen ospeaz eta ezagupenaz, artikulu soilak idazteak dakarren biluzteaz baizik. Beste modu batez esanda, berandu baino lehen, artikulugintzak amaitzen duela larrugorritan azalerazten, literaturagintzaren oskolpeko fikzioan idazleak ezkutatu ohi dituen egiazko ajeak eta malurak.

Manuel Vicent-en bildumak ezer erakusten baldin badu zera da, idazle handiak ere lazeria handi samarren jabe direla. Eta denak ez badira ere, edozenbat behintzat, galtzez aldatzeko gauza direla sekula bizikletatik jaitsi beharrik gabe. Auskalo hautatutako hogeita bat idazleok azken mohikanotzat jo ote ditzakegun. Baina, zer gerta ere, gehienek bederen, ondotxo frogatu zuten jokoa eta kartak banatzerako orduan “komodin” izaten ere dezente ondo asmatu zutela; gerra-giroa zela eta ez zela, zernahitarako balio izan zutela.

Hiru dira hautatutako euskalerritarrak: Miguel de Unamuno, Ramiro de Maeztu eta Manuel Aznar. Eta, eragozpenik gabe, goitik behera sinatuko nituzkeen profilak dira eurenak. Aldi berean, lau dira, berriz, nik neuk garaikide-edo izan nituenak, eta trantsizio-garaian ia ezinbestez irakurri beharrekoak: Eduardo Haro Tecglen, Luis Carandell, Francisco Umbral eta Manuel Vázquez Montalban. Eta ez nieke lau profilei ezer kenduko baina bai, agian, ezarriko.

Behar bada, Manuel Vicent-ek ez ditu hautatutako hogeita bat idazleok metro berdinez neurtu. Nago, batzuetan beste batzuetan baino zorrotzago edo eskuzabalago jokatu duela. “Deabrua xehetasunetan dago” (Devil is in the details) dio anglosaxoi esaera zaharrak. Eta Vicent-i berari ere bere apopiloei gertatu berbera gertatzen zaio, hots: literaturagintzan sumatzen ez zaizkion ajeak eta mamuak azaleratzen zaizkiola artikulugintzan.

 

Manuel Aznar: "El arte de caer siempre de pie"

Eduardo Haro Tecglen: "El pesimismo como estado de lucidez"

Francisco Umbral: "El estilo como venganza"

Manuel Vázquez Montalbán: "El marxismo-pop y la gente derrotada"

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: