Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2012 Urtarrila 29 Burujabetza eta ekonomia lehiakorra
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Burujabetza eta ekonomia lehiakorra

Ertzaintzaren lehen andana (1982) kaleratu zenean, espainiar poliziaren tankera ez ezik britainiar “bobby"en eredua jarraitu beharra aldarrikatu zuen hainbatek. Eta Eli Galdos Herrizaingo Sailburuordeak erantzun zuen: "ondo dago ertzainak britainiar poliziaren pareko izan daitezen eskatzea. Saiatuko gara haien ospea merezi dezagun. Orain, euskal gizartea britainiarraren pareko izatea besterik ez zaigu falta".

Eli Galdos adiskide txantxikuarraz gogoratu naiz gure arteko edozenbat abertzale sutsu  Eskoziaren erronka txalotzen sumatu ditudanean. Ondo dago, bai, Madrilgo Gobernua ez dela Londreskoaren pareko salatzea baina… eta euskaldunok eskoziarren pareko bagina?

Ez duena balio da berrogeita hamar urtez tiroka aritzea eta orain Eskoziaz gogoratzea. Ez du balio erakundeak erdeinatu eta euren politikagintza guztia erakundeetan oinarritu dutenen estrategiaz liluratu. Eta ez dirudi zentzuzkoegia denik hauteskundeen garrantzia gutxiestea eta independentzia-erreferenduma hauteskunde-garaipenean finkatuko dutenen logika aldarrikatzea.

Nabaria, bestalde, ekonomia dela eskoziarren ardurarik nagusienetakoa independentziaren onurak eta arriskuak aztertzerakoan. Nik ez dut esango euskal independentziazaleei ekonomia ardura ez zaienik baina, nago, ekonomia lehiakorraren aldeko kezka urriagoa dela independentziazale omen direnen artean, ez omen direnen artean baino. Eta kontraesan hau, niri batere ez gustatzeaz gainera, ez dela onerako uste dut. Burujabetzaren onerako, jakina. 

 eskozia3

Azken maiatzeko datuak

Amatiño 2012/01/29

Galdera

Jaime — 2012/01/30 15:30
Galderatxo bat: United Kingdom eta Englandean bizi diren Eskoziarrek botoa emateko eskubidea izango lukete balizko erreferendum batean?

Hautesle-erroldakoek

Amatiño — 2012/01/30 16:53
Oso oker ez banago Eskoziako ohiko hautesle-erroldan daudenek eman ahal izango dute botoa. Hau da, Eskozian bizi diren guztiek, nahiz jaiotzez eskoziarrak izan ez. Eta ez, ordea, Eskoziatik kanpora bizi diren eskoziarrek.

Tentuz aritzea

Mikel — 2012/01/30 19:41
Bihotz beroak hauspotuta, baina burua hotz azeri jokatu behar da. Izan ere erraldoien borondateak ez baitira borondate handien indarrez makurtzen, aitzitik adimenaren eta zuhurtziaren bidetik.
Bestalde, egungo gizartea modernotasunik gordinenan bizi delarik, gaurkoa iraganeko eta ahaztu beharreko iruditu ohi zaio jendarteari. Beraz, komeni zaion haize bolada ikusten duenean ez dio inongo gizataldek aukera baliatzeari uzten. Hala gurean ere, egindako akatsak haintzat hartuta damuaren aztarnarik lukeen nornahik atzera egingo zukeen arren, ekimenari eutsi eta gizartearen oroimen labur modernoa baliatzen du, zoritxarrez arrakastaz.
Nahiago nuke, diozun bezala, eskoziarrek bezain kontzientzia askea izan eta inori askatasuna exigitzeari utzita neure norabidea hartzeko arrazoiak bidelagun (izterbegi) izan dudanari azaldu, patxadaz, soseguz, tentuz... Inork ez baikaitzake herri gisa geure buruari ezarritako kateetatik aska, denborak, halabeharrak eta jainko on batek izan ezik.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30