Amatiño
ETBren kontrola
Ez dago komunikabide serio eta sinesgarririk argitaratzen duenaren kontrolik ez duenik. Komunikabide orok du bere funtsezko 'corpus' ideologikoa, eta edozein komunikabidek du nork bere lerro editoriala. Zein informaziori lehentasuna eman eta zeini ez, nor elkarrizketatu eta nor ez, zelan titulatu eta zelan ez, zein zutabegile kontratatu eta zein ez, zer jarri lehen orrialdean eta zer ez… hau guztia ez da zuzendaritzaren eguneroko kontrolik gabe erabakitzen.
Hogeita zazpi urtez ETBn aritu ostean Urte Berri egunetik aurrera erretiroa hartuko du Luis Mari Mendizabal "Illarra" kazetariak (Azkoitia, 1949), gaur bere azken Kalifornia aireratu ondoren. Aurreko igandean Berriak egindako elkarrizketan zera esan zuen "Mendi" adiskideak ETBren omenkako zentsuraz: Zentsura beti egon da ETBn. Hasieran gutxi edo batere ez. Gero eta gehiago, gero eta gehiago eta orain zer esanik ez. Lehen zentsura bazegoen, baina formak aldatzen ziren. EAJrekin zentsura baino gehiago kontrola zegoen. Kontrola hain sotila eta hain ona zen, ez zuten aizkora hartu beharrik… Amatiño pieza oso garrantzitsua izan zen EAJren kontrol estrategian.
Tira, egungo ETBren kontrolaz eta zentsuraz eztabaidatan sartu beharrik gabe, ez diot nik "Mendi"ri (Mendi ETBn eta Illarra, Azkoitian) letra handirik ukatuko. Neri dagokidanez behintzat, hiru ideia nagusirekin geratzen naiz. Bat, hasieran zentsura gutxi edo batere ez zegoela. Bi, EAJrekin zentsura baino gehiago kontrola egon zela. Eta, hiru, Amatiño pieza oso garrantzitsua izan zela EAJren kontrol estrategian. Ba… pozten naiz, ikaragarri gainera, nik beti uste izan baitut kontrolatzaile eskasa izan naizela edo, hobeto esan, zorrotzegia baino nasaiegia ote naizen kontrol-kontuetan. Baina, bapo, hori ere ondo egin baldin banuen…
Zer gerta ere, uste dut benetan aukera ona dela komunikabideetako kontrola defenditzeko eta kontrol honen beharrezko eta ezinbesteko funtzioa aldarrikatzeko. Zenbaitek besterik uste izan arren, zuzendaritzaren kontrola kalitatearen zein erantzukizunaren galbahe da, eta kontrolik eza, berriz, anarkiaren erakusle. Zenbat eta komunikabide serioagoa are hobea izango da kontrola, eta zenbat eta kontrol gutxiago are komunikabide lardatsagoa. Kontrola profesionaltasunaren eta sinesgarritasunaren seinale da; kontrolik eza, aldiz, lagunarteko erdipurdiko lanaren adierazgarri.
Ez dago komunikabide serio eta sinesgarririk argitaratzen duenaren kontrolik ez duenik. Komunikabide orok du bere funtsezko 'corpus' ideologikoa, eta edozein komunikabidek du nork bere lerro editoriala. Zein informaziori lehentasuna eman eta zeini ez, nor elkarrizketatu eta nor ez, zelan titulatu eta zelan ez, zein zutabegile kontratatu eta zein ez, zer jarri lehen orrialdean eta zer ez… hau guztia ez da zuzendaritzaren eguneroko kontrolik gabe erabakitzen. Eta, garbi gera bedi gero, kontrola errazagoa dela komunikabide pribatuetan publikoetan baino, eta aniztasuna handiagoa dela publikoetan pribatuetan baino.
Jakina, batean zein bestean --eta publikoan gehiago-- zuzendaritzak izan behar du gutxieneko "auctoritas" moral eta profesional punttua, jokoa ematen asmatu behar du eta ezin du bere kasa "llanero solitarioarenak" egiten jardun, are gutxiago agintekerietan. Langileak oso garbi izan behar du, berriz, komunikabidea ez dela berea, ordezkari-lanean ari dela baizik.
Dena den, eskerrik asko "Mendi"! Urte berri on eta bizi berri hobea. Egongo gaituk!
Luis Mendizabal eta David Barbero (Informazioa), Juan Carlos Loroño (Teknika), Jota Jota Cuadrado (Aurkezpena) eta Iñaki Beobide (Produkzioa), ETBren lehen arloburuak, bi Alemanien muga itsuan, 1982ko udazkenean.
ETBren lehen kazetari taldea, 1983ko urtarrilean, ezkerretik eskuinera: Mikel Urretabizkaia, Estepan Aldamiz-Etxebarria, Maria Francisca Fernández Vallés, Andoni Basabe, Edorta Arana, Maripi Solbes, David Barbero, Xabier Zaldua, Aingeru Epaltza eta Luis Mendizabal. Denok jantzi-jantzi eginda, leihoak jarri aurretik ekin behar izan genion-eta lanari.


kaosa
Fisika eta filosofia
Halandabe, ez najeukek arazorik izango, hik diñoan moduan, anarkiaren ordez kaosa esateko. Nahiz eta, behar bada, anarkia filosofikoagoa izan eta kaosa, ostera, fisikoagoa.
Baina tira, bata zein bestea...
Eskerrik asko.
kontrola eta tarteka zentsura zuzenean
kontrol ezak (?) anarkia ekarri aurretik, zentsurara ere jo daitekela, alegia.
Elkarrizketa berrirakurri ostean
Josebari
Bestalde, ni kritiko izatearen alde nago. Eta, jakina, kritikoago komunikabide publikoekin pribatuekin baino. Baina hau onartzeaz gainera, ez dezagun geure burua engaina. Komunikabide pribatuen publikoen kontrako kritika (aldrebes sekula ez gero) txipiroi-tintarena ere izan ohi da: inor salatu ni bakean utzi nazaten; publikotasuna gutxietsi, bide batez nere pribatutasunaren balioa indartzeko. Baina komunikabide publikoetako kazetarien askatasuna pribatuetakoena baino dezente handiagoa da, eta autozentsura, ostera, txikiagoa. Eta honetaz ez nator bat Mendizabalek kazetari gazteez egiten duen balorazioaz. Baina hau beste eztabaida bat da.
Mikeli
BBC diozu… Ertzaintza sortu zenean, duela hiru hamarkada, norbaitek (ez dut gogoan parlamentaria edo kazetaria zen) gogoratu zion Eli Galdos barne-sailburuordeari “ertzainek Bobby britainiarren pareko izan beharko luketela”. Eta oñatiarrak erantzun zion: “Bapo. Ahaleginduko gara. Baina nor arduratuko da euskaldunak britainiarren pareko izan daitezen?”
Mendizabalekin desadostasunak
Gardentasuna
Mendizabalek dioena kritika iruditzen bazaizu… ez zaude nonbait bizitza modernorako batere prestatua. Une batez Luisek ni aipatu ninduen –"Amatiño pieza garrantzitsua izan zen EAJren kontrol estrategian"— eta nik ez dut iritzi hori ez kritikatzat eta ez minberatzat hartzen. Are gehiago, uste izan nuen aukera ona zela “kontrol” hitzak zenbait girotan duen zentzu txarrari aurre egiteko. Nik uste dut hainbat ideia berraldarrikatzako ordua dela: kontrola, errutina, disziplina, kemena, erantzukizuna…
Mendizabal eta biok lankideak –eta adiskideak-- izan gara hainbat urtez, ETBren hasiera beretik, elkar ezagutzen dugu eta elkar errespetatzen. Eta honek ez du esangura gauza denetan bat egon behar dugunik. Berak bere posizioa markatzen du eta nik nerea. Ez da arrazoi objektibo kontua.
Hain zuzen ere, Mendizabalekiko nere desadostasunak aipatzekotan, nik beste erantzun batzuk azpimarratuko nituzke, nitaz egindako aipamena baino dezente lehenago. Baina bere elkarrizketa da, eta ni ez naiz nor bere esparruan sartzeko.
Dena den, kontrola eta autozentsura ez badituzu gustuko eta horren gardentasunzale bazara, Informazio Gizarte honetan zergatik ez dakigu oraindik norekin ari naizen eztabaidatzen? Titiko umea bai baina, duela 25 urte ezta? Noiz irten behar duzu armairutik?
Urte berri on, Mikel
mendizabalen usteak eta nireak
Testua euskarri objektibo bat da. Testutik abiatuta interpretazioak egin daitezke,baina, bada lehen maila bat: testuan datorrenaren literaltasuna (abokatu batentzat lege "iturriak" bezala). Ba esaten nizun, aipatu hiru baieztapenak elkarrizketako erantzunen aipu literalak zirela.
Eta BBC aipatu duenean, iparraldera begiratzea ere esaten du uste dut, esaten nizun kontrol eza baino (zure artikuluan kontrolaren ideia orokorrean eta anarkia kontrajartzen baitziren), gobernuko alderdiaren gorabeherez gaindiko balio eta interes periodistiko batzuek dituzten komunikabideez ari dela.
Kontrola eta autozentsura ez ditut beti negatibo jotzen horrela berez nik, balio orokor horiez ari bagara behintzat (iturriaren konfidentzialtasuna adibidez, edo zuk aipatzen duzunez, kazetari indibiduala izateaz gain instiztuzio bateko langile zarela ere kontuan hartzea adibidez), baina, gutxienez izan daitezela agintean dauden alderdiez gaindiko balio batzuk, ahal bada. Dena den, zuzenean galdetu nahi nizuke gai hontaz: posible al da,zure ustez, komunikabide publiko batetan gobernuko alderdiaren interesez gaindiko interes eta balio batzuen araberako kontrola?
Bai, titiko umea nintzen duela 25 urte, 28 ditut eta. Ez didazu ukatuko beraz zure agintaldian zu epaitzen ibiliko nintzenik (Son Goku ikusten nuen orduan).Halere, anonimotasuna ez zait txarra iruditzen beste inoren kontra irainka aritzeko ez bada, hau da, iritzi bat emateko besterik ez. ESpero dut nire aukera (anonimotasuna) ez duzula txartzat joko, nik zurea behintzat errespetatzen dut, eta ez dut uste zu iraintzen edo gutxiesten ari naizenik, zure iritziaz eztabaidan soilik.
Urte berri on zuri ere!
Heldutasunak lagun zaitzala
Iritzia iritzi jakin ezazu, nahiz zuri besterik iruditu, nork bere burua aurkeztea aldez aurretikako erabakia dela edozein eztabaidatan. Irainka ala muxuka amaitu gero-geroko kontua baino ez da.
Ezagutzen nautenek ondotxo dakitenez, hau ez da nik orain zuri bereziki egindako eskakizuna, Informazio Gizarteari ekin genionetik hainbatek betidanik oinarrizkotzat defenditu izan duguna baino.
Anonimotasuna ez da sekula aukera jatorra. Ez dakit koldarra den, baina ez behintzat gizalegezkoa. Sareko informazioak ez du sekula gutxieneko sinesgarritasunik lortuko egunkaririk xumeenari eskatzen zaizkion oinarrizko baldintzak betetzen ez dituen artean.
Dena den, zure anonimotasun horretan gustura sentitzen baduzu zeure burua, heldutasunak lagun zaitzala.
Iritziak eztabaidatzen dira ez pertsonak
Ba segi orduan gaiarekin, galdera bat luzatzen nizun:
-posible al da, zure ustez, komunikabide publiko batean gobernuko alderdiaz gaindiko interes eta balio batzuen araberako kontrola?
Debatearen alde
Eta Mikeli doble eskerrak, nere ideiak ondo ulertu eta ondo defenditzeagaitik.
Naiz eta gustora luzatuko nintzateken zuekin, saiatuko naiz laburtzen:
noski komunikabide batek kontrola behar duela¡ baino konzeptu hori ezberdin ulertzen dugu( eta egia da Amatiñok esaten duena, bera ez zen oso zorrotz hoietakoa, bazuen "laissez-faire" piska bat).
Nik denunziatu eta kritikatzen dudan kontrola, "BOTEREAREN kontrola" da. Eta komunikabide publiko batentzat erreibindikatzen dudana " PUBLIKOA, GIZARTEARENA" izatea da. Oso ezberdinak dira: EITBko agintaritza osoa - Kontseilua eta izendapenak - Jaurlaritza eta iturri politikoetakik dator eta, ondorioz, lotura eta dependentzia handiak, oso handiak, sortzen dira. Administrazio Kontseilua profesionalak eta gizartearen ordezkariak osatu balukete - Europako estadu gehienetan gertatzen den modura - botereakiko dependentzia gutxiago eta ikuspegi libreago izango lukete EITBko edukiak erabaki eta lantzen dituzten langileek.
Bazekiat ondo, Amatiño, utopiara hurbiltzen ari naizela eta hik argudio pilo bat atera ditzazkekala heure ikuspegia defendatzeko. Baina utzi ditzagun gauzak garbi: EITB sortu zenean - eta orain ere antzeko - euskal gizartearen ordezkaritza bakarra politikoa, alderdiena, zen. Ez zen posible - eta zoritxarrez, orain ere ez - Frantziako Haute Autorite eta bere Kontseilua, edo BBCren komisioen antzekorik (http://revistas.ucm.es/inf/11341629/articulos/ESMP0909110033A.PDF - edo beste edozein webetan ikusi daitekena) 1980ko Euskal Herrian imajinatzerik. Amatiñok eta bere edadekoek ondo ezagutzen dugun bezala, garai haietan aurrera egin behar zen, ahal zen modura. Eta Labayenek hartu zuen eginkizuna EITB lehen bait lehen eraikitzea izan zen. Eta horretarako, RTVEren modelua goitik behera kopiatu zuen. Francoren ondorengo Espainia erdi-demokratikoaren telebista publikoaren modelua kopiatu genuen. Egia esateko, beste zerbait imajinatzea ere ez zen posible horduan.(Kontuz¡ Catalunyako TV3 ez zen berdin berdina izan, baina hori beste eztabaida luzeagoa da)
Baina 30 urte pasa dira eta ez dugu ezertan ez aurreratu eta ez mejoratu ¡ Zergaitik? hemen dago koska ¡ Nere iritzian, botereari ez zaiolako komeni izan ezer aldatzea edo mejoratzea. Eta boterea esaterakoan, 30 urte hauetan, EAJ/PNV esan behar dugu. Eta hor izan zuen Amatiñok merito handia: berak eraiki zuen ETB hura, eta eraiki eta ondo asentatu ondoren, beste lanetara joan zen. Baina gaurko ETB - orokorrean, eta batipat albistegiak - Amatiñok eraikitakoa da. !A su imagen y semejanza!, oso osorik. Bere meritu eta akats guztiakin. Horregaitik aipatu nuen elkarrizketan.
Alternatibak? profesionalak aukeratu eta erabakitzea ETBko zuzendaritza( honek ez du esan nahi oraingoek profesionalak direnik, naiz eta asko presumitu kazetari hutsak direla) Eta ingurukoek erabaki hoiek errespetatzea. Hori ametsa da gaur gure herrian?, agian bai. Baina ametsak laguntzen dute mundu hau mejoratzen ...
(eta zuen eztabaidak ere bai. Animo eta jarrai ¡)
Milkeli
1. Etxe honetako ateak irekita daude baina, inoren etxean sartzeko ohi denez, beti ere komeni ezkutuka ez aritzea.
2. Gaiak eta erritmoak nik jartzen ditut. Zure gaiak eta erritmoak nahiago badituzu, jarri itzazu zeure etxean eta, interesgarriak badira, izango duzu bisitarik.
3. Blog hau ez da ez udal-liburutegia. Wikipediak eta horrelakoak badira galdegile anonimoentzat.
4. Galderak egitea libre da baina... ez duzu gero pentsatuko hormari erantzuten jardungo naizenik ezta?
Zintzoa izan eta ez kemenik gal.
Amatiño
Luis Mendizabal lankideari
Ez zekiat zer esan. Bat natok-eta hirekin, kontzeptuetan behintzat.
Hala ere "gaurko ETB - orokorrean, eta batipat albistegiak - Amatiñok eraikitakoa da. !A su imagen y semejanza!, oso osorik. Bere meritu eta akats guztiakin" lartxo esatea ez ote den, baina tira, eskerrik asko.
Dena den, egia duk, ETBk huts-hutsetik hasi behar izan zuela eta --programetan behintzat-- aldez aurretik geure lanbidea ezagutzen genuen bakarrenetakoak kazetariak izan ginela. Eta nolabaiteko "beterania" hori
agerikoa izan zuan hasieran behintzat.
Hi, ez hadi gehiegi zahartu, eutsi goiari eta, berriro ere, eskerrik asko.
Amatiño
Eskerrik asko, eta aio!