Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Iraila 15 Agur Maritxu
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Agur Maritxu

Arrate Egunean hil zen, Buenos Airesen, Maritxu Aranberri Villabella. 98 urte zituen eta 70 baino gehiago zeramatzan Argentina bertan. Euskaraz zein gaztelaniaz hitzegiten jarraitzen zuen sekula Eibartik atera izan ez balitz bezala. Nolabait esateko, hizkuntza batean zein bestean, gaur egungo eibartarrak baino eibartarrago.

Nik baino ia 34 urte gehiago izan arren (azaroan 99 egingo zituen), lehengusina propioa nuen Maritxu. Gu bion aitonak, Domingo Aranberri "Bitor Txiki" (1843-1931)  armagin elgoibartarrak, 18 seme-alaba izan zituen eta Maritxuren aita --Gregorio, nere aita besoetakoa—  semerik zaharrenetakoa izan zen artean, nere aita –Luis--, berriz, denetarik gazteena, hamazortzigarrena alegia. Horra zergatik Maritxuk eta biok bi belaunaldi ezberdinetakoak ematen genuen.

Gure Maritxu Koldo Ormaetxea gudari-komandantearekin ezkondu zen 1934 eta gerra amaitu aurretik bikoteak atzerrira atera behar izan zuen. 1940rako edo Buenos Airesen ziren eta hantxe hazi zituzten bertan aittittatu eta amamatutako lau seme-alabak.
 

Gogoan dudanez seme-alabok 1960ko hamarkadan etorri ziren, estreinako, amets zuten Euskadira. Gaztetxoa nintzen arren susmoa dut ez zitzaiela hemen aurkitu zuten giroa lar gustatu. Edo ez zela behintzat Koldo eta Maritxu gurasoei beti entzun izan zien bezain gozoa, gogotsua eta euskalduna. Hain zuzen, nahiz eta besterik itxaro,  euskaraz beraiek baino dezente gutxiago zekiten lehengusu-lehengusina eibartarrak ezagutzeko aukera etsigarria izan zuten: “Es que… ya sabéis… con Franco…”. – “¿Franco? Pero si nosotros hemos tenido que aprender con Perón!”.

Nahiz-eta ama eta seme-alabak hegoaldera etorri, Luis Ormaetxea aitak ez zuen garai hartan sartzerik izan eta Hendaian geratu behar izan zuen. Nere aita zenak berarekin eraman ninduen mugaz beste aldera eta hantxe ezagutu nituen bai komandantea bera eta baita Toribio Etxebarria ere.

Azkenengo bider 1992an izan genuen Maritxu Eibarren baina nik 2003ko azaroan agurtzeko aukera izan nuen. Sao Pauloraino joan behar izan nuen lan-kontuengatik eta aukera hurbil hartaz baliatu nintzen Maritxuri bisita egiteko.   Ordurako 92 urte izan  arren sasoiko zegoen, jarduntsu, pozarren, gauzak txukun samar egin izan dituenaren lasaitasunaz.  Bertan jaiotako hiru belaunaldien amandria euskalduna zen eta bere altzo-inguruan biltzen zituen elkarren arteko ardatzik sendoenak eta behinenak. Hamahiru biloba zituen eta bederatzi birbiloba.

Begoña alabarik gazteenak telefonoz esan didanez, hil zen egunerarte ez zuen konorterik galdu. Azkenengo unerarte argi, alai, lasai, buruaren jabe, Eibarko ipi-apa guztiak bertan jarraituko balu bezala aipatuz, kontatuz eta gozatuz.

Agur Maritxu, eta zorionak neska. 98 urteren bueltan Arrate Egunian hiltzen asmatzen dauan eibartarra ez don gero edozein.                           

                        Amandria 600

Maritxu Aranberri, Argentinan jaiotako bilobekin

   

Amatiño 2010/09/15
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30
Arabako euskara Jaime, 2012/04/27