Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Iraila 02 Ingurumena, interes partikularra eta politika
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Ingurumena, interes partikularra eta politika

Bost urte joan dira Bizkaia Energia enpresaren ziklo konbinatuzko zentralak Boroan argindarra ekoizteari ekin zionetik hona. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko argindar-eskabidearen %15 ekoizten du, 150 lanpostu zuzen eragiten, 80 milioi euro fakturatzen urtero eta 14 milioi ordaintzen Zornotzako udalari zein Bizkaiko Ogasunari.

Esan gabe doa era honetako egitasmoek protesta latzak sortarazi izaten dituztela baina ez da ordea batere sarri esaten protesta guztiak ekologiaren defentsan azaldu izaten diren arren hiru jatorri ezberdinekoak izan ohi direla funtsean: ingurumenaren izenean, interes partikularren defentsan eta arrazoi politikoen aitzakiaz.

Seguru ekologiaren defentsa dela arrazoietako bat eta, zalantzarik ez gero, garbienetakoa zein zilegienetakoa gainera. Beste kontu bat da erabili ohi diren sistemak egokienak ote diren, aipatu izaten diren datuak zuzenenak edota ingurumenak –beste edozein arlok bezala— ez ote duen gizarte aurreratu eta demokratikoetako erakundeetan nork defenditu. Baina, zer gerta ere, talde ekologisten eskubidea euren iritzia azaltzeko ez dago ezelan ere auzitan jartzerik, ezta egokien iruditzen zaien legepeko defentsa-sistema ere.

Auzi-mauzi hauetan interes partikularren eskuartzea ere ez dago zalantzan, ezta edozein hiritarren eskubidea eta zilegitasuna ere bere interes partikularra defenditzeko. Salagarria da, ostera, ekologiaren eta ingurumenaren aterpean nork bere interes zuzenak defenditu nahi izana, aurrean bizi delako, inguruan lur-sailak dituelako edo interes orokorra bost axola zaiolako. NIMBY (ez nere etxe-osteko larrainean) deitu efektua mendebaldeko gizarte guztietan ematen da eta euskal gizartea ez da inondik ere salbuespena.

Azkenez baina ez hutsalenez, ezin gero baztertu erabilpen politikoa. Ez dut esangura ingurumenaz ezin denik hainbat iritzi ezberdin izan, ezta ingurumena ezin denik joko, aukera eta jokabide politiko ezberdinez defenditu ere. Batere espanturik gabe esangura dudana zera da, zenbait ingurumen-jarrera gehiago dagokiola unean uneko alderdi-estrategiari barne-ideologia sakonari baino. Alegia, zenbait  kontrako jokamolde ez dela praktikan jartzen gehiengoz hartutako erabakiak berez txarrak, kaltegarriak edo onartezinak direlako, kontrako posizioak markatzeko eta protesta-giroa suspertzeko baino. Alderdi guzti-guztiek aldatzen dute euren jarrera tokian tokiko egoera politikoaren arabera. Ez diot hau zilegi edo aproposa ez denik, ukaezina bezain ezkutatezina dela baizik.

Boroak bost urte

Bizkaia Energiaren ziklo konbinatua, Zornotzako Boroan

Amatiño 2010/09/02

NIMBY eta ENEA

lux — 2010/09/03 18:21
Amatiño: NIMBY euskaraz ENEA litzateke (Ez Nere Etxe Atarian).

Ataria ala ostea?

Amatiño — 2010/09/04 00:57
Esan izan bazenu ez dela larraina... tira. Baina, zer nahi delarik, beti ere ostea, sekula ez gero ataria.

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30