Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Abuztua 17 Egutegi-orria, 1956ko urtekoa
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Egutegi-orria, 1956ko urtekoa

Nork ez du gutun, idazki, postal, bertso-paper, inprimaki edo hostorik liburu handiagoren baten orrialdeen artean inoiz gorde? Gero, handik hainbat urtera, agertu ohi dira ustekabean harako erdi sekretupeko oroigarriak, inoiz zergatik gorde ote ziren ere asmatu ezinik.

Rafael Pikabearen Album gráfico-descriptivo de Guipúzcoa, 1914-1915 (Donostia, 1915) delakoaren orrialdeen artean aurkitu dut Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak 1956an argitara eman zuen egutegiaren lehen hiruhilekoa. Oikiako (Zumaia) Jesuscoa baserriaren argazkia dakar, garai hartan guztiz ospetsua zen Willy Koch argazkilariarena.

Ez dakit nork gorde zuen egutegi-orri hau Pikabearen bilduma-barruan. Zergatik sartu ote zuen asmatzea ez da batere zaila. Nekez gero inongo apaletan beste libururik, Pikabearen albuma (32 X 45,5 zm.) baino handiagorik,  egutegi-orria (30 X 42 zm.) tolestu gabe sartzeko adina. Baina zergatik ordea gorde lehen hiruhilekoa eta ez egutegi osoa?

Pentsatzekoa da gainerako hiru hiruhileko bakoitzean ere baserri-argazkiren bat azalduko zela, batez ere kontuan izanik Aurrezki Kutxaren iragarki-lelo nagusia zera zela: “343 caseríos han sido adquiridos por sus arrendatarios, gracias a la ayuda eficaz de esta Caja”. Nonbait, Oikiako Jesuscoa 343 haietako bat izan zen.

Dena den, esan bezala, ezin gero ulertu orrialde hori gure etxean gorde behar izana.  Jesuscoa baserriaz ez nuen nik sekula gurean hitzegiten entzun eta, ez 1956an eta ez ezein urteren lehen hiru hilabeteetan ere, ez zen --nik dakidanez-- ezer berezirik gertatu. Edozein modutan, zein nahi dela arrazoia, zorioneko egutegi-orri solteak 54 urte iraun du oso-osorik. Inork ondo gordetzerik nahi bazuen ezin gero esan lortu ez zuenik.

Jesuskoa lehen mailako landetxe guztiz gomendagarria da gaur egun. Baserriak galdu du atarian zuen eranskin itsusia, mandioan logelak daude eta kortan hainbat ostatu-zerbitzu. Will Koch-en zorioneko argazkia jangela alboko barra-atzekaldean dago lekuko zintzilik eta etxaurrean agertzen ziren neska-mutilak zein ondorengoak erabateko profesionalak  dira  orain turismo-arloan, Ana Iraolagoitia etxekoandrearen gidaritzapean.

                                                  Jesuskoa 001

                                                       1956ko egutegiaren lehen hiruhilekoa

                           Jesuskoa002

                                                       "Jesuscoa" baserria, 1950eko hamarkadan

                           Jesuskoa 003

                                                      "Jesuskoa" landetxea, gaur arratsaldean

Koch argazkilariak

Willy Koch Schoneweiss (Solingen, 1879 – Donostia, 1950), Sigfrido Koch Bengoetxea (Donostia, 1908-1973) eta Sigfrido Koch Arruti (Donostia, 1936-1992) aitona-aita-semeak ospe handiko argazkilariak izan ziren, Gipuzkoan gehienbat. Willy aitzindaria “instituzio” bat izan zen nere gurasoen belaunaldiarentzat; Sigfrido semea, berriz, profesional ezaguna naizen honen gaztaroan eta Sigfrido iloba, azkenik, euskal argazkilaririk sarituenetakoa oraintsu arte.

Kontua da, ordea, Auñamendi Entziklopediari jaramonik egingo badiogu behintzat, Koch aitona 1950an hil baldin bazen ezin izan zuela 1956an Jesuscoa  baserriaren argazkirik atera. Baina hori, segurutik, beste kontu bat da.

 

Amatiño 2010/08/17
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04