Amatiño
Zuzenean entzun, telebistaz ikusi
Organo-kontzertuak astun samarrak direnik ezin gero ukatu. Are gehiago saiorik gehienak elizetan izan ohi direnez, entzuleak aldarerantza begira eta euren bizkarraldean, berriz, koruan, han goian, organojolea bere bakardadean. Edozein espektakuluren antitesia alegia.
Duela hainbat urte etorri zen telebista ordena pittin bat jartzera; hau da, irudia ikusleen begi aurrean ipintzera. Hasieran, organojolearen irudi soila besterik ez, artista aurpegiz ezagutzeko baino ez, gizonezkoa ala emakumezkoa ote, zaharra ala gaztea, bizarduna ala burusoila. Kamera bakarra, plano osoa, ikuspegi finkoa. Geroztik, kamerak gehitu egin dira urtez urte eta saiorik saio, aukerak ugaldu, proposamenak landu, emaitzak aberastu.
Gaur bertan Debako elizan izan den ekitaldia* hainbat kameraz (barrena hiru) baliatu da, irudi-kalitate dezentez eta errealizazio-lan txukunaz. Organojolearen aurpegia ezezik, baita eskuen zein oinen lehen planoak ere.
Irudiak ez du inondik ere audioa hobetuko baina bai, behar bada, audientziaren kopurua gehituko eta iraupena erraztuko. Ez da kontu berria. Greziako antzezlariak zein Zuberoako pastoralgileak ere aspaldi konturatu ziren ikusentzuleek gehiago irauten zutela eserita zutik baino.
Zuzenean entzun, telebistaz ikusi. Teknologia ez da beti gauzarik zailena.
Pantaila handia Debako Santa Maria elizaren aldare erdi-erdian
Koruko organojolea, aurrez aurre
Xehetasun hauek ezta korura bertara igoez gero ere
* Ana Belen García, Loreto Aramendi eta Alize Mendizabal organojoleen kontzertua



organua
Halan be, iñoiz hartu dot beste aukerarik. Zenarruzako kontzertuetan oin dala urte batzu, esate baterako, altareko jarrilekuetatik askoz hobeto ikusten zan organistia, eta zortzi lagun jarri giñan bertan korora begira (fraillien jarrilekuetan hala egixa). Publiko guztia guri begira eukitzia pizkat inkietantia bazan be, kontzertua hobetotxuago ikusi genduan behintzat.
entzumena eta ikusmena