Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Abuztua

Artxiboa Abuztua 2010

Aukeraren leihoa

Luistxorekin bat nator euskal lurraldetasunaren dogma antzua salatzerakoan eta Kataluniak, ezer egingo badu, lehenago jarriko duela Bartzelonan biltzen den “Parlament”aren burujabetza “pobles catalans”en lurraldetasuna baino.

Window of opportunity (aukera leihoa) delako leloaz baliatuz  Luistxo Fernandezek benetan iritzi-artikulu bakana bezain interesgarria eskaini digu gaur Berria egunkarian. Ez da gero batere ohikoa gauza originalik entzutea edo irakurtzea independentziaz, lurraldetasunaz edota Kataluniaren ereduaz, baina hona non gure Luistxok eztabaidarako  aukera paregabea eskaini digun. Bat etorri gaitezke ala ez bere hainbat irizpiderekin, baina ezin zaio behinik behin freskotasunik ukatu.

Bere burua independentistatzat jotzen du Luistxok, baina berri samarra nonbait,  2003an Euskaldunon Egunkaria itxi arte ez baitzen antza erabat jabetu. Espoleta harrigarria iruditzen zaidan arren, sentimenduak ez dira eztabaidagarri.

Egia da segurutik independentzia gauzatzeko prozesuetan “istripu historikoek” eragin handi izan ohi dutela baina, horratik, ez dut sinesten Kataluniaren noizbaiteko independentziak euskal aukeraren leihoa itxiko lukeenik.  Are gehiago, ez dut uste katalanak inora doazenik.

Luistxorekin bat nator, ostera, euskal lurraldetasunaren dogma antzua salatzerakoan eta Kataluniak, ezer egingo badu, lehenago jarriko duela Bartzelonan biltzen den Parlament-aren burujabetza pobles catalans-en lurraldetasuna baino.

Merezi du irakurtzea. Auskalo oker ala zuzen, baina argi eta garbi bai behintzat. Ezin gero esan "kazetari ohiari" ulertzen ez zaionik.

 LUISTXO

Luistxo Fernandez

Amatiño 2010/08/31

ETB, galdutako bidearen bila

Duela hamabost urte besterik aurreratu arren, oraindik ere egon badago Euskal Telebistarik. Baina nekez iraungo du filosofiaz aldatzen ez baldin badu eta, ene ustez, filosofiarik iraunkorrena 1986 urterarte indarrean egon zena da. Erabateko ETB1 –bat bakarra munduan— eta informazioz zein zine-programazio onez osatutako ETB2.

ETB dela eta ez dela, han-hemenka denetariko iritziak azaltzen ari dira audientziaren galeraren nola-hala arrazoitzeko. Zenbaiten ustez zuzendaritzak ez du programazio berriaz asmatu; bada barne-giroak ez duela batere laguntzen dioenik; ikusentzulearen “desafekzio” hitza batzuen eta besteon ahotan entzuten da; seguru gero merkatu-eskaintzaren ugaltzeak, audientzien atomizazioak zein krisialdi ekonomikoak ez dutela mesederik erakarri eta, behar bada, Alberto Surio zuzendari nagusiak esan bezala, egia ere bada ETB ezezik telebista-merkatu osoa ere aspaldioko iraultzarik sakonenaren atarian dagoela.

Zer egin, ordea? Ba, nere iritziz behintzat, iturrietara jo. Hau da, 25 urte atzera egin eta 1986 urterarte indarrean egon zen egitasmoa berreskuratu. Laburbilduz, euskarazko ETB erabatekoa, munduan euskaraz beste katerik ez balego bezala (eta ez dago), eta gaztelaniazko ETB2 osagarria, informazioan eta zine-programazioan oinarritua.

Euskarazko ETB “erabatekoa” diot, nolabait adierazteko ETB1k 1980eko hamarkadan betetzen zuen funtzioa betetzeko segurutik kate bat baino gehiago behar izango duela gaur egun. Zentzu honetan, daitekeena da 1983ko ETB1en helburu guztiak betetzeko orain ETB3, Betizu edota  kirol-ETBren bat behar izatea.

EiTBren helburuak

EiTBren sortze-legeak adierazten duenez, euskal irrati-telebista sortu zen euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko eta hiritarren informazio-eskubidea suspertzeko. Telebistari zegokionez, lehen ideia lantzeko eragin zen Euskal Telebista (barne-produkzio indartsuaz) eta bigarren helburua segurtatu ahal izateko justifikatu  zen ETB2ren sorrera (informazioa eta kanpo-produkzioa). Funtzio-banaketa hau hautsi zen 1986-87an ETB2k informazio- eta zine-programazio soilari utzi, Fernando Tola, Sabrina, José Luis Moreno etab. kontratatu eta gaztelaniazko barne-produkzioari ekin zionean (ikus ETB: 25 URTEURRENAREN BIDEAN. ETB2ren eragina. Jakin 1995,  89. zenbakia, 83. orrialdean)

Iritzi-aldaketa honen atzekaldean euskal gizartearen erdal mundua zegoen, zentzurik zabalenean. Hau da, sekula aurretik euskal telebistaren (euskal hedabideen) premia aldarrikatu ez arren, ETB abian ikusi ostean “nosotros también” pentsatu zuen mundua. Hauxe da funtsean arazoa, eta hauxe berauxe da ETBren bastidoreen artean oraindik ere jokoan dagoen auzia.

Euskal gizartean bi mutur-sektore daude. Ertz batean, euskarazko elebakartasuna aldarrikatzen duena, elebitasunak beti ere, azkenean, euskararen heriotza erakarriko duelakoan. Beste ertzean, berriz, euskara sustatzea anakronikoa dela uste duen jendea eta museoan gorde beharreko ondare historiko baliotsutzat jotzen  duena.

Baina bi mutur hauen artean, bitartean, ez dago iritzi-molde bakar bat, beste bi baizik. Bata, euskara sustatzeaz gainera, hobe beharrez diskriminatu nahi duena eta, bestea, euskara sustatu bai baina gaztelaniak euskarak bezainbat eskubide eta laguntza zuzen behar dituela uste duena, demokraziaren, berdintasunaren eta parekotasunaren izenean.

ETB2ren gaur egungo programazio-motarik gehiena --kirol-emanaldiak eta haurrentzakoa izan ezik-- ETB1 bezain kate jeneralista nahi izateari dario. Euskal hizkuntza-politikak esan lezakeenaz aparte, behar bada ETB2ren programazio-eredu hau onargarri (edo eramangarri) zen telebista-kate guztiak publikoak ziren urteetan (1990 arte), aukera dezente murritzagoa zen denboretan edota dirua arazo ez zen garaietan. Baina egungo merkatuak eskaintzen duen programazio joriaren aurrean zeharo eztabaidagarria da zentzurik ote duen gaztelaniazko kate publiko jeneralista komertziala  bi milioi hiritarren  euskal erkidegoan.

Oraindik ere indarrean daude --murriztu ezezik gehitu egin dira-- 1983an Euskal Telebista sortzeko erabili ziren arrazoi berberak. Baita, nik uste, 1983ko Gabonetan Teleberri-rekin batera aireratu zen ETBren gaztelaniazko modeluari zor zaizkionak ere. Ez, ostera, 1986an ekindako erdal programazio-ereduari eusteko bezainbatekoak.

Orain  hamabost urte  idatzi nuen nik (ETB: 25 URTEURRENAREN BIDEAN. Berehalako etorkizuna. Jakin 1995. 89. zenbakia, 94. orrialdean):

     Ondoko urteetan ETBk berebiziko irudimen ahalegina frogatu beharko du, aurreko hamabi urteetan buru-belarri saiatu ondoren lortutako audientzia-mailari eutsi ahal izateko. Aldi berean, ehundaka alternatiba bilduko dituen tropeletik ihes egin eta merkatuan nagusituko diren hiruzpalau aukera handienetako bat izateari eutsi nahi izango badio, sekulako botere eta ahalmenaz jabetu beharko du. Azkenik, teknologia-eraberrikuntza handien ataritan, kapital.inbertsioek ia hasiera-hasieran egindakoak bezain handiak izan beharko dute, kontua ez baita izango orain arteko ildotilk hobetzea, oinarri-oinarrizko barne-sistema osoak goitik behera aldatzea baizik.

     Orain dela hamahiru urte ez zegoen Euskal Telebistarik. Behar bada, gehiegi litzateke hamabi urte barru ere ez dela egongo esatea. Auskalo, egongo den ala ez, baina garbi dagoena zera da, egongo bada, guztiz desberdina izan beharko duela eta egin beharreko aldaketek oraindanik hasi beharko dutela.

Bistan denez, hamabost urte geroago oraindik ere egon badago Euskal Telebistarik, baina nekez iraungo du filosofiaz aldatzen ez baldin bada eta, ene ustez, filosofiarik iraunkorrena 1986 urterarte indarrean egon zena da. Alegia, erabateko ETB1 –bat bakarra munduan—eta informazioz zein kanpo-programazio onez osatutako ETB2.

 

Amatiño 2010/08/30

Garun emea

Ez diot nik Louann Brizendine doktore andreari neuro-psikiatriaz ezer ukatuko eta are gutxiago neurobiologiaz batere irakatsiko baina bai, behar bada, metodo zientifikoaren oinarrizko bizpahiru xehetasun gogorarazten ausartuko.

Louann Brizendine medikuntzan doktorea da, Yalen zein Berkeleyn Neurobiologiaz graduatua eta  Kaliforniako Unibertsitatearen neuro-psikiatra. Horrez gainera El cerebro femenino (The Female Brain) saiakeraren egile eta ni… ez nator bat. Hauxe marka!

Kaliforniako unibertsitate-irakasle honek dioenez “el cerebro humano tiene aptitudes únicas: sobresaliente agilidad mental, habilidad para involucrarse profundamente en la amistad, capacidad casi mágica para leer las caras y el tono de voz en cuanto a emociones y estados de ánimo se refiere, destreza para desactivar conflictos. Todo eso forma parte de circuitos básicos de los cerebros femeninos. Son los talentos con los que ellas han nacido y que los hombres, francamente, no tienen”.

Sekula ez dut uste izan “francamente” adberbioa zientifikoegia denik baina, hala ere, emakumezkoen garuna hainbat arlotan gizonezkoena baino gaituagoa baldin bada –nik ez dut batere zalantzarik— eskertzekoa litzateke onartzea beste hainbatetan aderantziz dela eta, behin onartuz gero, sinesgarriagoa zertan den zehaztuko balitz.

Hain zuzen ere, ez dena batere sinesgarria –ezta zientifikoa ere--  zera da: liburu guztian zehar behin baino ez onartzea emakumearen eskasia zientzietan eta matematiketan, baina ez  gizonezkoa bezain gaitua ez delako, beste arlo batzuk nahiago dituelako baino. “El cerebro no es nada más que una máquina de aprender dotada de talento. No hay nada que esté absolutamente fijado”. Bapo, orduan?

Penagarri gero horrelako lan interesgarria nolabaiteko aldarri feministaz orraztu izana. “Confío en que el cerebro femenino será contemplado y entendido como el instrumento finamente ajustado y talentoso que es en realidad”. Of course. Baina, excusatio non petita accusatio manifesta.

Julio de Urquijo eruditoak euskal apologien aurka egindako salaketa gogorarazten digu Brizendine andreak. Alegia, norberaren aurretikako tesien aldeko arrazoiak pilatzeari ekin eta kontra agertu daitezkeenei muzin egin. Bill Brysonek gordin asko adierazi bezala: “Es notable la frecuencia con que las primeras interpretaciones de nuevos testimonios han confirmado las ideas previas de su descubridor" (Una breve historia de casi todo. Barcelona, 2004).

Dena den, ikuspegi partzial honez gainera, liburu interesgarria bezain entretenigarria. Zenbait unetan etsigarria ere bada sumatzea gure (barkatu, emakumeen) hainbat emozio, gurari, sentipen, jokabide, aukera eta goi mailako pentsamendu hormona-kontua baino ez dela. Oxitozina, progesterona, testosterona eta estrogeno gehiago edo gutxiago besterik ez alegia. Baina, edozein modutan, beti ere jakingarri neskatila, emakume gazte zein  menopausikoen hainbat jarreraren zergatia hobeto ulertzeko. Nere bilobei, alabari eta emazteari hobeto ulertzeko alegia.  Ez da gero gutxi.

 Cerebro 419

Amatiño 2010/08/27

Parasito pontifikatzaileak

Eliza Katolikoaren alde ala kontra ote nagoen erabaki behar izango banu, batere zalantzarik ez gero, alde. Baina hautu honek ez nau “eliztar” egiten. Gauza bat da gramatika eta beste bat, praktika. Praktikarik ezak bihurtzen nau elizaren parasito eta erabat gutxiesten du nik haren barne-erabakiez izan dezakedan iritzia.

Lagunartean tarteka-marteka suspertu ohi da elizaren jokabideen gaineko eztabaida. Eztabaida baino gehiago jarduna, denok bat etorri izaten gara-eta elizak gero eta gutxiago erakartzen gaituela onartzerako orduan.  

Otordu osteko mahai gozoan nork baino nork daki nonbait zeintzuk diren elizaren malurak eta zeintzuk liratekeen, berriz, egin beharko lituzkeen aldaketak. Teoriazko ekarpen hauek nolabaiteko balioren bat izan lezakete solaskideak lantzean behin elizara joango balira baina,  inoiz ez joateaz gainera, beldur naiz ez ote liratekeen sekula itzuli ere egingo nahiz eta beraiek proposatzen dituzten aldaketak noizbait suertatu. Hau da paradoxa gero: elizara joaten ez garen eliztarrok nahi dugu elizak gu errekuperatuko ez gaituzten erabakiak hartu ditzan. Hipokresia nabarmena.

Ni ez naiz honez gero euskal gizartearen larrainik gazteenean bizi baina, hala ere, susmoa dut elizara joan ohi direnak ni baino are zaharragoak direla. Nere inguruan ditudan gehienak parasito hutsak dira elizarekiko, ezeren truke elizaz baliatzen baitira, baikara, geure arteko bataioak, jaunartzeak, ezkontzak eta hiletak atontzeko. Ez gehiago eta ez gutxiago. Hori bai, tartean, guretzat nahi ez dugun eliza aurrerakoiagoa izan dadin nahi omen dugu.  Itxurak bete baino ez.

Elizak gizarteaz hitzegin eta bere iritzia agertzen saiatzen den bakoitzean, samara egiten diogu haserre asko, elizak hobe lukeela gizarte zibilaz isilik egon gogoratuz. Baina gizarte zibilaren izenean eliza isildu dadin eskatu ohi duten iritzi-emaile, solaskide, komunikabide eta editorial berberek ez dute gero batere arazorik izaten elizaren barne-erabakiez iritzia emateko, kritikatzeko  eta gupidarik gabe pontifikatzeko.

Parasitoak izateaz gainera, pontifikatzaile amorratuak.

 Pulpito

Amatiño 2010/08/25

Aittitten artekoak

Juanjo Araolaza adiskideak aipatu dit zein zeregin handia ematen duten bilobek. Auskalo gero, bilobak direla-eta, handia edo txikia ote den gure seme-alabok aittittatutako aitei eragiten diguten zeregina baina, zalantzarik ez gero, guk gure aitei eragin geniena baino dezente handiagoa. Hori, bai.

katrin598 

Ez dut uste nere seme-alabek inoiz jolasean egin zutenik euren aittittekin. Mahai-berean eseri bai, berriketan entzun ere bai, baita “paga” eman-hartu ere jakina,  baina ez behintzat jolasik edota ipuinik kontatu. Zer esanik ez afaltzen lagundu edo horrelakorik.

Nik ez ditut gogoan ez aita zena eta ez aitaginarreba euren bilobekin hondartzan, are gutxiago potzuetan txipli-txapla edo hareartean tatarrazean. Gomuta hutsari jaramonik eginez gero esan beharko nuke gure gurasoen belaunaldia gurea baino arras zaharragoa izan zela baina, datua datu, ez da, ostera, egia.

Aita zena 60 urterekin aittittatu zen aurrenengo aldiz, ni baino barrena urtebete lehenago, eta nere aitaginarreba, berriz, 56rekin. Halere, ez dut uste ni baino gazteago bailiren jokatu zutenik. Ez bata eta ez bestea ez nituen sekula “txaparrotan” edo nolabaiteko kirolik zein jolasik egiten ikusi, etxean nahiz kanpoan izan. Aitaginarreba kale-txakurra zen gogotik eta gure aitak Usartza-Kalamua-Arrate triangelua baino ez zuen maite. Bilobak, berriz, bisitan eta goitik behera.

Baina, esanak esan, ez gero pentsa ni aittitta sufritua –are gutxiago esplotatua-- naizenik. Nere bilobak argi-argiak dira, nahiago dute euren gurasoekin eta, oraingoz behintzat, ez diet nik kontrakorik egingo.

 katrin5982

Katrin

SANROKEAK525

Nere

Malen 598

Malen

Amatiño 2010/08/23

Carn al grill

Han-hemenkako seinale, anuntzio, iragarki eta oharretan ez da gero euskal itzulpen txarrik falta izaten baina, sarri behintzat, akatsik gehienei igarri ohi zaie okerreko “logikaren” bat. Ugaldebietako restopean (Abanto-Zierbena) daudenetako bati, ordea, ezin ezelan ere euskal itzulpenaren nondik norakorik sumatu: CARN AL GRILL.

Zortzi-bederatzi kartel daude, barra-atzekaldean, bertako kafetegian zein jatetxean eskaintzen dutenaren berri emanez. Denak ere txukun samarrak, estilo berekoak, bat edo izan ezik.

Hizki handitan euskaraz eta txikitan, berriz, gaztelaniaz zein ingelesez, esaterako:

Carne3

  edota

Carne2

 Guztietatik, ordea, bat zeharo aldrebesa da.

Carne1

Bistakoa da arraina eta haragia iragartzeko irizpideak erabat ezberdinak izan direla. Nekez sinetsiko gero itzultzaile berbera izan denik.

Nolabaiteko arrazoiren aurkitu behar eta, oso oker ez banago, carn al grill katalanez da. Daitekeena beraz Kataluniako beste restopen baterako egindako kartela Ugaldebietan jarri izana. Hau horrela balitz itzulpena zuzena litzateke, kokapena aldiz okerra. Baina honek esangura izango luke Kataluniako beste restopen batean zera jarria legokeela: PARRILLAN ERRETAKO OKELA.

Argazkiak ateratzen ari naizela mostradore osteko zerbitzariak diosta: “Está mal ¿verdad?”. Hau da, ez naiz ni lehena, aurretik ere norbaitek zerbait esan die eta badakite. Baina, jakin arren,  ez dute nonbait aldatu beharrik sentitu. Seguru gero Katalunian ez duela euskal testuak egun bi iraun.

 

Amatiño 2010/08/21

Fokua non jartzen denaren arabera

Ikuspegia eta fokua ez dira inondik ere berdinak, sarri asko nahasten diren arren. Bereiztekotan, ikuspegia iritziari atxiki behar zaio eta fokua, ostera, lehentasunari.

 

Ondoko argazki bi hauek leku berberetik atereak dira baina foku zeharo ezberdinez. Ikuspegia berbera izan arren, emaitzak arras ezberdinak ezezik parekagaitzak dira.

 

FOKOA 001

 

Jakina gero erabat garrantzitsua dena aldez aurretikako ikuspegia edozein  gaiz eztabaidatzeko, aztertzeko zein erabakitzeko. Baina ikuspegia bezain garrantzitsua dateke fokua, fokua non jartzen den alegia.

 

FOKOA 002

 

Amatiño 2010/08/19

Egutegi-orria, 1956ko urtekoa

Nork ez du gutun, idazki, postal, bertso-paper, inprimaki edo hostorik liburu handiagoren baten orrialdeen artean inoiz gorde? Gero, handik hainbat urtera, agertu ohi dira ustekabean harako erdi sekretupeko oroigarriak, inoiz zergatik gorde ote ziren ere asmatu ezinik.

Rafael Pikabearen Album gráfico-descriptivo de Guipúzcoa, 1914-1915 (Donostia, 1915) delakoaren orrialdeen artean aurkitu dut Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak 1956an argitara eman zuen egutegiaren lehen hiruhilekoa. Oikiako (Zumaia) Jesuscoa baserriaren argazkia dakar, garai hartan guztiz ospetsua zen Willy Koch argazkilariarena.

Ez dakit nork gorde zuen egutegi-orri hau Pikabearen bilduma-barruan. Zergatik sartu ote zuen asmatzea ez da batere zaila. Nekez gero inongo apaletan beste libururik, Pikabearen albuma (32 X 45,5 zm.) baino handiagorik,  egutegi-orria (30 X 42 zm.) tolestu gabe sartzeko adina. Baina zergatik ordea gorde lehen hiruhilekoa eta ez egutegi osoa?

Pentsatzekoa da gainerako hiru hiruhileko bakoitzean ere baserri-argazkiren bat azalduko zela, batez ere kontuan izanik Aurrezki Kutxaren iragarki-lelo nagusia zera zela: “343 caseríos han sido adquiridos por sus arrendatarios, gracias a la ayuda eficaz de esta Caja”. Nonbait, Oikiako Jesuscoa 343 haietako bat izan zen.

Dena den, esan bezala, ezin gero ulertu orrialde hori gure etxean gorde behar izana.  Jesuscoa baserriaz ez nuen nik sekula gurean hitzegiten entzun eta, ez 1956an eta ez ezein urteren lehen hiru hilabeteetan ere, ez zen --nik dakidanez-- ezer berezirik gertatu. Edozein modutan, zein nahi dela arrazoia, zorioneko egutegi-orri solteak 54 urte iraun du oso-osorik. Inork ondo gordetzerik nahi bazuen ezin gero esan lortu ez zuenik.

Jesuskoa lehen mailako landetxe guztiz gomendagarria da gaur egun. Baserriak galdu du atarian zuen eranskin itsusia, mandioan logelak daude eta kortan hainbat ostatu-zerbitzu. Will Koch-en zorioneko argazkia jangela alboko barra-atzekaldean dago lekuko zintzilik eta etxaurrean agertzen ziren neska-mutilak zein ondorengoak erabateko profesionalak  dira  orain turismo-arloan, Ana Iraolagoitia etxekoandrearen gidaritzapean.

                                                  Jesuskoa 001

                                                       1956ko egutegiaren lehen hiruhilekoa

                           Jesuskoa002

                                                       "Jesuscoa" baserria, 1950eko hamarkadan

                           Jesuskoa 003

                                                      "Jesuskoa" landetxea, gaur arratsaldean

Koch argazkilariak

Willy Koch Schoneweiss (Solingen, 1879 – Donostia, 1950), Sigfrido Koch Bengoetxea (Donostia, 1908-1973) eta Sigfrido Koch Arruti (Donostia, 1936-1992) aitona-aita-semeak ospe handiko argazkilariak izan ziren, Gipuzkoan gehienbat. Willy aitzindaria “instituzio” bat izan zen nere gurasoen belaunaldiarentzat; Sigfrido semea, berriz, profesional ezaguna naizen honen gaztaroan eta Sigfrido iloba, azkenik, euskal argazkilaririk sarituenetakoa oraintsu arte.

Kontua da, ordea, Auñamendi Entziklopediari jaramonik egingo badiogu behintzat, Koch aitona 1950an hil baldin bazen ezin izan zuela 1956an Jesuscoa  baserriaren argazkirik atera. Baina hori, segurutik, beste kontu bat da.

 

Amatiño 2010/08/17

Alde egiteko premia gutxi

Gazteen arteko lanik eza sekulakoa omen den honetan, Brasil, India eta Txina dirateke gaur egun garai bateko Flandria, Peru, Mexiko, Argentina edo Uruguay. Baina ez dirudi inork alde egin nahi duenik… turismoa egiteko ez bada.

Gazteen arteko lanik ezaren azken datuek bazterrak asaldatu dituzte. Sekula izan den parurik handienetakoa omen. Segurutik datu kezkagarriak dira baina, hala ere, “sekula” hitz potoloa da. Potoloegia. Izan ere, Euskal Herria betidanik izan da emigratzaile-lurraldea. Urrunegi joan jabe, gure aita zena Argentinara joan zen 1930an lan-bila, 21 urte zituela. Koldo Aranberri gaztea ez zen inondik ere bakarra izan. Bere bizpahiru anaiarekin batera jardun zuen Panpako gauchoen artean "lechero". Eta nere aita besoetako osaba, Gregorio, Buenos Airesen hil zen aittittatuta.

Bi urte lehenago Deban, Jose Manuel Ostolaza indianoak Escuela Biblioteca del Emigrante sortarazi zuen 1928an, bertako 36 seme Ameriketara lanera joateko prestatu zitezen “y cuando el tiempo transcurra ahuyentaréis de vuestros hogares la pobreza que habéis heredado y os rodea todavía” (Revista DEBA, 76. zenbakia)

Emigrazioa

Iñigo Landak bildutako argazkia (La Voz de Guipúzcoa 1930.11.18).

Euskal emigrazioa 

“Para ser un auténtico vasco, se requieren tres condiciones: llevar un apellido sonoro que indique el origen, hablar la lengua de los hijos de Aitor y… tener un tío en América” (L'Emigration basque. Pierre Lhande. Paris, 1910.  Sortzez frantsesez idatzia Auñamendi Argitaldariak itzuli eta argitaratu zuen (Donostia, 1971). Euskal emigrazioaz hitzegiteko oinarri-oinarrizkoa Aita Lhanderen hau.

Euskal Herria ez da oraintsu arte lurralde aberatsa izan. Balearen arrantza (X-XIV), Holanda, Brabante eta Hansako Ligarekiko merkatal-harremanak (XIV-XV), Ameriketarakoa (XVI-XIX), Utrecht-eko Bakeak Iparraldean eragin zuen hondamendia (XVIII-XIX) etab… Euskal Herriak demaseko hustualdiak jasan izan ditu hainbat mendez.

Han-hemenka bildutako datuei jaramonik egingo badiegu, 1840tik 1842ra bitartean Hego Euskal Herriko 1.300 lagun joan ziren Argentinara zein Uruguayra, eta 1852etik 1870ra, berriz, 1.000 giputz.

Are nabarmenagoak dira Iparraldeko datuak: 1832tik 1891ra 80.000 ipartarrek aldegin zuten Ameriketara. Kopuru ikaragarria gero, 1901 urtean 173.351 lagunekoa baitzen Iparralde osoko biztanleria. Osterantzean, 1908an 250.000 inguru omen ziren euskal jatorrikoak Argentinan.

Eibartarroi dagokigunez soil-soilik, Gregorio Mujikak 147 eibartar ospetsuren berri bildu zuen, XVI. mendean baino ez, Flandria, Italia, Peru eta Mexikoko goi mailako ardura eta postuetan.

Gazteen arteko lanik eza sekulakoa omen den honetan, Brasil, India eta Txina dirateke  gaur egun garai bateko Flandria, Peru, Mexiko, Argentina edo Uruguay.  Baina ez dirudi inork alde egin nahi duenik… turismoa egiteko ez bada.

 

Amatiño 2010/08/15

Zuzenean entzun, telebistaz ikusi

Organo-kontzertuak astun samarrak direnik ezin gero ukatu. Are gehiago saiorik gehienak elizetan izan ohi direnez, entzuleak aldarerantza begira eta euren bizkarraldean, berriz, koruan, han goian, organojolea bere bakardadean. Edozein espektakuluren antitesia alegia.

Duela hainbat urte etorri zen telebista ordena pittin  bat jartzera; hau da, irudia ikusleen begi aurrean ipintzera. Hasieran, organojolearen irudi soila besterik ez, artista aurpegiz ezagutzeko baino ez, gizonezkoa ala emakumezkoa ote, zaharra ala gaztea, bizarduna ala burusoila. Kamera bakarra, plano osoa, ikuspegi finkoa. Geroztik, kamerak gehitu egin dira urtez urte eta saiorik saio, aukerak ugaldu, proposamenak landu, emaitzak aberastu.

Gaur bertan Debako elizan izan den ekitaldia* hainbat  kameraz (barrena hiru) baliatu da, irudi-kalitate dezentez eta errealizazio-lan txukunaz. Organojolearen aurpegia ezezik, baita eskuen zein oinen lehen planoak ere.

Irudiak ez du inondik ere audioa hobetuko baina bai, behar bada, audientziaren kopurua gehituko eta iraupena erraztuko. Ez da kontu berria. Greziako antzezlariak zein Zuberoako pastoralgileak ere aspaldi konturatu ziren ikusentzuleek gehiago irauten zutela eserita zutik baino.

Zuzenean entzun, telebistaz ikusi. Teknologia ez da beti gauzarik zailena.

 

Organoa 001 560

Pantaila handia Debako Santa Maria elizaren aldare erdi-erdian

Organoa 002 560

Koruko organojolea, aurrez aurre

Organoa 003 560

Xehetasun hauek ezta korura bertara igoez gero ere

 * Ana Belen García, Loreto Aramendi eta Alize Mendizabal organojoleen kontzertua

Amatiño 2010/08/12

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30