Amatiño
Gora gu eta gutarrak
Arazoa baldin bada Xabi Alonso munduko futbol txapeldunaren eta urtean behingo Euskadiren partida soila “orgia nacionalista”tzat jotzen dutenen artean erabaki beharra, ni lehendabiziko aukeraren alde nago etsi-etsiz eta bete-betean. Nahiz 1998an frantziar elastikoarekin (Didier Deschamps eta Bixente Lizarazu) izan edo 2010an espainiarrarekin (Xabi Alonso, Javi Martínez eta Fernando Llorente), gora gu eta gutarrak.
Gustuko edo ez, gauzak diren bezalaxe dira, eta aldatzen ez diren artean behintzat nik ez diot ezein euskal kirolariri munduko txapelduna izateko aupadarik ukatuko. Bai, seguru gero guzti honetan erabilpen politikorik ez dela falta eta jakin badakit hainbat jarrera zeharo lotsarri direna baina, zer gerta ere, gehiegikeria horiek ez onartzea –eta salatzea— gauza bat da eta darizkien probokazioetan jaustea beste bat. Gehiegikeriez beraiek galtzen dute; probokaziotan eroritzen naizen neurrian, aldiz, beraiek irabazten dute.
Edozein modutan, ez gero ahaztu zein elastikoz irabazi zituzten Indurainek eta Olanok euren urrezko dominak, batere espanturik gabe irabazi ere; eta gogoan izan gero beira-arasetan Generalísimo Francoren koparik gehien duten klubetakoa gure Athletic bera dela zalantza izpirik gabe.
Hiru xemaiko alukeriak esateari ekin aurretik, bakoitzak pentsa dezala zer egingo ote lukeen Del Bosquek dei egingo balio edo, hobeto esan --are nabarmenago-- deitua semea balitzaio.
Kontua ez da onenak irabazi dezala. Nik geureek irabazi dezaten nahi dut, onenak izan ez arren, Herbehereetan ez zait-eta ezertxo ere galdu.

selekzioa
rojigualdo
Iruditzen zaizuena iruditu
Bai, Arrikitaun, hi baino dezente zintzoagoa. Hik ez baitidak oraindik La Arena hondartzan agindutako marianitoa ordaindu.
Eta zorionak Xabi Alonsori.
Ez dot aittu
- Xabi Alonsok Españan jokatzen dabenez, Españan alde egon biharko genduke
- Frantziako selekziñuan euskaldunak jokatzen badabe, orduan, Frantzian alde
- Eta Españako selekziñuan ez badago euskaldunik? Orduan ez dogu animauko?
- Eta entrenatzailia euskalduna bada? Orduan bai?
- Eta Poloniako fisioterapeutia euskalduna bada? Orduan, Poloniaren alde?
- Bueno, eta beti Españaren alde, Villar bilbotarra Federazioko presidente den bittartian? Eta gero ez?
Teorixa gatxegixa neretako; ekuaziño konplikaua. Neretzat futbola beste zeozer da: sentimendua. Ni talde baten alde nago, talde horren alde egon nahi dotelako, "neria" dalako (edo "guria"), eta kitto. Ez nago Españan kontra, baina ez eskatu alde egoteko. Ez nagolako. Ereserkitzat semi-ofizialtzat "Yo soy Español" daukan taldia ez dot animauko.
Bueno, eta orduan, Real Madrilen alde be egon bihar dogu Xabi Alonso "guria" dalako? Ni neuk, behintzat, zer nahi dozu esatia, nahixago Olimpique, Benfica edo Fenerbahçe... Deittu alukerixia, deittu pitokerixia, deittu dana-dalakua... baina Gora Fenerbahçe!
Bandera guztien gaiñetik
-- Nik ez juat esan Españaren alde nagoanik. España izena aittatu be ez juat egin. Nik esan doten bakarra zera dok: Xabi Alonso txapeldun izan zeiñ gura nebala eta Herbeheretan ez jatala bape galdu.
-- Hik aittatutako sentimenduak tarteko, nik nahixago juat euskaldunak irabazle izan daittezen. Iribar, Indurain, Edurne Pasaban edo Patxi Usobiaga izan, ni eureaz naok, bandera batez zein bestez jantzi bihar izan.