Artxiboa Uztaila 2010
“Rio Ego” itsasontzia 1921an uretaratu
Nolatan gogoan ez dudan arren, badut etxean “Deva. Botadura de un barco” deritzan argazki-kopia bat. Neurriz handituz gero, itsasontziaren izena irakurri daiteke, osta-osta baina zalantza handirik gabe: "Río Ego".
Noizkoa ote Googlen begiratu eta horra berehalakoan erantzuna. “Río Ego” itsasontzia 1921an uretaratu zen Deban eta argazkiak Indalezio Ojangurenenak dira.
Zortzi dira Gipuzkoako Foru Diputazioak Deva. Botadura del Río Ego izenburupean eskaintzen dituen Kajoitxuren argazkiak. Zortzietatik ezta bakar batean ere ez da itsasontziaren izenik agertzen edo sumatzen.
Seigarrena edo izan ezik, gainerako zazpiak ezker ibarretik ateratakoak dira. Nik etxean dudana, berriz, eskuin ibarretik aterata dago eta, antza, dezente urrutiagotik. Beste argazkilariren batena ote? Daitekeena, baina behar bada ez dugu sekula jakiterik izango.
Debako ontziolak
Ez dut uste joan zen mendeko lehen hamarkadetan batere ohikoa zenik Deba ibaian itsasontzirik egitea eta uretaratzea. Ordurako ahituak ziren garai bateko ontziolen “eukixan jaikixak”.
Roque Aldabaldetreku zenak adierazi bezala (Debako Udalerria. Alderdi historikoak bertako dokumentuetan oinarriturik. 1294-1894. Donostia, 1996), ontziolak zeharo garrantzitsuak izan ziren Deba ibaian XVII eta XVIII mendeetan, Deba herri-inguruan ezezik baita Sasiolan eta Astigarribian ere. Hain zuzen ere, Sasiolako ontziolen lehen agiriak bertako komentua (San Frantzisko) eraikitzeari ekin aurrekoak dira.
Etxean dudan argazkia, ababorretik
RIO EGO. S. Sebastian
Kajoitxuren argazkia, istriborretik
Ez gero zezenak eta ekintza armatua nahas!
Ez da alua izan behar. Ez dira zezenak eta ekintza armatua nahasi behar. Ezta zezenak eta politika ere. Ezta, segurutik, borroka armatua eta politika ere.
Kataluniako emaitzen ondotik, euskal gizartean zer gertatuko ote litzatekeen galdetu dio hainbatek bere buruari. Nik ez dakit.
Hala ere, begi bistakoa, Kataluniako botoaren nondik norakoa, oro har, zenbat eta espainiarrago eta eskuindarrago hainbat eta zezenzaleago. Eta, horretara, zenbat eta katalanago eta ezkertiarrago, kontrakoago.
Auskalo zer gertatuko ote litzatekeen gurean zezenak plazan hil ahal izana eztabaidan jarriko balitz baina, pertsonen bizitza defenditzerakoan behintzat, beldur naiz ez ote den justu kontrakoa. Alegia, zenbat eta euskaldunago eta ezkerrago borroka armatuaren zaleago, eta zenbat eta espainiarrago eta eskuinerago, kontrakoago.
Ez horren alua izan –esango du batek baino gehiagok. Ez gero zezenak eta ekintza armatua nahas! Eta arrazoi du. Ez da alua izan behar. Ez, ez dira zezenak eta ekintza armatua nahasi behar. Ezta zezenak eta politika ere. Ezta, segurutik, borroka armatua eta politika ere.

Gauzak ondo egiteko modua
Euskal Autonomia Erkidegoa gas-sare inbidiagarriaren jabe da; Aljeriarekin, Europarekin zein Amerikarekin (Trinidad-Tobago) lotura du; egoitza bertan duen gas-konpainiak (Naturgas) 850.000 bezerooi zerbitzua eskaintzen digu eta Administrazio Publikoak –azken hamabost urteotan dirua irabazteaz gainera— 1.069 milioi euro eskuratu ditu. Bingo!
Eusko Jaurlaritzak Naturgas Energia-n dituen akzioak salduko dizkio Hidrocantábricori (EDP) 532 milioi euroren truke, eta %5ekin baino ez da geratuko, gas-konpainiaren egoitza Euskadin gelditu dadin segurtatzeko. Honela “amaiera” ematen zaio 1982an hasitako ekimen publiko eredugarriari.
Garaikoetxearen lehendakaritzapeko aurrenengo Eusko Jaurlaritzak 1982an sortu zuen EVE (Energiaren Euskal Erakundea), Javier García-Egocheaga Industria sailburu (1980-1983) zelarik. Donostiar ekonomilari gazte (41 urte) hura erabat jabetu zen Euskadik zuen energia-mentsaz eta azken hiru hamarkada honetako energia-estrategiaren zutabeak jarri zituen abian.
Gaur egun edozein etxetan dugu gasa, baina 1982an espainiar sarearen azken muturra Gasteizeraino besterik ez zen heltzen, Bilbo eta Donostia baino ez ziren “hiri-gasik” zutenak eta Iparraldea beste galaxia batean zegon. Ekimen pribaturik ezean kapital publikoak etorri behar izan zuen merkatua suspertzeko eta sekulako aldaketari ekiteko: gas-hodia herririk herri barreiatu, Akitaniako sarearekin bat egin eta Bilboko portutik hirugarren sarbidea segurtatu.
Hogei urte geroago (2003), Josu Jon Imaz Industria sailburu zela, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen ekimen publikoak egin beharrekoak eginak zirela eta, ahal zelarik behintzat, Administrazioari ez zegokiola etxez etxeko gas-zerbitzurik kudeatzea. Horrela, EVEren gas-ondarearen %65 saltzea erabaki zuen 537 milioiren truke. Orain, berriz, beste hainbat premiatarako dirua behar delakoan edo, Jaurlaritzak beste %25 saltzea erabaki du 532 milioitan.
Laburbilduz, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoa gas-sare inbidiagarriaren jabe da; Aljeriarekin, Europarekin zein Amerikarekin (Trinidad-Tobago) lotura du; ogasun-egoitza euskal lurraldean duen gas-konpainiak (Naturgas) 850.000 bezerooi zerbitzua eskaintzen digu eta Administrazio Publikoak –azken hamabost urteotan dirua irabazteaz gainera— 1.069 milioi euro eskuratu ditu.
Ekimen publikoak egindako praktika eredugarrien “liburu zuririk” egin behar izango balitz, EVEren bitarteko Eusko Jaurlaritzaren gas-jestioa azpimarragarrienetakoa litzateke.
Diktadura osteko lehen Jaurlaritza. Bigarren errenkadan, bosgarrena, Javier García-Egocheaga
Elastiko berria, denboraldi berria... urteroko ametsak
Athletic-ek gaur eguerdian aurkeztu du Bilboko Alhondigaren atrioan 2010-2011 denboraldirako Umbro elastiko berria. Joaquin Caparrós entrenatzailearen hitzetan: “Elastiko berria, Athletic berria, denboraldi berria... ilusio berriak”.
Iazko denboraldiko janzkeraren aldean aurtengoa klasikoagoa da, lepo gorri-gorri eta guzti nolabaiteko tradizio zaharra berreskuratzen baitu, jokalarien elkastikoari dagokionez behintzat. Atezainak, berriz, urdin argi-argiz jantziko dira, sekula ez bezala seguru asko.
Aurkezpenean, lehen mailako taldearen jokalaririk gehienak izan dira, munduko-txapelketan parte hartu izan zutenek izan ezik. Hain zuzen ere, Fernando Garcia Macua lehendakariak azpimarratu duenez, "bada Athletic-en munduko txapeldun izaterik". Berarekin izan dira, besteak beste, Ibaiganeko zein Lezamako teknikariak, eta nere garaietako zenbait jokalari agurtzeko aukera ere izan dut, Argoitia, Agirre eta Iribar kasu.
Agintarien artean aipagarri, berriz, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiaren Diputatu Nagusia, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Victor Perez de Gezuraga Petronor findegiaren zuzendari nagusia.

Hurrengo denboraldirako talde berria
Elastiko berria, lepo klasiko samarraz

Gure eibartarra, ur-bitsetan
Jende serioa gero
"Tailored by Umbro". Argazkian, jostuna
Ezin ba, ipurdi gainean, “atsegin handiz” jarri
Frantziako Txirrindulari Itzuliak --eta Tourmaleteko edota erlojuz kontrako azken etapek bereziki-- hainbat sorbalda, mokor eta ipurdigain ikusteko betarik eman digu. Besteak beste, Radioschack, Caisse D´Epargne, Sky, BMC, Sungard, FDG, Robobank edo Cofidis tankerako marka komertzialak zuriz irakurri ahal izan ditugu erraz asko zenbait atzealde beltz, urdin eta gorritan. Dezente zailago, aldiz, Euskadi marka berdea laranja-koloretan
Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariek Euskadi izena jarri dute aurten estreinako ipurdi gainean Frantziako Tourrean zehar, azken hamar urteotan jarri izan den Pays Basque delakoaren truke. Ez naiz ni aldaketak erakarri duen polemikan sartuko. Nik badakit duela hamar urte Pays Basque jartzea erabaki genuenok ez genuela xede politikorik izan arrazoi komertziala baizik (Europan Pays Basque izena Euskadi deitura baino ezagunagoa zelakoan) eta sinetsi nahi nuke oraingoek ere arrazoi komertzialak izan dituztela gogoan (Pays basque, Frantzian, Iparraldea baino ez omen delakoan). Edozein modutan ez da polemika hau ni gaur nakarren gaia.
Hainbatek ez badaki ere, ipurdi gaineko leku zehatz hori 2001 urteko turismo-leloa jartzeko apropostzat jo zen baina, aldi berean, orduantxe hautatutako lelo berria Atsegin handiz suertatu zen. Ez zen segurutik hura lelorik txarrena, ezta ipurdi-gaina leloa jartzeko lekurik baldarrena ere, baina biak elkarrekin nekez izan zitezkeela uste izan zen, gaur eta hemen esan gabe doazen arrazoiengatik. Ondorioz, zerbait jarri behar eta, taldea Euskaltel-Euskadi zenez gero (Jaurlaritzak batere publizitaterik ordaindu ez arren), Pays Basque jartzea erabaki zen, iragarki-ordaintzaileak (Turismo Sailak) ildo bereko informazio gehiago eskaintzen ziolakoan turista europarrari (Pays Basque, Basque Country, Baskenland, Paese Basco etab.).
Gauzak honela, garrantzitsuena ez da honez gero Pays Basque edo Euskadi jarri. Kontua da, orain hamar urte Pays Basque letra zuriz agertu ohi zela culotte beltzean eta oraingoan, aldiz, Euskadi berdez agertu izan dela elastiko naranja gainean. Sekulako aldeaz, hau da: lehen irakurri egiten zela eta orain, berriz, ez. Diseinua zaintzea ondo dago, baina hemen eta Kontxintxinan irakurtzen ez den publizitateak, zeinahi delarik leloa, ez du ezertarako balio.

Laisekak estreinako eraman zuen "Pays Basque" marka Luz Ardiden (2001) mendateraino
Kosovoren adibidea ez da eredu
Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak legezkotzat baietsi du Kosovoren independentzia eta, ondotik, inori ez zaio itxaro ez zitzaionik entzun. Batzuentzat Kosovo ez da inondik ere adibide; beste batzuentzat ordea, sekulakoa omen da. Ez nator bat ez batzuekin eta ez besteekin.
Euskadiko abertzaletasunaren beldur direnen ustez, Kosovoren kasuak ez omen du batere zer ikusirik Espainiako egoerarekin. Eta, oro har, euskal abertzaleen iritziz, aldiz, Kosovon gertatua “herrien erabakitzeko eskubidea” frogatzen duen adibiderik onena omen da.
Ba, zilegi bekit ez batzuekin eta ez besteekin bat ez etortzea. Izan ere:
1. Kosovok ez baldin badu batere zer ikusirik espainiar estatuaren baitan dagokeen hainbat egoerarekin… zergatik Espainiak ez du Kosovoren independentziarik onartzen?
2. Primeran dago “herrien erabakitzeko eskubidea” gogotan hartzea baina… euskal abertzaleen artean ez al da inor jabetu Kosovoren independentzia ez dela Euskadirenaren pareko, Nafarroarenarena baizik?
Auskalo gero Kosovo adibide ote den ala ez. Baina ez, behintzat, eredu.

Bolibarren gorpuzkiak baino zerbait gehiago
Simon Bolibar zenaren gorpuzkiak albiste diren honetan, gogoangarri haren jaiotzaren berrehungarren urtebetzea zela eta, duela 27 urte inauguratu zen museoa, askatzailearen arbasoen ‘Errementarikoa’ baserrian bertan.
Simon Bolibar Museoa Garaikoetxea lehendakariak inauguratu zuen 1983ko uztailaren 24an. Sortetxean irekitako erakusketa lehenik eta Ziortzako Monasterioan egindako azken eraberritze-lan sakonak eta indusketak gero.
Jende ikaragarri pila bildu zen egun hartan, bai Bolibarko plaza-barrenean eta baita, aldapan gora, Kolegiatan ere. Hainbat urte geroago, batak zein besteak merezi dute gutxienez sartu-irtenen bat edo beste.
Egun hartako argazki hau Iñaki Anasagastik ezagutarazi du bere blogean. Ezkerretik eskuinera Nestor Basterretxea eskultorea, Martin Ibarbia ETBren Programa zuzendaria eta ni neu Informazio zuzendaria, ikaragarri maite nuen Minoltarekin (oraindik bizi da), Ziortzako elizatarian.
Ziortza, 1983ko uztailaren 24an
Je t´aime… moi non plus
Brigitte Bardotek berak edo kontatzen ez baldin badigu behintzat, nekez jakingo dugu nola sortu zuen Serge Gainsbourg-ek 'Je t’aime… moi non plus' kanta ospetsua. Besterik ezean, Joann Sfar zuzendariak “Vie héroïque” filman eskaintzen digun bertsioa ederra da ederrik bada, inondik ere egiazkoa izango ez den arren.
Je t’aime… moi non plus (Maite zaitut... ezta nik ere) da, segurutik, sekula izan den abesti erotikorik ospetsuenetakoa. 1969an kantatu eta argitaratu zuten elkarrekin Serge Gainsbourg autoreak berak eta Jane Birkin abeslariak. Betidanik jakin izan da, ordea, zorioneko kanta hura pare bat urte lehenago burutu zuela Gainsbourgek, Brigitte Bardoten maitale zela, biok aldi berean kantatzeko asmotan. Antza denez, aktoresa ez zen ausartu edo beronen senarrak ez zuen nahi izan, haren ospearen kaltetan izango zelakoan edo. Brigitte Bardot orduko 'sex-symbola' zen eta bere senarra Playboy aldizkariaren nagusienetakoa baina… Je t´aime… moi non plus lartxo nonbait.
Hirurogeigarren hamarkadako frantziar kantagintza hainbat askatasun-aldarriren adierazle gisa ezagutu genuenontzat ikusgarri benetan Gainsbourg. Vie hèroïque filma. Brigitte Bardot (Laetitia Casta) Serge Gainsbourg-en (Eric Elmosnino) piano aurrean izara soilez dantzan ikusteak --Je t`aime… mois non plus doinuaren lehen akordeak sumatzen diren bitartean-- berrogei urte gaztetzen gaitu François Hardy (1944), Sylvie Vartan (1944), Jane Birkin (1946) eta France Gall-en (1947) garaikideok.
Gainsbourg. Vie héroïque film entretenigarria da. Mundiala Eric Elmosnino Gainsbourg probokatzailearenak egiten eta ondo burutua bere alter ego surrealista. "Espeziala" garai hura bizi izan genuenontzat. Berezia baino ez, seguruenik, gurasoen (are gutxiago aitona-amonen) fantasia erotikoak ulertzeko gauza ez direnentzat.

Goian, Serge Gainsbourg eta Brigitte Bardot. Behean, Laetitia Casta eta Eric Elmosnino

Teoria eta praktika
“Los geólogos de las empresas petroleras hacía años que sabían que si querían encontrar petróleo tenías que tener en cuenta concretamente el tipo de movimientos superficiales implícitos en la tectónica de placas. Pero los geólogos petroleros no escribían artículos académicos. Ellos sólo buscaban petróleo” (Bill Bryson, 2004).
Charles Hapgood geologoak liburua argitaratu zuen 1955an kontinenteak mugitzen ari omen zirela zioten teorien kontra. Hitzaurrea Albert Einsteinek egin zion eta ez, jakina, liburu-egilearen iritziaz bat ez zetorrelako.
Frank Bursly Taylor aberaskume geologiazalea 1908an jabetu zen Hego Amerikako zein Afrikako itsasbazterren parekotasunaz eta inoiz elkarrekin egon ote ziren sumatu zuen arren, ez zen batere frogarik azaltzeko gauza izan. Gainera, amateur hutsa zenez gero, ez zioten zientzialariek batere jaramonik egin.
Gaur egun indarrean dagoen kontinenteen jitoaren teoria Arthur Holmes geologoak aurkeztu zuen 1944an, baina ez gero pentsa mundu guztiak bat-batean onartu zionik. Sei urte geroago plaken tektonika eztabaidatu zen Zientziaren Aurrerapenerako Britainiar Elkartearen urteroko batzar nagusian eta, bertaratu zirenetatik, erdiak inguru kontra azaldu ziren.
Britainiar Handian ezezik Estatu Batuetako geologorik gehienak ere –-Hapgood eta Einstein tarteko-- kontinenteen jitoaren kontrakoak ziren, nahiz eta ordurako petrolio–industriak erabat onartua eta ezarria izan eguneroko praktikan.
Bill Bryson zientzia-publizistak idatzi bezala (Una breve historia de casi todo, 2004): “Resulta interesante el hecho de que los geólogos de las empresas petroleras hacía años que sabían que si querían encontrar petróleo tenías que tener en cuenta concretamente el tipo de movimientos superficiales implícitos en la tectónica de placas. Pero los geólogos petroleros no escribían artículos académicos. Ellos sólo buscaban petróleo.”
Teoria eta praktikaren arteko harremanik eza ez da, nonbait, berria. Baina beldur naiz ez ari ote den areagotzen. Mario Benedettik ere horrelako zerbait salatu nahi izan zuen, irakasleak eta letretakoak teknikariak eta zientzietakoak baino gehiago direla iritzi-emaileen artean adierazi zuenean.

Plaken tektonika
Mespretxua
Ekonomiarekiko mespretxua, alegia. Mendebaldeak bizi duen krisiaren arrazoietako bat finantza-merkatuen gehiegikeria denik ez du inork ukatzen. Inor gutxik gogorarazten du, ordea, finantza-merkatu horien nagusitasuna ekonomia erreala gutxiesteari darionik.
Labur esanda: heldu ginen heldu ginen gailurrera ekonomia errealean sinetsi eta sustatu genuelako; eta heldu gara heldu garen amildegira sasi-ekonomiaren finantza-trikimailuei amore eman diegulako. Gure aita zenak esan ohi zigun orain berrogei urte: “Gaurreguneko gazterixiak lehenago ikasten jok gastatzen irabazten baino”. Zer esango ote luke orain bizi izango balitz…
Finantza-merkatuetan ezezik, euskal gizartearen baitan ere ez dago batere modan ekonomia erreala. Hemengo abertzaletasunak, oro har, erraz –errazegi– heldu ohi dio txakur handiko hitz potoloen erretorika aldarrikatzaileari eta erraz –errazegi– egin izaten dio muzin, berriz, eguneroko ekonomia errealari.
Hitzetik hortzera aipatu ohi dugu Eskozia, Flandria edo Kataluniaren abertzaletasuna. Baina horiek ekonomia erreala dute gogoan eta guk, aldiz, erretorika kanpolarrosa.
Argia, 2010.07.18








