Amatiño
"Zure beharra daukat"
Axunek amantala jarriko du gerri-inguruan eta, etsipenak jota, esango: tortilla-patatasa? Eta senarrak buruaz bai erantzun-keinua egingo. Une horretan amaitzen da Axunen bi hilabete t´erdiko abentura, 80 egun eta orain hau!
Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren filmean ez dago gaiztorik, ezta erdipurdiko okerrik ere. Denak dira on samarrak. Hori bai, Maite (Mariasun Pagoaga) kontserbatorioko irakasle lesbiana une oro denetaz konturatzen da; Axun (Itziar Aizpuru) etxekoandre adiskidea, berriz, nekez eta berandu egoeraz jabetzen; eta beronen senarra, Juan Mari (Jose Ramon Argoitia), azkenik, inoiz ez eta ezertaz. Ez gero gizonengandik ezer konplexuegirik itxaro, bakar-bakarrik geratzeko beldurra baino ez: Zure beharra daukat.
80 egunean film goxoa da, duina eta, batez ere, sinesgarria. Segurutik Maite eta Axunen maitasunak haratago jo lezakeen, baina ez litzateke horren sinesgarri izango. Agian Axunek besterik erabaki zezakeen, baina nekez gero adin horretako emakumeak gure gaur egungo gizartean. Amaiera ere sinesgarria, erabat sinesgarria... hirurogeitaka urte ditugunontzat, jakina, ez baitakit zer arraio pentsatu dezaketen seme-alabek!
Nolabaiteko naturaltasun eta posibilismo horretan datza, behar bada, filmaren alderdirik emankorrena, baina baita, aldi berean, ahulenetakoa ere, naturaltasunaren naturaltasunez ez baitu azkenean behar bezainbat emoziorik sortarazten. Dena da lau-laua, gora-behera handirik gabekoa. Maldari eusten dio, bai, baina sekula arrisku-pittinik hartzeke.
Egileek edozein bazterretan identifikatu ditzakegun pertsonaiak nahi izan omen dute azaldu. Nik ez dut Axunen parekorik ezagutzen baina bai, ostera, Maiteren antzeko norbait eta Juan Mari senarra bezalakorik, berriz, dozenaka. Onak bai, on hutsak ere bai, kristoren bihotz samurrekoak zer esanik ez, baina euren inguru-minguruan gertatzen denaz batere arduratzen ez diren gizonezkoak, arrautzarik frijitzen ere ez dakitenak eta emaztearekin dibertitzen ikasi nahi izan ez dutenak… makinatxo bat. Noizik behin zure beharra daukat esan eta kitto. Egiari batere zorrik gabe, gainera.
Ondo Itziar Aizpuru (Axun), sendo Jose Ramon Argoitia (Juan Mari) eta mundiala gero Mariasun Pagoaga (Maite). Arraro edo, irlarako joan-etorria. Auskalo Donostia ezagutzen ez duen ikusentzuleari behar hainbat informazio ematen ote zaion pasarte osoaren nondik norakoa ulertzeko.
Azpimarragarria, berriz, euskalki ikuspuntua, filmean zehar hizkera normaldua gipuzkera osotua eta batuaren arteko moldea delarik, “azentua” omen duena getariarra baita eta ez, aldiz, arrasatearra.
Larunbat arratsaldean bost lagun zine-aretoan. Euskal komunikabideen aldeko aldarrikatzaile sutsuek pankartaren bat prestatzen ziharduten nonbait.

Maite (Mariasun Pagoaga) eta Axun (Itziar Aizpuru)
Zure beharra...
Ados:
- Oso jende gutxi zine aretoan, euskal komunikabide/komunikazioaren aldekoak hondartzan.
- Euskerari buruz esandakoak.
- Film goxoa eta sinesgarria.
- Donostia ezagutzen ez dutenek ulertuko al dute irlarena?
Ez nago ados:
- Nahiz eta zuzendariek emozio kontenituaren alde egin nahi omen zuten, ni hunkituta atera nintzen.
- Nik Axun asko ezagutzen ditut. Nire ama eta izeba ikusten nituen bere keinu askotan. Izugarria Aizpururen lana. Baita Argoitiarena.
- Ondo dagoen arren, Pagoagak batzutan irrist egiten du. Keinu exageratuak irlan, adibidez.
Ni, sintzeroki, harrituta geratu nintzen filmaren kalitatearekin. Kritika onak izan ditu eta ez zait harrigarria egiten. Harrigarriena niretzat, emakume bezala, emakumeon munduan bi mutil gazte nola sartu diren ikustea izan da. Nire sentsazioa da, eta joan ginenen artean horrela komentatu genuen, emakumeok hobeto ulertzen dugun filma dela. Dena den, mundu guztiarentzat gomendagarria.
Juan Mari hainbat Axun
Oso polita
Eguraldi ona, zori txarra
Gaur, ordea, euri-zaparrada dezente izan dugu. Datorren asteburuan ere eguraldi txarrik egingo al du, euskal zinegintzaren onetan baino ez bada ere?
Ez dut ulertzen
80ei begira bat baino ez
ama-alaba