Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Martxoa 23 Edurneren semeak berriztagarriez hitzegingo Bilbon
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Edurneren semeak berriztagarriez hitzegingo Bilbon

“Netxu”ren semeak energia-eraginkortasunaz eta berriztagarriez hitzegingo du ostegunean, Bilboko Merkataritza Ganberan, Euskadiko Energia Klusterraren eskutik. Rafael Antxia Texasko parlamentari demokrata da, Barack Obamaren hauteskunde-kanpainaren argi-mutiletako bat eta hainbat urtez Eibarko Arraindi kalean bizi izan zen Justino Mitxelenaren biloba.

Mikel Larrañagaren tia Kandida --Arizmendiarrieta Argarate--, Justo --Larrañaga Argarate--  “panaderuaren” lehengusina, nora ezean geratu zen, Klaudio Mitxelena senarra artzain joan zitzaionean Australiara. Dirua bidaltzen zuen arren ez zen gehiago itzuli eta Kandida bizi-alargun gelditu zen Justino, Jose eta Juanito hiru semeekin. Besterik ezean lehengusuaren etxean hartu zituzten lauak, orduan Arraindi kalean zegoen okindegiaren gainean (gaur egun Arrate Kultura Elkartearen inguruan).

Justino Mitxelena Arizmendiarrietak, semerik zaharrenak, grabadore fina izan arren pilotari ziharduen Bartzelonan gerra atera zenean eta Mexikora alde egin behar izan zuen. Handik Miamira joan eta hantxe ezkondu, “Ketti” (Catherine) Ziburun jaiotako moda-modeluarekin. Baita elkarrekin hiru seme-alaba  izan ere: “Netxu” (Edurne), “Geibi” (Gabriel) eta “Kuki” (Xabier). “Ketti” ziburutarra oraindik ere bizi da, Miamin bertan, 96 urte dituela.

Justino mendigoizale amorratua zen eta Eibarrera etortzen zen bakoitzean inguruko mendi guztietara igotzea gustatzen zitzaion. Kalamua, Urko nahiz Galdaramiño izan, denetara,  banan-banan. Jose anaia Mexikora joan zen bizi izatera eta hirugarren anaia berriz, Juanito, gudari hil zen Gernikan.

Justinoren alaba, “Netxu”, Mallabiko Longa baserrian jaiotako Julio Antxia pilotari markinarrarekin ezkondu zen 1967an eta bi seme-alaba izan, Rafael eta Cristina. Hiru urte zituela, Rafael Markinan bertan bizi izan zen urtebetez eta, nonbait, harrezkero pilota-giroan hazi. 1986ko Munduko Pilota Txapelketan EEBBen izenean Gasteizen jokatzeko hautatua izan zen baina, aldi berean ikasketak egiteko beka eskaini zioten eta aita bera izan zen pilota burutik kendu eta bekari heltzeko agindu ziona.

Rafael Antxia behin baino gehiagotan egon omen da Eibarren, baita Arraten bazkaldu ere, bere inguruko zenbaitek dioenez baina Rafael bera ez da batere gogoratzen. Ondo asko gogoratzen da, ostera, Hondarribiaz, hantxe ezkondu baitzen, 1997ko uztailaren 13an.

Gaur egun Rafael Antxia finantzetan zein energia berriztagarrietan aditua den legegizona dugu. Alderdi Demokrataren barne-hauteskundeetan Obamaren aldeko kanpainaren zuzendaria Texasen, Ipar Ameriketako estaturik eskuindarrenetakoan. Hillary Clintonek erraz samar irabazi behar omen zuen arren, Antxiaren lanak eta beronek hautesle hispanoengan duen eraginak goitik behera aldarazi zuten azken emaitza.

 AnchiaObama400

Rafa Antxia, bossarekin

Julio antxia

Eskuinean, txikiena, Julio Antxia, Rafaelen aita

Amatiño 2010/03/23

parlamenturako

oier g — 2010/03/24 14:23
Zure mezuakin gauza bikin enterau naiz: izan be, ni Rafaelen aittan maizterra naiz juan dan 12 urtian baiña ezer gitxi nekixan berari buruz, justu-justu Miamin bizi zala. Eta hara. Eta bestetik, bere aittitta eibartarrana. Hori Kalamuako Parlamentu galdera baterako oso egokixa da, eta apuntau dot. ¡Eskerrikasko!

Larrañagatarrak

Amatiño — 2010/03/24 17:53
Honen guztiaren aurrenengo aztarrena Mikel Larrañagak emon jestak eta datuon zihaztasuna, ostera, bere arreba Arantzari zor jetsat. Horretara, zeozer gehixago jakin gura badok...

Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
areizaga inazio arregi, 2012/05/22
Ez duzu ezer ulertu Amatiño, 2012/05/20
enpresaririk eza Joxemi, 2012/05/19
Edade kontua ez Tre., 2012/05/18
tilin oier g, 2012/04/30