Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño Artxiboa 2010 Martxoa 11 Iparraldearen orenaren ordua
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Iparraldearen orenaren ordua

Ez dakit inork ahitutzat joko ote duen ala ez eguneroko “Iparraldearen orena” baina, erabakia erabaki, ez diot honako desio hau baino opa: hamazortzi urte barru bere motxilaren balantzea egiten duenean ni orain bezain harro sentitzeko arrazoirik izan dezala.

Prentsan irakurri ahal izan dugunez, Iparraldearen orena --astegunetan Iparraldetik eta Iparralderako ETB1k egiten duen albistegia— egunerokoa izatetik astekari izatera pasatzeko zorian edo omen dago. Nik neuk ez dakit hori horrela izango ote den eta, horrela balitz, ezta zeintzuk liratekeen argudioak ere. Gainera, ez dagokit neri jakitea, are gutxiago inori zer egin behar duen esatea. Jakina da zuzendaritzak zuzentzeko eta erabakiak hartzeko daudena eta, esan beharrik ere ez gero, gainontzekook ez ditugun datuak eta arrazoiak izan ohi dituztela. Horretara, asmatuko al dute!

Jakin badakit, ordea, 1992ko irailean programa hori antenan jartzea nere ekimen pertsonaletakoa izan zela eta, ia hogei urte geroago, norberak bere emaitzatxoen motxilan harro asko gordetzen dituen pitxietakotzat dudala oraindik ere Iparraldearen orena.

Bai, Iparraldearen orena. Izenburu arteza bezain deskribatzaile hutsa jarri genion –makinatxo bat aukera poetiko eta artistikoago baztertuz-- zein asmoz, zein orenetan eta zein ikuslegorentzat burutua zen hasiera beretik garbi ager zedin. Baita Maite Barnetxe izan zenaren gorazarre egin ere aurkezpen-egunean.

Hainbat gauza nabarmen aldatu dira geroztik. Urteak joan eta urteak etorri, giroak, modak, ideiak, gustuak zein sortze-lanak etenik gabe ari zaizkigu aldatzen eta, ezin bestean, programa batzuk joan badoaz eta beste batzuk etorri datoz. Hala behar du gainera. Izan ere,  oso oker ez banago behintzat, nik bertatik bertara ezagutu nituen garaietako lauzpabost programa baino ez dira gaur egun indarrean gelditzen Euskal Telebistan: Gaur Egun, Teleberri, Goenkale, La noche de… eta Iparraldearen orena, hain zuzen ere.

Nik biziki maite dut Jose Mari Otermin eta biok Galestik ekarri genuen Goenkale, baina badakit noizbait agortuko dela. Gustuko dut Mikel Lejartzak proposatutako La noche de… baina badakit noiz edo noiz gure Felix Linares jubilatuko dena. Sumatzen dut, ordea, Gaur Egun eta Teleberri albistegiak zer gerta ere dezente gehiago irauteko sortarazi genituela eta, esango nuke esan, Iparraldearen orena eguneroko programa-mota gisa jaio zela eta ez, aldiz, parrillaren arabera lantzean behin aldatu beharreko astekari antzera.

Berriz diot, eta zilegi bekit apaltasunik eza. Ez dakit inork ahitutzat joko ote duen ala ez eguneroko Iparraldearen orena baina, erabakia erabaki, ez diot honako desio hau baino opa: hamazortzi urte barru bere motxilaren balantzea egiten duenean ni orain bezain harro sentitzeko arrazoirik izan dezala.

Iparraldearen orena

Amatiño 2010/03/11
Erantzuna gehitu

Beheko formularioa betez erantzun bat utzi dezakezu

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Amatiño

Luis Aranberri Mendizabal

Azken erantzunak
Nahi eta ezin Amatiño, 2012/02/09
tentaldixa oier g, 2012/02/09
Datu hauen zama Jaime, 2012/02/07
Krisialdia Jaime, 2012/02/06
Ez destak denborarik emon Amatiño, 2012/02/04